1936ko Gerran kartzela gisa erabili zen Tuterako San Frantzisko komentuaren eraikina. Ehundaka preso errepublikar giltzapetu zituzten leku hartan, eta asko fusilatuak izan ziren. Oroimen Historikoko Leku izendatzeko aukeraren aurrean, Rafael Moneok duela hogei urte egindako proiektua atera dute tiraderatik PSNk eta Navarra Sumak. Bitartean, Tuterako Alde Zaharreko bizilagunek auzoko eremu hori birgaitzeko “behin betiko” proposamen bat eskatu dute.
Teilatua erdi erorita, hormak bistan, eta barrualdea sasiak hartuta eta altzari zahar herdoilduz josita. San Frantzisko komentu zaharrera gerturatzen denak segituan nabarituko du ukuilu usaina eta iragan ilun baten haize hotza ate zirrikituetatik barrena. Urte luzez Espainiako Ejertzitoaren hazitarako zalditegi gisa erabilia, eta horren aurretik, 1967 urtera arte espetxe munizipal izandakoa, klaustro ikusgarria ezkutatzen duen XIV. mendeko komentuak –Sementales koartela ere deitua– urteak daramatza erabili gabe eta erreforma baten zain.
Pasa den abenduan Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Gizarte Harremanetarako kontseilariak (Geroa Bai) iradoki zuen eraikina Oroimen Historikoko Leku izendatu zitekeela, horretarako eskaera jasoz gero. Izan ere, toki horretan giltzapetu zituzten 1936ko udaran Erriberako ehunka errepublikar eta sozialista, eta horietako askok hobi komunetan amaitu zuten hilda. Ollok gogorarazi zuen izendapenak ez duela espazio baten aipamen soila suposatzen, baizik eta “existitu zen errealitate hori irudikatzea”.
Hala, Tuterako kartzela izandakoak Nafarroako beste eremu batzuek oroimenerako duten izaera bera hartuko luke, Iruñeko kartzela, Otsoportilloko leizea, Elioko Telleria, Bidankotzeko errepidea edo Sartagudako Memoria Parkea kasu.
Moneo, hub audiobisuala eta milioika euro
Baina hiri hartako PSNren talde politikoa izendapen horren aurka azaldu da eta mozioa aurkeztu du datorren asteleheneko udal-bilkurarako; eraikinean kultur etxe bat eraiki dadila eskatu du, duela 20 urte Rafael Moneo arkitektoak egindako proiektu batean oinarrituta. Proiektu hura 2010ean onartu bazen ere, hurrengo urtean bertan behera geratu zen “UPNren gestio txarrari esker”, sozialistek salatu dutenez. Hala, 11 milioi euroko kostua izango lukeen azpiegitura ez zen sekula eraikitzen hasi eta Moneori 600.000 euro baino gehiago ordaindu behar izan zitzaizkion. Pareta zartatu ahantziak baino ez ziren geratu alde zaharra birgaitzeko proiektu urbanistiko hartatik.
Ahanzturatik udal hauteskundeek atera dute, baina, kartzela zaharra. Alejandro Toquero Navarra Sumako alkateak ere iragarri du mozioa aurkeztuko dutela. Tuterako udal gobernuan dagoen koalizio-taldeak proposatu du mahai bat sortzea udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta Rafael Moneoren artean, gaia berraztertu eta ikus-entzunezkoen eta bideojokoen hub bat egin dadin espazio horretan. Toqueroren esanetan “pertsonalki” aurkeztu dio proposamena María Chivite Nafarroako presidenteari, baina “ez da bere immobilismotik ateratzen”.
Tuterako udal gobernuak proiektua jadanik idatzita dauka EDER partzuergo publikoaren eskutik, 11,5 milioi euroko aurrekontuarekin, eta Europako Next Generation funtsek finantzatzea nahi dute orain. Are gehiago, egitasmoa Espainiako Estatuko eta Nafarroako Erkidegoko 2023ko aurrekontuetan sartzeko helegiteak ere sartu zituzten UPNk eta Navarra Sumak.
11 milioi euroko kostua izango lukeen azpiegitura ez zen sekula eraikitzen hasi eta Moneori 600.000 euro baino gehiago ordaindu behar izan zitzaizkion
“Mozio gerra Tuteran” idatzi du Diario de Noticiasek; “Tuterako Sementales eraikina eztabaidaren erdigunean”, Navarra Televisión-ek... Boto arrantza kutsua duten adierazpen horietatik harago, alde zaharreko bizilagunek ingurunearentzat “behin betiko proiektu bat” eskatzen dute, eta egoera Marshall plana-rekin konparatu dute: “Seguruenik ez dugu europar funtsetatik euro bakar bat ere ikusiko”, azaldu zuen iritzi gutun batean Eduardo Pina alde zaharreko bizilagunen elkarteko lehendakariak. Principe de Viana elkarteak, bere aldetik, klaustroa kontserbatu beharrekoa dela esan du, baita bere barruan agerturiko musulmanen garaiko merkatu baten arrasto arkeologikoak ere.
1936ko uztailean jende gehien fusilatu zuten atxilotze-gunea
San Frantzisko komentua ez da edozein toki Euskal Herriko historia hurbilean. Monjeak XIX. mendeko desamortizazioekin bota zituztenean, Lehen Gerra Karlistan ospitale funtzioak egin zituen eraikinak, eta 1840tik aurrera Tuterako barruti-kartzela bihurtu zuten. Mende bat geroago, 1936ko udan Nafarroako Erriberan errekete eta faxistek eragindako errepresioaren epizentroetako bat izan zen.
Fernando Mikelarenak Sin Piedad liburuan jasotako datuen arabera, 1936ko uztailaren 18an militarrek kolpea eman zutenetik 1937ko urtarrila arte, gutxienez 614 lagun sartu zituzten kartzela hartako ziegetara. Horietako askok ez zuten gehiago argirik ikusi –zehazki, 185 hil zituzten–. Tuterako udal artxiboan kartzelako estadillo-en edo sartu-irtenen fitxak arakatu ditu Mikelarenak eta datu ikaragarri gehiago eskaintzen ditu historialari nafarrak: soilik uztailean, 301 lagun izan zituzten preso eta horietatik 119 izan ziren fusilatuak, atxilotuen %39,5. Portzentaje horrek Iruñeko probintzia-presondegian hilabete hartan izandako fusilatzeen proportzioa gainditzen du (%33,5).
Tuterako barruti-kartzelatik pasa eta fusilatu zituzten gehienak errepublikar eta ezkertiarrak ziren, Izquierda Republicana, PSOE, UGT, CNT eta PCEko kideak tarteko. Tuteran, udaleko 19 zinegotzi eta kargu publiko hil zituzten gerra garaian –udaletxe atariko plaka batek gogoratzen duen moduan– eta tartean zegoen Aquiles Cuadra alkatea, kartzela hartan giltzapetu eta prozesu luze baten ondoren Iruñeko zitadelan berunez hilotz amaitutakoa.
Presoen jatorriari dagokionez, asko tuterarrak eta corellarrak ziren, baiina bazeuden Alesbes, Cascante, Cadreita, Fitero, Murchante, Cintruenigo, Arguedas eta Ribaforadakoak ere. Adibidez, 1936ko uztailaren 19an –Iruñeko Gaztelu Plaza Nafarroa osoko erreketez bete zen egun berean– hamasei ribaforadar giltzapetu zituzten Tuterako kartzelan; abuztuaren 7an "askatasuna" eman zietela ageri da dokumentuetan, baina Altafaylla Kultur Elkarteak 80ko hamarkadan egin zuen ikerketari esker dakigu denak hil zituztela. Ribaforadan garai hartan 1.720 herritar bizi zen, eta gutxienez 40 lagun fusilatu zituzten errekete eta falangistek.
Errepresioa ez zen izan kriminal solte batzuek nahieran egindakoa, ondo antolatutako zerbait baizik, jende askoren inplikazioa eskatzen zuena
Basakeria antolatua
Erriberan faxisten eskutik bizi izan zen krudelkeriaren isla baino ez dira kopuru horiek. Beste toki askotan bezala, Nafarroan ere “ateratze” edo “saca” deiturikoak oso ohikoak izan ziren, ondoren presoak klandestinoki hiltzeko. Baina errepresioa ez zen izan kriminal solte batzuek nahieran egindakoa, ondo antolatutako zerbait baizik, jende askoren inplikazioa eskatzen zuena.
Mikelarenak 114 saca kontatu ditu Nafarroan 1936an: udako hainbat egun konkretutan toki desberdinetatik atera zituzten presoak fusilatzera –abuztuaren 3an zazpi herritan gertatu ziren halakoak, gau berean–; hortaz, pentsa liteke egun horietan heriotza-eskoadroi ugari aritu zirela jendea hiltzen.
Terrorea hainbesterainokoa zen, ezen preso asko beren buruaz beste egiten saiatu zen. Francisco Amigot tuterarrak burua paretaren kontra kolpeka txikitu nahi izan zuen, Tuterako barruti-kartzelatik “atera” behar zutela esan ziotenean. Hara nola jaso zuen giro hura Jose María Jimeno Juriok testigantza baten eskutik: “Azaro hura ikaragarria izan zen. ‘Aske’ uzten zituzten, eta behean kamioia zegoen. Denak kamioira. Barruan geratzen zirenek, ikaraz, esaten zieten: ‘Ez bazaizue ezer gertatzen, zubian piztu pospolotxo bat’. Baina ez zuten piztu, denak hiltzen zituzten!”.
87 urte geroago, Tuterako kartzela zaharrean eta Erriberan gertatutako basakeria haiek apenas gogoratzen ditu inork, eta San Frantzisko plaza ondotik igarotzen denak eraikin zaharkitu abandonatua besterik ez du aurkituko, haize hotzaren txistuak baino hausten ez duen isiltasunean.
"Gerraren Oroimena" izeneko ibilbidea osa dezakezue noiznahi Usurbilgo erdigunean.
Segundo Hernandez preso anarkistaren senide Lander Garciak hunkituta hitz egin du, Ezkabatik ihes egindako gasteiztarraren gorpuzkinak jasotzerako orduan. Nafarroako Gobernuak egindako urratsa eskertuta, hamarkada luzetan pairatutako isiltasuna salatu du ekitaldian.
Iruñerrian, eta Nafarroan orohar, une honetan memoria historikoaz hitz eginez gero, mahai-gainera indarrez aterako da Iruñeko Erorien Monumentuaren afera. Eraikina 1942an eraiki zen Francoren alde altxatutako hildakoei gorazarre egiteko. Elkarte memorialista... [+]
88 urte eta gero, Intxorta 1937 kultur-elkartearen ekimenarekin, lore eskaintza egingo da aurten ere, monolitoetan. Ostegun honetako ekitaldian, kultur-emanaldiez gain, kalejira eta ‘Orratz-begia’ erakusketara bisita izango dira.
CNT sindikatuak egin duen eskaera ofiziala babestu du udaleko koalizio abertzaleak, eta faxistekin batera lurperatu zituzten biktima guztiak bilatzeko eskatu du.
Gasteiztarrarekin bederatzi dira ihesaldian parte hartu zuten identifikatutako pertsonak. Guztira, Nafarroako DNA Bankua sortu zenetik 43 pertsonaren datuak lortu dituzte.
Badakigu gerra bat noiz hasten den, baina ez noiz amaituko den. Hainbatetan entzun dugu esaldi hori, eta topikoa dirudi, baina arrazoirik ez zaio falta, gaur egun munduan barrena bizirik segitzen duten gatazka ugariei erreparatuz gero. Gauza bera esan liteke 1936ko uztailaren... [+]
Aragoiko Asabón errekak zeharkatzen duen lurraldeak hainbat ustekabe eder gordetzen ditu. Ez naiz historialaria, eta, hortaz, ez dut halako kronika historiko bat eginen. Bereziki mendizale gisa mintzatuko naiz, aspaldi honetan nire gogoak –nire senak– halako... [+]
Otxandioko bonbardaketaren erantzule nagusietako bat da Angel Salas Larrazabal urduñarra. Hortaz, herritarren aurka Euskal Herrian eginiko lehen bonbardaketan parte hartu zuen.
Gurasoak hilik, etxeko ganbara husteari ekin zioten
seme-alabek. Hainbat gauzaren artean, koaderno eta paper sorta, argazkiak eta nahi beste agiri. Bego Ariznabarreta Orbeak aita aspaldi zenduaren gerrako memoria harrigarriak zurian beltz irakurri, eta jabetu zen altxorraz,... [+]
Larunbatean aldundian egindako ekitaldian Azconaren biloba María Jesús Fuertesek jaso ditu gorpuzkiak, bere seme-alabekin batera. Ekitaldian gogorarazi dute 1936-1945 urteen artean 376 pertsona exekutatu zituztela, horietatik 299 epaiketarik gabe.
Pilotari famatua izan zen, munduko txapelduna, baina tartean behin baizik ez zuen Euskal Herrian jokatu, Mexikon jaio, hazi eta hantxe bizi baitzen, gurasoak haraxe joanda 1936ko gerratik ihesi. Abertzalea, Mexikoko euskal etxeko presidentea, Jaurlaritzaren aholkularia,... [+]
Hari buruzko aipamenik apenas iritsi zaigu historia liburuetan, baina Jesús Carrera Olascoaga (Hondarribia 1911 – Alcala de Henares 1945) Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Frankistek atxilotu, torturatu eta fusilatua, bere... [+]
"Garai batean, nire herrian, kateme guztiek Remigia izena zuten, kateme belaunaldi oso bat, Iruñeko ikuspegi panoramiko ederrenak konkistatu zituztenak”. Horrela hasten da Remigia Etxarren funanbulistaren bizitza kontatzen duen Argako erregina antzezlana... [+]