Versailles, 1789ko irailaren 11. Batzar Nazional Konstituziogileko ia 1.200 kideak, jauregiko Menus-Plaisirs areto itzelean bilduta, Konstituzioaren artikulu bat eztabaidatzen hasi ziren: parlamentuak onartutako legeei betoa jartzeko eskubidea al zuen erregeak?
Bizpahiru hilabete lehenago, ekainaren 17an, Batzar Nazionala eratu zen eta handik gutxira, uztailaren 9an, legeria berriaren premia ikusita, Batzar Nazional Konstituziogilea. Eta horretantxe ari ziren iraileko egun hartan, konstituzio berriaren edukia zehazten. Gai korapilatsua zen egun hartan egokitutakoa, finean, erregeari eman behar zitzaion boterea baitzegoen jokoan. Batzarreko lehendakaritzaren mahaiaren inguruan batzuk eta besteak iritzia ematen hasi ziren eta taldetxoak osatuz joan ziren. Batzuek ez zuten aldaketa nabarmenik nahi, absolutismoari eutsi nahi zioten. Lehen eta bigarren estatuko ordezkariak ziren gehienbat, kleroa eta noblezia, alegia. Beste batzuek, aldiz, hirugarren estatuko ordezkariak izanik, Luis XVI.aren boterea ahalik eta gehien mugatu nahi zuten, herritarren ordezkarien mesedetan.
Pixkanaka bi iritzi eta bi multzo nabarmendu ziren bilera jendetsu eta zalapartatsuan. Aretoaren eskuinaldean kontserbadoreenak bildu ziren, monarkiarekin bat zetozenak, ordura arte erregeak –eta beraiek– izandako botereari eta pribilegioei eutsi nahi zietenak. Aldiz, ezkerraldera joan ziren aurrerakoienak, monarkia abolitu eta errepublika ezarri nahi zutenak, edo gutxienez koroaren botere absolutua neurri batean edo bestean mugatu nahi zutenak.
Inork ez zien esan zer egin behar zuten edo aretoaren zein alde zegokien. Banaketa ezustean eta naturalki egin zen, gerora izango zuen eragina jakin gabe.
Urrian, gortea Versaillesetik Parisko Tulleries jauregira aldatu zen. Batzar Nazionalak “erregea eta herritarren ordezkariak bereizezinak” zirela erabaki zuen, momentuz behintzat –aurrerago, erregearen gorputza eta burua guztiz bereizgarriak zirela erabakiko zuten–. Horrenbestez, Batzar Nazional Konstituziogilea Parisera aldatu zen. Baina han sortutako eskuinaren eta ezkerraren arteko bereizketa ez da gaurdaino aldatu.
Paris, 1667. Luis XIV.aren erregeldian, Colbertek hiriburuko polizia lotinantaren postua sortzeko agindua eman zuen.