Automatically translated from Basque, translation may contain errors. More information here. Elhuyarren itzultzaile automatikoaren logoa

Moldaketa, zail bezain ezinbesteko

  • Lehen aldia da Hego Euskal Herriko euskal gehiengo sindikalak armagintza industriaren moldaketaz taldean eta modu publikoan hitz egiten duena. Aurreko hilabeteotan mugimendu antimilitaristak bilera bana egin du lau sindikatuokin, produkzio militarra “sozialki onuragarria” den produkzio batengatik ordezkatzeko duen proposamena aurkeztu eta elkarrekin eztabaidatzeko. Erronka erraldoia dela argi geratu da solasaldian, baina heltzeko prest azaldu dira. Bi mutur marraztu dituzte: batetik, hitzetatik ekintzetara jauzi egiteko zailtasunak ikaragarriak dira; bestetik, ordea, ezinbestekoa da, munduan gerra ekiditeko bezain beste klima larrialdiari edo energia krisiari aurre egiteko. Bi muturren artean, bidea urratzen hasteko proposamen eta ideiak ere mahaigaineratu dituzte.

ELA sindikatuko Ekintza Sozialeko Ioritz Iglesias, ESK-ko Koordinadorako kide Jabier Sáenz  eta LABeko Ekintza Sozialeko Arabako arduradun Miriam Díaz de Tuesta. Argazkia: DosPorDos
ELA sindikatuko Ekintza Sozialeko Ioritz Iglesias, ESK-ko Koordinadorako kide Jabier Sáenz eta LABeko Ekintza Sozialeko Arabako arduradun Miriam Díaz de Tuesta. Argazkia: DosPorDos

ELA sindikatuko Ekintza Sozialeko Ioritz Iglesiasekin, LABeko Ekintza Sozialeko Arabako arduradun Miriam Díaz de Tuestarekin eta ESK-ko Koordinadorako kide Jabier Sáenzekin bildu gara Gasteizen. Agenda arazoak tarteko Steilaseko Jendarte Mugimenduetako arduradun nazional Marije Etxebarriarekin aparte egin dugu hitzordua, eta hezkuntza eremuan zentratu gara berarekin.

NATO gerra iragartzen Europan, estatuen gerrarako aurrekontuak hazten eta hazten, Euskal Herriko armagintza aparretan... Zer irakurketa egiten duzue?

IORITZ IGLESIAS: Norabide bat markatzen ari direla ikusten da, eta horri alternatiba bat aurkezteko zailtasunak ditugula. Aurrekontu militaristak onartzen dira herrialde guztietan, ezkerreko alderdien oniritziarekin... Europar Batasunean eta munduan nagusitzen ari den norabideak sekulako beldurra ematen du.

JABIER SÁENZ: Diskurtso belizista orokortu da, Europan zein Euskal Herrian. Guk pixka bat ikertu dugu eta antzeman dugu militaristek salatzen dutena: orain urte batzuek lotsaz hartzen zuten parte armagintzan, egun ez. Diru publikoa armagintzara doanean, eskubide sozialak murrizten dira. Eta genero arrakala handitzea dakar ere, gerra eta indarkeria giroa emakumeen aurka doalako.

MIRIAM DÍAZ DE TUESTA: Gure ustezko etsaiek seinalatzen dizkigute, beldurra sartzen digute haiekin, eta ondoren gastu militarra areagotu behar dugula azaltzen digute. Gerra, militarismoa, eta autoritarismoa areagotzea langile klasearen eta euskal jendartearen aurka doa, kaltetuena langile klasea da. Esan duzun moduan gastu militarra handitzeak gastu soziala murriztea dakar, are mingarriagoa gastu militarraren hainbat partida gastu sozial gisa mozorrotzea, edo armagintzari kenkari fiskalak oparitzea. Erakundeak presionatu behar ditugu hori ekiditeko, eta behintzat beren legeak errespetatu ditzaten. Esaterako, Gasteizko Legebiltzarraren Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasun Gutunaren 14/2007 Euskal Legeak dio: “Eusko Jaurlaritza ez da inolaz ere elkarlanean arituko armen ekoizpena, merkaturatzea edo finantziazioa egiten duten pertsona fisiko zein juridikoekin”.

Mugimendu antimilitaristak armagintza industriaren “moldaketa eraldatzailerako” duen proposamena aurkeztu dizue. Nola baloratzen duzue?

DÍAZ DE TUESTA: Proposamenarekin sintonian sentitzen gara, eta uste dugu garrantzitsua dela salaketatik moldaketaren aldeko urratsak ematera pasatzea. Moldaketarena ez da antimilitarismoari soilik dagokion eginkizuna, hor egon behar dute ere sindikalismoa, feminismoa, ekologismoa... bizitzak erdigunean jartzeko borrokan ari garen eragile guztiak. Prozesu horretan kontuan izan behar ditugu egun bizi ditugun hainbat krisi, eta aitortu armagintzaren moldaketak trantsizio ekosozial orokorraren barnean egingo lukeen ekarpen garrantzitsua. Bata bestearen barnean ikusten baitugu. Azaldu digute sindikatuekin landu nahi dutela proposamena, denon artean eztabaidatzeko nondik eta nola hasi gaitezkeen pausuak ematen, armagintzarik gabeko Euskal Herria helburu. Proposamena bera ez dugu sakondu oraindik, baina elkarlan espazio horretan egongo gara.

“Armagintzaren moldaketak ekarpen garrantzitsua egingo lioke trantsizio ekosozial orokorrari” (Díaz de Tuesta · LAB)

IGLESIAS: Gaiaz lehenago ere hitz egin dugu sindikatuan, eta bota diguten erronka ez da makala. Momentuz langileek ez dute industriaren plangintzan parte hartzen, beren lan indarra saltzen dute ahal duten moduan eta prezioan. Guk borrokatuko ditugu lanpostuak eta lan hitzarmenak, ez du balio [Jokin] Aperribay milioidun egiten den bitartean bere langileek lan baldintza txarrak izatea. Baina horrek ez du esan nahi trantsizio hau egin behar ez denik, kontrakoa, egin beharra dago langile klasea delako gerra pairatzen duena, klase zein internazionalismo ikuspegitik. Industria eraldatu behar da, sindikatua hor egongo da, baina botere publikoak eta pultsu politikoak asko dute esateko. Hasieran gaude.

SÁENZ: Baina langileek ahotsa dugu, gure lan indarra saltzen dugunean ere erabakiak hartzen ditugu, erosoa edo deserosoa izan. Baldintza materialak defendatu behar ditugu, jakina, baina moldaketa egiteko enpleguaren xantaiatik askatu behar gara: ditugun lanpostu batzuk nazkagarriak dira, baina bizi ahal izateko soldatapeko lana behar dugu. Hori gainditu ezean oso zaila da langileek aldaketaren alde ekitea. Gainera, armagintza hazkundean dagoen sektorea da, aldaketa zailtzen duena; krisialdian balego aukera gehiago izango genituzke. Trantsizioa armagintzan zailagoa da beste sektore batzuetan baino, autogintzan baino, esaterako.

ESKn esperientzia bat izan genuen 1997an. Expalen (Explosivos Alaveses) gehiengoa genuen, eta saiatu ginen Herrialde Katalanetako Centre Delàs d'Estudis per la Pau eragile antimilitaristarekin elkarlanean plan industrial bat egiten enpresari beste jarduera bat emateko. CCOO eta UGT aurka agertu ziren, eta enpresa Burgosera eraman zuten jabeek.

IGLESIAS: Xantaiarena egia da. Planteatu behar da zerbait erreala, jendeak ez du piszinara jausi egiten urik dagoen edo ez jakin gabe, eta askotan langile klaseari hori eskatzen zaio, baina bertan bazaude oso zaila da. Beldurrari aurre egiteko masa planteamendu bat egin behar da, erradikala, pragmatikoa, eta jendearen babesa duena. Eta hori oso zaila da. Gainera, langile klasea oso urduri jartzen da birmoldaketa hitza entzutean.

Argazkia: DosPorDos

Aipatu dituzuen muga horiek denak aintzat hartuta ere, badago urrats zehatzak ematen hasterik? Horrela bada, zeintzuk?

SÁENZ: Oso ondo azaldu duzu bizi baldintzak garrantzitsuak direla langileak moldaketara batu ahal izateko, Ioritz. Horregatik, nondik hasi?: bizi baldintzak bermatzetik. Horretarako, Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta defendatzen dugu, langileei erabakitzeko ahalmena emango liokeelako. Gutxieneko batzuk bermatuta izanik beldur eta urduritasun horiek, logikoak direnak, eraldatuko liratekeela uste dugu, lortuko genukeela borroka horretarako indar gehiago. Armagintzaz gain beste industria askotarako ere, kutsatzaileak...

IGLESIAS: Lan hitzarmenean kontzientzia eragozpenerako aukera sartzea askotan aipatzen da, inoiz sartu da hasieran aldarrikapen gisa, baina oso zaila da beste aldearekin adostu behar duzulako, eta ez du interesik. Pedagogia egitea ezinbestekoa da.

DÍAZ DE TUESTA: Egia da erresistentziak daudela langileen aldetik, baina ez militarismoaren alde daudelako, baizik eta enpleguan izan dezakeen inpaktuagatik. Lehenbiziko urratsa eztabaida soziala piztea izan behar da, enpresetan eta kalean. Esperientzia praktikoak eta borroka eredugarriak ezagutzera emanez, pistolak egiten dituen lantegi batek produkzioa aldatzea posible dela sinetsi dezagun, armagintzarik gabeko Euskal Herria posible dela. Guztiok dugun erantzukizuna onartuta, ez baita soilik armagintzaren industria, gure bizimodua Hegoaldearen espoliazioan oinarrituta dago.

Uste dugu aurretik landuz gero gauza batzuk lortu daitezkeela. Lan hitzarmenean kontzientzia eragozpenerako eskubidea sartzea, adibidez, zuk aipatu duzuna Ioritz, hau da, produkzio zibila eta militarra duten enpresetan langileak eskubidea izatea armagintzaren lerroan lan ez egiteko, kalterik jaso gabe. Lan hitzarmenean kontzientzia klausula ere sartu liteke: egun produkzio zibila soilik duen enpresa batek produkzio militarrari ekitekotan langileak kontratua mozteko eskubidea izatea, kaleratze bidegabe baten ordainsariarekin. Edo ziurtagiri bat, Bai Euskarari ziurtagiriaren antzekoa baina adierazteko enpresa horrek ez duela ekoizpen militarrarekin loturarik, eta ez duela izango etorkizunean. Horiek urteetan mugimendu antimilitaristatik jaso ditugun proposamenak dira, gure egiten ditugunak, zailtasun guztiekin. Hurrengo hau LABen proposamena da: Bidezko Trantsiziorako Batzordeen sorrera. Ez soilik armagintzan sortzea, baizik eta desiragarri ez diren ekoizpen sektoreetan oro har. Armagintzaren kasuan, moldaketarako aukerak aztertuko lituzkete batzordeek, eta behin azterketak eginda, proposamenak egingo lituzkete. Bertako langileak dira ezagutza handiena dutenak, lankideak, makinaria eta abar ezagutzen dituztenak, beraien ekarpena funtsezkoa da, prozesuaren protagonistak izan behar dute, baina parte hartu beharko lukete ere unibertsitate publikoak, Delás zentroak edo antzekoek...

“Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta defendatzen dugu, langileek enpleguaren xantaiatik askatzeko ahalmena izateko” (Jabier Sáenz · ESK)

Langileen mugak eta beldurrak aipatu dituzue, baina baita haien parte hartzea ezinbestekoa dela ere. Armagintza arloko lantegietako zuen afiliatuek zer iritzi dute?

IGLESIAS: Lehen aipatutakoa, armagintzako langileei ura duen piszina eskaintzen badiezu moldaketa egiteko, botako dira

Baina esaten baduzue protagonistak izan behar dutela, piszina urez betetzeko prozesuan ere parte hartu beharko lukete, ezta? Horrek nolabaiteko jarrera militante bat eskatuko lieke. Horretarako aukerak daude?

IGLESIAS: Guk Trantsizio ekosozialaren inguruan egin ditugu formakuntzak, industria langileekin, eta jendeak ulertu eta ikusten du. Baina ez dugu Lucas planik [Lucas Plana ezagutzeko sakatu hemen]. Afiliatuak hor egongo lirateke, langileak protagonista izan behar dira, baina fokuak askoz zabalagoa izan behar du, eta ikusten bada zabaltasun horretan indarra dagoela jendeak ez digu ezetzik esango.
Lantegien plan industrialak langileek zehazteaz ari gara hizketan, enpresak kooperatibizatzeaz edo produkzio bitartekoen jabetza langileena izateaz. Ados gaude, baina ez gaude hortik gertu. Kapitalismoan bizi gara eta langile gehienek beren lanpostuetan sistema mantentzeko egiten dute lan, ez bakarrik armagintzakoak. Hitz egiten hasteko bai, baina Aernnova kooperatibizatu eta plan industriala eraldatzeko, ba... Oso-oso hastapenetan gaude.

SÁENZ: Langileak dira protagonistak. Zentzu horretan, esperientziak garatzen saiatu behar gara. Zaila dela? Oso. Ados nago zurekin Ioritz, egun langile gehienek ez dute kristoren lana egin nahi alternatiba bat planteatzeko. Baina batzuek bai.

IGLESIAS: Pertsona batzuk modu isolatuan bai, ordezkari batzuk bai... baina hemen ez dira batzuk behar, masa baizik.

SÁENZ: Bai, eta gehienak ez daude hor, lan egin behar dugu. Oso interesgarria iruditu zait zuk planteatu duzuna, Miriam, batzordeak eratzearena eztabaida sustatu eta alternatibak aurkezteko. Niretzat gaur hemen elkarrekin egotea bada pausu bat, eta gehiago ere hitz egin behar dugu.

DÍAZ DE TUESTA: Beste edozein urrats eman aurretik pedagogia lan asko egin behar dugu, bai. Sindikatuon artean funtsezko adostasunak lortzea eta hortik harago aliantza soziosindikalak jorratzea oso garrantzitsua da, denak batera joateko. Adibidez, Mecaner enpresaren prozesutik, oso ezberdina izan arren, irakasgai asko atera ditzakegu, bereziki aholkularitza prozesutik eta pedagogia mailan.

Hezkuntzan, armagintzarekin moztea helburu
Marije Etxebarria Ezpeleta, Steilaseko Jendarte Mugimenduetako arduradun nazionala

ELA, LAB eta ESK sindikatuekin egin moduan, Steilasekin ere bildu dira antimilitaristak beren moldaketa proposamena partekatzeko. Proposamenaren balorazio positiboa egin du Etxebarriak, “eztabaidatzen hasi berri gara, oraindik ez dugu sakonki aztertu”. Hitz are baikorragoekin baloratu du proposamenaren oinarrian dagoen liburua: “Zoru bat eman digu, eztabaidatzeko, estrategiak garatzeko, hezkuntza komunitatean urratsak emateko”.

Azken hamarkadetan militarismoa hazkundean dagoela salatu du Etxebarriak, Europa “nekropolitika” egiten ari dela mugetatik hasita, eta “armagintza-gerragintza” sektorearentzako hezkuntza “estrategikoa” dela. “Ikasleria eta etorkizuneko langileria armagintzara hurbiltzeko, ideologia militarista garatzeko edo behar dituzten ikerlariak eta ikerlerroak garatzeko”. Mugimendu bikoitza gertatzen ari da: batetik, armagintza industriak eta militarrek gero eta presentzia handiago dute hezkuntzan, inbertsio ekonomikoak tartean; bestetik, aurrekontuetan gastu militarra areagotu ahala, hezkuntzakoa murrizten da.

Armagintza enpresek (adibidez nagusienetakoak diren ITP, Sener, Aernnova eta Sapa) akordioak dituzte unibertsitate zein Lanbide Heziketako zentroekin

Armagintzaren “moldaketa eraldatzailerako” antimilitaristek egin duten proposamena industriara zuzenduta dago nagusiki, zer egin daiteke norabide horretan hezkuntzaren eremuan? Azken helburua argi du Etxebarriak: “Armagintzarekin moztu”. Lortzen helburu zaila, aitortu duenez. Arazo nagusietako bat informazio eta gardentasun falta da. Enpresa ugarik dituzte hitzarmenak edo akordioak hezkuntza zentroekin, nagusiki unibertsitateekin eta Lanbide Heziketan baina baita DBHn ere. Hala ere, ez dago horien zerrenda ofizialik, eta, batez ere, zaila da armagintzarekin lotura noiz dagoen eta noiz ez identifikatzea, enpresa ia guztiek baitute produkzio militarra eta zibila aldi berean: “Teknologiaren erabilera bikoitza ematen da, eta I+G+B (ikerketa, garapena eta berrikuntza) euritakopean denetarik sartzen da”.

Informazio faltari konponbidea jartzeko, hain zuzen ere, Steilasek Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu die hezkuntza zentroekin harremana duten enpresen zerrenda. Momentuz behintzat ez dute erantzunik jaso. “Informazioa behar dugu” errepikatu du Etxebarriak, eta berriz ere antimilitaristen liburua goraipatu du zentzu horretan. “Eskura dugu, jada ez du balio ‘ez dakigu’ esatea”. Datu gehiago eta zehatzagoak behar dira, hala ere.
Gasteizkoak taldearen ikerketak argi azaleratzen baitu armagintza industriak eta Espainiako Defentsa Ministerioak hezkuntzan duten pisu handia, hazkundean dagoena. Lagin bat: Sortu berria den EUNEIZ unibertsitate pribatua salbu, Hego Euskal Herriko publiko zein pribatu guztiek dituzte loturak sektorearekin, EHU eta NUP publikoen kasuan, oso estuak; enpresek (adibidez nagusienetakoak diren ITP, Sener, Aernnova eta Sapa) akordioak dituzte unibertsitate zein Lanbide Heziketako zentroekin ikasleek praktikak haien lantegietan egiteko edo ikerketa eta ikasketa gaiak beren beharretara egokitzeko; enpresek bekak ematen dituzte, eta beren izena duten katedrak ere bai hainbat unibertsitatetan.

EHUko errektoretza talde berriak eremu honetan lan ona egingo duenaren “esperantza” du Etxebarriak, “pentsamolde demokratikoa dute, eta gauzak modu parte hartzailean eta behetik gora egiten dituzte”.

2020an EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolak jardunaldiak antolatu zituen. EHU moztu kolaborazioa plataformak armagintza enpresen parte hartzea salatu zuen. Argazkia: Mugarik Gabeko Ingeniaritza

“Ez gara hutsetik hasten”

Ezkortasunari aurre egin nahian, hezkuntzatik armagintzaren eta militarismoaren aurka aurretik ere “lan handia” egin dela azpimarratu nahi izan du Steilaseko kideak. Ez soilik armagintzarekin mozteko, baita balore militaristak alboratzeko ere, elkar elikatzen duten bi ildo baitira. Ekimenen zerrenda luzea ahoskatu du Etxebarriak, horien artean: 2010ean ELA, LAB, ESK, Steilas Hiru, EHNE, LSB, CCOO, UGT, CGT eta CNT sindikatuek Israelen aurkako BDZ kanpainarekin bat egin zutenekoa; hainbat sindikatu eta irakaslek sustatutako EHU moztu kolaborazioa militarismoarekin plataformaren lana; Gabonetan jostailu sexistak eta belizistak ekiditeko kanpainak; edo Steilasen Idazkaritza Feministatik antolatu dituzten formazioak Emakumea eta gerra goiburuarekin.

Industriaren eremurako ELA, LAB eta ESK sindikatuek adierazi moduan, hezkuntzan ere lehenbiziko zeregina eztabaida sustatzea da, Etxebarriaren ustean. “Eztabaida eta elkarrizketa eman behar dugu hezkuntza komunitatean, adostasunak lortu eta urratsak emateko”.

 

Mecaner aipatu duzu esperientzia interesgarri gisa. Langileen jarreraren eremuan, CAFekoa dago. 2019an langileek enpresari eskatu zioten ez aurkezteko Israelek Palestinako lur okupatuetan eraiki nahi zuen tranbiarako lanen lehiaketara. Alegia, enplegu horri uko egitea.

IGLESIAS: CAFeko enpresa batzordea erreferentziazkoa da Euskal Herrian. Oso positiboa da, jakina, eta oso harro gaude egin izanaz, baina kontrapuntua jartzearren, emaitza da enpresak erabaki duela egitea. Hor ikusten da ze muga dauden, zenbat lan dugun egiteko.

DÍAZ DE TUESTA: Argi dago, baina demostratzen du ere posiblea dela, hilabete batzuk lehenago galdetu baligute, ziurrenik denek esango genukeen ez zela aurrera aterako. Horrelako ekimenek balio dute ere eztabaida zabaltzeko, politizatzeko, gaiaz hitz egitea ekarri zuen.

SÁENZ: Mecaner eta CAF adibide oso ezberdinak dira. Armagintzaren moldaketari begira CAF interesgarriagoa iruditzen zait. Oso enpresa garrantzitsua da, lan karga handia duena, irabazi handiak, hazkunde fasean dago...; Mecaner hiltzeko zorian zegoen multinazional batek erabaki zuelako ixtea, eta halaxe egin zuen. CAFen, langile komiteak esan zuen, Jerusalemgo tranbia eginda lanpostu gehiago sortuko direla? Bada, horrela ez. Hori ez da batere erraza.
Zer gertatzen da? Sindikalgintzan gure mugak ditugula. Baina sindikalgintza ez da soilik lantegietan egiten, aliantza soziosindikalak ezinbestekoak dira, bai. Ez da nahikoa Aernnovako 20 langilerekin edo enpresa batzordearekin, baina 20 horiek mugitzen badira eta lantegitik kanpo mugimendu indartsu bat badago horri sustengua emateko, irabazi daiteke. CAFek egingo du tranbia, bai, baina asko sufritu dute egiteko, eta bere izena markatuta geratu da.
Mecanerren, pozik gaude LABekin batera aliantzak sortzeko egin dugun lanarekin: mugimendu ekologistarekin eta beste batzuekin, zonaldeko eragileekin... Itxi da, egia da, baina sortu dena ingurunearen etorkizunerako baliotsua da, kontzientzia batzuk eraldatu dira eta konpromiso politiko gutxi batzuk lortu dira.

“Armagintzako langileei ura duen piszina eskaintzen badiezu moldaketa egiteko, botako dira” (Ioritz Iglesias · ELA)

CAFen esperientzian beste elementu interesgarri bat ere bada. CAFeko langileek lantegian urrats hura eman zutenean, herri mugimenduek kalean CAF ez igo apartheidaren trenera  kanpaina abiatu zuten: aliantza eman zen.

IGLESIAS: Aipatu dituzuen aliantzak behar ditugu, jakina. Gure papera hor, antimilitaristei adierazi genien moduan, izango da gogoratzea langileak ez direla etsaiak, klase ikuspegia behar dela. Gauza da nola egin, eta garatzen hasten garenean izango ditugu eztabaidak eta tentsioak, baina argi dago antimilitarismoa klase borrokaren muinetako bat dela.

DÍAZ DE TUESTA: Moldaketa ez da egun batetik bestera egingo, ez eta hogei langileren artean. Prozesu bat izango da, ziurrenik fase ezberdinak izango dituena, eta korapilatsua. Landu behar dugun ideia da moldaketak ez duela esan nahi enpresa ixtea edo lanpostuak galtzea; kontrara, lan-baldintza hobeak ere sor daitezke produkzio mota eta modua aldatuta: produkzio berrira egokitzeko langileentzako formakuntza ziurtatu beharko genuke, lanaldia murriztu –enplegu guztietan, ez soilik armagintzan–, erakundeak interpelatu lanpostuak bermatzeari begira...

Azkenik, diskurtso alternatibo bat behar dugu. Armagintza indartu behar dugula saldu digute, segurtasunagatik eta autodefentsarako, orain enplegua eta aberastasuna sortzeko sektorea dela ere esaten digute. Horri buelta emango dion diskurtso sendoa behar dugu, industria militarra enplegutik eta aberastasunetik deslotzeko.

IGLESIAS: Hori da lehen nioena, birmoldaketa hitza entzutean langile klasea dardarka hasten dela.

Argazkia: DosPorDos

Marko mental horrekin apurtu nahian planteatu dute antimilitaristek 'moldaketa' erabiltzea, 'moldaketa eraldatzailea', eta ez 'birmoldaketa'. Balio dezake?

IGLESIAS: baina oso sustraituta dago, badakigu zer pasatu den eta nork egin dituen birmoldaketak, moldaketa deituta ere. Hor lan pedagogiko erraldoia egin behar da, esateko hobe beharrez dela, lanposturik eta baldintza materialak galdu gabe...

SÁENZ: Trantsizio ekosoziala burutu behar dugu, eta ez dugu esaten birmoldaketa baizik eta trantsizioa [hiruen barreak], hitzak oso garrantzitsuak dira, bai. Lanpostuak defendatzen ditugu, barrikada horretan gaude, baina baita ezagutzen ditugun enplegu moten aurka ere. Osasuna, erretiroa, hezkuntza... eskubide sozialak enplegua izatera baldintzatuta egotearekin apurtu behar dugu, bestela hau guztia planteatzean beti topatuko gara arazo handiekin langile klasearen aurrean, alternatibarik ez baduzu daukazunari heltzen diozu. Kristoren behar sozialak daude, enplegua sortzea eskatzen dutenak: zaintza arloan, osasungintzan, hezkuntzan, ikerketan... arlo askotan. Oraindik ez dugu alternatibarik, baina garatu behar dugu. Bestela, langile klaseak faxismora joko du: sindikatuak, herri mugimenduak, ezkerreko alderdiak, nire lanpostuen aurka zaudete eta kalean geratuko naiz? Nork hartuko du bandera hori? Faxismoak.

IGLESIAS: Defentsiban bizi gara, kapitalismoarekin amaitu nahi dugu baina lan hitzarmen bat sinatzen dugun bakoitzean erabakitzen duguna da zein baldintzatan galtzen dugun, ahalik eta hoberenak, noski. Alternatiba, hor dago gakoa, sinesgarria izan behar du jendea eskuin muturrera ez joateko.

Asko azpimarratzen ari zarete prozesuak izan behar duen izaera kolektiboa, edo masa dimentsioa. Jarrera pertsonalek ere  egiten dute ekarpena? Ina Robles suhiltzailearena, lanpostua utzi duten edo lan zehatz batzuk egiteari uko egin dioten langileak...

IGLESIAS: Jendeak horri buruz hitz egitea beti izango da ona, baina gu era kolektiboan antolatzen gara, eta ez ditugu bultzatuko langileak indibidualki lantegiaren aurka egitera. Egia da horrelakoek balio dutela ere esateko, "horrela sentitzen bazara, antolatu".

SÁENZ: Jarrera etiko indibidualak garrantzitsuak dira, borroka kolektiborako ere balio dute, hausnartzeko, "nik berdina pentsatzen dut, eta ez dut inoiz adierazi edo pausurik eman...".

DÍAZ DE TUESTA: Garrantzitsuak dira ez badira ezkutuan edo isilean geratzen, horregatik kolektibizatu eta publiko egiteko beharra, ez gaudela bakarrik sentitu dezagun, eredu gisa eragin diezaguten. Baldin badakigu norbaitek jada egin duela, errazagoa da beste norbaitek ere egitea.

2019an CAFeko enpresa batzordeak zuzendaritzari eskatu zion ez aurkezteko Israelek Palestinako lur okupatuetan eraiki nahi zuen trenaren obren lehiaketara, horrek lanpostuak ekarriko bazituen ere. Herri mugimenduek erabakia txalotu eta babestu zuten kalean. Ekintzaile anonimo batzuek CAFen iragarki faltsua jarri zuten Donostiako kaleetan.

Hasteko modu bat izan al daiteke baldintza egokienak dituen lantegi bat identifikatu (langileak prest eta indar harreman ona enpresa barruan, moldaketa teknikoki egingarri, ingurunean prozesua bultzatuko duten herri eragileak eta erakundeak...) eta hor esperientzia pilotu bat bultzatzea?

DÍAZ DE TUESTA: Hori litzateke zentzuzkoena, praktikara pasatzean aukera gehien duzun tokia hautatzea. Baina, hala ere, aurre-lanketa oso handia beharko litzateke, ez badituzu emaitza onak ziurtatzen kalterako izan daitekeelako.

IGLESIAS: CAF datorkit burura berriz ere: armagintzari loturiko produkzioa produkzio osoaren zati txikia da; lan karga handia du; lan baldintza dezenteak; 2019an enpresa batzordeak erakutsitako jarrera dago. Hala eta guztiz ere, praktikan nola egin? Gakoa bagenu ariko ginateke jada egiten. Hitz egiten ari gara, aukera sortzen bada egingo dugu. Kontua da ere enpresa batean ezin dela lanketa hasi gauzak okertzen hasten zaizkion unean, lehenago egin behar da.

Antimilitaristek liburuan diote lanketa horretan "motor nagusietako bat, ez bada nagusia", Euskal Herriko gehiengo sindikala izan beharko lukeela. Ados zaudete?

DÍAZ DE TUESTA: Enpresa barnean bai, guk dugulako ordezkaritza, eragiteko eta proposamenak egiteko gaitasuna. Baina kalean denon arteko lana izan behar du.

IGLESIAS: Denok izan behar dugu gure papera, dena den ia zeroan gaude, hastapen-hastapenean, joango gara ikusten nola egin hobekien.

SÁENZ: Gizarte eragileen garrantzia zentrala da, eta askotan, agintea sindikatuok hartzen dugunean, gizarte eragileak bigarren lerro batean geratzen dira, guk baliabide gehiago ditugulako eta nahigabe ere askotan zanpatzen dugulako dena. Elkarlanean aritu behar dugu, motorra denon artean eraiki. Bestela, gaur hemen gaude giro onean gure artean, baina gero gatazka batean elkarren aurka hasi gaitezke, egunerokotasunean arazoak ditugulako, bakoitzak uste dugulako gurea dela alternatibarik onena. Hori ekiditeko, eragile sozialek lan garrantzitsua egiten dute, "utzi zuen arteko kakak albo batera".

Hiru sindikatuek bat egiten duzue trantsizio ekosoziala ezinbesteko jotzean. Armagintzarako moldaketak balio lezake ideia bera beste sektore batzuetara ere eramateko? Autogintzara, esaterako.
IGLESIAS: Trantsizioaz ari garenean dena aldatzeaz ari gara, eta bai, armagintza moldatu nahi izatea ulergarriagoa izan daitekeenez, akuilu gisa erabili dezakegu ideologizazio horretan.

DÍAZ DE TUESTA: Armagintza eskubide sozialekin, antimilitarismoarekin eta abar lotzen dugu, baina autoen ekoizpenarentzako arrazoi nagusiak ekologikoak dira. Hori ezberdintasun bat izan daiteke, baina, bai, guk dena lotzen dugu, beraz, izan daiteke baliagarria.

 

***Artikulu hau 303. LARRUN monografikoaren parte da honako edukiekin batera:

- ERREPORTAJEA: Gerra hotsei aurre egin beharra.

- ELKARRIZKETA Gasteizkoak talde antimilitaristari armagintzaren “moldaketa eraldatzailerako” proposamenaz: “Ezin dugu nor bere aldetik joan, erronka komunak ditugu”

- ZERRENDA: Armagintzarekin harremana duten Hego Euskal Herriko enpresa, ikerketa zentro eta erakundeak.

- LARRUN 303 osorik eta PDFan eskuratzeko, sakatu hemen.


You are interested in the channel: Armagintza
Don’t let the sound of money silence the buzz of bombs

On January 15, the techno-business lobby called Cedarios presented its 6th report, Euskadi and the European Union, the shared destiny of prosperity and competitiveness. This neoliberal Think Tank, made up of eminent experts drawn from the world of finance, presented a magical... [+]


2025-01-24 | Gedar
European military spending at the heart of the debate in Davos
NATO Secretary General Mark Rutte agrees with Trump and says that “Europe needs to increase military investment.”

2025-01-22 | ARGIA
List of companies, research centres and institutions related to the arms industry of Hego Euskal Herria
This list includes companies that have participated in some weapons manufacturing program since 2016 or that have developed specific products for military (vehicles, paints, batteries…). They are subsidiaries of groups and consortia represented in Hego Euskal Herria. In total,... [+]

Armagintza industriaren “moldaketa eraldatzailerako” proposamen antimilitarista
“Ezin dugu nor bere aldetik joan, erronka komunak ditugu”

Armagintzaren “moldaketa eraldatzailerako” proposamena publiko egin berri du mugimendu antimilitaristak. Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras (Armagintza industriaren moldaketa Euskal Herrian, gerra gehiago ez... [+]


Transforming the arms industry to transform society
Confrontations with the cries of war
"We are not prepared for whatever comes to us in four or five years' time. The danger lies with us. We must face it: What is happening in Ukraine can happen here too” (...) “Russia, China, but also North Korea and Iran, are working hard to try to weaken North America and... [+]

2024-12-30 | Patxi Aznar
Killings, arms escalation and consequences

On 26 December, during an air strike, the Israeli Army killed five Palestinian journalists trying to reach the city. They killed 130 Palestinian journalists. This news has reminded me of a couple of things, the first, the persecution of true journalists in any part of the world,... [+]


Proposal for a "transformative adaptation" of the arms industry
Basque companies and institutions related to the arms industry have grown from 70 to more than 200 since 2008
The "companies, centers or institutions" of Hego Euskal Herria linked to the arms industry have tripled in the last fifteen years, according to data from studies carried out by the anti-militarist group Gasteikoak in 2008 and 2024, respectively. One of the most outstanding... [+]

Israel and Spain maintain an agreement to keep arms sales secret
The agreement began with the presidency of the Spanish Government, José Luis Zapatero, and took place in 2014 with the presidents of Spain, Mariano Rajoy, and Israel, Shimon Peres. The agreement has been announced by the Public Journal, which publishes the news of it.

The Spanish State has paid over EUR 1 billion to Israeli military companies since the beginning of the genocide in Gaza
According to the Centre Delas report, advanced by the media ElDiario.es, in recent months the Spanish Government has made new contracts with Israeli companies. In addition to buying arms, the Spanish State is the fifth country in the world that has sent the most weapons since... [+]

New war generating Basque military industry: Example of Satlantis
Almost a year and a half ago, journalist Ahoztar Zelaieta published the most unknown face of the company Satlantis. Satlantis presents us as a star of Basque companies that are recently emerging in the field of technological innovation, but The Basque company for border... [+]

Microbiology II: weaponry, society, wars

When we read in ARGIA the article "Children, Police, Micronutrients", we felt very identified with what the vitorians are living in the antimilitarist group in relation to social militarization. Recently, from different local groups and platforms, we have been asked for data on... [+]


Hysterical materialism
Decision

It seems that everything is under control, that they know how to make us believe everything, that we never do what we want. As if we live in a constant announcement, we say ‘equal opportunities’, and we think we are saying ‘equal opportunities’, or the PSE says plurality... [+]


“The merchants of death no longer hide, nor the Basques”
An atypical image was seen on 18 March in the palace of the Moncloa of Madrid, meeting with the president of the state military industry, Pedro Sánchez, and the minister of defense, Margarita Robles. The heads of the military companies of Hego Euskal Herria were also present,... [+]

ANALYSIS
Weapons, gunshots, pum and peace rafts

I don't know what atmosphere there is in the south of the Bidasoa, but at least in the north is the word "war." In the orders of December 31, 2023, President Macron could seven times correct the word "rearmament." They say that we need to channel the ‘war economy’, and that is... [+]


European Central Bank announces "structural reforms" to meet defence spending
Luis de Guindos, Vice-President of the European Central Bank, spoke in Barcelona of the European "threats": "We have to talk again about structural reforms".

Eguneraketa berriak daude