Gasteiz antzokia: arnasgunea arnasestuka

  • Aurreko mendeko azken hamarkadan, Bilboko Kafe Antzokiak lortu zuen erreferentzialtasunak kutsaturik, Gasteizen ere tankerako espazio bat sortzeko egitasmoa lantzen hasi ziren zenbait lagun. Ia 30 urte joan dira. Bide nekeza, gazi-gozoa eta gorabeheratsua izan da. Aurten, helmugatik metro batzuetara, antzokia bera eraikia dagoelarik, obligazio administratibo-burokratikoz jantzitako azken traba ezagutu da: proiektuaren bultzatzailea den Lazarraga elkarteak 113.000 euro zor omen du.

Aiala Zaldibar eta Txema Ramírez de la Piscina, Gasteizko antzokiaren aldeko Plataformako kideak. Argazkia: Dos por Dos

2024ko maiatzaren 27an - 06:06
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Alde Zaharreko Errexala elkartean –hainbat urtez euskararen arnasgune izan zen Bagare tabernaren lokalean kokatua– elkartu gara Aiala Zaldibar eta Txema Ramírez de la Piscina Gasteizko Antzokiaren Aldeko Plataformako kideekin. Itxaropentsu, gogotsu eta haserre agertu dira. Gazi-gozoak errepasatu ditugu: hainbat urtez lan egin duten euskaltzale engaiatuak, alderdi politikoen adostasunak (eta goroldioak), zenbat kokapen izan dituen (tartean Auzolana frontoian, gatazka iturri izan zena) edota espazioaren izena dela eta izan diren eztabaidak (orduko udal gobernuak Izaskun Arrue izena erabaki zuen, ez behar besteko adostasunez). Tartean, Oihaneder Euskararen Etxeak erakutsitako potentzialitatea ere bai: zazpi urteetan 900 ekitaldi, 67.000 lagunen parte hartzea, hiru eguneko ekitaldi bat euskaraz.

Konparazioak gorrotagarriak dira

Montehermoso jauregian kokatu zen Oihaneder Euskararen Etxea 2015ean, eta 2022ko uztailean itxi zituen ateak. Ordurako Ruiz de Bergara jauregiko lanak amaiturik zeuden, bertan zen ateak zabaltzekoa Gasteiz antzokia, urte bereko Gabonetarako beranduenez. Baina, elkartearen eta administrazioaren arteko lankidetzan gako bat dago: administrazioaren lehentasuna izan edo ez izan. Zaldibar eta Ramírez de la Piscinaren esanetan, “Gasteizko Udalarentzat euskara ez da ardatza, alboko zerbait da, apaingarria”. Eta holakoetan, teknikariek, lizentziek, lizitazioek edo araudiek buruhausteak dakartzate bata bestearen atzetik.
Konparaziora, auzo berean –Gasteizko Alde Zaharrean– kokaturiko Landatxo kiroldegiarekin izan zen prozesu parte-hartzailea: administrazioaren eta Alde Zaharreko eragileen artean adostasunak lortu ondoren, bidea traba administratiboz josi zen.

Politikariek agindu zioten Lazarraga elkarteari 2022an irekiko zituela ateak Gasteiz antzokiak: itxita jarraitzen du

Zaldibarrek eta Ramírez de la Piscinak beste bi adibide mahaigaineratu dituzte. Aurkia: Martxoaren 3a dela eta, San Frantzisko eliza memoria gune bihurtzeaz oraindik ere bizi den tira-bira. Ifrentzua: Gasteizko antzokiko lanak hasi ziren garai bertsuan Espainiako Bankuaren egoitza ohian sortu zuten Terrorismoaren Biktimen Museoa, 2021eko ekainean ateak ireki zituena, Espainiako errege-erreginen eta presidentearen parte hartzearekin.

Plataformako kideek, autokritika moduan, aitortzen dute beharbada konfiantza gehiegi izan dutela instituzioetan.

Helmugan hesia
Lehen esan gisan, 2022ko udaran, laster bi urte, Gasteiz antzokiko lan nagusiak bukatuta zeuden. Zer gertatu da, orduan?
Politikariek agindu zioten Lazarraga elkarteari 2022an jarriko zela abian Gasteiz antzokia. Ondoren, “teknikarien esku” utzi zituzten ardurak, eta han agertu ziren lizitazioak, lizentziak, era guztietako araudiak… Epeak luzatzen hasi ziren, eta ezin ireki 2022ko urrian, ezin Gabonetan, ezin 2023ko udaberrian, ezta irailean ere… Eta, bat-batean, udalaren gutuna heldu zitzaion Lazarraga elkarteari 2024ko Aste Santu aurretik: 113.000 euro zor duzue.

Gasteiz antzokiaren ateak zabaltzeko Oihanederrekoak itxi zituztenean, aurrekontu bat onartu zuen udalak, aurrera eramateko programazio bat, ostalaritza jarduera bat eta beste. Aurreikusitako diru sarrera eta irteerekin. Baina antzokiak 2023 osoa itxita eman zuen.

“Lazarraga irabazi asmorik gabeko elkartea da”, azpimarratu du Ramírez de la Piscinak, azaltzeko elkarteak ez duela udalak eskatzen dion dirutza. El Correo egunkariak argitaratu du berriki zor gaurkotua: 117.000 euro; atzerapen interesak gehitu zaizkio hasierako kopuruari, eta halaxe gertatuko omen da hilero. Udalak dio kontularien kontuak direla eta politikariak ezin direla sartu. “Udalak sortu du arazoa eta udalak konpondu behar du” aldarrikatu dute Gasteizko Antzokiaren Aldeko Plataformako kideek. Orain PSEko Maider Etxebarria dago alkate, EAJren babesarekin; aurreko zortzi urteetan Gorka Urtaran jeltzalea alkate, sozialisten babesarekin.

Argazkia: Dos por Dos

Mobilizazioak

Gauzak horrela, herritarrei dagokie Gasteiz antzokiaren defentsa egitea. Zaldibarrek eta Ramírez de la Piscinak zerrendatu dituzte abian dituzten ekimenak: sinadurak biltzeko webgune bat abiatu dute, kulturgileen bideoak bultzatzen ari dira antzokiaren defentsan, eta hainbat mobilizazio egingo dituzte. Pasa den maiatzaren 18an Aldatu Gidoia ekimenaren manifestazioarekin bat egin zuten. Gogoratu dute Gasteizen, herri mugimenduen eta herritarren artean adostasun zabalak lortu direnean, garaipen batzuk lortu direla, eta Gasteiz antzokiaren alde ere hala gertatzea espero dute.

Duela 30 urte, lehenengoz egitasmoa jorratzen hasi zirenetik, “Gasteiz eta Araba asko aldatu dira, kanpoko analista batzuk orain ohartu badira ere, eta Gasteiz berri honi egokitzeko Gasteiz antzokia ezinbestekoa da, ez bakarrik euskaldunentzako arnasgune izateko, euskaldunak ez direnak erakartzeko ere bai”, defendatu du Zaldibarrek.

Gasteiz antzokia udalbatzan

Maiatzaren 17an, ostiralarekin, Gasteiz antzokiaren inguruko bi ebazpen labur bozkatu ziren:

Bata, udal gobernua osatzen duten PSE-EAJrena: “Gasteizko udalbatzak udal gobernua premiatzen du Izaskun Arrue Gasteiz antzokia ahalik eta lasterren ireki dadin, lanean eta urratsak ematen segi dezan”. Hau da: udal gobernua osatzen duten bi alderdiek udal gobernua "premiatzen" dute agindutakoa bete dezan.

Bestea, Gasteizko Antzokiaren Aldeko Plataformarena, EH Bildu eta Elkarrekin udal taldeen babesarekin: “Udalak sortu duen arazoa, udalak berak konpon dezala, eta Lazarraga elkartearekin konponbide adostu baten bidez, Izaskun Arrue Gasteiz antzokia lehenbailehen abian jar dadila”.

Ez bata ez bestea ez ziren aurrera atera, gehiengorik batu ez zutelako. Gasteiz Antzokiaren Aldeko Plataforma saiatu zen udalbatzaren aurretik ebazpen bateratu bat adosten, eta bazirudien udal talde guztiek onartzeko moduko zerbait lortu zezaketela. Baina azken unean, Zaldibarren eta Ramírez de la Piscinaren esanetan, EAJ-PSEk ez zuten ebazpen berria onartu: “Nahiago zuten, badaezpada ere, ‘Lazarraga elkartearekin adostasunez’ esaldia kentzea”.

Maiatzaren 17an hitza hartu zuen Gasteiz Antzokiaren Aldeko Plataformak Gasteizko Udaleko udalbatzan, eta aldi berean kontzentrazioa egin zuten herritarrek udaletxe aurrean. Argazkia: Arabako Alea

Azken bi urteetan zer gertatu den jakiteko, bai eta hemendik aurrera zer gertatu daitekeen aurreikusteko ere, udalbatzan plataformako ordezkariek eta alderdiek esandakoak argigarriak dira:

PSEren jarrera erdaraz jardun zen Euskara Zerbitzuko ordezkari María Nanclaresek defendatu zuen. Azaldu zuen bere alderdia duela urtebete hasi zela Euskara Zerbitzua kudeatzen. Aditzera eman zuen arazoa oinordetzan jaso dutela aurreko legealditik. Esan zuen gogor egin dutela lan Izaskun Arrue antzokia lehenbailehen ireki dadin. Aldarrikatu zuen lortu dutela antzokia ateak irekitzeko moduan egotea eta, beraz, Lazarraga elkartea gonbidatu zuen giltzak hartzera. Alabaina, ohartarazi zuen udaleko kontularien eskaera dela diru hori itzultzea, eta legearen kontra ezin dutela jokatu. Plataformatik erantzun zioten udalak eskatzen duen dirutza tartean, giltzak hartzea burdin gori bat hartzea litzatekeela.

EAJko Iñaki Gurtubairena izan zen hitz hartze deigarriena, agian. Izan ere, inork leporatu ez zion zerbaiti erantzun zion aurreko legealdian Euskara Zerbitzuko ordezkari izan zenak: salatu zuen bazirudiela haiek ez zutela ezer egin euskararen eta antzokiaren alde, baina, galdetu zuen, nork jarri zuen dirua Oihaneder Euskararen Etxea sortu zedin, nork jarri zuen dirua Ruiz de Bergara jauregia Arabako Foru Aldundiaren eskuetatik berreskuratu eta eraberritzeko?

Nork? Herritarrek. Antzokia egitea udal talde guztiek aho batez onartu zuten, beraz, bozkatu duten gasteiztar guztiak “daude” atzean, eta udal gobernuari borondate hori kudeatzea dagokio. Batzuetan, ordea, politikariek denon dirua beren poltsikotik aterako balitz bezala hitz egiteko joera dute.

EH Bilduk, Maider Uriarteren ahotik, eta Elkarrekinek, Garbiñe Ruizenetik, Gasteiz Antzokiaren Aldeko Plataformaren ebazpena babestu zuten. Elkarrekin gobernuarekin elkarlanean aritu da, eta EH Bildu oposiziotik, baina, finean, bi taldeak ados zeuden esatean arazoa udalak sortu duela, eta Lazarragak ezin duela bere gain hartu sortu ez duen arazoa.

PPko Iñaki García Calvoren hitzak oso argigarriak izan ziren. Udalak sortu du arazoa, ez Lazarraga elkarteak. Zergatik? Udalak jakin bazekielako, edo jakin behar zukeelako, lanak ez zituztela garaiz bukatuko eta, aldiz, Lazarragarekin sinatu zuen kontratuaren diru-kopurua martxan zegoen egitasmo bati zegokiola eta ez ateak ireki gabe zegoen bati. Orain, ordea, nola askatu korapiloa? Beraiek ezin dute babestu legea urratu lezakeen konponbiderik. Bide batez, defenditu zuen PPk beti defendatu duela euskarak baduela halako espazio baten beharra.

Badirudi negoziazio bat zabalduko dela hurrengo egun edo asteetan

Beraz, zer gerta liteke?

PSEk eta EAJk udalbatzan esan zuten, batetik, badirela formulak, ordainketa zatikatua kasu, Lazarraga elkarteak zorrari aurre egin diezaion eta hori proposatuko dutela. Eta, bestetik, frogatuko balitz zor horren zati bat udal gobernuaren kudeaketa akatsei dagokiola, hori bere gain hartuko luketela.

Badirudi negoziazio bat zabalduko dela oinarri horien bueltan, administrazioarekin zorretan dagoen elkarte bati ezin zaiolako kontraturik berritu, PP, EAJ eta PSEren esanetan. Orain ikusi behar da EAJ-PSE beren akatsak noraino onartzeko prest dauden, eta dirutan zer esan nahi duen horrek.

Eta azken gako bat dago: 90eko hamarkadatik hona hainbeste euskaldundu eta aldatu den hirian euskarari bultzada berri bat emateko (zeinean, besteak beste, 100 bat hizkuntza hitz egiten diren, duela 30 urte ez bezala), ezinbestekoa da Gasteiz antzokia herritar guztiek sentitzea bere, eta dagoen itolarritik lehenbailehen ateratzea Lazarraga elkartearekin adostasunez. Bestela, sortzezko arazo batekin jaioko da, norekin eta gehien elikatu eta bultzatu dutenekin desadostasunean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
2024-11-18 | Leire Ibar
Hizkuntza gutxituek ingurune digitalean duten presentzia bermatzeaz arituko dira Donostian egingo den kongresuan

"Hizkuntzen irabazia" kongresua izango da azaroaren 26an eta 27an Donostian. Arlo digitalean inglesaren erabilera aregotzen ari den garaietan, kongresuak euskara bezalako hizkuntza gutxituek tokiko ekonomiari egiten dioten ekarpena agerian utzi nahi du.


2024-11-14 | Uriola.eus
Bilboko euskaltzaleen GUKA mugimenduak euskaraz bizitzeko erronkak irudikatu ditu metroko eskailera mekanikoetan

GUKA Bilboko euskaltzaleen mugimenduak euskararen aldeko ekintza esanguratsua burutu du astearte arratsaldean Deustuko metro geltokian, Bilbon euskaraz bizitzeko oztopoak eta aukerak irudikatzeko.


Larrialdi linguistikoari aurre egiteko “lege eta diru baliabideak” galdetu ditu euskalgintzak

Baionan eskaini dute prentsaurrekoa Euskal Konfederazioak eta Euskalgintzaren Kontseiluak, beste behin ere euskararen egoera larria salatzeko. "Borondate politikoa" ukanez gero, larrialdi linguistikoa gainditu daitekeela argi utzi dute.


2024-11-11 | Gorka Torre
“Justizia euskaraz eta euskaraz justizia”
Baionako epaileei bigarren gutuna

Agorrilaren 27an igorri nizuen gutunean, irailaren 10eko auzian euskaraz deklaratzeko asmoa nuela adierazi nizuen. Auzi honen hastapenean, epaile nagusiari euskaraz zekienez galdegin nion. Gutxiespenarekin ezetz erantzun zidan. Orduan, nere gutuna eskuratu zuenez frantsesez... [+]


2024-11-11 | ARGIA
Euskara “larrialdi linguistikoan” dagoela adierazi du Euskalgintzaren Kontseiluak

Euskara eta euskal hiztunen komunitatea larrialdi linguistikoan dagoela adierazi du Kontseiluak. Ohartarazi du “indarrean diren joera soziolinguistikoak eta egiturazko arazoak itzulikatzeko neurri egokiak epe laburrean hartu ezean”, atzeraldia datorrela. Kontseiluak... [+]


Elixabete Garmendia Lasa
“Aukera eta erronka modura bizi izan dut euskarazko kazetaritza lantzea”

Elixabete Garmendia Lasa ormaiztegiarra emakume aitzindaria izan zen euskarazko kazetaritzan. 70eko hamarkadan 'Zeruko Argia' aldizkarian lanean hasi zenetik egindako ibilbide oparoari buruz mintzatzeko aukera izan dugu.


2024-11-07 | Leire Ibar
Euskaraldiaren hamaikakoa aurkeztu dute, “bati esaten zaiona hamaikak jakiten duelako”

Komunikazioa, kirola, musika edo sukaldaritza bezalako esparruetan aritzeagatik ezagunak diren Euskal Herriko txoko guztietako euskaldunekin osatu dute Euskaraldiaren enbaxadore taldea.


2024-11-06 | Sonia González
Eta normal egiten badugu?

–Bai, zera, hori muntaia izango da… edo norbaitek egindako txistea… edo testuingurutik ateratako zeozer...

–Ezetz ba, maitti, hementxe dago bideoa, entzun egizu elkarrizketa.

Oxtia, bai! –begiak bueltaka begi-zuloetan.

J-k ezin... [+]


Katixa Dolhare-Zaldunbide
“Literaturaz gozatzen ikasi egiten da, eta ikas prozesu hori landu behar da gelan”

Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.


2024-11-06 | Leire Ibar
Hamabi hilabeteren ostean, euskararen aurkako oldarraldiak ez du etenik

Bilboko kaleak bete zituen mobilizaziotik urtebetera, auzitegiek euskararen normalizazioa eta hizkuntza eskubideak gutxiesten jarraitu dutela salatu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Auzia gainditzeko euskararen "normalizazioa eta biziberritzea" ezinbestekoak direla... [+]


Baigorri-Tafalla senidetze eguna
Liturgia ez-katoliko bat Urdozeko kaperan

Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]


2024-10-31 | Leire Ibar
Korrikaren karbono isuria nola murriztu daitekeen ikertu dute lehenengo aldiz

Ingurumen-inpaktuaren berri izateko eta, hurrengo edizioei begira emisioak murrizteko egin du azterketa Lander Crespo klima adituak. Garraioa izan zen Korrikako azken edizioan isurketa gehienen jatorria.


Euskara eta sexu-genero disidentziak uztartzeko zertzeladak

‘Xoka. Jite disidenteak’ jardunaldiak antolatu ditu Ehgam Nafarroak. Hiru saio eginen dituzte Iruñeko Laban: azaroaren 5ean, 13an eta 19an.


2024-10-30 | Sustatu
Euskaraz zainduak izateko eskubiderik badugu?

Euskararen kontrako epaien oldarrialdien, azkenengoetako bat izan da Gipuzkoako entitate publiko bat, Kabia, kinkan jarri duena, ezarritako hizkuntza eskakizunen kontrako epai batekin. Bertako langileak egonkortzeko prozesuan ezarritako euskara eskakizunak, euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude