Fantasia bat haurrei, musika klasikoaren ardatzean

  • Haendel, Bach, Mozart, Vivaldi... haurrentzat ere izan daitezke, zergatik ez? Publiko espezifikoa izan ohi du musika klasikoak, baina ate gehiago ireki ditzake antzezlan edo ikuskizun berezi bihurtuta. Euskadiko Orkestraren Musika Gela egitasmoa Pantomima ikuskizuna eskaintzen ari da urtarrileko azken egunetan. Gipuzkoako 3 eta 6 urteko 2.000 haur hartu ondoren, hamabost saiotan, familiei deialdi zabala egin diete astebururako: urtarrilaren 27an Donostian, eta 28an Gasteizen.


2024ko urtarrilaren 25ean - 17:00
Azken eguneraketa: 21:21

"Pertsona bat lo dago aretoan; beraz, isilik sartu”, agindu die Euskadiko Orkestrako langile batek autobusetik astrapalaka jaitsi diren dozenaka haurri. Irakasleek taldetxoak osatu dituzte, eta mezua errepikatu dute. Ilaretan jarri dira guztiak, zintzo-zintzo. Harridura handiz begiratzen diote inguruari.

Nahaspila handirik sortu gabe sartu dira guztiak aretora eta koskatxoetan eseri. Segituan jabetzen da bat: ohiko eszenario formatua irauli dute, ikuskizunerako ongi pentsatuta. Musikariak normalean egon ohi diren lekuan, ilarak pisuka bereizten diren anfiteatroan, jazarri dira ikusleak. Eta behean, eserlekuen zerogarren ilara litzatekeen horretan muntatu dute behin-behineko agertokia. Beraz, behetik gora beharrean, goitik behera ikusten dira antzezleak; 3 eta 5 urtekoen gorputzean jarrita, pare-parean, eta gertu.

Gizonak lo jarraitzen du ohean. Eta, bera jabetu gabe, gelan sartu zaio musikari banda txiki bat. Haendelen Trio sonata-ren lehen doinuek esnatu dute, ordea. Goxo, hasieran, ametsetan ari zela pentsatu du, eta segituan hasi da izaren azpian ezkutatu nahian. Zalantzati gero, burua ateratzeari ekin dio, eseri da ohean, ileak tente-tente dituela, eta Bach-en Arioso entzunda begiak irekitzen ahalegindu da. Ezinezko zaio, baina. Barrez hasi dira hainbat haur.

Ez dakigu nor den gizonezkoa. Hainbatetan galdetu diot hortaz eta eszenaren kokapenaz neure buruari, baina gehiegi konplikatzen hasi aurretik, hobe da pausu bat atzera ematea eta, zer dakit, umeen posizioan jartzea. Logelan dagoela deskribatu, baina baliteke, zergatik ez, presondegi batean kokatzea, eta guardiak borra kolpez esnarazi beharrean, gaurko egun honetan bederen, musikari finen doinuek ematea egun on-ak. Bakoitzak sortuko zuen bere istorioa, eta garatu bizipena, gidoigileak osteko solasean aipatu moduan.

Dakiguna da gizona, behin esnatzeko prozesua gauzatutakoan, mini-orkestra horretara batu dela musikari gisa. Baina ideiarik ere ez dauka musikaz. Kutxa magikotik atril bat hartu, eta biolina zelakoan, hura jotzeko keinuak egiten hasi da. Lehenbiziko ilaretakoek ohartarazi diote hori ez zela biolina. Gauza bera egin du beste hainbat instrumenturekin. Baita inspektorearena egin ere, triangelua hartuta, eta The Pink Panther kantu mitikoaren presentzian. Haur bat oholtzaratu du, eta imintzioka-edo, haur beso guztiak gora, behera, ezker-eskuin aritu dira.

Interakzio eta estimulu askoko goiza izan dute haurrek, baina ondo pasa dute; ikusten zitzaien aurpegian. Musika klasikora gerturatu eta ikuskizun ederraz gozateko parada izan dute.

Mikel Cañada, gidoigilea: "Bizipen propioa garatzen du haur bakoitzak"

Prestaketa lan handia eskatzen du ikuskizunak, lehen aipatu didazunez.

Helduei, musikari talde on bat jarriz gero, ia edozer gustatu ahal zaie. Baina oso zaila da 3 eta 6 urte arteko haurrei programazio egokia eskaintzea. Ikuskizuna barrutik sentitu behar dute arretari eusteko. Lan handia egin dugu Gorka [Ganso] aktorearekin, pentsatu dugu abestien aukeraketa, haien iraupena, iraupen osoa, kokapena...

Zein funtzio betetzen du Musika Gela proiektuak?

Unean unekoari begiratzen diot nik. Gaur hona etorri diren 200 umeak ez ditugu "konbentzitu" edo "fitxatu" nahi etorkizunean gure publiko izateko. Agian gustatuko zaie noizbait, edo agian ez. Helburua da orain, eta etortzen diren aldiro, zuzeneko ikuskizun batez gozatzeko aukera eskaintzea, eta dibertigarria izatea.

Eta gozatu dute...

Ume bat asko emozionatu dela esan berri dit irakasle batek, ez zuela antzezlea lotara sartzerik nahi bukaeran, ez zuela ikuskizuna amaitzerik nahi. Bakoitzak bere erara bizi du; bizipen propioa garatzen du haur bakoitzak. Hori da ederrena.

Musika klasikora gerturatzeko modua ere bada, ezta?

Programazioa ikusita, kantu-zerrendari erreparatuta, ez dirudi haurrentzat eginda dagoenik. Haendel, Bach, Mozart, Vivaldi... Gure zeregina konpositore puska horiek haurrengana gerturatzea da. Eta esan genezake entzun dituztela, behintzat. Jakina, ez dizkiegu irakatsi nahi musika barrokoaren estiloak eta abarrak, baina belarritik sartu zaie gutxienez, eta aktore batez lagunduta, disfrutatu dute.

Irratian entzun dut hezkuntza gai bat, pentsarazi didana. Eta neure buruari galdetu diot: "Guk, Euskadi Orkestra gisa, ez badugu hau egiten, nork egingo du?". Jakina, bada jende gehiago antzerako ikuskizunak egiten dituena, baina geuk abantaila handia daukagu: Euskadiko Orkestrako musikariak dauzkagu.

Ikastetxeekin elkarlan handia daukazue.

2007an hasi ginen haiekin –lehenagotik egiten dira familia-kontzertuak, haurrei zuzendutakoak–. Urtero-urtero ikastetxe berberak etortzen dira hona, eta hainbat ikuskizun egiten ditugu adin tarte ugarirentzat. Beraz, 15 urte dituztenerako, ikasiak akaso ez, baina hainbat kontu entzunak izango dituzte.

Horrez gain, irakasleei gida didaktikoa bidaltzen diegu saiora etorri aurretik, ikasgelan presta dezaten, hainbat bideo, audio, koreografia eta proposamenez jantzia. Pozgarria da emaitza: hona etortzen direnerako badakite arpa edota biolina identifikatzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika klasikoa
Gure pianista unibertsala

Columbus Fundazioak antolatutako kontzertua, ‘RenHacer’ Musikaldiaren barruan.

Bilboko Orkestra Sinfonikoa.

Zuzendaria: Ramón Tebar.
Bakarlaria: Joaquín Achúcarro.
Egitaraua: Guridi, Grieg eta Brahmsen lanak.
Lekua: Bilboko Euskalduna... [+]


Musika Hamabostaldia: gogoeta batzuk

Edizio asko dira orain arte; Espainiako Estatuko musika klasikoko jaialdirik zaharrena da. Behin amaituta, une egokia izan daiteke aurtengo edizioaren balantzea egiteko, baina baita jaialdiaren bizitza luzearen balantzea egiteko ere. Jaialdi bikaina da, oso. Baina hausnartu egin... [+]


Adore kontrolatua

Donostiako Musika Hamabostaldia
Euskadiko Orkestra: Zuzendaria: J. Rohrer.
Donostiako Orfeoia: Zuzendaria: J.A. Sáinz Alfaro.
Bakarlariak: C. Reiss, V. Karkacheva, M. Schmitt, H. Müller-Brachmann.
Egitaraua: Beethovenen Missa Solemnis re maiorrean, op. 123.[+]


Sustantziarik gabea

Egia esan, pena ematen dit kritika honi izenburu hau ipintzea. Bizeten Carmen oso opera ederra da, sentimendu unibertsalak jorratzen dituena, hala nola pasioa, jeloskortasuna, maitatuaren posesioa, independentzia... Eta hori guztia musika-lan bikaina oinarri hartuta. Baina... [+]


Desberdina eta berezia

Albenizen Iberia Suite monumentalaren bertsio berri bat egitea meritu handiko lana da, merkatuan dauden grabazio bikainak kontuan hartuta. Hori dela eta, Luis Fernando Pérezek Musika Hamabostaldiko errezitaldian egindako lanak sekulako miresmena sortu zidan.


Aita Santuaren biolinista eta bere estela

Orkestra handien eta obra handien kontzertuen ondoren, ezin diegu arreta jarri gabe utzi musika-patxada handiagoko, sosegu handiagoko baina edertasun berdineko proposamenei.


Iraultzaren eta maitasunaren artean

Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoaren lehen kontzertuak erromantizismo berantiarraren kutsua izan bazuen ere, bigarren topaketan taldeak bi obra zirraragarri interpretatu zituen, istorioak kontatzen zizkigutenak. Obra exigenteak ziren, batez ere adierazkortasunaren aldetik, eta... [+]


Inaugurazio erromantiko-berantiarra

Musika Hamabostaldiak 85. edizioari hasiera eman dio, orkestra handi batekin eta inaugurazio baten mailako programarekin.


Bederatzigarrena eta azkena

Viena, 1824ko maiatzaren 7a. Ludwig Van Beethovenen (1770-1827) 9. Sinfonia estreinatu zen. Konpositore alemaniarrak bukatu zuen azken sinfonia izan zen, baina, asmoari erreparatuta, lehena izan zela ere esan liteke. Beethovenek 1799 eta 1800 urteetan idatzi zuen 1. sinfonia;... [+]


Merezi dugun euskal opera

Durangoko Hitz liburu-dendan otu zitzaidan Saturraran operak merezi zuela kritika. Jose Julian Bakedanoren arrapostua batetik, liburu-dendako Gaizka Olabarriren berben ilusioa, horrenbeste urtean Hitz liburu-dendako ardura eraman izan duen Nekane Bereziartuak opera hori ikusteko... [+]


Neorromantizismoa bi estilotan

Amaitu da Euskadiko Orkestraren kontzertu-denboraldia, Iruñeko Baluarten egindako aparteko kontzertu batekin. Kontzertu ederra, entzuleen txalo zaparrada nahi duten horietakoa, pizgarri dezenterekin.

Pizgarri horietako lehena bakarlaria zen, Federico Colli italiarra,... [+]


Eguneraketa berriak daude