Automatically translated from Basque, translation may contain errors. More information here. Elhuyarren itzultzaile automatikoaren logoa

"Jolasteko aukera izan dut filmean, narrazio klasikoa eta surrealismoa ezkonduz"

  • Aupa Etxebeste!, Txotx edota Bertsolari pelikulen egileak Amama du azken lana, urte askoan landutako gidoiaren emaitza. Gertutik ezagutzen duen baserri mundua, haren gainbehera eta hiritartutako belaunaldi gazteekiko haustura jorratu ditu Asier Altuna Izak (Bergara, 1969). Dagoeneko zigilu pertsonal bihurtu duen ukitu surrealista eta sinbolikoari tartea egin dio proiektu honetan ere.

Altunarentzat,
Altunarentzat, "pelikula hau oso pertsonala da, giro hori arnastu dudalako, oso nire mundua delako; haurtzaroa dakarkit gogora". (Arg: Dani Blanco)
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Baserri munduaren amaiera bizi dugu?

Azken gizaldietan ikusi dugun baserri mundu tradizionalarena bai, nabarmen. Haustura eman da belaunaldiotan, baina mundu hori eraldatu egingo da. Bizitzeko, izateko eta pentsatzeko modu bati omenaldi txiki bat egin nahi izan diot batetik, beti izan dudalako horretarako gogoa, eta horrez gain adierazi nahi izan dut haustura egon arren (eta normala da, gauza onak eta txarrak dituelako mundu horrek), ondare eta jakituria horren transmisioa ez dela eten. Pelikulan zehazki, amamaren eta bilobaren bitartez. Mundu baten amaieratik sortuko da berri bat.

Baserriaren eta hiriaren arteko talka horretan, nola aurkitu oreka, iraganean iltzatu gabe, baina hari uko egin gabe?

Aurrera eginez, baina atzera ere begiratuz. Amaiak esaterako, pelikulako protagonistak, artea erabiltzen du horretarako. Haustura ez da soilik fisikoa, baserria fisikoa da, baina munduan kokatzeko modua ere aldatu da, zentroa non jartzen dugun. Tomas [Amaiaren aita] baserritar peto-petoa da, baserriak ematen dio babesa, ekonomikoa eta espirituala, familiari garrantzi handia ematen dio… Amaiak ere sentimendu horiek baditu (babes sentimendu hori, komunitatearen zentzua…) eta pentsa daiteke hainbeste urtez baserrian jorratutako balore horiek hirian mantenduko dituela, modu batera edo bestera. Transmisio kate horrek jarraipena izango duela.

“Amama gure memoria da”. Pertsonaia boteretsua, amama.

Orain dela 80 amama Neolitikoan bizi ginela dioen Oteizaren esaldiak ezinegon handia sortu dit beti, baina modu batera edo bestera lasaitu ere egiten nau. 5.000 urte asko dira, gauza asko gertatu dira, baina aldi berean, 80 amama ez dira hainbeste; hori da nire irakurketa. Pelikulan ere, arbaso horien guztien arima sinbolizatzen du nolabait, misterio handia transmititzen du, susmoa…

Pertsonaia nagusiak Tomas (Kandido Uranga) eta haren alaba Amaia (Iraia Elias) dira, mundua ikusteko bi modu.

Pelikularen pisua daramate, aktoralki bakarrik ez, baita filmaren egiturari begira ere: hasiera Amaiaren ikuspuntutik dago kontatuta eta narrazio koloretsua da, estetikoki polita, sortzailea, musika askorekin… Gero, aitarekin apurtzen duen unetik, Tomasen ikuspuntura igarotzen gara eta planoak finkoagoak dira, erritmoa geldoagoa da, kasik ez dago hitzik, isiltasuna da nagusi… Gidoia idazten ari nintzela aktoreetako bi argi neuzkan: Kandido Uranga eta Klara Badiola [Isabel, Tomasen emaztea]. Kandidok daukan presentzia, bere ahotsa… Asko miresten dudan aktorea da, pertsonaia hau antzezteko ezin hobea. Iraia berriz, senak eramanda hautatu nuen. Pelikula egiten noan heinean erabakiak hartzeko libre sentitzea gustatzen zait eta antzezlan batean ikusi nuen Iraiak, pertsonaiarako fisiko egokia izateaz gain, oholtza gainean indar handia duela, pelikularako primerakoa zela.

Baserriak imajinario oso bat dakarkigu gogora. Zinematografikoki ere potentea da baserria.

Naturaren erdian egon ohi da baserria eta naturak berez du estetika eta dramatismo izugarria. Natura behatzen eta naturaren aldaketak islatzen saiatu gara: uztailean errodatu genuen lehenengo eta udazkenean gero, baso, baratze eta arbolen aldaketa erakusteko. Baserriak berak konta dezake asko edo ezer ez, egungo baserri ugarik ez duelako ezer kontatzen, baina filmerako hautatu genuenak bai: Errezilgo Eitzeta baserria. Teilatua ez dauka aldatuta eta testura berezia du, berdin paretek, ateek… Oholen zirrikitu horiek guztiak gai dira irudi bakar batekin dena kontatzeko; kamera ipintzen genuen lekuan ipinita, beti zeukan zer kontatua, begirada bakarrean transmititzen dizu baserri handi eta eder izandakoa, bertakoek alde egiten dutenean, jausi egingo dela, edo beste zerbait bihurtuko. Hiria gutxiago agertzen da filmean, baina hiriko hainbat planok naturaren irudiarekin egiten duten kontrastea polita da.

Oteiza aipatu duzu. Zein erreferentzia izan dituzu, iruditeria hau osatzeko garaian?

[Julio Medemen] Behiak pelikula izugarri gustatzen zait, baita Bixente Ameztoiren surrealismo etnografikoa, nolabait esatearren. Oteizak 80 amamen esaldia eman dit, eta Kirmen Uriberen poema batetik abiatu nuen trama, aita eta alabaren arteko inkomunikazioa oso modu poetiko eta sinplean azaltzen duelako. Irudiek iradokitzen zizkidaten bestelako ukituak ere badaude, Sarrionandiaren abesti bat… Ez modu nabarmenean, baina detaileak. Detaile txiki baten bidez dena kontatzea ederra da.

Baserri mundu tradizionala aurretik ere irudikatu izan duzu, hala nola Txotx edo 40 ezetz laburretan. Beti ere, ikuspegi topiko-erromantikotik urrundu eta hankaz gora jartzeko.

Pelikula honetan denetik dago. Belarretako sekuentzia ederrek esaterako haurtzarora naramate, baina dena ez da egutegietako irudi bukolikoa, eta nire imajinarioa batez ere oso surrealista izan da beti, pozik nago filmean surrealismo hori sartzea lortu dudalako.

Surrealismoa, sinbolismoa… narrazio tradizionalarekin uztartu duzu, kontatzeko modu indartsuagoa delako?

Niretzat zinema egitea jolasa ere bada eta libre sentitzen naiz. Pelikula txukun eta indartsua egin nahi izan dut, ikuslea harrapatzeko. Eta jolasteko espazio libreak mantendu nahi izan ditut, pantailan harrituko zaituen zerbait irudikatzen duten pelikulak direlako gehien maite ditudanak. Irudi hori gai izatea pelikula bat gogora ekartzeko, gauza handia da. Nik hori bilatzen dut, modu oso kontzientean ez bada ere. “Irudi hau sartu egin behar dut” sentitzen dut, indar bat hauteman dudalako, sarri taldea kontra badut ere, esperimentu horiek ez direlako beti ongi etorriak. Defentsibarako pelikulak egiten dira gaur egun, segurutik jotzen da eta halako irudiak planteatzea ez da erraza, baina ni eroso sentitzen naiz esperimentazio eremu horretan. Gainera, nahi dudan zinema egiteko espazio libre hori aurkitu dut eta barrutik atera zaigun pelikula egin dugu, beldur barik, intuizioz. Alde horretatik, filma muntatzea luxua izan da, ondo pasatzeko eta jolasteko aukera, narrazio klasikoa eta surrealismoa ezkonduz.

“Ikusten ez dena, azpitestua, da zinemaren magia, irudiekin beste zerbait kontatzea”. Hala adierazi zenidaten elkarrizketa batean Telmo Esnalek eta zuk.

Sekuentzia baten atzean dagoen mezua, esplizituki kontatzen ez dena da inportantea, baina hori gehienbat gidoian finkatu behar da eta zaila da antzematea. Ni gidoia aldatzen joan naiz, dialogoak kenduz eta hitzen ordez hori bera irudi edo begirada bidez kontatzeko helburuz. Eta hori lortzen baduzu, plazer izugarria da, pelikula askoz ederragoa eta poetikoagoa geratzen da, unibertsalagoa. Istorioa ulertzeko eta jarraitzeko dialogorik behar ez duen pelikula zoragarria da. Baina hori lortzea da zailena.

2011ko elkarrizketa hartan beste zerbait ere komentatu zenidan: asko kostatuko litzaizukeela umoretsua ez den film bat egitea.

A bai? Kar, kar, kar… Ba orduan zahartu egin naiz. Faseak daude, eta egia da pelikula hau hastapenetan komedia bat zela, baina une honetan gaiari modu intimoagoan, sentiberagoan heldu nahi izan diot. Oso gustura sentitu naiz istorio hau horrela kontatzen. Eta tira, gehiago ez dut esango horrelakorik, “halako ez dut egingo”, ezin delako jakin, eta gauza berrietara zabalik egotea hobe delako. Oraintxe bertan behintzat jarrera hori daukat, gauza berriak egiteko gogoa, eta hurrengo pelikula oso ezberdina egitea gustatuko litzaidake.

"Istorioa ulertzeko eta jarraitzeko dialogorik behar ez
duen filma zoragarria da. Baina hori lortzea da zailena".

Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialen lehiatuko da Amama. Iaz hori bera lortu zuen Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak filmarekin konparaketak saihestezinak izango dira?

Saihestezina da dagoeneko, elkarrizketa guztietan galdetzen didate-eta. Loreak moduko aurrekaria izatea ona da, konplexurik gabe joateko Zinemaldira: guk ez daukagu konplexurik, ahalik eta zinemarik onena egiten saiatzen gara; baina beste batzuek badituzte, eta iaz ikusi genuen. Euskal film bat lehiatzen aritzea Donostiako Zinemaldiak hemengo zinemari ordaindu beharreko bidesaria ez ote zen aipatzeraino. Gero, onarpen handia izan du Loreak pelikulak, baita hemendik kanpora ere, eta bigarrena izateak bidea erraztuko digu; ziurrenik, eurak erantzun behar izan zituztenak baino galdera gutxiago erantzun beharko ditut. Bestalde, luxua da Donostian lehiatzea, ez da erraza, ez da urtero gertatuko euskal pelikula bat Sail Ofizialean izatea, eta oso pozik nago.

Txintxua ekoiztetxea sortu zenuten 2008an. Proiektu pertsonalak egiteko aukera handiagoa ematen du horrek?

Bertsolari dokumentala egiteko sortu genuen ekoiztetxea, prozesu guztia guk kontrolatu nahi genuelako hasieratik bukaerara eta batez ere ekoiztetxe bat atzean ez baduzu ezin duzulako pelikularik egin Euskal Herrian, fiskalitate kontuetarako, finantzazio akordioetarako, eta abar. Marian Fernandez da produkzio lanetan gehien aritzen dena eta estilo berezia ematen die pelikulei, segurtasuna ematen digu, zuzendariak urruti joaten garenean jaisten laguntzen digulako. Modu xumean aritzea da gure filosofia, txikitasun horretan produktua asko zainduz eta pelikula txukunak egin nahian, beharretara egokituak: ez oso zaratatsuak, baina gure marka eta estiloa daramatenak. Eta lagunartean eginak, gertuko lantaldearekin. Etxeko jakien antzera, su txikian eta mimoz.

Zure pelikuletako asko Telmo Esnalekin batera zuzendu dituzu. Alde onak eta txarrak izango ditu bakarrik aritzeak.

Alde onak, erronka baten aurrean bakarrik egotea ederra dela, hori ere bizi behar dela. Pelikula hau, gainera, oso pertsonala da niretzat, giro hori arnastu dudalako nire bizitzaren parte inportante batean, oso nire mundua delako; haurtzaroa dakarkit gogora. Eta txarrak, Telmo alboan izatea sekulakoa dela, asko ikasten duzu, barre egiten duzu, segurtasuna ematen dizu… eta pelikula partekatzea ere gauza handia da.

Esnalekin batera zuzendu zenuen Aupa Etxebeste! (2005) eta mugarri izan zen euskal zineman. Asko aldatu dira eta aldatu zaizkizu gauzak ordutik?

Zinema egiten jarraitzen dugu, hori da inportanteena, heldutasun maila bat hartu dugu eta Aupa Etxebeste! egin zuen lantaldeak ere heldutasuna lortu du: gaur egun hemen dauzkagun teknikariek duten lan gaitasuna izugarria da eta lagunarteko giroa arnasten da, familia giroa, eta azken emaitzan igartzen da hori, jendeak kariñoz egiten duela lan, proiektuetan dena emanez. Finantzazioan, beste fase batera pasatzeko garaia da. Aupa Etxebestetik hamar urte igaro dira eta berdin nago, hurrengo pelikula ateratzea zenbat kostatuko zaidan jakin gabe. Proposamen oso potenteak dituen jendea dago, proiektua ezin aurrera atera, eta pena ematen dit; Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak jarrera aldatu beharko luke, Frantzian ematen dituzten erraztasunen antzera emateraino. ETB aliatu handia da, baina administrazioak ere esku hartzea falta da, ez gaitezen egon beti Espainiara begira. Eta oso diru kopuru txikiaz ari naiz, jarrera aldatzea da kontua.

 


You are interested in the channel: Zinemaldia 2015
Josu Martinez
"Agian itsusi ikusten gara ispilu horretan, baina izan garena erakusten du filmak"

Euskarazko lehen filma da Gure Sor Lekua, 1956an filmatua. Desagertutzat genuen pelikula aurkitu eta ikerketa lan hori lehenik doktorego tesian eta ondoren dokumental batean jaso du Josu Martinez bilbotarrak. Barrura begiratzeko leihoak edota Sagarren denbora filmen egileak... [+]


2015-10-08 | Myriam Garzia
Ander Lipus
"Sail Ofizialean euskarazko bi film urtero, zergatik ez?"

Amama filmaren aurkezpen lanak eginda, antzezlan berria prestatzen ari dela hartu gaitu Ander Lipusek Kultur Leioan, Artedrama plataformaren egoitzan. Xabierren papera egin du Asier Altunaren filmean eta, aitortu digunez, zineman lan egitea arrotza ez bazaio ere, berarentzat... [+]


Lan ezkutua

Filmetako soinu-bandak konposatzea ez da oso elikagai konpletoa musikariaren autoestimua asetzeko. Beti irudia azpimarratuz, askotan pelikularen giroa ez litzateke lortuko musika egokirik gabe, baina aitortu behar da ikuslea gehienetan ez dela horretaz jabetzen. Lan ezkutu,... [+]


Donostiako Zinemaldia
Zine lokala, zine globala

Baserri mundua ez ote den oso gurea, oso lokala, atzerriko begiradatik ondo ulertzeko. Zalantza hori agertu du zenbaitek Asier Altunaren Amama filma dela-eta. Ziurrenik, euskal kulturari eta imajinarioari lotuta pelikulak dituen erreferentzi guztiak ez ditu deszifratuko... [+]


Zine lokala, zine globala

Baserri mundua ez ote den oso gurea, oso lokala, atzerriko begiradatik ondo ulertzeko. Zalantza hori agertu du zenbaitek Asier Altunaren Amama filma dela-eta.


Islandiako lezioa

Sparrows ekoizpen txikia dela seinalatu dute eta egia da. Baina beste jolas dibertigarrietan ez bezala, zeluloidearekin zerikusia duen honetan tamainak ez du hainbeste inporta. Bost axola 320.000 hiztunek bakarrik darabilten hizkuntza batean errodatu izana ere.


‘Sparrows’ film islandiarrak irabazi du Urrezko Maskorra

Rúnar Rúnarsson zuzendari islandiarraren Sparrows filmak irabazi du film onenaren Urrezko Maskorra Donostiako Zinemaldian,.


2015-09-26 | Gaizka Izagirre
Zinemaldia 2015: kronika azkar bat

Zortzi egunetan urduritasuna, nekea, gozamena, pasioa, ilusioa, tristura eta barrea eskaini dezakeen sentimenduen irabiatu-kontzentratu zoragarria da Donostiako Zinemaldia.


London road | Ariketa zailegia

Lehiaketa ofizialetik kanpo dagoen film britainiar honek ez dit lagundu musikalak gehiago estimatzen, arriskuak hartzeko prest dagoen proposamen batekin huts egin duela iruditzen zait.


Les démons | Haurtzaroko ezinegonak

Les démons filmean denak dirudi arrunta: klase ertaineko auzo bat, problema arruntak dituen familia bat, nerabe arruntak, eskola arrunta… 10 urteko Félix protagonista da normaltasun horretan deseroso dirudien bakarra.


Black Mass | Gangsterrei buruz dagoeneko bagenekiena

Bostonen kokaturiko thriller mafiosoa da Black Mass, eta generoaren barruan ongi mugitzen da, baina ez du bestelako ekarpenik egiten. Sentsatzioa dugu hamaika aldiz ikusitako trama, eszena eta diologoak errepikatzen dituela, Martin Scorsesek zuzenduriko pelikula baten bertsio... [+]


2015-09-25 | Gaizka Izagirre
Parasol | Bakardadeari buruzko triptiko eskasa

Oporrak. Mediterraneoko uharte bat. Udara amaitzear da eta turismoaren azken kondarrak besterik ez dira geratzen.


Xiang bei fang | Hildakoak ere aspertzeko modukoa

Zuri-beltzean errodatua, argazkia da filmeko gauzarik interesgarriena. Makalune gehiegi ditu ordea, ikuslearentzat ezer interesgarria eskaintzeko.


Un dia perfecte per volar | Festibal osoko film txikiena

Oso istorio txikia kontatu du Marc Rechak Un dia perfecte per volar lanak irauten duen 70 minutuetan. Hain txikia, agian material horrekin film laburra egitea izango zela aukerarik zintzoena.


Son of Saul | Ahaztu holokaustoaz orain arte ikusitakoa

Ahaztu holokaustoaz ikusi dituzun filmak, Auschwitzeko kontzentrazio esparruan barneratu eta ikuspegi ezohikoa eskaintzen baitu Saul fia (Son of Saul) pelikulak, bai edukian, bai forman.


Eguneraketa berriak daude