Behin batean, gazterik, gidoi nagusia betetzea egokitu zitzaion. Elbira Zipitriaren ikasle izanak, ikastolen mugimendu berriarekin bat egin zuen. Irakasle izan zen artisau baino lehen. Gero, eskulturgile. Egun, musika jotzen du, bere gogoz eta bere buruarentzat. Eta beti, eta 35 urtez, ARGIA sarietako eskulturak egin dizkigu.
Okina lehenik, irakaslea gero. Filosofia eta Letrak ikasi zuen, Pedagogian espezializatu eta Errenteriako Orereta ikastolan lan egiteko. Tailu egiten erakutsi zion osabak, eta Errenteriako Artisautza azokak bidea ireki zion. Artisautzatik eskulturara egin zuen, eta horretan eman du bizia. Han eta hemen ageri dira berak eginak, gure herrietako toki publikoetan nahiz ARGIA saridunen etxe partikularretan. Mitoek isilarazitako berealdiko artista dugu Antton.
35 urte eta gero, azken ARGIA sariak dituzu, hortaz?
Bai. Azkeneko sei eskulturak egin ditut aurten, ARGIAkoei iaz esanda: “Datorren urtekoak izango dituzue nire azken lanak. Noizbait ere bukatu behar dugu gure zera hau, eta nahiago dut neuk bukatu, zuek ni bidaltzea baino!”. Pixkanaka dena likidatzen ari naiz, lan denak uzten. Horregatik etorriko zinen, ezta?
Azken sariak dituzulako?
Bestela inork ez baitit kasurik egiten! Hemen Oteiza eta Txillida besterik ez dago! Ni ez naiz fenomenoa, baina hortxe dira José Ramón Anda, Rikardo Ugarte, edo Koldobika Jauregi eta José Zugasti –ez dira hil zaharrak biak ere–, sekulako artistak eta gu, berriz, ezer ez balira bezala! Horixe du mitoak, dena xurgatzen du.
Ibili handia egina duzu…
Ez dakit oso handia den ere!
Zure gainean irakurri dugunak ez dio dudari zirrikiturik uzten. Donostian jaio zinen, 1945ean...
Donostia zaharrean, Donostia bulebarrean bukatzen zen garaian. Hor ziren beti Amara zaharra, Antigua… beren nortasunaren jabe. Gure Donostian, beraz, batzuk ginen koxkeroak, eta besteak ziren joxemaritarrak, ensantxe-orientalekoak edota kaikoak. Lau kasta. Koxkeroak ginenok harreman handiagoa geneukan probintziatik etortzen zen jendearekin, baserritarrekin, haiek Bretxara [merkatua] etortzen ziren eta. Bestalde, gure etxean okinak ginen –huraxe izan nuen neuk ere lehen ofizioa–, eta baserritarrak ogitara etortzen zitzaizkigun, eta ekartzen ziguten euskal nortasuna. Koxkerook askoz gehiago bizi izan dugu giro hori, gainerakoek baino.
Haiek ekartzen zizueten euskaltasuna?
Gu euskaldunak ginen, baina haiek etortzeak asko laguntzen zuen. Egunero, autobuskada etortzen zen Arantzatik abiatu eta Bortzirietako herrietan barrena baserritarrak jasota, Bretxaraino. Asteasutik, berriz, beste autobus bat etortzen zen, hura ere baserritarrez betea. Egunero! Eta horrek, nahitaez, euskaltasunez janzten zuen koxkeroa.
Izan zara aspaldi zure Donostia hartan?
Izan naiz, baina derrigorrez joan beharra izan dudalako. Tristetuta nago Donostia ikusita. Ez dut ezagutzen. Pena ematen dit. Guretzat herri txiki bat zen: denok ezagutzen genuen elkar, beti kalean ginen jolasean. Tokitan dago gure Donostia.
Okina zinela, Filosofia eta Letrak ikasi zenuen.
Gustuko nuen okin ofizioa, oso esker oneko lana zen, eta diferentea egunero. Batean hego haizea ibiliko zen, eta leihoa itxi beharra, masa alferrik galdu ez zedin. Bestean, bestelako zera bat, eta hari ere aurre egin beharra. Familiakoa genuen okindegia; “Mendi”, zuen izena. Aitona Adunakoa genuen, Pello Mari Otañoren lehengusua, eta oso bertsozalea. Ameriketara migratu zuen, eta, itzuleran, okindegia ireki zuen Donostian. Gure aita okin, eta neu ere bai gero. Eta enpresa-teknikari ikasten hasi nintzen, okindegian lanean segitzeko. Gure aitak aurreikusten zuen okindegi txikiek etorkizunik ez zutela izango, bildu beharra izango zutela, eta, orduan, gerente ikasiren bat beharko zutela. Bide horretan jarri nintzen.
Filosofia eta Letrak ikasi zenuen.
Gustuko nuen okin ofizioa, oso esker oneko lana zen, eta diferentea egunero. Batean hego haizea ibiliko zen, eta leihoa itxi beharra, masa alferrik galdu ez zedin. Bestean, bestelako zera bat, eta hari ere aurre egin beharra. Familiakoa genuen okindegia; “Mendi”, zuen izena. Aitona Adunakoa genuen, Pello Mari Otañoren lehengusua, eta oso bertsozalea. Ameriketara migratu zuen, eta, itzuleran, okindegia ireki zuen Donostian. Gure aita okin, eta neu ere bai gero. Eta enpresa-teknikari ikasten hasi nintzen, okindegian lanean segitzeko. Aitak aurreikusten zuen okindegi txikiek etorkizunik ez zutela, bildu beharra izango zutela, eta, orduan, gerente ikasiren bat beharko zutela. Bide horretan jarri nintzen.
Baina, azkenean, Filosofia eta Letrak ikasi zenuen.
Bai. Galdera motza egin duzu, baina erantzuna da luzea! Kar-kar! Hiru urte ere egin nituen enpresa-teknikari ikasten, baina, ordurako –1968 inguru horretan–, ikastolak eta gainerako mugida guztia hasita zegoen, eta saltsa hartan sartu nintzen neu ere!Mugimendua ez zitzaidan arrotza, zeren Elbira Zipitriarekin ikasitakoa bainintzen, haren bigarren edo hirugarren promoziokoa.
Elbira Zipitriaren ikaslea zu!
Mito bihurtzen ari da hura ere! Azkarra zen, baina gogorra ere bai. Donostiako burgesia txikikoak joaten ginen haren ikastolara. Jakina, Elbira pedagogo ausarta eta aurrerakoia zen, baina, gainerakoan, eskuina, oso elizkoia. 68ko ikastolak, eta orduko mugimenduaren irizpideak, berriz, zeharo bestelakoak ziren. Ni, esate baterako, Hiazinto [Fernandorena] Setienek konbentzitu ninduen ikastolara sartzeko, han denak emakumeak ziren garaian! Enpresa-ikasketak utzi eta Filosofia eta Letrak egiten hasi nintzen, gero Pedagogia ikasteko. Hiazinto, Pakita Arregi… jende askok lan handia egin zuen ikastolak aurrera ateratzeko. Eta ni saltsa hartan sartu nintzen, ordu arteko dena utzita, okindegia eta beste. Ikasle libre nintzela ikasi nuen Valentziako Unibertsitatean.
"1983 aldean-edo, halako dekadentzia bat hasi zen ikastolan. Irakasleon arteko kohesioa galtzen hasi zen, eta bat baino gehiago alde egiten hasi ginen"
Etxeko okindegia utzi, ikastolaren munduan sartu… Zer esan zuten gurasoek?
Aitak kolpe handia hartu zuen. Ez niola segituko ikusi zuen, batetik, eta, bestetik, berriz, ikastolen saltsan sartu nintzela. Eta ikastoletan sosik ez zegoen garai hartan, ez gizarte segurantzarik ez beste. Baina halakoxeak ginen, utopikoak! 1968an Orereta ikastolan hasi nintzen, eta hantxe egin nituen 25 urte.
Baina ikasketak egiten ari zinela esan diguzu…
Bai, garai batean, ikastolako lana, ikasketak egin, eta okindegiko lanean, hiru gauzak batera egin izan nituen.
Eta bizi?
Etxean!
Kar-kar! Txistu ikasketak egina zinen ordurako...
Isidro Ansorenarekin! Lau urteko karrera zen, eta onentsuenek bosgarren urtea ere egiten zuten. Ansorena bere gelan egoten zen, eta banaka hartzen gintuen ikasleok. Bitartean, kanpoan izaten ginen, gure aurretik sartutako ikaslea irten zain. Akordatzen naiz Ansorenaren bulegoan nola jartzen zuen: Músicos juglares. Eta ni, neure artean: “Zer esan nahi ote dik horrek?!”. Ez nuen entenditzen! Donostiak Gazte banda zuen, eta nik hantxe jotzen nuen. Ez dago misteriorik: dena gidoiaren barruan zegoen! Txistu ikastea, txalaparta jotzea, ikastoletan sartzea… Horixe zen gure gazte garaiko gidoia. Guretzat abertzaletasuna eta euskara ziren gauzarik inportanteenak, eta hortxe ibiltzen ginen.
Hiazinto zenak jarri zintuela bide horretan esan diguzu. Non ezagutu zenuen?
Andereñoen erresidentzian. Hango neskak irakasle ziren, edo ikasten ari zirenak. Praktikak egiten zituzten Karmele Esnalekin-eta. Baten batek, Elbirarekin berarekin ere bai. Erresidentzia hartakoak neska gazteak ziren, gure adinekoak, ezagutzen genituen eta elkarrekin ibiltzen ginen. Igandetan-eta mendira joaten ginen. Horrela, han ari zen andereño batekin endredatu nintzen, eta Orereta ikastolan hasi nintzen, andereño hura hangoa zen eta. Hasieran, astean hiru egunez hasi nintzen hara, ezer kobratu gabe. Ikastola batxilergoa eskaintzen hasi zenean, lizentziadunak behar zituen, eta horrela sartu nintzen.
Pedagogia ikasketak egina zinen, ezta?
Ez, ikasten ari nintzen. Eta ikasketa haiek bukatzeko baldintzapean onartu ninduten Oreretan. Erreboluzio pedagogikoa gauzatu genuen. Jexux Mari Goñi, Joxean Arbelaitz, Xabier Apaolaza, Itziar Idiazabal, Gillermo Etxeberria… Curriculum propioa osatu genuen, ofiziala baztertuta! Ikastolan egiten genituen berrikuntzak Valentzian aurkezten nizkion han zuzendari nuenari, eta hango dekanoari ere, Marín Ibañez, kontatu izan nion zertan ari ginen. Oso interesatu zen, eta etorri ere egin zen Donostiara, eta egin zuen hitzaldia udaletxeko areto nagusian.
Euskara batuaren auziak ere harrapatuko zintuzten, ala?
Lehenengo, erlijioa izan zen auzia, ikastolan erakutsi behar zen ala ez. Gero, euskara batua. Hurrena, ETA etorri zen. Beste auzi bat. Laster, droga sartu zen, eta zabaldu zen ikaragarri. Fronteak toki guztietatik! Eta ez dakit nola kudeatu ahal izan genuen dena!
"Txistu ikastea, txalaparta jotzea, ikastoletan sartzea… Horixe zen gure gazte garaiko gidoia. Guretzat abertzaletasuna eta euskara ziren gauzarik inportanteenak”
Artearen historia, Musikaren kultura, Arte plastikoak… irakatsi zenituen ikastolan. Gero, artisau lanetan hasi zinen, nola ez dakidala.
Askotan, bi-hiru elementu batera gertatzen dira, eta horixe izan zen nire kasua. Gure erreboluzio pedagogiko horrek ondorio gogorrak ekarri zituen. Fronte asko genituen irekiak, eta gu, beti, ezkerrekoak ginen, arriskukoak. Ez ginen elizkoiak, eta, bestalde, euskara batuaren aldekoak. Funtzionamenduan ere, demokratikoki hartzen genituen erabakiak. Laster, ordea, zalantzan jarri zen funtzionatzeko modu hori, eta gehiengoak erabaki bat hartuta ere –greba egiteko kasuan, adibidez–, batzuk esaten hasi ziren gehienek erabaki hura hartuagatik ere, beraiek lan egiteko eskubidea zutela. Hori oso momentu inportantea izan zen.
Zergatik inportantea?
Ikastola hazten ari zelako, irakasle gehiago kontratatu behar izan zelako, eta berriek ez zuten gure esperientziarik bizi izan. Beren langile eskubideak aldarrikatzen hasi ziren, gauza guztien gainetik bezala. Nire ustez, 1983 aldean-edo, halako dekadentzia bat hasi zen. Irakasleon arteko kohesioa galtzen hasi zen, eta bat baino gehiago alde egiten hasi ginen. Batzuk, unibertsitatera, ni neu bezala. Zorroagako [EHU, Donostia] lehen urtea izan zen, baina hura ere ez zitzaidan gehiegi gustatu, eta ikastolara itzuli nintzen.
Eta? Zer berri ikastolan?
Dena aldatua zegoen, geroz eta zailago zitzaidan giro hartan lan egitea. Haatik, oso ondo konpontzen nintzen ikasleekin, mendira eramaten nituen asteburuetan, zikloturista taldea ere osatu genuen, “eskolan” kooperatiba... Irakasle “berezia” nintzen. Beste irakasle batzuek, berriz, gogor esaten zuten ezetz, beren lana ostiralarekin batera bukatzen zela, eta pentsatu ere ez asteburuan ikasleekin ezer egitea. Eta, horrela, frankotiratzaile sentitzen hasi nintzen.
Zu ere zeure bakardadean...
Izan liteke. Bestalde, eskulana gustatzen zitzaidan, eta tailugilea nuen osaba, azpeitiarra, Alejandro Amenabar. Lehenengo, erremontista izan zen, pilotari profesionala. Abregorekin binaka jokatutakoa. Alejandro gure izeba Anparorekin ezkondu zen Lasarte-Oriara, eta burdindegia jarri zuen han. Tailugilea ere bazen, ordea, eta lanean erakutsi zidan. 1970-72ko kontuak dira. Hobby bat zen. Handik urteetara, ikastolako giroa iluntzen hasi zitzaidanean, lagungarri gertatu zitzaidan osabarekin ikasitakoa. Eta, hori, beste gertakizun batekin batera etorri zen: Errenteriako artisautza azokarekin. Laster, artisautzaren booma izan zen.
Zeure tailuak egiten hasita zeunden, beraz?
Kutxak, argizaiolak, hilarriak eta horiek egiten nituen. Eta azokara kutxak eraman nik, eta jendeak erosi! Eta Errenteriako azokaren arrimuan, azokak antolatzen hasi ziren han eta hemen, eta zirkuituan sartu nintzen, artean ikastolan lanean ari nintzela. Bateko eta besteko azokara nire lanak eraman, eta ia dena saltzen nuen! Eta, horrela, bide berria ireki zitzaidan. Ikastolan, gero eta tristeago eta amorratuago nenbilen. Artisautzan, berriz, guztiz kontra! Eta, halako batean, ikastolan frankotiratzaile izateari utzi nion, hango lana ere utzita. Gaizki pasatzen nuen. Ikasleak ziren nire sostengua, nire arnasa, baina ez zen posible hala segitzea. Eta, horrela, egun batean etxepean lokal txiki bat erosi, eta artisautzan hasi nintzen buru eta bihotz.
Gero, eskulturara egin zenuen salto.
Izen txiki bat banuen, estatu mailako artisten artean Madrilen egonaldia egiteko hautatu ninduten, hango artistak ezagutu nituen, eta ikusi nuen zenbait artisau ofizioan zaildu ondoren, bestelako lanak esperimentatzen hasten zirela. Nik, berriz, nire eskulanen artean banuen, kutxekin batera, asko saltzen nuena, argizaiola, oso gauza enigmatikoa, pieza berezia, sakontasun handikoa, misterioz betea. Tailugin hasi nintzenean, etnografia arakatzen hasi, eta argizaiolarekin egin nuen topo. Eta hilerriekin. Eta cromlech-ekin.
Argizaiola eta hilarriak...
Ez da arraroa ere, gu koxkeroak izanda, ondoan geneukan beti San Telmo [museoa]. Elbirak behin baino gehiagotan eraman izan gintuen hara, eta neure kontura ere joan izan nintzen. Motzean: ni ofizioa lantzen hasi nintzenean, ofizioak berak elementu jakin bat eskaini zidan, argizaiola, zer pentsatu handia ematen duen pieza, eta argizaiolatik tiraka bestelako mundu batean sartu nintzen, eta hasi nintzen eskulturak egiten. Eta berriz ere bolada ona izan nuen, eskulturak egin, eta saldu egiten nituen! Gai honekin irekia nuen bidea Sutar lanarekin bukatu nuen, Oiartzunen jarri zuten. Hura egin eta etsi nuen.
"Bide berrian askoz aurrerago joan ezin naizenean, errepikatzen hasita nagoela iruditzen zaidanean, beste bide berri batzuk lantzen hasten naiz”
Zergatik, etsi?
Bide berriak jorratzea gustatzen zaidalako, horixe gustatu izan zaidalako beti. Bide batean askoz aurrerago joan ezin naizenean, errepikatzen hasten hasita nagoela iruditzen zaidanean, bide berri zen hura utzi, eta beste bide berri batzuk lantzen hasten naiz, gai berriak lantzen. Horixe egin dut beti. Horretan oso gogorra izan naiz neure buruarekin. Argizaiolak, hilarriak eta mairubaratzak egiten ere neure estilo jakin bat, neurea, garatu nuen, arrakastatsua, baina moztu egin behar izan nuen, oso lan ohizkoa egin zitzaidan eta. Hurrengo pausoa eman behar nuen. Beste gai bat.
“Beste gai bat”?
Bai, gai-zerrenda bat bainuen! Esate baterako, pilota. Ni pilotaria izan nintzen. Aita, pilotaria. Osaba bat, berdin. Pilotan dezente ibilitakoa naiz. Pilota poltsikoan sartuta ibiltzen ginen. Frontoirik libre bazegoen, pilotan hasten nintzen, bakarrik egonda ere! Eta eskulturak egiten nituenez, pilota hartu nuen gaitzat, eta lan mordoa egin nuen, suerte ikaragarriarekin, [Aurrezki] Kutxak interes handia izan zuen eta. Eta pilotari buruzko eskulturen bidearen bukaeran, Azkoitiko frontoi-multzoen eskultura sortu nuen, Oteizaren omenezko proiektua.
Carlos López de Ceballos ageri da arkitekto.
Berarekin lan egiteko eskatu zidan. Proiektu handia zen, osorik egin ez zena, Azkoitia gutxi zelakoan, nonbait. Proiektu hartan lanean ari ginela, etorri zen Eusko Jaurlaritza, eta Gasteizen egingo zutela esan ziguten. Baina ez batean eta ez bestean, inon ere ez zuten egin. Hiru fase zituen proiektuak. Lehenengoan, eskultura bera aurreikusi nuen, parke publiko gisara pentsatua, jendeak haren barruan pilotan jokatzeko. Bigarrenean, frontoi luzea, orain aparkalekua egitera doazen tokia. Eta hirugarrenean, eraikin bat zen, pilotaren dokumentazio zentroa izango zena. Gure proiektuari ateak itxi, eta besterik ere ez zuten inon egin.
Azkoitiko frontoia duzu zeure azken pilota eskultura. Musika izan zenuen hurrengo gaia?
Bai. Eskulturaz gozatzen segitzen dut, jakina, eta, adibidez, inora joan, frontoi bat ikusi, pareta bat, eta hantxe miresten dut. Ez dut zaletasuna inoiz galdu. Baina bidea egin nuela iruditu zitzaidan, eta bide hura utzi, eta musikari heldu nion. Esan dut txistua jotzen ikasi nuela, baina ia derrigortuta, ikastolen garai hartan hura zen-eta jotzen ikasi behar zen tresna errebindikatiboa. Baina neure erabakiz ez nukeen txistua aukeratuko, nire ametsa orkestra zuzendari izatea baitzen. Baina horixe ez nuen egin. Ordainetan, musika asko aditu dut, eta irakurri ere bai.
Irakurri dudanez, hainbat musikariren lana interesatu izan zaizu: Stravinsky, Wagner, Prokofiev, Strauss, Ramón Lazkano... Olivier Messiaen-en lanean oinarritutako Pildain estela-eta!
Musikarion hainbat piezaren interpretazio eskulturikoa egin dut. Musika ez da, bakarrik, musika, musika horrek dakarrena baizik. Izan liteke kolorea ekartzea, edo margoa, eta eskultura! Musika eraldatu egin lezake artistak! Organo baten soinuak, adibidez, espazioa bera sentiaraz diezazuke. Edo, alderantziz, desokupazioa senti zenezake ia melodiarik ez duen obra baten bitartez. Oteizak eskulturaren bidez egiten zuen bezala, baina musikaren bitartez, akorde batzuk besterik ez erabiliz.
Ez dakit, bada, ulertzen dudan…
Eman dezagun, sekulako organoa dugula, eta hasten garela hari erregistroak murrizten, murrizten eta murrizten, azkenean nota bakar batekin jotzera heldu arte. Azkenerako, ez dakigu organoa bera jotzen ari den, edo den elizako pareta erantzuten ari dena. Momentu horretan txalo jotzea izugarrikeria da, azken bibrazioaren oihartzuna zeharo isildu arte eutsi behar zaio. Eta horrek minutu bat ere iraun lezake! Hortxe desokupazio musikala. Eta esan dizut, berdin egin liteke hori eskulturan, pinturan edo musikan. Zertan ez arte batetik bestera salto egin? Oso gauza aberatsa da, nahiz, aldi berean, zaila izan. Horrexegatik izan zen azkena. Akorde eskultura egin nuen, Messiaen-en musika lanaren interpretazio eskultorikoa, eta akabo! 2012an, kito nire bide hura ere.
Eta akabo, edo akabo bide hori eta beste bati ekin zenion?
Kar-kar! Akabo bide hori, zeren gero musika jotzen hasi bainintzen, neure buruarentzat. “Organoa jotzeko gai izan nahi diat!”, esan nion neure buruari. Teklatuarekin jolasten hasi nintzen eta, gero, organoarekin probatzen. Oiartzunen organo oso inportantea daukagu, baina orain dela lau urte arteziak azaldu ziren elizan, harriak erortzen hasi ziren, eta organoa desmuntatu behar izan zuten. Eta halaxe dago oraindik, desmuntatuta, eta ni, berriz, hura berriz muntatzeko borrokan. Oiartzungo Udala eta Gipuzkoako Diputazioa dirua jartzeko prest dira. Eliza, berriz, ez. Ez dirurik jarri, ez herriari eman. Eta hortxe ni.
Bata bestearen ondotik itxi dituzu bideak eta, oraingoan, ARGIA sarien azken aldia izango dugu...
Orain dela 35 urteko bidea ere itxiko dugu. Noizbait ere gauzak bukatu egin behar dira, beti pentsatu dut hori, konplitu dugu ARGIA sariekin. Orain beste batek hartu behar du txanda. Horixe zen nire kezka, besteren bati bidea irekitzea. ARGIAk egingo du hori, bilatuko du sortzaileren bat herrian, eta egingo du aurrera, dudarik gabe.
* * *
Txalaparta
“Txistua ikasi nuen, hala behar zelako, edo garaiak halaxe eskatzen zuelako. Gero, garaiak eskatu zigun txalaparta ikastea, eta Artze anaiengana jo Usurbilera, eta haiekin ikasi nuen zerbait, ikastolan erakusteko. Eta erakutsi nuen, eta, behin, Francisco Escudero musikari handiak nire ikasleak txalaparta jotzen ikusi, eta esan zidan: ‘Ondo jotzen dute, gero!’. Eta ni konforme!
Manuel Lekuona
“Argizaiolak egiten hasi nintzenean, eta etnografia lanak irakurtzen, ohartu nintzen zer gauza berezia den argizaiola. Manuel Lekuonarekin ere hitz egin ahal izan nuen behin baino gehiagotan horretaz, eta gogoan ditut haren azalpenak, argizaiola kristautasunaren aurrekoa zela eta hau eta hura. Zenbait apaizek, adibidez, argizaiolak erre zituzten, beste batzuek liburuak erre zituzten modu berean!”.
AZKEN HITZA
Argia, ARGIAn
“Irudi bat nuen, Picassoren Guernica koadroa. Eta, han, argia, borroka baten argia. Garbiñe [Ubeda] eta Josuri [Landa] aurkeztu nien, eta ontzat eman zuten. Hasieran, egurrean egiten nuen. Gero, musikarekin-eta hasi nintzenean, egurrak ez zidan balio, bestelako material bat behar nuen, eta kristalera pasatu nintzen. Argia sartu nuen ARGIA sarietako eskulturan.
On Monday afternoon, I had already planned two documentaries carried out in the Basque Country. I am not particularly fond of documentaries, but Zinemaldia is often a good opportunity to set aside habits and traditions. I decided on the Pello Gutierrez Peñalba Replica a week... [+]
The search, the continuous search for a path, implies discovering what we do not want or expect. An artist should feed this appetizing search if he wants to keep his spirit alive. Your career is also going to need a big head office. Looking for new ways, uncovering and expanding... [+]
I get contradictions in art competitions. On the one hand, they place artists and works of art within the dynamics of competitiveness, leaving aside the transformative and collective character of art and placing them within the mercantilist logics, but it cannot sometimes be... [+]
Eskuin muturreko ekintzaileei leporatu diete eskultura bandalizatu izana: Hau kaka euskalduna da idatzi dute frantsesez, eta Heil pepito agur nazia margotu. Jean-René Etxegarai auzapezak jakinarazi du salaketa jarriko dutela. Gainera, Frantziako Alderdi Komunistaren... [+]
In the Plaza de los Fueros de Vitoria-Gasteiz there is a new metal sculpture that welcomes the exhibition of Nestor Basterretxea (Bermeo, 1924 – Hondarribia, 2014). The exhibition brings together more than 300 works created by artists from different areas, such as posters,... [+]