“Guretzako mugarik ez dago eta horrela estreinatu behar zen: mugarik gabe”

  • Asteazkenetik aitzina Ipar Euskal Herrian, eta ostiraletik Hego Euskal Herrian; film oso gutxi estreinatzen dira horrela zinema aretoetan. Halaxe egingo du asteon Faisaien Irla-k. Fikzioa baitira mugak, horrela dio Asier Urbieta (Errenteria, 1979) zuzendariak: ez dira existitzen, gizakiok asmatu ditugu, “baina ondorio oso tragikoak dituzte”. Bai, bistan denez, Bidasoa ibaiak. Azken urteotan gutxienez bederatzi pertsona hil dira hura zeharkatu nahian. Errealitatetik asko duen fikziozko istorio bat kontatzen du pelikulak.

Gorka Rubio / Foku

2025eko apirilaren 24an - 08:00
Azken eguneraketa: 2025-04-28 11:20

Itolarrian bezalaxe, aurrestreinaldiak han eta hemen, filma mugituko den adierazle, Madrildik hegazkinez heldu eta Bilbo erdigunean lur hartu duenean egin dugu hitzordua Asier Urbieta zuzendariarekin, asteazken goizean, prentsarentzat egin den pasearen ostean. Areto huts batean hartu dugu eserleku, normalean inork eseri nahi izaten ez duen lekuan, aurreneko ilaran. Solasaren amaieran aitortu du estimuz hartu duela gaiaz, horrela, patxadaz, mintzatzea.

Hendaian bizi den bikote gazte bat dira Laida (Jone Laspiur) eta Sambou (Sambou Diaby). Irunen jaioak dira biak, han egiten dute egunerokoaren zatirik handiena, han dituzte lagunak, lantegia... Jendarmeen kontrola igarotzen dute, hortaz, makina bat bider egunean. Ez dago esan beharrik poliziek nor geratzen duten bestea baino gehiagotan. Baina auzia, filmaren hari nagusia, hortik baino, gehiago doa beste honetatik: Irun aldeko ibai-ertzean ibilian doazela, bi migratzaile laguntza eske ikusiko dituzte ibaiaren erdian, itotzeko zorian direla. Laidak salto egingo du laguntzera; Sambouk, ez.

Filmeko fotograma bat. Sambou (Sambou Diaby) eta Laida (Jone Laspiur). Nicolas de Assas / Faisaien Irla

Ziur buelta asko emango zenizkiola: zuk, salto egingo zenuke?

Egia esan, ez dakit. Benetako gertakaria da, hala irakurri nuen: igande goiz batez, ibai ondotik zihoazen txirrindulari batzuk eta topatu zituzten bi pertsona laguntza eske, itotzen ari zirelako. Bat bota zen ibaira; bestea, ez. Argi ikusi nuen kontu hori pelikulan sartu nahi nuela. Andoni [Andoni De Carlos; biak aritu dira gidoigintzan] eta biok ahalegindu gara erantzuna topatzen horri, eta puf, oso zaila da. Azkenean, errealitatea zure begien aurrean tupustean aurkitzen duzunean inkontzienteak agintzen du, eta pentsatzen dut askotan idealak eta printzipioak alde batera uzten dituzula. Zaila izan behar du horrekin bizitzea.

Niretzako, horregatik, bi pertsonaia printzipalen artean zailena Sambou da. Zeren egiten du egin behar ez dena. Laidak, aldiz, egiten du egin beharko litzatekeena, eta hor jarraituko du bere ideiekin, mundua aldatzeko grinarekin... Baina Sambouk lan handia izango du bere buruarekin, “zergatik ez nintzen bota?” horri erantzuten.

Gordina da pelikula.

Bai... Errealitatea da gordina. Guretzat, adibidez, idazte prozesua izan da oso gordina. 2021ean hasi ginen, lehenbiziko pertsona hil zela jakin genuenean. Egunkarian irakurri nuen pertsona beltz batek bere buruaz beste egin zuela Bidasoa ibaiaren parean. Antza, pertsona horrek aurrez lortu zuen ibaia gurutzatzea. Bi aldiz, gainera. Baina Frantzian harrapatu eta bueltatu egin zuten Irunera. Erabat ilegalki, esan behar da. Psikologikoki hondoratuta zegoen, eta urkatu egin zen ibaiaren aurrean.

"Immunizatuta gaude hainbeste berri eta hainbeste hildakorekin leku askotan"

Hori irakurrita hasi ginen pelikularako gidoian pentsatzen, hasi ginen idazten, eta bitartean hil ziren beste bederatzi pertsona. Horietatik sei itota, eta beste hiru trenak harrapatuta. Ziburu parean izan zen, Baionarako bidean zihoazela. Oso fuertea izan zaigu, zeren horixe da errealitatea. Fikzioak errealitatea gainditzen du.

Grabaketa lanetan ibili zaretenean zeuen begiekin ikusi duzue egoera hori.

Batzuoi ezagunago zitzaigun Bidasoan gertatzen dena, baina gurekin lanean aritu diren ekipoko hainbatek ez zuten ezagutzen, eta inpaktua eragin die. Irungo Harrera Sarekoek lagundu digute guztiari testuingurua ematen. Gazte migratzaile asko ikusi ditugu egoera txarrean, galduta, non dauden ez dakitela; ez dakite, ezta ere, muga bat dagoenik. Afrikatik etorri, desertua eta abarrak gurutzatu, Mediterraneoa hala moduz pasa, Europan sartzen dira eta topo egiten dute muga ikusezin eta anker honekin. Zubian, benetako jendarme patruila baztertzen zenean gure fikziozko patruila ipintzeko, gure begiekin ikusi dugu jendea saiakerak egiten muga gurutzatzeko... Baita jendea bueltan Irunera eramaten ere. Oso bortitza da ikustea Poliziak nola uzten dituen Behobian, ezer esan gabe, botata. Ez dute, gainera, jendarmeen kotxe ofizialarekin egiten.

Azken detaile hori agerikoa da pelikulan...

Saiatu gara, bai, errealitatetik ahalik eta gertuen egoten.

Detaile interesgarri asko ditu pelikulak. Hautaturiko musika esaterako, trenak agertzen diren hainbat plano ditut gogoan...

Errealitatea hain da aberatsa, eta hainbeste ematen du... Bi urte eman ditugu idazketan, ez dela hainbeste ere, baina hartu dugu behar beste denbora.

Musika aipatu duzunez: Nakar musika taldearen oso zalea naiz, ipinitako abestia bereziki gustatzen zitzaidan, letraren zati horrek justu badu lotura istorioarekin, eta Jone [Jone Laspiur; Laida protagonista gorpuzten duena] bertako abeslaria da... Gero, baita ere, Ruper Ordorikaren Ibaia abestia entzuten da; horrek ere badu zerikusia, eta letra izugarria da. Zarama taldearen Iñaki, ze urrun dago Kamerun abestia ere sartu dugu. Horren harira, gidoia idazten ari ginela, ikusi genuen txio bat iradokitzen abestia arrazista zela... Ba, esan genuen: pelikulan sartuko dugu.

Sambou aktoreak berak bizitzan ere badauka berea: euskalduna da, jatorri senegaldarrekoa, eta baditu identitate arazoak. Afrikara joaten denean “zuria” deitzen diote, eta hemen, kalean, sarri ez diote euskaraz egiten, edota bere izena ez dute ongi ahoskatzen. Horregatik, interesgarria iruditzen zitzaigun pelikulan Sambouri izena aldatzea [tarteka lagunen batek “Iñaki” deitzen dio].

Identitate arazoena aipatu duzu, eta oroitu naiz Greenbook pelikulan ere islatzen dela halakorik. Protagonistak dio: “Beltzentzat ez naiz beltza, baina zurientzat beltza naiz, eta gizon osoa ere ez naiz, homosexuala naizelako”.

Begira, egia! Ez nintzen gogoratzen! Seguru inkontzientean zegoela... hortik hartuko nuen zerbait!

Ibrahima Konek antzezten du Nassim. Nicolas de Assas / Faisaien Irla

Faisaien Irla-ren estreinaldia dator, hain justu, Miñan antzezlanaren ostean –Sambou Diadyk gorpuzten du antzezlaneko protagonista–. Aspaldian antzokiak ez dira horrenbeste bete. Badirudi publikoak estimua diela horrelako lanei, ala?

Oso bereziak eta beharrezkoak dira. Eta ikusten da, gutxika-gutxika bada ere, obra hauen prozesuak motelak baitira, ari garela sorkuntzatik ere gertatzen ari dena kontatzen. Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen liburua, gerora Ander Lipusek zuzenduriko antzerki-obra, Fermin Muguruzaren dokumentala, guk pelikula... Oso harrera ona eduki dute guztiek, eta uste dut oso garrantzitsua dela sozializatzea, zeren eta komunikabideek kontatu dute, ez titular handietan, baina kontatu da. Kontua da immunizatuta gaudela hainbeste berri eta hainbeste hildakorekin leku askotan, Gazan esaterako, migrazioarekin Mexikon, Alemanian mugak itxi dituzte, Mediterraneoa nola dagoen, Aita Mari... Baina badirudi ez dela barrenera iristen. Hortaz, ondo daude sorkuntza hauek, badirelako jendearengana iristeko beste modu bat.

Miñan, aita santua zenak ere gomendatu zuen.

Bai, bai bai!

Fokuak ordea, gehienbat, Mediterraneoan daude ipinita. Gutxiago Bidasoan, eta zer esanik ez, Miñan-en kontatzen den moduan, desertuko odisea horretan guztian.

Egia da, hori ez da kontatzen. Fokua ez dago hemen. Datuak, hala ere, handiak dira. Aurrekoan irakurri nien Irungo Harrera Sarekoei: 2018tik hona 60.000 pertsona pasatu dira harrera saretik. Ia 10.000 urtean, beraz. Izugarrikeria da. Eta kontabilizatuta egongo ez direnak, zeharka ere igaroko baitira asko.

Fokua hona ere ekarri behar da, hortaz.

Uste dut baietz. Irunen, gainera, izugarrizko lana egiten ari dira. Baita Lapurdin ere: Pausa taldea dago Baionan, Urruñan Bidasoa Etorkinekin... Jende asko ari da laguntzen. Inguru horretan oso inplikatuta dago jendea, hala sentitu dut. Aurrestreinaldiak egin ditugu Baionan, Donibane Lohitzunen, Urruñan... eta oso harrera beroa jaso dugu. Jendeak gertutik bizi duelako, segur aski. Oso presente dute gaia, eta Irunetik behera ez hainbeste. Atentzioa eman dit horrek.

 Nicolas de Assas / Faisaien Irla

Mugak "marra imajinarioak" direla ipini duzue filmaren hasierako errotuluan.

Fikzioa dira, ez dira existitzen. Guk asmatu ditugu. Baina jakina, ondorio oso tragikoak dituzte. Gustatuko litzaiguke muga horiek kentzea.

Migrazioaz ez ezik, titulura etorrita, Irun eta Hendaia arteko Faisaien uharteaz hitz egin behar dugu. Horrek ere fikziozkoa dirudi... Sei hilabetez da Frantziako Estatuarena, eta beste sei hilabetez Espainiarena. Txandaka. Eta beti da Euskal Herriarena. Baina han bertan ez dago deus, monumentu bat besterik.

Ez dago faisairik, ez da inor bizi... Guretzako bazen, toki erreal bat izatez aparte, pelikularen metaforarik argiena. Ba ote toki absurdoagorik irla hori baino?

Hildako bat agertzen denean, ordea, ez da inorena.

Eta gertatu izan dira, badira benetako kasuak. Inork ez du ardurarik hartu nahi. Bidasoa ibaia, gainera, zatituta dago mugarengatik; hortaz, ea nork esan dezakeen hildakoa non agertu den... Oso absurdoa da dena.

Faisaien uhartean, Espainiaren eta Frantziaren arteko eskualdaketa irudikatzen. Nicolas de Assas / Faisaien Irla

Atzerriko zine jaialdietan egon zarete filma aurkezten. Ziur bat baino gehiago galdu dela lur administratiboetan.

Göteborgeko (Suedia) jaialdian gogoan dut atentzioa eman ziela oso ongi ez jakiteak pelikula non dagoen kokatuta. Zeren protagonistek hitz egiten dute euskaraz, baina frantsesez ere bai, eta irla hori bi estaturena da, Espainiarena eta Frantziarena, baina ikusten da pelikulan ez dagoela pertsonaiarik espainola edo frantsesa sentitzen denik... Daukagun errealitatea oso zaila da ulertzeko kanpoko batentzat. Oso naturalizatuta daukagu, baina guretzako normala dena ez da hain normala. Eta Faisaien Irlarena, zer esanik ez.

"Orain ari gara beste gai batzuei heltzen, ari gara gure historia gu geu kontatzen. Eta oso beharrezkoa da, beste kulturek egiten duten bezala"

Miñan aipatu dugu, Fermin Muguruzaren Bidasoa 2018-2023... Hemen gertatzen ari diren gauzak hemendik kontatu dira lan horietan. Zuk aurretik Altsasu telesaila egin zenuen. Badago joera, ordea, hemengo gauzak kanpotik edota kanpokoentzat kontatzeko. La Infiltrada pelikula oraintsukoa da, esaterako. Badu garrantzia hemendik eta hemengoentzat kontatzeak?

Erabat beharrezkoa da. Oraindik Euskal Herrian ez gara hasi pelikulak egiten bizi izan dugun gatazka politikoaren inguruan. Ez dakit zergatik ez den egin. Uste dut gogoa egon badagoela, beldurra ere bai, egongo da, baina ez dakit interesik dagoen finantzazioa ipiniko luketenen aldetik. Uste dut, dudarik gabe, iritsiko dela unea horri heltzeko. Orain ari gara beste gai batzuei heltzen, ari gara gure historia gu geu kontatzen. Eta oso beharrezkoa da, beste kulturek egiten duten bezala.

Bukatzen joateko: inoiz gutxitan estreinatuko ziren pelikulak Ipar zein Hego Euskal Herrian aste berean.

Guretzako mugarik ez badago, uste dut horrela estreinatu behar zela. Argi eta garbi: mugarik gabe.

Areto asko zapaltzeko asmoa daukazue.

Orotara 110 aretotan emango da pelikula. Eta hitzaldi batzuk ere bai, egingo ditugu. Uste dugu garrantzitsua dela edukiaz hitz egitea, testuingurua jartzea, eta horretarako Harrera Sarekoak, Aita Marikoak eta Gari Garaialde argazkilaria izango ditugu alboan.

Eta kanpora begira, jaialdi batzuetan-eta egon zaretenez, zabaltzeko asmoa dago?

Uste dut salduko dela nolabait. Gaia, kanpora begira, interesgarria da dudarik gabe. Eta hemen gertatzen da, baina beste leku askotan ere bai. Euskaraz izatea, gainera, ez da inolako arazo bat; kanpora begira exotikoa ere izan daiteke. Eta ez dute bikoiztuko, horretan egin dute apustua ekoiztetxeek. Euskal Herrian bezalaxe, Frantzian eta Espainian jatorrizko bertsioan ikusiko da.

[Ondoko bideoan, filmera hurbilpen bat bi minututan; pelikularen banatzaileek eginiko bideoa da]

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2025-04-11 | Irutxuloko Hitza
Helena Tabernak irabazi du Giza Eskubideen Zinemaldiko Saria

Helena Taberna zinegileak jasoko du aurten Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria. Sariaren entrega ostiralean, apirilak 11, 20:00etan Viktoria Eugenia Antzokian ospatuko den bukaera emanaldian izango da.


2025-04-04 | Sustatu
Kneecap filma, orain euskarazko azpitituluekin

Ezagutzen duzue Kneecap filma? Oscar sarietarako hautatu zuten. Belfasteko hirukote baten istorioa da. Kneecap Hip Hop talde ezaguna da gaur egun, eta hizkuntzaren aldeko jarrera (gaelikoa) argia dute, IRAren osteko belaunaldiaren gorabeherak kontatzen ditu filmak; drogak eta... [+]


Askatu dute kolonoek jipoitu eta militarrek atxilotutako Oscar saridun palestinarra

No other land dokumentalaren zuzendari Hamdan Ballal kolono sionistek jipoitu zuten astelehenean bere herrian, beste hainbat palestinarrekin batera, eta Israelgo militarrek eraman zuten atxilo ondoren. Astarte goizean askatu dute.


Chantal Akerman eta urrezko 80ak

Donostiako Tabakaleran, beste urte batez, hitza eta irudia elkar nahasi eta lotu dituzte Zinea eta literatura jardunaldietan. Aurten, Chantal Akerman zinegile belgikarraren obra izan dute aztergai; haren film bana hautatu eta aztertu dute Itxaro Bordak, Karmele Jaiok eta Danele... [+]


Martxan dago euskarazko film laburren Laburbira zirkuituaren 22. edizioa

35 film aurkeztu dira lehiaketara eta zortzi aukeratu dituzte ikusgai egoteko Euskal Herriko 51 udalerritan. Euskarazko lanak egiten dituzten sortzaileak eta haiek ekoitzitako film laburrak ezagutaraztea da helburua. Taupa mugimenduak antolatzen du ekimena.


2024an Euskal Herrian estreinatutako 900 filmetatik bi baino ez dira euskaraz izan

Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztu dituzte datu "kezkagarriak". Euskaraz eskaini diren estreinaldi kopurua ez dela %1,6ra iritsi ondorioztatu dute. Erakunde publikoei eskatu diete "herritar guztien hizkuntza eskubideak" zinemetan ere... [+]


Animaziozko Film Onenaren Oscarra software librearekin sortutako ‘Straume’ pelikulak irabazi du

Gints Zilbalodis zuzendari letoniarraren Straume filmak irabazi du 2025eko Animaziozko Film Onenaren Oscar Saria. Pixar eta Dreamworks estudio handiei aurrea hartu dien filma 3D irudigintzarako software libreko Blender tresna erabiliz sortu dute.


Adimen artifizala zineman: legezkoa bai, baina bidezkoa?

Geroz eta ekoizpen gehiagok baliatzen dituzte teknologia berriak, izan plano orokor eta jendetsuak figurante bidez egitea aurrezteko, izan efektu bereziak are azkarrago egiteko. Azken urtean, dena den, Euskal Herriko zine-aretoak gehien bete dituztenetako bi pelikulek adimen... [+]


Punto de Vista: mundua pantailan ikusteko beste modu bat

Otsailaren 24tik eta martxoaren 1era bitartean, astebetez 60 lan proiektatuko dituzte Punto de Vista zinema dokumentalaren jaialdian. Hamar film luze eta zazpi labur lehiatuko dira Sail Ofizialean; tartean mundu mailako lau estreinaldi eta Maddi Barber eta Marina Lameiro... [+]


2025-02-19 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Arkitekto aktorea

Madrilen arkitektoentzako kongresu bat burutu berri da, arkitekto profesioaren krisiaz eztabaidatzeko. Arkitekto izateko modu tradizionala eta gaur egungoa desberdindu dute. Zertan den tradiziozkoa? Oscar bidean den The Brutalist filmean ageri den arkitekto epikoarena. Nor bere... [+]


2025-02-19 | Estitxu Eizagirre
Francisco Vaquero
“Euskal Herria makroproiektu berriztagarrien aurka borroka gehien egiten ari den lurraldea da”

Makroproiektu "berriztagarriek" sortzen dituzten ondorioak filmatu ditu Vidas irrenovables (Bizitza ez-berriztagarriak. Euskarazko eta frantsesezko azpitituluak prestatzen ari dira) dokumentalean Extremadurako (Cabeza del buey, Espainia, 1985) landagunean hazitako... [+]


Goya sariak eta esaten (ez) diren hainbat kontu

Euskal herritar ugari saritu ditu Espainiako zine akademiak pasa den asteburuan banatu diren Goya sarietan. Artikuluaren bigarren partean, zeresana eman duten hainbat kontu aletuko ditugu.


'Itoiz, udako sesioak' filma
“Itoizek eragindako emozioen bideari eutsi diogu, Juan Carlosek egin duen benetako prozesua jaso dugu”

Itoiz, udako sesioak filma estreinatu dute zinema aretoetan. Juan Carlos Perez taldekidearen hitz eta doinuak biltzen ditu Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andrakaren filmak. Haiekin mintzatu gara Metropoli Foralean.

 


Eguneraketa berriak daude