Osasun sailburuari gutun irekia


2023ko apirilaren 24an - 10:00

Irakurle maitea, pentsa ezazu: EAEko herritarra zara eta Osakidetza da zure osasun zerbitzu publikoa. Guztiona. Pentsa egunen batean bezeroen arreta gunera joaten zarela, zure historia klinikoa eskatzera, eta zure medikua ez den osasun langile baten oharrak topatzen dituzula, ofiziala ez den hizkuntza batean (ingelesez), zurekin inolako harremanik ez duen batek idatzita, euskaldunen aurka. Zur eta lur geratuko zinateke, ziurrenik. Beharbada, haserre.

Ba hori da, gutxi gorabehera, niri gertaturikoa. Arrasateko Ospitaleko anestesista bat paziente baten historia klinikoan sartu da, bere baimenik gabe, pazienteak jakin gabe, bere onespenik gabe. Ez behin bakarrik, baizik eta hiru aldiz. Eta zera dio: “Dear colleagues: If you hate spanish, please write your patients records in english because some of us do not”. Dokumentu publiko batean, Osakidetzaren logoarekin eta, aldi berean, pazientearen jabegoa den dokumentu batean. Hau da, hala gure lankideen nola pazientearen aurrean, euskaraz idaztea gaztelania eta espainiarrak gorrotatzea dela adierazi eta, hori gutxi ez balitz bezala, euskaraz ez idazteko agindu. Euskal Herrian euskara ez erabiltzeko eta, aldiz, bertakoa eta ofiziala ez den hizkuntza bat erabili behar dela adieraziz.

Aurrerantzean, Debagoieneko erabiltzaile euskaldunak ez dira lasai joango anestesiologia zerbitzura, jakinda euskaldunak izateagatik jasan ditzaketen tratua eta irainak

Atera kontuak. Zer nolako ondoeza, ezinegona, kezka, ardura txarra, gogo eskasa eta beldurra. Euskal Herrian euskaraz lan egiteagatik, mehatxatuta izatea. Seguru ez egotea. Zer izango da hurrengoa? Jipoituko gaituzte? Gure aurka etorriko dira? Bitartean, aipaturiko langileak ospitalean jarraitzen du, inpunitate osoz, euskaldunok beldur batean gaudenean. Debagoieneko ESIko zuzendaritzari eta Osakidetzako zuzendaritzari dagokie neurriak hartzea. Aurrerantzean, Debagoieneko erabiltzaile euskaldunak ez dira lasai joango anestesiologia zerbitzura, jakinda euskaldunak izateagatik jasan ditzaketen tratua eta irainak. Hori esan didate behintzat paziente batzuek. Osakidetzako mediku eta erizainak ez dira ausartuko, badaezpada, auzi hau ez bada konpontzen.

Hala eta guztiz ere, badago aukera aurrerapausoak emateko eta hobekuntzarako. Osakidetzaren irudi korporatiboa sustatzeko eta gizartearen kohesiorako tresna egiteko. Eta horregatik bidaltzen diot gutun ireki hau Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun sailburuari. Kontuan hartuko duelakoan.

Osasun langileen kode etikoa aldatu behar da nahitaez, paziente euskaldunekiko jarrerak errespetuzkoak izan daitezen

Osasun langileen kode etikoa aldatu behar da nahitaez, paziente euskaldunekiko jarrerak errespetuzkoak izan daitezen. Osasun langileen lehentasunezko hizkuntza ere errespetatua izan dadin, bi hizkuntza ofizialetan lan egin dezagun inolako inposaketarik gabe. Mehatxurik gabe. Dokumentazio klinikoa euskaraz zein gaztelaniaz sortu dezagun, pazientearen lehentasunen eta beharren arabera. Erakunde osoan, ESI guztietan.

Bada garaia langileen harrera protokoloak eguneratzeko, etorriko diren langile berriek jakin dezaten nora eta zertara datozen. Paziente euskaldunak artatu beharko dituztela eta, noizean behin, gero eta gehiago, ohar klinikoak euskaraz idatzita topatuko dituztela kontuan har dezaten. Ez da asko eskatzea.

Osakidetzaren zuzendaritzak adierazpen publikoa zor digu, bai paziente euskaldunei bai langile euskaldunei

Horregatik zuzentzen naiz zuregana, Osasun sailburuarengana. Osakidetzaren zuzendaritzak adierazpen publikoa zor digu, bai paziente euskaldunei bai langile euskaldunei, zeren eta, oraindik orain, ezin dugu lasaitasunez euskaraz hitz egin ezta euskaraz idatzi ere. Zeren eta, oraindik ere, euskararen erabilera gorrotoarekin lotzen duten horiek, euskaraz lanik ez egiteko exijitzen diguten horiek, gure artean dabiltzalako, libre eta lasai, inpunitate osoz.

Kode etikoa aldatu, mesedez. Harrera protokoloak aldatu, mesedez. Paziente eta langile euskaldunen eskubideak kontuan izan, mesedez. Zure eta Osakidetzaren adierazpen publikoaren zain, eta itxaropen haundiz, idazten dizut gutun ireki hau.

Aitor Montes Lasarte, Osakidetzako medikua

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Euskal herriarentzat nolako Estatu bat nahi dugu?

Bagira prozesuaren emaitza, Herri bidea bide-orria izan zen. Bide-orri honetan, abertzaleen helburua herriari boterea itzultzea dela aipatzen da, eta boterea itzultzeko, herriari burujabetza maila maximoa emanen dioten instituzioak herriari eskaintzea adierazten da. Zehazten da... [+]


Ez da gelako elefante bakarra

Hizpidea jarri zuen Pello Salaburuk sare sozialetan, aipatuta hemendik hamabost urtera etorkinen pisua Bizkaian biderkatu egingo zela, biztanle guztien %22 izateraino, eta hori badela “zinez euskararen mehatxua”. Jakina, horrela botata, beste zehaztasunik gabe, azkar... [+]


2024-07-24 | Itxaro Borda
Estres test

Laugarrenez altxatu da eguzkia Baionako besten eremu setiatuan eta uste dut, septentrioko Euskal Herri honetan, hatsa hobekiago hartzen dugula, batez ere gure hiru diputatuak Fronte Herritar Berrikoak direlako eta olde beltz-kakia hirugarren postura zokoratu dugulako. Bi gauza,... [+]


2024-07-24 | Ahoztar Zelaieta
JELkumeak

Joseba Diez Antxustegi EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaile berriaren iritziz, Imanol Pradales lehendakariak "esperientzia handiko emakumez eta gizonez osatutako gobernua osatu du, sektore profesionaletan errespetatuak eta Euskadirekin konpromisoa hartu... [+]


2024-07-24 | Tere Maldonado
Hezkuntza sailburuari gutun irekia I

Pedrosa andere agurgarria:

Zorionak, Hezkuntza sailburu izendatu zaituztelako. Ez da ardura berria zure gainean izango duzuna aurrerantzean. Ederto ezagutu behar duzu Hezkuntza Saila, lau urte sailburuorde eman ostean. Ikasturtea bukatuta, kontu batzuk gogoratu nahi nizkizuke... [+]


Trump presidenteordea eta Putin ukrainar presidentea

Joe Bidenen narriadura kognitiboaren eztabaidak bi urte inguru ditu. Batzuetan portaera bitxia zuen, beste batzuetan ez zitzaion ondo ulertzen edo egiak ez ziren gauzak esaten zituen, semea Iraken hil zitzaiola, adibidez. Halere, establishment liberalak bere egoera kognitiboari... [+]


Materialismo histerikoa
Ilara on

Ilarei buruzko artikulu bat irakurri nuen duela bizpahiru egun, Guillem Martinezena, eta ez dakit ondo ulertu nuen. Kontatzen zuen etxe azpian ezer berezirik ez zuen izozki denda bat daukala, eta azken aldian ireki orduko izaten duela jendea, bata bestearen atzean ordenatuta,... [+]


Teknologia
Arreta hezten

Ez dut oso argi gure bizitzak gidatzeko, banaka, botere nahikoa dugun, baina saiatzen jarraitu behar dugula bai. Taldean gauza asko egin badaitezke ere, egunero gure buruarekin borroka bakartia dugu aurrera egiteko. Gizaki gehienok, bizitzea den norabide bakarreko ur... [+]


Eguneraketa berriak daude