Arantza Quirogaren hitzak ez ziren oharkabean pasatu urriaren 2an Eusko Legebiltzarrean EH Bildurekin ere akordioetara heldu behar zela iragarri zuenean. Hizkuntza eta proposamen berriak zer ekarriko zuten ikusmin handia zabaldu zen eta Quirogak ez zuen huts egin: Askatasun eta Bizikidetza Lan Taldea sortzea Gasteizko Legebiltzarrean, behingoz ETArik gabeko egoerari benetan erantzungo liokeena, berbetan katramilatu barik, EH Bildurekin normaltasunez hitz egitea akordioetara iristeraino…
Euskal gizartea gatazkaz gero eta ahaztuago dagoela diote ETAren jarduera armatuaren amaiera eta normalizazio politikoa identifikatzen dutenek. Quiroga afera gisa ezagutuko den honek erabat gezurtatzen du normalizazio hori: bake prozesua eraikitzeko zirrikitu berri bat zabaltzeak lurrikara –gutxienez mediatikoa– txiki bat ekarri du euskal gizartera. Guztiz berria zen EAEko PPren eta Quirogaren doinua; zaharrak berri eta etsigarri Genovako erantzuna izan da, baina ezin engaina, ezustekorik ere ez du ekarri. Urriaren 6tik 7ra atzera egitera behartu zuen Quiroga.
Galdera airean da: sinesgarria da Genovak tutik ez zekiela EAEko PPko zuzendaritzak aurkeztu behar zuenaz? Ez. PPren gisako alderdi baten ibilbide historikoari begiratuta, ez da batere sinesgarria. Beste kontu bat da tartean zer gertatu den, batez ere Arabako PPk Quirogaren aurka hala jo dezan. Abenduaren 20ko Espainiako hauteskunde orokorren eragina hor da, PPren barruko desadostasunak ere begi bistakoak dira eta Arabako PPren mailukada ere bai. Azken finean, arabarrengatik ez balitz, PP ezer gutxi litzateke EAEn eta, oro har, Hego Euskal Herrian.
Quirogaren etorkizuna kolokan egon liteke EAEko PPko lehendakari gisa. Hala bada, nork ordezkatuko du? Gipuzkoar eta bizkaitarren aliantzak eraman zuen Quiroga lehendakaritzara, baina honek ordu arteko Iñaki Oyarzabal arabarra EAEko idazkari nagusi kargutik kendu zuenetik, Arabako PPk gertutik kontrolatzen du Quiroga. Espainiako osasun ministro Alfonso Alonso arabarrak eman dio kokotekoa oraingoan eta Maroto abizeneko beste arabar batek akaso bueltako norabidean hartu beharko du Madrildik Gasteizerantz, kaioaren norabidea Genovako haizearekin bat bideratzeko.
Edozein modutan, badirudi zerbait aldatzen ari dela PPren kobazuloan –sikiera barren-barrenean– eta jasotako aginte-kolpearen ondoren, Quirogak berak txiokatutako mezu batek biltzen du borondate hori: “Mozio honen espiritua helduko da. Modu egokian heldu ere, eta izango du bere unea. Ez da hau”.
Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez kalean dira jada, sei urteko espetxe zigorra osorik bete ondoren, zer eta ETAren jarduera armatuaren amaiera bideratzen laguntzeagatik. Arnaldo Otegi eta Rafa Diez espetxean dira oraindik, datorren apirilera arte lehena eta 2017ko irailera arte bigarrena.
Dena da ETA sarean harrapatuak beste dozenaka lagun ere espetxeratuak izateko arriskuan dira datozen hilabeteetan. Urriaren 19an hasiko da Askapenako bost kideren aurkako epaiketa. Venezuela, Bolivia, Palestina edo Kurdistanera nazioarteko brigadak antolatzea ETAk agintzen ei zien, Europan zehar bidaiak egitea ere bai, berdin munduko foro sozialetara joatea... Sei urteko espetxe eskaera Euskal Herrian, Frantzian edo Espainian beste hainbat taldek egiten duten berdintsua egiteagatik.
Azaroan, halaber, Batasuna, EHAK eta ANVko kide izateagatik 35 lagunen aurkako epaiketa egingo da Segurakoa moduan ezagutzen den auzian. Aipatu erakundetakoak zirenez, etakide ziren Auzitegi Nazionalaren arabera. Batasunako beste sei laguni hiru urteko espetxe zigorra jarri zien Auzitegi Nazionalak honen bikia den 35/02 sumarioan epaiatuak izan ondoren. Eta oraindik Estatuak bete gabe du auzi berean agindutako 100 Herriko Tabernen konfiskazioa. Gero etorriko dira, Ekin, Herrira edo presoen abokatuen aurkako epaiketen txanda, besteren artean.
Egungoa da Estatuaren legezko biolentzia hau, ez iraganekoa. Edo ez ote daude zanpatuak Otegi eta Diezen eskubideak une honetan bertan? Ez ote dute ezer gehiago esateko euskal instituzioek? Edo esan behar da justizia lanean utzi behar dela eta jakingo dutela zer egiten duten? Nork begiratzen du bestaldera orain?