Automatically translated from Basque, translation may contain errors. More information here. Elhuyarren itzultzaile automatikoaren logoa

EHLGk hogei urte beteko dituela, egitura publikorik ez zerumugan

  • Euskal Herriko Laborantza Ganbera elkartearen hogei urteak ospatu zituzten asteburuan Ainhize-Monjolosen. 2005eko urtarrilaren 15 hartan sortu zuten Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako laborantzaren garapena –hori bai, iraunkorra eta herrikoia izan nahi duena– sustatzeko tresna, noizbait egitura publiko gisa funtzionatzeko itxaropenarekin. Bi hamarkada pasa dira, EHLG erreferentzia bat da, baina izaera publikoa duen egiturarik ez du lortu Ipar Euskal Herriak. Beharrak eta aldarriak hor segitzen dute. 2017an sorturiko Euskal Hirigune Elkargoa alde kokaturik, esperantza baldin bazen ere, badirudi berriz tiraderan sarturik dutela tresna. Izaera publikoa lukeen egitura bat lortzea nekeza duelako aitorpenik ez duen lurralde batek.

Horrelakorik ez egiteko manua bideratu bazien ere Pirinio Atantikoetako prefetak, 2005eko urtarrilaren 15ean sortu zuten EHLG.Gaizka Iroz

Duela hogei urte, urtarrilaren 15 batez batu ziren mila lagun Ainhize-Monjolosen (Baxenabarre), EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberaren sortzearen kari. Alta, egun batzuk lehenago Pirinio Atlantikoetako prefetak gutuna bidali zien ELB sindikatuari, Ipar Euskal Herriko auzapezei, Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko lehendakariari eta legebiltzarkideei: EHLGren "izaera, helburuak eta antolaketa" legez kanpokoak direla erranik, egituraren sortzeko bidean gibel egitea galdetzen zien. Sortze ekitaldian ez agertzeko manua ere bideratzen zien hautetsiei.

Hortik hilabete batzuetara, ekainaren 8an jarri zuen salaketa prefetak, eta lau urte geroago hasiko zituzten EHLGren eta elkarteko presidente izandako Mixel Berhokoirigoin zenaren kontrako epaiketak. Laborantza ganbera izena erabiltzea debekatua zela zioen Frantziako Estatuaren ordezkariak, izen hori erakunde publiko batena zela argudiaturik, baita departamendu mailako laborantza ganberaren lekua hartuko zuelakoan legez kanpokoa zela ere. Prefetaren ondoan parte zibil kokatu zen FDSEA sindikatuaren eskuetan den departamenduko laborantza ganbera bera. Behin betiko edo aldi baterako (bost urte gehienez) legez kanporatzeko eta Berhokoirigoin urte batez preso sartzeko arriskua zegoen. Bost urtez iraun zuen auzibideak, EHLGren aldeko epaiari helegitea jartzen ziolako aldi oro prokuradoreak. Azkenean, etorri zitzaien behin betiko aitortza 2010eko maiatzaren 6an: EHLGren absoluzio epaia berretsi egin zuen Paueko Auzitegiak. "Epaia berresteak dimentsio historikoa du Euskal Herriarentzat, baita soziala eta lurraldeari lotua ere", adierazi zuen Berhokoirigoinek epaia jakin zuenean.

Dorpea izan zitzaien auziaren garaia –auzien garaia, hobeki erranda, EHLG diruz laguntzea erabaki zuten Herriko Etxeak ere auziperatu zituztelako–. Orotara hogeita zazpi zituzten epaitu, elkartearen egoera finantzarioa kili-kolo utzita eta eguneroko lanean trabak jarrita. Baina, balioa atera zioten: “Izugarrizko konplikazioak ekarri zizkigun, baina izugarrizko indarra eman zien egiturari eta proiektuari”, oroitzen du Iker Elosegi elkarteko koordinatzaile orokorrak.

Babes sozial sendo eta zabal baten gainean eraikitakoa delako EHLG. Batetik eta inportanteena, laborarien sostengua. Urte luzeak eman zituen ELB sindikatuak Ipar Euskal Herriarentzat laborantza ganbera bat aldarrikatzen eta aldarri hori lehen lerroan jarrita burutu zituen 2001eko departamendu mailako laborantza egiturarako hauteskundeak: Ipar Euskal Herrian garaile kokatuz gero, egitura publiko hori sortuko zutela argi utzi zuten. Kanpaina beroa eraman zuten eta lehen aldikoz kokatu ziren Ipar Euskal Herrian garaile. Adostasun batera heltzeko urratsa proposatu zieten beste behin departamenduko ganbera kontrolatzen zuten FDSEAkoei, baina ezetza borobila jaso zuten Pauetik.

Hori horrela, departamendu mailan  irabazitako aulkiak hutsik utzi eta tresna beren baitatik sortzeko desafioari lotuko zitzaizkion. Aldarri instituzionala bezainbat, laborarien errealitateari erantzuteko behar gorria bazelako. Lekuko laborariak laguntzea, kalitatea eta ongizatea lehenesten duen nekazaritza eredu bat sustatzea, gazteen instalazioa eta etxalde ttipien geroa bermatzea, lurralde proiektu orokorragoan laborantza iraunkorra eta herrikoia txertatzea... behar andana zituzten identifikaturik. Horretarako sortu zuten noizbait ofiziala izatea xede zuen laborantza ganbera alternatibo hori.

Hautetsien eta oro har herritarren babesa ere bazuten: Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako 158 auzapezetatik 110 agertu ziren egituratze horren sortzearen alde eta auzien garaian 7.000 herritarren eta 1.000 hautetsiren atxikimendua errezibitu zuten.
Orduz geroztik hogei urte pasa dira, eta laborantza herrikoia eta iraunkorraren sustatzaile nagusia da EHLG. "Erreferentzia bat bilakatu gara, laborarientzat, hautetsientzat eta herritarrentzat. Eramana izan den lanaren emaitza da, jendea kontent da EHLGn jasotako zerbitzuekin", dio Elosegik.

Elkartea sortu eta hilabete batzuetara jarri zuen EHLGren aurkako salaketa Pirineo Atlantikoetako prefetak. Azkenean, EHLGren alde egin zuen epaileak. "Epaiak dimentsio historikoa du Euskal Herriarentzat, baita soziala eta lurraldeari lotua ere", adierazi zuen auziperatua zen Mixel Berhokoirigoin zenak. Argazkia: EHLGk utzia.

2005az geroztik, 2.870 laborari ezberdin dira Ainhize-Monjolosetik pasa –2024an 650 bat dituzte lagundu, horietan 89 lehen aldikoz agerturikoak–. "Beti gora doa laguntzen ditugun laborarien kopurua. Ikusirik laborari kopurua ttipituz doala, argi gelditzen da lekua hartzen ari garela", dio Elosegik.

Bistan da, EHLG ez da laborantza iraunkorraren arloan dabilen egitura bakarra; hor dira ere Arrapitz federazioaren baitan batzen diren egiturak –bakar batzuk aipatzearren, laborantza ekologikoaren sustatzaile den BLE elkartea, laborariak kudeaketan eta kontabilitatean laguntzen dituen AFOG, Lurzaindia eta laborari izan nahi dutenen proiektua abiarazteko laguntzeko Trebatu egitura–. Baina salbuespenak salbuespen, guziak datoz ELBren baitako laborarien ideietatik eta ausardiatik, eta ez departamenduko ganberako bulegoetatik.

Urtero lez, hogei urteak ospatu zituzten urtarrilaren 18an Ainhize-Monjolosen. Baina, gaurdanik jarria dute festa handirako data: apirilaren 5ean izanen dute Heletan.

Egitura publikoa, beti eskas

Hogei langile eta 1.710.000 euroko aurrekontua duen egitura eraginkorra izanik ere, EHLG elkarte bat da. Horregatik, oraindik ere egitura publiko bat aldarrikatzen segitzen dute ELBko laborariek. Horien artean da Maritxu Lopepe, urtarril honetan diren departamenduko laborantza ganberako hauteskundeen kari ELBren zerrendan dena: "Ikusirik laborariek dituzten zailtasunak, lansari duina segurtatzea da gaur egungo lehentasuna. Guk diogu hori lortzeko bide ezberdinak badirela, eta horien artean dugu tresnak gutarik hurbil ukaitearena. Horregatik dugu begi onez ikusten Ipar Euskal Herriarentzako egitura bat ukaitearena". Adibide gisa jartzen du iaz Euskal Hirigune Elkargoak etxalde ttipiei begira bozkaturiko dirulaguntzarena.

Ofizialki, 2017ko biltzar nagusian plazaratu zuen Laborantza eta Elikaduraren Bulego Publikoaren eskaera EHLGk. Urte horretan sortu zen Euskal Hirigune Elkargoa eta laborantzaren eskumena harturik, sekulan baino egingarriagoa bihurtzen zitzaien. Egituratze horren alde agerturik, ikerketa juridiko bat bideratu zuen hirigune elkargoak 2020an, zuzenbideak dakartzan aukerak baita mugak ere aztertzeko asmoz. "Ez dugu zalantzan jartzen [departamenduko] laborantza ganbera. Baina departamenduaren erdia, hau da, 158 herri ordezkatzen duen egitura gara, eta laborantza arloko eskumenak ditugu. Politika hori gauzatu ahal izateko tresna juridiko bat beharrezkoa dugu", adierazi zuen hirigune elkargoko presidente Jean- René Etchegarayk, urte horretako EHLGren biltzar nagusian.

Parean, horrelakorik ez dute nahi FDSEAko ordezkariek. Diotenez, "dobloi" bat litzateke, departamenduko laborantza ganberak Donapaleun (Baxenabarre) duen egoitzatik erantzuten dietelako lekuko laborarien beharrei. Argiki kokatu dira kontra. Alta, 2017az geroztik, lerroak mugitu dira. Finean, ez litzateke egitura publiko bat, elkarte bat baizik. Baina berdin dio: kontra dira. Iazko azaroaren 12an aurkeztu zituzten lehen aldikoz elkartearen estatutuak hirigune elkargoko laborantza eta elikadura batzordean. Laborantza arloko eragile guziekin bildu eta 2025 hasieran sortu nahiko luke Etchegarayk.

Xeheki landurik dute egituratze hori. Bere baitan lituzke kolektibitate publikoak (hirigune elkargoa, departamendua, eskualdea eta estatua–), lehen sektoreko egiturak (departamenduko laborantza ganbera eta EHLG hein berean jarrita), laborantzaren garapenaz arduratzen diren egiturak (laborarien sindikatuak, Arrapitz federazioa, sormarkak, kooperatibak, mendietako sindikatuak...) eta jendarte zibila (ingurumenaren aldeko egiturak, langile sindikatuak, kontsumitzaileak, Euskal Herriko Garapen Kontseilua...). Laborantza eta elikadura politikei buruzko eztabaida eta proposamen gune izatea luke xede.

Laborarien partetik, baita kontsumitzaileen zein hautetsien partetik ere, babes handia jasotzen du elkarteak. Apirilaren 5ean ospatuko dituzte hogei urteak Heletan. Argazkia: EHLG
2025: bozketa urtea

Anartean, departamenduko laborantza ganberako hauteskundeetan bozkatzera deituak dira Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako laborariak. Sei urte guziz egiten dira, eta aurtengoak urtarrilaren 15etik 31ra iragaitekoak dira. ELB, FDSEA/JA eta CR Coordination Rural sindikatuen artean hautatu beharko dute. Hiru sindikatu, hiru nekazaritza eredu: laborantza herrikoia eta iraunkorra ELBk, azken hamarkadetan zabalduriko agroindustriarena FDSEAk, eta guziari kritiko izatetik sortu den eta tarteka eskuin muturrerako irakurketa erraza duen CR. Gehiengoa lortzearekin, laborantza ganberaren giderrak esku artean hartu eta departamendu mailako laborantza politika bideratzen ariko da irabazlea. FDSEA da boterean departamendu mailan, eta Frantziako Estatuko departamendu kasik guzietan: 84 departamendu ditu, 3 CRk eta bakarra ELB bere baitan duen Confederation Paysannek. Beste behin ez da sorpresarik espero, ELB Ipar Euskal Herrian eta Confederation Paysanne Biarnon aurkezten direnez ezinezkoa dutelako garaipena. Parte-hartzea %54,2koa izan zen 2019an, eta Ipar Euskal Herriko botoen %54 inguru jaso bazuen ere ELBk, departamendu mailan bigarren kokatu zen, %24,2 eginik.

Bi zentzutan dute berebiziko garrantzia hauteskunde horiek. Batetik, ikusiko da laborariek pairaturiko krisi sakonak zertara bideratuko dituen: betidanik boterean den FDSEA zigortzeko hauteskundeak izanen dira ala berdin azkar aterako da agroindustria? Parean alternatiba diren ELB eta Confederation Paysanne indarturik aterako direa? Zer nolako emaitzak lortuko ditu krisi horretatik bere zukua atera nahian dabilen CR sindikatu gazteak?

Bestetik, Ipar Euskal Herri mailako emaitzek beren inportantzia dute: ELBk segituko ote du lehen indarra izaten? Ipar Euskal Herrirako egitura publikoaren lorpenera heltzeko emaitza horiek garrantzia handia dute. "Auzi politikotzat" jotzen dute FDSEAkoek aldarria, borroka abertzaleari lotuz afera. Laborantzaren errealitatera ekartzen du, ordea, eztabaida ELBk: lehen sektorea erabat ezberdina da Ipar Euskal Herrian eta Biarnon –etxalde ttipiak eta mendiko laborantza nagusi gurean eta etxalde handiak, zerealgintza eta monokultura Biarnon–. Horregatik du bere errealitateari erantzunen liokeen egitura propioa behar Ipar Euskal Herriak. Horregatik sortu zuten ELB 1982an eta horregatik nahiko lukete egitura publiko hori, 2005ean bezala 2025ean ere.

Jean-René Etchegaray (EHLG-ren abokatu izandakoa)
"Pragmatikoa izanda, elkarte izaera da daukagun aukera bakarra"

Gaur egun Baionako auzapez izateaz gain, Euskal Hirigune Elkargoko presidente ere da Jean-René Etchegaray. EHLGren lehen urteetan hautetsi bazen ere, abokatu ogibidean zebilen. Bera izan zen EHLGren abokatuetariko bat. Euskal Hirigune Elkargoak sortzekoa duen Laborantza eta Elikadura Bulegoaz aritu gara solasean.

Ipar Euskal Herrirako Elikadura eta Laborantza Bulegoa sortu nahian dabil Euskal Hirigune Elkargoa. Haatik, ez du estatutu publikoa ukanen.

Egia da duela zenbait urte egitura publiko gisa irudikatzen genuela, baina gaur egungo proposamenak elkarte izaera du. Oraingoz horrela eta gero gerokoak. Baina, hori ere ez du begi onez ikusten [departamenduko] laborantza ganberak, edo behintzat duda anitz ditu. Elkargoko Laborantza eta elikadura batzordearen baitan eraman behar da aitzina gaia. Laborantzaren sektoreko eragile guztiekin ere hitz egin behar dugu. 2025 hasieran sortzea da xedea. Ez dizut ezer ikasiko erranez laborantza betidanik izan dela zatiketa gai bat departamendu honetan. Batzuek diote bulego hori dobloi bat litzatekeela, departamenduko ganberaren Euskal Herriko adarrak betetzen duelako zerbitzua. Ez naiz horrekin ados. Laborantzaren eskumena du Euskal Hirigune Elkargoak, baita laborantza lurraren gaiarena ere. Horrelako eskuhartze politikorik ez da Biarnon. Euskal Herri mailan gai horiei buruzko beste batzargune batzuk ere badira, eta hori ez da traba bat. Eragile guztien arteko kontzertazioaren bidetik egin behar dugu aitzina. Ez gatoz konkurrentzia egitera departamenduko laborantza ganberari, EHLGri ez eta inori. Elkarte izaerak malgutasuna eta ukaezina izatea dakartza, berez elkarte bat sortzearena eskubide bat delako.

Baina zergatik baztertu duzue izaera publikoarena?

Berez ez da baztertua. Ez da gehiago gaur egungo aipagaietan. Sinpleki errateko, ez genuke gauzatzen ahalko. Zailtasun juridikoak hor ditugu, eta nire irudiko, hobe aitzinetik kontuan hartzea. Frogatu ditzagun gure gaitasunak elkarte gisa; hobe da, jakinik aldarri instituzionalak pareta bat lukeela parean. Batzuen irudiko etapa bat izanen da. Ageriko da, dena dela, ezinbestekoa dugun etapa da.

2020an egingarri ikusten zenuen estatutu publikoarena. Ezinean, legeak dakarren desberdintzerako eskubidea erabiltzea zenuen xede.

Diozuna osoki egia da, eta baliatuko dut atzera begira jartzeko. 2020an [Lurralde kohesiorako ministro] Jacqueline Gouraultek aurkezturiko 3DS deituriko lege proposamenak zekarren desberdintzerako eskubide hori. Ipar Euskal Herrirako hainbat gaientzako (ingurumena, etxebizitza, laborantza…) interesgarria iruditzen zitzaidan, zuzenbide komuna saihesteko eskubidea zekarrelako. Esperantza bagenuen, baina azkenean lege horrek ez ditu espero genituen emaitzak ekarri. Argiki diot, atsekabe handia izan da bozketa hori. Hori horrela, pragmatikoa izan nahi badugu, elkarte estatutua da gelditzen zaigun bakarra. Hori inork ezin digu debekatu, Konstituzioak dakarren eskubide bat delako. Funtsean, horregatik zuen auzia irabazi EHLGk. Publikoa izatea litzateke ideala, baina gaur egun, legeak ez digu hori permititzen.

Duela 20 urte gauza bera zen. Badakizu, EHLGren abokatua izan zinelako. Aitzinatzekotan, ausardiari eta irudimenari esker eginen da aitzina.

Arrazoimena eta determinazioa, biak behar dira aitzina egiteko. Arrazoimena, urratsez urrats aitzina egin behar delako, beti ere kontsentsua iparrorratz harturik; eta horrez gain, auzibideak egon daitezkeelako. Determinazioa ere: desadostasunean bagara gogor eutsi behar zaiolako, preferentziaz bide legaletatik, besterik ezin dizut erran nik.

Baina uste dut berriz ere militantziari lotu beharko garela, instituzionalki gauzak mugiarazteko. Ipar Euskal Herriaren egituraketa instituzionala ez da erabat borobildua, benetan behar duen instituzioa ez du oraindik lortu. Horrek balio du egitura instituzionalarentzat, baina baita dituen politika publikoentzat ere. Etapa batean gara, ez gara helmugara helduak.

EHLGk 20 urte betetzen ditu. Hirigune Elkargoko presidente gisa, zer nolako balorapena egiten duzu?

Uste dut Euskal Hirigune Elkargoa ez genuela sortuko [Ipar] Euskal Herriko laborantzaren aitortza instituzionalaren aldeko borroka ez balute eraman –ez naiz alde juridikoaz ari, alde politikoaz baizik–. Hasteko, ukandako indar politiko hori ez genuen ukanen. Euskal Herriaren historia politiko garaikidean lekua badu EHLGk.

Balio handikoa da EHLGrekin eramaten dugun elkarlana, konfiantzazko harremana daukagu. Euskal Herriko laborantzaren berezitasuna lehenesten du –eredu iraunkorra, ingurumenaren babesa, kontsumitzaileekin harremana...–. Ez diot departamenduko ganberak ez duenik hori egiten, baina, nahi edo ez, EHLGk dakartza ideia handiak, eta horiei esker gabiltza pauso bat aitzinago.


You are interested in the channel: Laborantza
The Parliament of Navarre will press the Spanish government to avoid establishing a free trade agreement between the EU and Mercosur
The letter proposed by Contigo-Zurekin explains that the new agreement between the main European and South American trade organizations would lead to the elimination of tariffs, harming local producers, especially small ones. The UPN, EH Bila, the PP and Vox vote for the motion,... [+]

2025-01-16 | Euskal Irratiak
Laborantzari buruzko ikuspegi desberdinak agerian, Departamenduko Laborantza Ganbararako bozetan

Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeen kanpaina abiatu da. Urtarrilaren 14an bozetara aurkezten diren hiru sindikatuen ordezkariekin bi oreneko eztabaida sakona antolatu zuten Euskal Hedabideek, osoki euskaraz.


2025-01-13 | Garazi Zabaleta
Caserío Urteaga-Urkulegi
Vegetables, fruits and meat, diversification as the basis of production
Urteaga and Urkulegi are two neighbouring villages of Itsaso (Gipuzkoa), which joined together years ago and launched a joint project. “We put the two houses together and started the production project, and since 2011 I have been working with total dedication,” explains... [+]

2025-01-09 | Julene Flamarique
The Basque Country Sagardoa, formed by Gipuzkoa, Bizkaia and Álava, extends towards Iparralde
The Basque Designation of Origin project has received European support to develop a strategic plan for 18 years. The north has already joined, and both Treviño and Navarra have begun to take steps.

Smell of growing mouths
The demonstrations of the peasants throughout the French State have resumed. Despite the demands of the various trade unions, the first one that has been heard and that has been invited to the mainstream media has been the "dominant" FNSEA. What do you have to sell? A multitude of... [+]

2025-01-06 | Garazi Zabaleta
Trebatu Association
Project to boost relief in the primary sector in Gipuzkoa
The Trebatu association has been in operation for years in Ipar Euskal Herria, with the objective that those people who want to start this project can be trained beforehand. Taking as a model the project of Ipar Euskal Herria and pulling the same idea, in Gipuzkoa the... [+]

Twenty groups support the struggle for the lands of Marienia
The agency Bouygues Realimmobilier already has a housing construction project in the area of Marienia, in Kanbo. Through a joint declaration, they have expressed their "determination" to carry out the struggle to achieve "denial of the project" through "collaboration" and the... [+]

2024-12-26 | Estitxu Eizagirre
Representatives of Vía Campesina have witnessed the violence suffered by the Palestinian peasants
A delegation from Via Campesina visited Palestine from 8 to 18 December, invited by the Union of Palestinian Working Committees (UAWC), of which it is a member. On this journey, they wanted to show their solidarity with the Palestinian people "amid the genocide taking place in... [+]

2024-12-16 | Jon Torner Zabala
Sidra Vasca
North and South, centuries-old tradition under the same hat
The Euskal Sagardoa Designation of Origin has been challenged: Collection of apples and sidreros from all over the Basque Country. “The cider culture is all over the territory and apples have been kept for cider throughout the territory,” says Unai Agirre, coordinator of the... [+]

2024-12-16 | Garazi Zabaleta
Production of Ozaeta apple juice (barrundia)
8,000 litres of apple juice produced in 900 inhabitants
“Will I take out an apple juice?” With this question begins an interview with the members of the Economate of Barrundia Koldo López Borobia, Susana López de Ullibarri and Santi Txintxurreta. We've gathered around the apple bridge and in the garden surrounded by apples. This... [+]

2024-12-13 | Euskal Irratiak
The ELB wants to respond jointly and severally to the consequences of the bluetongue disease of sheep
The ELB trade union calls for solidarity for those who have suffered the bluetongue disease of sheep. At the beginning of December, more than 650 sheep in the department have been affected. In some cases, breeders have lost dozens of sheep, especially marros. Some farms have... [+]

40 per cent of the world ' s land is arid and 75 per cent of the land has been dried
Following this path, by the end of the century, more than 5 billion people will live in the arid lands. This would lead to many humanitarian, economic and social problems.

2024-11-08 | Euskal Irratiak
Iñaki Berhokoirigoin
“Oraingo munduan, iruditzen zaigu kontsumitzailea ere ez dela irabazle”

Ostegun arratsean abiatu da Lurrama, Bidarteko Estian egin den mahai-inguru batekin. Bertan, Korsika eta Euskal Herriaren bilakaera instituzionala jorratu dute. Besteak beste, Peio Dufau diputatua eta Jean René Etxegarai, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, bertan... [+]


Karine Jacquemart (Special Remembrance of Lurrama this year)
"Current food and agriculture systems do not make us autonomous"
Karine Jacquemart, director of the French association Foodwatch, will be at the Lurrama trade show, a quote dedicated to sustainable and popular agriculture. With the aim of guaranteeing the right to food for all citizens, various actions are being carried out – public... [+]

Eguneraketa berriak daude