Literaturaren ideia establezituak egiten dituen eskakizunen artean, badira indar handiz inposatzen diren bi. Horietako lehena da literaturaren eremua gizakion barne-mundua dela, intimitatea, eta ez morala. Literaturak landu ditzake auzi moralak, baina beren indibidualtasunean, eta, beraz, erlatibotasunean. Aldiz, posizio moral bat hartzen duen literatura, ondo dagoenaz eta gaizki dagoenaz sistematikoki hausnartzen duena, manikeista da, eta auzi moral horiei irtenbide politiko bat eman nahi diona, propaganda politikoa. Biak hartzen dira bigarren mailako literaturatzat.
Bigarren eskakizuna da literaturak gizakien kanpo-munduaz hitz egin dezakeela, hitz egin dezakeela gatazka politikoez, gerrateez, katastrofeez, baina gai literario nagusia barne-mundua izango dela beti: faktore historikoa gehiegi azpimarratzen duena literatura historikotzat edo sozialtzat joko da. Beraz, ideia establezitu horren arabera, gizakien kanpo- eta barne-munduen artean ez legoke lotura beharrezkorik, eta literaturak azaleratu behar duena giza esentzia da, zeina gailentzen baitzaie klase-bereizketari, gatazka politikoei eta abarri.
Barne-munduak, izan ere, azaleratuko luke den-denok ditugula gure beldurrak, desirak, apetak eta kontraesanak eta, beraz, gizaki guztiok berdinduko gintuzke. Horrela dira posible gure fikzioetan juduez errukitzen den nazia, edo naziez errukitzen den judua, maite duen pertsonagatik gerra uzten duen soldadua edo bera espiatzen ari den polizia sexualki desiratzen duen militantea, literatura establezituari hainbeste gustatzen zaizkion pertsonaia horiek. Eskakizun horixe egiten dute, larriki eta une oro, kritikariek eta idazleek, literaturak bazter utz dezala morala eta politika eta “literaturaz” edo “bizitzaz” ardura dadila. Humanizatzea edo konplexuagotzea esaten diote. Nik despolitizazio esango nioke. Edo sinpleki, gezurra.
Gure atzo guztiak (jatorrizkoa: Tutti i nostri ieri, 1952) ez da propaganda politikoko literatur lan bat: gatazka larriko une batean pertsonaien intimitatea erakusten digu, bere konplexutasun eta aniztasun osoan, eta une oro sentitzen dugu “erabat egia den zerbait adierazten duela”. Azken hori Sally Rooneyek dio eta halaxe da. Egia nahitaez konplexu eta anitz horrek, ordea, halaber adierazten du posizio etiko eta politiko sendo bat. Eta, horrela, gozamenezko irakurraldi ahaztezin bat emateaz gain, aipatutako bi eskakizunak betetzen ditu, baina era berean kritikatuz eta gaindituz.
Ginzburgen pertsonaiak ez dira karikaturak, inoiz gutxi topatu dudan inteligentziaz eta talentuz daude eraikiak. Are, esan liteke Ginzburgek uko egiten diola karikaturari eta mitifikazioari: pertsonaia guztiak dira edonor bezain amorragarriak, beraien apeta eta inozokeria eta kontraesanekin. Hala, familiako aita, posizio antifaxista leial eta miresgarria mantendu duena, ipurterre samarra da bere seme-alabekin horretarako arrazoi handirik gabe, edo haien etxera zoriontasuna eta ausardia dakarren gizonari jateko ohitura zabarrak aurkituko dizkiogu, batzuetan bizipoza sortuko digutenak eta beste batzuetan nazka ere bai. Dena dela, berandu baino lehen azalpen beharrik gabe ohartuko gara pertsonaien jokabide, sentimendu eta iritzi ustez nahasi horiek badutela zentzu bat, familia burges txikiko mutilak lasaitasun gehiagoz begiratzen diela maitasunari eta gerrari beste etxekoen larritasunarekin alderatuta, nahigabeko haurdunaldi baten aurrean ez dutela berdin jokatzen eta sentitzen gizonezkoek ala emakumezkoek. Eta, horrela, azalpen beharrik gabe ohartuko gara sentitu dugun egia horrek, konkretutasunetik zetorrela uste genuenak, egia sozial bat adierazten duela.
Nobelak konplexutasun berarekin eta irmotasun etiko berarekin tratatzen ditu etsaiaren bandoko pertsonaiak ere. Bada gazte faxista bat, herriko enpresa metalurgikoko jabearen semea, zeina bere argi-ilun guztiekin ezagutzen baitugu: ez zaigu inoiz ere ezkutatzen alkandora beltza jantzita paseatzen dela, baina kontatzen zaigu haren amodioen berri, kontatzen zaigu bere bizialdiak sortzen dion tristurari buruz. Halakoetan zera pentsa daiteke: beharrezkoa al da erreakzionarioen alderdi horiek kontatzea? Ez al du horrek, hain justu, haien posizioa zuritzen eta haiekiko etsaitasuna gutxitzen?
Bada soldadu nazi bat ere, herria okupatutakoan pertsonaien etxera joaten dena, konpainia bila. Jakiten dugu gerra aurretik zerbitzari izana zela, umore onekoa dela eta samurra, etxeko haurrarekin pazientzia handiz jolasten baita, hainbesteraino non neskamearen errukia ere irabazten baitu. Sotoan sozialista bat eta judu bat gordeta dauzkatela jakitean, ordea, atea botatzen saiatzen da haiek harrapatzeko, ezkutatutako batek tiroz akabatzen duen arte.
Fikzioetan aztertu behar da “odolak nor zipriztintzen duen eta norena den zipriztintzen duen odol hori”, Belén Gopeguik esana da, eta Ginzburgek ere esaten digu nazi bat nazi bat dela, bere iragana edo samurtasunerako gaitasuna gorabehera. Nobelako pertsonaia batek besteari esaten dio: “Gizon guztiek sortzen zuten pena gertuxeagotik begiratuz gero, eta finean nork bere burua zaindu beharra zeukan gehiegizko erruki horretatik”.
Nobelak, horrela, historiarekin lotzen ditu pertsonaiak une oro. Gertakizun politikoek eta gerrako kontuek presentzia nabarmena dute pertsonaien bizitzetan eta hala ikusten dugu kanpo-munduak eragin zuzena duela barne-munduan, are, determinatu egiten duela: bat depresio sakon batean sartuko da alemanek Polonia inbaditu dutela jakitean; bestea erabat aldatuta aterako da bere kartzelalditik; eta frontera deituko dituzte hainbat eta hainbat. Pertsonaien gertakizunek, sentimenduek eta eztabaidek egia historiko bat azaleratzen dute pixkanaka, esaterako, gerraren benetako izaerari buruz. Antifaxismoan dabilen batek aurpegiratzen dio frontetik datorren beste kide bati Mussoliniren alde ari dela ustezko aberriaren izenean, eta besteak erantzun ez duela inongo aberritan pentsatzen tiroka ari denean eta “ez zela gerrara joateaz damutzen, beti jakin nahi izan zuelako zein zen gerraren funtsa eta orain bazekielako ez zeukala funtsik”. Azken batek amaitzen du eztabaida esanez ulertzen diola eta aberria, ezer izatekotan, “gerrara batere kulparik gabe bidali duten jende hori” dela. Protagonistak ere esaten du, “guztion kontra dagoela gerra eta inork ez duela eskubiderik esateko ez duela egin nahi, koldarkeria iruditzen zitzaiola horrela hitz egitea”.
Gure atzo guztiak nobelako pertsonaiek ez dituzte bizitzea tokatu zaien baldintza larriak hautatu, bai ordea horren aurrean zer egin. Nobelak erakusten diguna da, bizitzan oro har eta baita krisi garaietan ere, ahal dena egiteaz harago ondo jokatzea hautatu daitekeela. Hautu horren zailtasun muturrekoa erakusten digu, baina badirudi adierazi nahi lukeela zoriontasuna eta egia, hain justu, ausardia eta zailtasun horretan daudela. Ginzburgek posizio horri irmo heltzen dio eta idazketara eramatea lortzen du. Liburuaren amaiera aldera, egunkari klandestino batean militatzen ibili den pertsonaia bat kexu da gerraren ondoren ez delako berdina “egun-argiz ateratzen diren egunkarietan” idaztea, “ezer arriskatu gabe, beldurrik gabe, hitz amorragarriak ateratzen ziren, eta nor bere burua gorrotatzera iristen zen idatzi izanagatik”, dio, “eta sinetsezina zirudien aldiz beldurrari eta arriskuari ez zitzaizkiela hitz amorragarriak lotzen, baizik eta beti egiazkoak, sakonenetik erauziak”.
Ez dakit zuzena den literatura onak bizitzaz hitz egin behar duela dioen ideia hori, baina Ginzburgek bizitzaz hitz egiten digu, agian ulertzera iristen garena baino sakontasun handiagoz, gainera. Hitz egiten digu, ordea, bizitzari begiratzeko modu batetik, zeinak esaten baitigu ondo jokatzea eta gaizki jokatzea ez dela berdina, baina ahalegina eta ausardia hautu bat direla eta posible direla. Nobela honek posibilitate horren lekukotza ematen du.
Joan Tartas (Sohüta, 1610 - date of unknown death) is not one of the most famous writers in the history of our letters and yet we discover good things in this “mendre piece” whose title, let us admit it from the beginning, is probably not the most commercial of the titles... [+]
Thinking about literary classics necessarily means thinking from today. It is precisely the classical name that is conditioned to the fact that these works have come to this day, so to think about them is to think about how and why those works have come to us, to ask how and for... [+]
Let's talk clearly, bluntly, without having to move later to say what I had to say: this game, which consists of putting together the letters in Basque, happened to Axular. Almost as soon as the game is invented, in such a way that in most of Gero's pages the author gives the... [+]