“Eskola jardun jarraitua ala zatitua debate faltsua da”

  • Eskola ordutegien foru-arau berria egin behar du Nafarroako Gobernuak, eta pil-pilean da eztabaida: jardun jarraitua ala zatitua? Gaiaz jardunaldia antolatu du Nafarroako Eskola Kontseiluak eta hizpide izan dituzte haur eta nerabeen erritmo biologikoak, dagoeneko dauden ordutegi esperientziak, arretarako, deskantsurako, jateko eta sozializatzeko uneen garrantzia… eta ordutegia dena delakoa ere horren barruan egiten den antolaketa.


2023ko urtarrilaren 19an - 08:10
"Eskola ordutegiari begira, erkidegoetako gobernuak busti egin behar dira, denen onura bilatuko duen planteamendu bat eginez".

Ikuspuntu soziologikotik Xavier Martínez Celorrio, pedagogikotik José Luis Bernal Agudo eta osasunaren ikuspegitik Gonzalo Pin Arboledas izan dira jardunaldietan parte hartu duten adituak.

Ikasleen errendimenduari begiratzen badiogu, ordutegi baten edo bestearen alde egiteko ebidentzia zientifikorik ez dagoela dio Bernalek, inportanteagoa dela jardun hori, dena delakoa ere, ongi antolatzea, ez izatea adibidez batak bestearekin zerikusirik ez duen ikasgai errenkada. Goizez denok freskoago gaudela aipatu du, baina hori jakinik goiza gehiago aprobetxatzea bi ordutegi ereduetan egin daitekeela. Ildo beretik tiraka, garbi mintzatu da Martínez: “Jarraitua ala zatitua debate faltsua da, oso murritza, eta egiteko dagoen eztabaida handi bat ahazten duena: benetan eskolak zein ekarpen egitea nahi dugun. Fabriken eta tailerren eredutik kalkatutako ordutegia dugu eskolan, lan denborak kopiatu ditugu, eta ‘denbora urrea da’ eskema dugu oinarri: denborak produktiboa izan behar du eta eskola-denbora bihurtu dugu ikasgaien karrusel irrazionala, hor dugu arazoa. Ordutegiak kontuan hartu behar du harrera, sartzeko une hori, kontuan hartu behar ditu ikasleen arreta eta kontzentrazio erritmoak, deskantsurako beharra, sozializatzekoa, ongi elikatzeko eskubidea, eskolaz kanpoko ekintzen eskaintza aberasgarri bat (ez dadila izan betelana). Demagun ordutegi zatitutik trinkorako pausoa ematea erabaki dugula: betiko berdina egiten jarraitzeko baldin bada, jai dugu. Katalunian, ikastetxe askoren kasuan zatitutik jarraitura pasatzerakoan jangelak galdu ziren bidean, arratsaldeko eskolaz kanpoko ekintzak kendu zituzten, sozializaziorako hain garrantzitsuak ziren hartu-emanak desagertu ziren… eta zentroak bihurtu dira errendimendurako baino ez diren zentro. Aldiz, Katalunian baita ere, Educació 360 planteamendua jarraitzen duten ikastetxeen baitan, ordutegi jarraituan pausa eta erlaxazio uneei garrantzia ematen diete, jangela eta eskolaz kanpoko ekintzak bermatzen zaizkie ikasleei, ikaskuntza denborak eskolaz kanpokoekin uztartzen dituzte…”.

Ordutegien gaiak eskola gainditzen duela gaineratu du Pinek: “Nahi dugu ikasle eta irakasleen ordutegia aldatu, baina gainerakoen ordutegia ez bada aldatzen, konplexua da”. Enpleguaren eremuko eta oro har gizarteko arlo guztietako ordutegiak birplanteatu behar direla dio, eta Espainiako parlamentuak eskuartean Ordutegien Lege Orokorra duela gogoratu du.

X. Martínez: "Katalunian, ikastetxe askoren kasuan zatitutik jarraitura pasatzerakoan jangelak galdu ziren bidean, arratsaldeko eskolaz kanpoko ekintzak kendu zituzten… eta zentroak bihurtu dira errendimendurako baino ez"

Nola eta nork hartu erabakia?

2017-2018 ikasturtean jardun jarraitua 13 ikastetxek izatetik 2022-2023 ikasturte honetan eskolaldi jarraitua dutenak 154 ikastetxe izatera igaro dira Nafarroan, tartean daude ikastetxe publiko gehienak. Eskoletako ordutegia arautuko duen foru-agindua ateratzear da eta 2024-2025 ikasturtean ikastetxe guztiek berriz ere beren jardunaldia erabaki beharko dutela azaldu du Gobernuak. Ikastetxe bakoitzeko hezkuntza komunitateak, bere errealitatea kontuan hartuta, hartu behar du erabakia, adituen ustez: “Guk, Katalunian, formazio programa bat egin genuen, irakasle, senide eta ikasleentzat –azaldu du Pinek–. Diziplina ugaritako adituek hari-mutur guztiei heldu zieten eta corpus teoriko hori helarazi zitzaien ikastetxeei. Corpus teoriko hori eskutan, erabakia ez da adituena, ikastetxeko hezkuntza komunitatearena baizik”. Teoriarekin batera, ordutegi aldaketa egin duten erkidegoen eta ikastetxeen esperientzia gertutik ezagutzea inportantea dela gehitu dute, bai prozesuan izandako hutsegite eta ondo egindakoak aztertzeko, bai emaitza ikusteko. Dena den, emaitzetan “ez dute ebidentzia zientifiko askorik izango, ordutegi aldaketarekin batera ez badute beste inolako aldaketarik planteatu”, ohartarazi du Martínezek.

Administrazio publikoek, kasu honetan Nafarroako Gobernuak, markoa jartzea garrantzitsua dela nabarmendu dute hizlariek: “Erkidegoak busti egin behar dira, denen onura bilatuko duen planteamendu bat eginez, ekitatea eta aukera berdintasuna oinarri, baina ez dadila izan marko estuegia, ikastetxeak berak izan dezala azken erabakia, bere autonomia baliatuz”.

Aldaketak beldurrik gabe egitera animatu du hezkuntza komunitatea soziologoak, aldaketa txikiak egiten joatera, atzera-buelta dutelako aldaketek, moldatu ere egin daitezkeelako. “Zerk funtzionatzen duen eta zerk ez, legoa egiten joan gaitezke, esperimentatzen; eta zer egokitu behar den jakiteko funtsezkoa: hartutako erabakia nola doan ebaluatu egin behar da”.

JL Bernal: "DBH eta Batxilergoko ereduetan uneotan egiten denak ez du zentzurik: ikasgai eta irakasleen karrusel etengabea da, sarri elkarren arteko inongo loturarik gabe"

DBH-ko eredu zentzugabea

Eskola jardun jarraitua orokortuagoa dago Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan. Horietatik zer ikasi dezakegun galdetu die mahai-inguruaren moderatzaileak hizlariei, Haur Hezkuntzan edota Lehen Hezkuntzan jardun jarraitua jarri edo ez eztabaidatzen ari direnentzat. “Adinak baldintzatzen ditu denborak, ikasgaiak, eremuak… egituratzeko moduak; idealena litzateke adin ezberdinen arabera ordutegi ezberdinak ezartzea”, erantzun du Bernalek. Eta gogor kritikatu du DBH eta Batxilergoko eredua: “Horietan uneotan egiten denak ez du zentzurik: ikasgai eta irakasleen karrusel etengabea da, sarri elkarren arteko inongo loturarik gabe. Unibertsitatean buelta ematen ari zaio eredu horri, baina DBH eta Batxilergoan sei irakasle ezberdin izan ditzake egun batean ikasleak. Ordutegia baino, egitura kritikatzen dut, curriculumaren antolaketa, nola antolatzen ditugun eskola orduak. DBH eta Batxilergoa eredu bezala hartu ordez, uste dut egin behar dena dela DBH eta Batxilergoko eredua aldatu. Zorionez, eremuka ikasgaiak batzen hasiak dira zentro batean baino gehiagotan, irakasle gutxiagorekin eta loturak bilatuz…”.

Zein ordutan sartu behar da eskolara?

Nerabeak hizpide, eskolan sartzeko orduak gogoetarako eman du, batez ere osasunaren ikuspegitik. Gonzalo Pinek kontatu du egon den azken ikastetxean galdetu zuela ea nola banatzen zituzten orduak, zein ikasgai noiz eman, eta erantzun ziotela irakasleen antzinatasunaren arabera irakasleek eurek aukeratzen zituztela orduak. Aukeratzen lehenak hasierako ordua hautatu zuen, goizeko 8etan, ikasleak adiago daudela argudiatuta. “Eta nola dakizu adiago daudela?”, Pinek; “isiltasun handia dagoelako”, irakasleak. “Baina adi daude, ala lo? –dio medikuak– Izan ere, zer gertatzen da goizeko 11etan? Sekulako mugimendua dagoela ikasgelan… Orduan bai, esna-esna daude ikasleak. Batxilergoko ordutegiak naturaren kontra eginda daude; nerabeak 9etan sartu behar du eskolan, eta ikerketa ugarik hala esaten digute, AEBetan ikasleen sarrera ordu erdi atzeratzeak izan duen inpaktu positiboa horren lekuko. Nerabe bati ematen diozun denbora estraren %88,8 lo egiteko erabiliko du, baina beranduago esnatuko delako, ez lehenago oheratuko delako. Inoiz ez duzu lortuko nerabe bat lehenago oheratzea, biologikoki ez duzu lortuko: nerabe bati esatea 23:00etan oheratzeko da guri esango baligute bezala 19:00etan oheratzeko; ohean bueltaka hasten zara, kortisola sortzen… eta ez duzu melatoninarik. Hain justu, nerabezaroa noiz hasten den kalkulatzeko erabili ohi den datu bat da noiz hasten den atzeratzen melatoninaren gaueko sekrezioa: erritmo zirkadianoa atzeratzen hasten denean, nerabezaroan sartu da; eta nerabezaroa bukatzen da melatoninaren gaueko sekrezioak berreskuratzen duenean aurreko garaiko erritmoa”. Beste gako bat ere eman du Pinek: nerabe baten erloju biologikoa argiarekiko askoz sentikorragoa da gauez, goizez baino, eta teknologiarekin baldin badago gehiago kostako zaio lo hartzea, “eta teknologiarekin egon ohi da”. Duela gutxi egin duten ikerketa nabarmendu du medikuak: nerabe batek mugikorrean batez beste lau mezu jasotzen ditu gauez.

Laburpen argia egin du medikuak: “Loaren ikuspegitik, ume batek 5 urte bete arte siesta egiteko aukera izan behar du, eta nerabeak izan behar du beranduago jaikitzeko aukera”.

Pinek utzitako amuari heldu dio Xavier Martínezek: “Orduak banatzeko, irakasleen antzinatasuna erabiltzen dela aipatu duzu; ikasgai batzuen prestigioak ere baldintzatu ohi du zein ordu batentzat eta zein bestearentzat, eta botere harreman horiek mahai gainean jartzea ere garrantzitsua da, ordutegia zeren arabera antolatzen dugun onartzeko eta zeren arabera antolatu nahi dugun erabakitzeko”.

G. Pin: "Nerabe bati ematen diozun denbora estraren %88,8 lo egiteko erabiliko du, baina beranduago esnatuko delako. Inoiz ez duzu lortuko nerabe bat lehenago oheratzea, biologikoki ez duzu lortuko"

Sozializazioa eta bazkalordua, kezka iturri

Publikoaren galderei txanda eman zaio, mahai-inguruaren bukaeran. Gogoratu dezagun jardunaldi jarraitua kalteko ikusten dutenek argudiatu ohi dutela ordu gehiegi direla segidan, beranduegi bazkaltzea dakarrela, kontziliazioaren ikuspegitik egoera ahulenean dauden familiei kalte egiten diela, eta arratsaldetan eskolako patioak duen elkargune izaera galtzen duela. Jardunaldi jarraituaren aldekoek, berriz, nabarmentzen dute arratsaldea eta familia-orduak berreskuratzeko modua dela, ikasleen absentismoa jaisten dela eta aldaketa egiten duten ikastetxe gehienek positiboki baloratzen dutela.

Publikotik jaurti duten lehen galderak elkargunerako eskolak duen funtzioari heldu dio: arratsaldetan sozializatzeko eskolako patioak duen potentziala ez al da galtzen, jardun jarraituan? Bernalek erantzun du auzoko eskola aukeratuz gero, ikastetxeko patioan ez baina ondoko parkean elkartuko direla umeak eta gurasoak arratsaldetan; “horregatik nago ni auzoko ikastetxea aukeratzearen alde. Alegia, ordutegi jarraitua ala zatitua baino, auzoa da giltza, auzoa izatea elkargune eta eskola gainditzen duen sozializaziorako eremu”.

Jangelaren inportantzia azpimarratu du ikus-entzuleen bigarren gogoetak: ordutegi bat edo bestea izan, otorduari eskaintzen zaion denbora eta beraz kalitatea oso ezberdina da, jardun jarraituan beti murrizten delako jangelari eskainitako tartea. Bernalen hitzetan, “jardun jarraitua dugulako ezin da ikaslea 9:00etatik 14:00etara ezer jan gabe eduki. Horri konponbidea ematen zaio, adibidez, hamaiketakoa ongi planifikatu eta sistematizatuz, ez izatea etxetik ekarritako aukerazko zerbait, baizik eskolan landutakoa. Bazkal orduari behar duen tarte guztia ematea konplikatuagoa izango da ziurrenik, baina gutxienez saiatu gaitezen elikaduraren kultura lantzen, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzatik, hor sortzen direlako elikatzeko ohiturak”. Elikadura eskola curriculumean integratu beharko litzatekeela aldarrikatu du pedagogoak. Medikuak ñabardura gehitu nahi izan dio gaiari: haurren portzentaje kezkagarri bat gosaldu gabe joaten da eskolara.

Jardunaldietako bideoak lotura honetan dituzu ikusgai.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Greba Nafarroako hezkuntza publikoan
Ikasturteko hirugarren greba deialdia ere arrakastatsua izan dela diote sindikatuek

Ikasturtea hasi denetik hirugarren greba eguna izan da ostegunekoa Nafarroako Hezkuntza Publikoan eta goizeko mobilizazioen ondoren, LAB, Steilas, ELA eta CCOO –protestaren deitzaileak– pozik agertu dira. Euri jasak eta hotzak lagundu ditu etengabe irakasleak... [+]


Etorkizuneko belaunaldiak gurpil gainean eramanez Gasteizen

Bizieskola ekimenaren bitartez Gasteizko Eraman kooperatiba ikastetxeetako umeak trebatzen hasi da ikasturte honetan, hirian bizikletaz segurtasunez eta modu independentean ibiltzeko. Gasteizko Udalarekin batera parte hartzen du ekimenean, eta kooperatibako kideek ikastetxeetako... [+]


2025-01-30 | Axier Lopez
Mugikorrik gabeko eskolak Brasilen

Gure bizitzetan pantailen inbasioa azkartu da azken urteotan. Euskal Herrian, alde batetik, “pantailak euskaraz” nahi ditugula diogu ikus-entzunezkoen eskaintza handitzeko, eta bestetik, antolatzen gara eskoletan askotariko pantailek irabazi dituzten eremuak... [+]


Hezkuntza sailari

Greba ataritan jaso nuen zuen e-maila, posta pertsonalean. Hasieran, beste askok bezala, grebaren aurrean ze aukera ditugun jakinarazteko zela pentsatu nuen. Baina ez, grebaren aurkako mugimendu politiko eta komunikatiboa zen jasotako e-maila.

Aitortuko dizuet ahozabalik utzi... [+]


2025-01-29 | ARGIA
Bi hamarkadatan euskarazko eta elebitako ikastetxeek gain hartu diete frantsesezkoei Ipar Euskal Herrian

Euskarazko murgiltze eredua eta eredu elebiduna duten ikastetxeak gutxiengo izatetik gehiengo izatera pasa dira Ipar Euskal Herrian hogei urteotan, Euskararen Erakunde Publikoaren azterketak erakutsi duenez.


Eskola kirola vs klubak eztabaida, pil-pilean

Kirol klub batean aritu nahi duen haurrak ez duela zertan Eskola Kirola egin dioen epaiari helegitea jarriko dio orain Gipuzkoako Diputazioak. Umeak nahi duen kirola aukeratzeko askatasuna batetik, helburu hezitzaile eta integratzaileak bultzatzen dituen eredua bestetik,... [+]


Lanbide Heziketako praktikak arazo-iturri izaten ari dira

Sistema duala abian da ikasturte honetan Hego Euskal Herriko Lanbide Heziketan, eta eredugarri saldu duten arren, arazotsua izaten ari da hainbat zentrotan: ikasle guztiek derrigorrezko praktikak egin ditzaten enpresak bilatzen “gorriak pasatzen ari dira” irakasleak,... [+]


2025-01-28 | UEU
Itsaso Bakedano Moreno
“Denok gara sexu-hezkuntzako erreferenteak”

"Sexu-hezkuntzaikasgeletatik haratago" ikastaroa emango du UEUrekin online Itsaso Bakedano Moreno (Baldorba, 1992) sexologoak. INCISEXeko Sexu-hezkuntza eta -aholkularitza masterra du, Biko Arloak-eko Training sexologia klinikoko formakuntza du eta Lanbide Heziketako... [+]


Bengoetxeak errektore kargua hartu du eta EHUren finantzazioak segitzen du izaten eztabaidagai

Aparteko iragarpenik egin gabe, "askatasun akademikoaren eta izpiritu kritikoaren" aldeko aldarria egin du Joxerra Bengoetxeak EHUko errektore karguaren zina egin duenean, Ajuria Enean: "Ebidentzia zientifikoak ukatzen dituztenen aurkako euste-horma izango da... [+]


Glutamatozko grebak

Eta beste urte batez, sindikatuek prefabrikatutako grebak antolatu dizkigute. Eta guk, indibidualki, erabakia hartuko dugu grebarekin bat egin ala ez, ikastetxean inongo asanbladaren beharrik gabe.

Niri irakatsi zidaten greba eredua jada ez dago modan, antza. Nire... [+]


2025-01-22 | ARGIA
140.000 eurorekin zigortu du Jaurlaritzak Zarauzko ikastola, ezarritako matrikulazio muga gainditzeagatik

Salbatore Mitxelena ikastolak 140.000 euro ordaindu beharko ditu, Eusko Jaurlaritzak Haur Hezkuntzarako ezarri dion matrikulazio muga gainditzeagatik, baina zortzi ikasleak mantenduko ditu, negoziazioen ondorio. Hezkuntza Sailaren erabakiak eta jarrerak salatu ditu ikastolak.


“Noizbait ere gauzak bukatu egin behar dira, konplitu dugu Argia Sariekin”

Behin batean, gazterik, gidoi nagusia betetzea egokitu zitzaion. Elbira Zipitriaren ikasle izanak, ikastolen mugimendu berriarekin bat egin zuen. Irakasle izan zen artisau baino lehen. Gero, eskulturgile. Egun, musika jotzen du, bere gogoz eta bere buruarentzat. Eta beti, eta 35... [+]


Hezkuntza publikoko lehen greba egunaren “jarraipen zabala” nabarmendu dute sindikatuek

Hezkuntza publikoko lehen bi greba egunei ekin diete EAEn. Asteazken eta ostegun honetan irakasleen txanda da, eta lehenengo egunaren jarraipena %75etik gorakoa dela adierazi dute sindikatuek: "Grebak jarraipen zabala izan du". Eusko Jaurlaritzak berriz, jarraipena... [+]


Oibarko ikastetxe publikoak D eredua izango du

Hezkuntza Departamentuak Oibarko ikastetxe publikoan D eredua ezarriko dutela iragarri du. Hilabeteetako protesten ondoren, euskarazko lerroa ezartzea lortu dute.


Eguneraketa berriak daude