Gosea ere bada gerrarako arma. Sirian, Bashar al-Assaden errepresio basatia batetik eta haren kontrako klase askotako gerlarien bortizkeria bestetik, setioaren erdian bizirauteko baratze batek zenbat balio dezakeen ikasi du siriar askok. Europatik baratzezainek haziak bidaltzen dizkiete, nekazaritzaren sehaska izandako Sirian falta direlako.
Tomas Alcoverro kazetariak, Ekialde Hurbiletik kronikarik mamitsuenak bidaltzen dituenak, idatzi du: “Siriako gerra bere izugarrikeria guztiekin ateak itxian ari da gertatzen. (...) Urte odoltsuak pasa behar izan dute pixkanaka azaltzen hasi arte zein konplexua den gerra hau, Siria eta Ekialde Hurbilarentzako hil ala bizikoa, Daesh edo Estatu Islamiarraren indar militar eta ideologikoa dela medio nazioartean ondorio mehatxugarriak dakartzana”.
Gerrarik gupidagabeena sufritzen ari diren siriarrei Europatik guk zertan lagundu, triskantzatik ihesi datozenei ongi etorria egiteaz edo errefuxiatu zelaietan ari diren GKEei dirua emateaz landa? Setiopean dirautenei haziak bidaltzen saiatzen dira nekazari eta ekintzaile batzuk.
Reporterre hedabidean kontatu dute Zoe eta Ferdinand Beau neba-arreben elkartasun ahalegina, “Graines et Cinema” deitua. Herriz herri doaz beren dokumental bat erakutsiz eta hurbiltzen zaizkien baserritar zein kaletarrei eskatuz barazkien haziak Siriara bidaltzeko.
2014an sei hilabete eman zuten Beirut ondoko Chatilla errefuxiatu gunean. Israelen babesean falangista libanoarrek bertan babestutako palestinarrekin egin masakreagatik munduan famatua den Chatillan gaur egun palestinar gutxiren ondoan siriar iheslari asko bizi dira. Chatillako eraikinen teilatuetan aritu ziren Zoe eta Ferdinand hiri baratzeak antolatzen eta bertan aterpetuek kontaturik ohartu ziren Sirian zein latza den gaur hazirik eskuratu ezina.
Europara itzulita, Beau neba-arrebek Frantziako hegoaldeko 17 departamendu korritu dituzte beren kamionetarekin hitzaldiak emanez. Confederation Paysanne sindikatuak –ELB euskalduna barne daukanak– eta Semences Paysannes hazi elkarteak lagundu diete. Ehunka kilo batu dituzte orain artean eta ametsa lukete Frantziako hazigileen eta Siriako baratzezainen artean elkartasun sare bat finkatzea.
Siriako hiri suntsituetan nozitzen den hazirik ezaz europarrak lehenbizikoz 15th Garden elkarteak ohartarazi zituen gerra eremuetatik 2013an. Lehenbiziko erantzunak Alemaniatik eta Greziatik jaso zituzten.
Siria izan baitzen Neolitoan nekazaritza sortu zeneko gune nagusia, bertako hazien balio genetikoa asko nabarmendu da prentsan. Alepoko hazi altxorra deseginik, nazioartean deiak entzun dira hango hazien kopiak ongi zaindu daitezen. Norvegian Svalbardeko biltegiak direnetik berreskuratu eta kopiatu beharra ere aipatu da.
Beau anai-arrebak, ordea, herritarren goseak ditu kezkatzen. Neurri batean bederen ase ahal izateko, historian gerra guztietan gertatu den moduan, erresistentziako baratze txikiak lantzen dituzte. Baina hazi egokiak behar dituzte, multinazionalen hibridoak baino hobe munduan zehar nekazariek zaindutako hazi zahar indartsuak.
Bildutako haziak Libano eta Turkian barrena pasarazten dituzte Beautarrek, batzuetan bidaiariek eramanik, sarritan iheslarien eta kontrabandisten bidez.
Zoek kazetariari esan dionez, “inportantea da hemengo jendeari erakustea gerra eremuetan bizirauten dutenak irudimenez ari direla ahalegintzen eta gatazka honetaz mintzatu gaitezkeela geopolitikarenak eta tragediazkoak ez diren bestelako neurrietan”.
“Damaskoko Yarmouk auzune desesperatuan barazkiak haztea hil ala biziko kontua da” idatzi du maiatzean Annia Ciezadlok Al Jazeeraren webgunean “A garden grows amid the daily dangers of a siege in Syria” titulua daraman kronikan.
Ciezadlok kontatu duenez, apirilean auzunea beren kontrolpean hartu zutenean Daesh Estatu Islamiarrak eta Al Nusra fronteak, mendean hartu zituzten aurreko bi urteetan Bashar Al-Assaden armadak setiaturik edukitako zibilak. 18.000 jende 2012ko abendutik eraikin birrinduetan artean bizitzen, gehienetan argindarrik eta gasolinarik gabe, 2014tik iturriko ura etenda. Azkenean apaiz musulman batek baimendu zien harrapatutako asto, katu eta zakurrak jatea.
Iheslari palestinarrentzako antolatutako auzunean urteotan gerrak etxetik kanpo ihes arazitako siriarrak pilatzen dira: “Setiaturik, lehenik erregimenak eta orain matxinoek, Yarmoukeko zibil ahaztuek borrokatu behar izan dute gosea den arma mediebalaren kontra erabiliz umorea, kreatibitatea eta oinezko herritarren erresistentziazko azken estrategia: baratzeak”.
2011ko martxoan hasirik Al-Assaden kontrako matxinada, berehala agertu ziren lehen errefuxiatuak Yarmoukera. Auzoan indarra hartu zuten Siriako Armada Libreko gerrillariek eta borrokan hasi gobernuaren militarren kontra. Al-Assaden MIG hegazkinek bonbardatu zuten auzoa eta setioa ezarri.
Soldaduek kontrolez ixten zuten eta dute auzunea. Hasieran egun pare baterako, gero lau egun edo aste beterako. Ezin pasa kilo bat janari baino gehiago. 2013ko uztailaren 21ean armadak erabat blokatu zuen Yarmouk.
Lehenbiziko negu hartan goseak hildako jendea ere izan zen. 2014ko negurako, ordea, auzotarrek eskarmentua hartu eta barazkiak lantzeari ekina zioten. Herri mugimendu sare aberatsaren jabe izana den Yarmouken, boluntario taldeak lugintzan hasi ziren.
Kaletarrak izaki, baserrietatik gerrak eta lehorteak ekarri miseriari ihesi iritsitakoekin ikasi behar izan dute. Hazi eta landare aukerarik gabe, lehenbizikoetan kale egiten zuten. Edo inguruko gosetiek ebasten zieten uzta heldu aurretik. Gehi armadako frankotiratzaileek erasotzen terrazetan eginez gero baratzeak. Engoitik ikasi dute ortu txikiak lantzen karrika bazterretan, bonbek lehertutako eraikinetan, patioetan...
2015eko apirilean Daesh Estatu Islamiarrak hartu du Yarmouken kontrola. Aurretik gogor borrokatu zituen Hamasen inguruko miliziak, hauek aldi berean Bashar Al-Assaden kontra ere gerran ari zirela. Gudu nahasi horretatik ihesi alde egin dute 4.000 jendek auzunetik. Armadak bezala islamistek hil dituzte auzoko mugimendu herritarren liderrak.
Damaskoko gobernuak gerrako armatzat erabili du herritarrak barne dituela hiri osoak blokatu eta elikadurarik gabe uztea. Gauza bera egin dute beste aldetik Estatu Islamikoak eta Al Nusrak.
Baina gosea siriarrentzako ez da setiopean bizi direnen afera soilik. Lehorteak estreina eta gerrak gero, Siriari elikadura sarea suntsitu diote. Hiri masakratuetan bezala errefuxiatuen kanpalekuetan baratze txiki bakoitza da bizirauteko esperantza bat. n
The reader knows that I am following closely the issue of the terrible attacks of 2015 in Paris, thanks to the media that I have at my disposal. Salah Abdeslam was the only survivor of the commands that led to the death of 130 citizens and his main burden of doing justice. He... [+]
Urtarrilaren 20an Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioaren menpe dagoen Hasake hiriko espetxeari eraso diote auto suizidekin, milaka islamista askatzeko. YPGk kontrola berreskuratu arren, tiroketek jarraitzen dute, Daex-eko zenbait kide ezkutatu baita.
Jose Manuel Villarejo espainiar polizia ohiak adierazi ostean Espainiako inteligentzia zerbitzuek 2017ko atentatuak gerta zitezen utzi zutela, Kataluniako Gobernuak zer gertatu zen ikertzeko exijituko dio Espainiako Gobernuari. Halakorik egin ezean, auzia nazioarteko... [+]