Armagintzaren “moldaketa eraldatzailerako” proposamena publiko egin berri du mugimendu antimilitaristak. Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras (Armagintza industriaren moldaketa Euskal Herrian, gerra gehiago ez sortzeko) liburuan irakurri daitekeenez, “auzolan erraldoia” proposatzen du, Euskal Herriko produkzio militarra produkzio zibilarengatik ordezkatzeko. Noiz eta, liburu berean jaso duten ikerketak dioenez, Hego Euskal Herriko armagintza sektorea hazkunde betean dagoenean. Proposamena eta aurreikusita dituzten hurrengo urratsak ezagutzeko bildu gara Antonio Escalante Ruiz eta Susana Correal Cuevas Gasteizkoak talde antimilitaristako kideekin.
Antimilitaristek proposatzen duten moldaketak ekoizpen sistema kapitalista bera auzitan jarri nahi du, baita klima larrialdia edo energia krisia bezalako gakoei erantzun ere, langileen lanpostuak arriskuan jarri gabe. Lantegian langileak eta sindikatuak lirateke protagonista nagusiak, kalean herri mugimenduak eta herritarrak, eta denak elkarren eskutik egin beharko lukete bidea. Euskal gehiengo sindikalarekin bilerak egin dituzte jada, eta pozik daude sindikatuek proposamenari egin dioten lehen harrerarekin.
"Moldaketa eraldatzailerako" proposamena aurkeztu zenuten publikoki abenduan, mugimendu antimilitarista osoa dago horren atzean?
ESCALANTE: Bai eta ez. Antimilitaristak EH plataforman planteatu zen moldaketaren gaia, bertan gaude Hego Euskal Herriko talde antimilitarista guztiak. Talde gehienek adierazi zuten ez zeudela indarrez gaiari heltzeko, baina ondo ikusiko luketela norbaitek hartzea borroka esparru hori, eta Donostiako Bake Ekintza Antimilitarista taldea eta gu hasi ginen horretan.
Proposamena lurreratzeko orduan, garrantzitsua da sektoreak ekonomian duen pisua ezagutzea. Azken hamabost urteotan 70etik 206ra pasa dira produkzio militarrarekin loturiko enpresa eta erakundeak,baina zenbateko fakturazioaz ari gara, eta zenbat lanpostuz?
CORREAL: Oso zaila da datu horiek zehaztea, zaila baita datuak lortzea. Fakturazioari dagokionez, 2022rako, 700 eta 1.000 milioi euro artekoa ematen dugu. Baina gure datuak 2022koak dira, ordutik asko igo dira, seguru: esaterako, ITPk %25eko hazkundea izan du 2022tik 2023ra. Lanpostuei dagokienez, 1.500eko zifra orientagarria ematen dugu. Ez dira sektore militarrarekin lotura duten enpresen lanpostu guztiak, baizik eta enpresa horien barnean zehazki armagintzarekin lotutakoak.
“Produkzio militarra gizartearentzako onuragarria den produkzio zibilarengatik ordezkatzea da proposamenaren muina”
Armagintzarekin lotura duten 206 enpresa edo erakunde identifikatu dituzue zuen ikerketan [zerrenda osoa ikusteko sakatu hemen]. Horietatik bik dute produkzio militarra soilik: Sapa eta Excia Xemein. Besteetan produkzio zibila da nagusi? Horrek moldaketarako aukerak areagotuko lituzke.
CORREAL: Hemen ere datuak nekez lortu daitezke. Baina enpresa handienetan ez da nagusia armagintza, hori seguru, eta txikietan ez dakigu ziur, baina ezetz uste dugu ere. Edonola, arlo zibila ezagutzea lagungarria litzateke, bai.
Moldaketarena ideia zaharra da, baina berrikuntza batzuk egin dituzue. Zeintzuk?
ESCALANTE: Lehen bezala orain, produkzio militarra gizartearentzako onuragarria den produkzio zibilarengatik ordezkatzea da proposamenaren muina. Baina lehen ordezkatze hori ez genuen lotzen beste behar batzuekin, zentzu horretan nahiko autistak ginen, gurea konpondu eta listo; orain diogu produkzio berriak ekoizpen sistema kapitalista auzitan jarri behar duela, klima larrialdiari, energia krisiari eta beste gako batzuei erantzun behar diola.
Armagintzako langileekiko zuen jarreran “autokritika" egin duzue.
ESCALANTE: Garai batean ez genuen pentsatzen langile horietan, bost axola zitzaigun haiekin zer gertatu. Expal (Explosivos alaveses) enpresako esperientziak zerikusia du horretan, ziurrenik. 1997an abiatu zen moldaketa saiakera, baldintzetako bat zen enpresaren zuzendaritzak edo langileek bat egitea proposamenarekin, ez zuten egin eta alperrik galdu genuen hiruzpalau urtetako lana.
Etsai bezala ere ikusi izan dituzue?
ESCALANTE: Bai. Horren oinarrian ere esperientzia bat dago. Garai batean urtero martxa egiten genuen armagintza enpresen aurka, eta saiatzen ginen lantegi bakoitzeko enpresa batzordeekin harremanetan jartzen gaia lantzeko. Behin bakarrik lortu genuen batekin batzea, haiek pikutara bidaltzen gintuzten, eta guk haiek. Argi ikusi genuen bidea ez zela hori, hausnarketa prozesua goitik hasi behar zela, sindikatuek hartu behar zutela erabakia, eta pixkana-pixkana hausnarketa eta eztabaida sustatu lantegi horietako langileen artean.
“Lantegian langileak eta sindikatuak dira eragile nagusi, kalean herri mugimenduak, baina denak eskutik”
Eta egun zein da zuen ikuspuntua?
CORREAL: Guztiz kontrakoa: haiek izan behar dute moldaketaren protagonistak, ez bakarrak baina bai nagusiak, eta konplizitate oso estua eraiki behar da haien eta ekimenean parte hartu beharko luketen herri mugimenduen artean. Lantegian langileak eta sindikatuak dira eragile nagusi, kalean herri mugimenduak, baina denak eskutik, elkar elikatuz.
"Auzolan erraldoia" proposatzen duzue. Zertan hezurmamitzen da hori?
CORREAL: Munduan eta Euskal Herrian ditugun atakei erantzun nahi badiegu, ezin dugu nor bere aldetik joan. Amankomuneko erronka batzuk ditugu, esaterako, sistema produktiboa eraldatzea. Irakurketa partekatua egin behar dugu, elkarrekin lan egin eta indarrak batu. Nortzuen artean? Argi ikusten dugu feminismotik hainbat sektore sartzen direla, beste horrenbeste ekologismotik eta sindikalismotik. Eta gazteek ere egon behar dute, proposamena bultzatzen ari garenon adina ikusita guk ez dugulako gauzatuko, eta beren etorkizuna dutelako jokoan. Hori hasteko, bidean bidelagun gehiago agertuko lirateke ziurrenik. Horrez gain, lortuko balitz lantegien inguruko herri eta herritarrekin konplizitatea eta lan komuna eraikitzea, tokiko beharrak identifikatu eta produkzioa horri begira jartzeko, izugarria litzateke.
LUCAS PLANA: NAZIOARTEKO ERREFERENTEA |
---|
Lucas Aerospace enpresa Europako aeronautika arloko handiena zen 1970eko hamarkadaren hasieran. Milaka langile zituen hamabost lantegitan banatuta, eta gutxi gorabehera bere produkzioaren erdia zen militarra. Baina enpresa krisian sartu zen, eta zuzendaritzak irtenbide bikoitza proposatu zuen armagintzaren pisua areagotu eta milaka langile kaleratu. Langileak batu eta kontraproposamena egin zioten zuzendaritzari. Borroka hura laburbildu du Gasteizkoak talde antimilitaristak bere azken liburuan. Lehenik, Combine izeneko batzordea sortu zuten langileek, ordura arte nork bere batzordea zuen hamabost lantegietako ordezkariekin osatuta, zuzendaritzaren aurrean ahots bakarra izatea ahalbidetu ziena. Lanpostu guztiak mantendu nahi zituzten, baina ekoizten zutenarekiko ardura ere erakutsi zuten. “Ez dugu pastel gehiagorik nahi, okindegia zuzendu nahi dugu”, aldarrikatu zuten Lucaseko langileek 1974an langileak Britainia Handiko Gobernuko Negozio, Berrikuntza eta Industria Estrategiarako estatuko idazkari Tony Benn laboristarekin bildu ziren, gobernuari enpresa nazionalizatu zezala eskatzeko. Benn laboristen sektore ezkertiarrekoa zen, langileei adierazi zien ezin zuela nazionalizazioa egin, baina enpresarentzako plan alternatibo bat osatzea proposatu zien, eta Combinek erronkari eutsi. Lantegi bakoitzeko langileek lantokiaren inbentarioa egin zuten (zenbat langile ziren eta ze gaitasunekin, azpiegitura, makineria...), eta pentsatu zuten gizartearentzako zein produktu "onuragarri" ekoiztu zezaketen. “Onuragarri” horren barnean produzitzeko modua ere aintzat hartu zuten, lan antolaketa kapitalistarekin apurtu nahian. 1976ko urtarrilean Lucas Plana aurkeztu zuten langileek. Armagintza baztertu eta ordezko 150 produktu zehatz jaso zituen planak, sei arlotan banatuta: gailu medikuak, garraio autoak, balazta sistemak, energia aurrezteko gailuak, itsas-laborantzarakoak, eta urrutiko kontrolarekin lan egiteko makinak. Planak harrera oso ona izan zuen garaiko herri mugimenduen artean, eta nazioarteko oihartzuna lortu zuen. Gobernu laboristak eta sindikatu nagusiek aldeko adierazpenak egin zituzten, baina ez zuten hura bultzatzeko neurri zehatzik hartu. Ordurako, Tony Benn estatu idazkaritzatik alboratua zuen bere alderdiak. Horrek guztiak erraztuta, zuzendaritzak ezezkoa eman zion langileen planari. "Jakina, sentitu zuten (arrazoi osoz!) plan alternatiboak beren ‘administratzeko eskubidea’ mehatxatzen zuela". Brian Salisburyren hitzak dira, Combine batzordearen sortzaileetako bat. "Ez dugu pastel gehiagorik nahi, okindegia zuzendu nahi dugu", aldarrikatu zuten Lucaseko langileek. Mende erdi geroago, eredu 48 urteren ondoren, Lucas Plana armagintza moldatzeko eredu gisa hartu dute Euskal Herriko antimilitaristek. Eta ez dira bakarrak. 2016an, planaren 40. urteurrenean, nazioarteko konferentzia egin zuten Birminghamen, eta handik lantalde bat jaio zen, azterketa eta proposamen berriak egitea helburu. Bestelako ikerketak eta proposamenak ere argitaratu dira azken urteotan, orduko borroka gaurko ataka eta erronketara egokitu nahian. “Behetik gora” egindako “demokrazia industrial eta langile kontrol” esperientzia dela defendatzen dute antimilitaristek Zergatik eredu? Oro har, Lucas Aerospacekoa “behetik gora” egindako “demokrazia industrial eta langile kontrol” esperientzia dela defendatzen dute antimilitaristek. Horrez gain, langileek teknologia eta lan antolaketa ustez neutralen izaera politikoa azalerazi zuten, eta beren kontrola berreskuratzea proposatu. Plana ontzeko prozesuan esku langileen eta langile kualifikatuen arteko banaketa zurruna hautsi zuten, eta langileen zerumuga zabaldu zen: nor bere lan prozesuaren zeregin zehatz isolatura mugatzetik, ikuspegi orokor eta estrategikoak eztabaidatzera igaro ziren. Azkenik, lantegietatik kanpo elkarlana sustatu zuten inguruko herritar, eragile eta sektore militanteekin, produzituko zena gizartearentzako benetan onuragarria izango zela ziurtatzeko. |
Bilera bana egin duzue ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuekin. Nola joan dira lehen kontaktu horiek?
ESCALANTE: Gure aldetik horretaz publikoki gehiegi ez hitz egitea erabaki dugu, prozesua bera zaintzeko. Edonola dela, bai esan dezakegu, oro har eta nire harridurarako, ikusi dugula gure proposamena ulertzen dutela bere sakontasunean, gu lau antimilitarista ziztrin izanda. Eta kontziente direla horrelako zer edo zer egin beharra dagoela, aldi berean zailtasunak oso handiak direla aitortuta. Ez da gutxi, hasteko.
CORREAL: Hiztegi komun bat partekatzen dugula ikusi dugu. Armagintzaz harago zenbait sektoretan krisian daude, eta badakite ekoizpen sistemaren eraldaketa sakona ezinbestekoa dela. Lucas Planaren esperientziak asko balio izan digu, moldaketa nola egin hausnartzeko eta egin egin daitekeela sinesteko.
Lucas Plana oso interesgarria da, bai, baina ez zen lortu burutzea. Besteak beste, erakunde publikoek ez zutelako babestu. Liburuan beste hainbat moldaketa esperientzia bildu dituzue, gauzatudirenek estatuen babesa izan dute. Zer paper ematen diezue erakundeei?
ESCALANTE: Hori guztion artean adostu beharko genuke, gure artean posizio ezberdinak egongo direlako, ziur. Nik ez nuke ahaztuko erakundeek kudeatzen duten dirua guztiona dela, jakinik ikerketa batzuk egiteko, eta zer esanik ez moldaketa bera abian jartzeko, zer diru kopuru beharko liratekeen. Planteatzen ari garena ulertarazi eta ikusarazteko, esperientzia txiki batekin hastea litzateke egokiena. Kasu horretan, lantegia dagoen herriko udalari ekimenaren nondik norakoak argi utzita, eta argi utzita ere bere papera ez dela protagonista izatea baizik eta diruarekin eta azpiegiturekin laguntzea, horretarako prest balego, aurrera. Dena den, irekia izango nintzateke, bideak esango du norekin eta nola eraiki elkarlana.
Diozuen moduan esperientzia txiki batetik abiatuz gero, zeintzuk lirateke lehen urratsak?
CORREAL: Ez dugu gehiegi zehaztu, uste dugulako hasieratik sindikatuek eta langileek paper garrantzitsua bete behar dutela. Baina Lucas Aerospace erreferentzia izan daiteke berriz ere: Produktu Alternatiboen Batzordea sortu zuten lantegian bertan, langileek aztertu zezaten zer produktu ekoizteko aukera zuten armagintzakoak ordezkatzeko, eta horrekin eztabaida sustatzeko. Edo unibertsitate eta zentro teknologikoetako ezkerreko ikerlariekin elkarlan esparruak sortu zituzten helburu berdinerako. Eztabaida hori hauspotzeko beste ideia posible bat: lan hitzarmenean kontzientzia eragozpenerako eskubidea sartzea, enpresa baten adar militarrean parte ez hartzeko eskubidea bermatzeko.
Proba-errore dinamika bat izan beharko du. Edonola ere, ezin da urte gutxitan burutu, lantegian eta kalean eskatzen duen mentalitate aldaketa epe luzeagokoa da halabeharrez.
Lantegian produkzio militarra zibilarengatik ordezkatzeko alternatiba bideragarri bat mahaigaineratzea da helburua, baina lanpostuak auzitan jarri gabe.
ESCALANTE: Bai
Bideragarria termino kapitalistetan ere, hortaz?
ESCALANTE: Ez. Prozesu horretan sistema produktibo kapitalista auzitan jartzen bada, uneren batean galdera batzuei erantzun beharko zaie: zer egiten dugu? Zertarako egiten dugu? Nola egiten dugu? Momentu horretan, erabakitzeko ahalmena berreskuratzen dugu. Hori nola gauzatzen da? Ikusiko dugu bidean, baina horraino ere heldu nahi dugu, bestela ez baikenuke kolokan jarriko ekoizpen sistema kapitalista.
Zuen proposamenak lan eta gaitasun handia eskatzen du. Zein egoeran dago Euskal Herriko mugimendu antimilitarista?
ESCALANTE: Egoera penagarrian. Guk heldu behar dugu proposamena luzatu eta lehen aldamioa jartzera, hortik aurrera, atzera egin behar dugu. Ez gara gidariak izango, gihar aldetik ezin dugu, baina, horretaz gain, ez dugu nahi.
Proposamena zuena izanda, hori ez al da zailtasun garrantzitsua?
ESCALANTE: Segun eta nola begiratzen zaion. Planteamenduaren abiapuntua antimilitarista da, bai. Baina bidean sortuko diren eztabaidetan, ekoizpen sistemari dagozkionak esaterako, gu ez gara adituak, hor jakintza gehiago dute feministek, ekologistek...
Sindikatuekin bildu eta proposamena publiko egin ostean, zeintzuk dira hurrengo urratsak?
CORREAL: Hasteko sindikatuekin bildu behar dugu berriro, gure proposamenaren inguruko beren erantzuna jasotzeko.
ESCALANTE: Eta herri mugimenduko hainbat eragilerekin batu behar gara ere. Jasotzen ditugun erantzunen arabera erabakiko ditugu hurrengo urratsak. Edo proposamena izoztu, gure artean argi baitugu ez dugula erre nahi, erretzekotan ezin duzulako berrartu hainbat eta hainbat urtetan.
“Jasotzen ditugun erantzunen arabera erabakiko ditugu hurrengo urratsak”
Zuekin hitz eginda, sindikatuekin egon ostean etorri zitzaidan sentsazio kontraesankor bera datorkit, armagintzarako eta oro har lan munduko moldaketaz: batetik, zailtasun praktikoak, ekonomikoak, indar harremanari dagozkionak, mentalitate militaristaren hazkundea... beraz ezinezkoa da; bestetik, mundu mailako gerra arriskua, klima kaosa, energia krisia, faxismoa hazkundean... ezinbestekoa da, 'zentzu komunekoa', ez jada ikuspegi iraultzaile batetik, espeziearen biziraupen termino hutsean baizik.
CORREAL: [Barreak] Hori da, bai. Utopikoa? Zaila? Akaso bai. Baina bestela zer?
ESCALANTE: Erresistentzia eta Errebeldia Topaketetan zapatismoak adierazi berri duen bezala, bidegurutzean gaude: dagoeneko egindakoa errepikatu, nahiz eta makillatua izan, jakinik ez duela funtzionatzen eta amildegira eramango gaituela; edo ausartu eta arriskatu, arrakasta bermerik gabe, bestela lortuko ez dugun etorkizuna sortzeko modu gisa.
***Artikulu hau 303. LARRUN monografikoaren parte da honako edukiekin batera:
- ERREPORTAJEA: Gerra hotsei aurre egin beharra.
- MAHAI-INGURUA ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuekin: "Moldaketa, zail bezain ezinbesteko".
- ZERRENDA: Armagintzarekin harremana duten Hego Euskal Herriko enpresa, ikerketa zentro eta erakundeak.
- LARRUN 303 osorik eta PDFan eskuratzeko, sakatu hemen.
In mid-January, the Cedarras Forum presented the report Euskadi and the European Union, the shared destiny of prosperity and competitiveness. It contains recommendations for the PPAs, taking as a reference the reports submitted by Draghi and Letta for the European Union.
Based... [+]
Pilar Calcada is part of the Cedars group. On January 15th, the group called to take advantage of the “excellent opportunity” that will exist in the coming years to boost the arms industry, in an ostentatious event that resonated a lot. According to the study of the... [+]
On January 15, the techno-business lobby called Cedarios presented its 6th report, Euskadi and the European Union, the shared destiny of prosperity and competitiveness. This neoliberal Think Tank, made up of eminent experts drawn from the world of finance, presented a magical... [+]
Lehen aldia da Hego Euskal Herriko euskal gehiengo sindikalak armagintza industriaren moldaketaz taldean eta modu publikoan hitz egiten duena. Aurreko hilabeteotan mugimendu antimilitaristak bilera bana egin du lau sindikatuokin, produkzio militarra “sozialki... [+]
On 26 December, during an air strike, the Israeli Army killed five Palestinian journalists trying to reach the city. They killed 130 Palestinian journalists. This news has reminded me of a couple of things, the first, the persecution of true journalists in any part of the world,... [+]
When we read in ARGIA the article "Children, Police, Micronutrients", we felt very identified with what the vitorians are living in the antimilitarist group in relation to social militarization. Recently, from different local groups and platforms, we have been asked for data on... [+]