“Atertu arte itxarotea proposatu duzu; barre egin dizut, inuzente halakoa”. Horrela agertzen zaigu liburu honen izenburua testuan. Protagonistak liburua idazten ari den Ulia mezzo-soprano gasteiztarra eta Avilako Gustavo unibertsitateko irakaslea dira. Madrilen bizi da bikotea eta oporretan Euskal Herrian zehar kotxez bidaiatzea erabaki du, On the Road edo Beribilez lanak eredu hartuta.
Bidaia ez da bakarrik denboran eta espazioan gertatzen den mugimendu fisikoa, bilaketa, ihesa edo memoria ariketa izan daiteke, kasu honetan hirurak. Euskal gatazkari begiratzeko beste saiakera bat, bakezaletasuna ardatz duena. “Memoriaren barrunbeetan” sartuko da protagonista, maila pertsonal eta kolektiboan bizi (izan) dituen gatazkei buruz hitz eginez. Plano batean bikotearen eta familiaren gorabeherei buruz arituko zaigu eta beste plano batean “aktualitatea”-ren bilakaera agertuko zaigu, bi planoen arteko joan-etorriekin. “Tira, gure istorioan bonbak daude, eta hildakoak. Horrek egiten du agian diferente. Komedia erromantikoetatik diferente, esan nahi dut, ez munduan barrena suertatuko diren hamaika maitasun istorioetatik diferente”.
Pertsonaien gatazken barruko eta kanpoko begiradak emango zaizkigu, diskurtsoa, identitate eta jarrera anitzak eraikiz: ni eta zu ditugu, baina gu ere badugu. Baina nor da gu? Batzuetan bikotea, besteetan aberria. Bestea(k) nor d(ir)en ere aldatzen doa testuan zehar: belaunaldi, sexu edo genero bizipen, lanbide eta zaletasun desberdinak dituztenak agertzen zaizkigu “exotiko”. Adibidez, Sarah kazetaria (“Beldurra ematen didate tabernetan bakarrik edaten duten emakumeek”), Joseba aitaordea (“Ez nago ohituta beren bihotza parez pare zabaltzen duten gizonekin”), edo Benjamin Britten eta Peter Pears musikari bakezale eta gay-ak.
Bidaia baterako gonbitea, beraz. Eta irakurketari hasiera emateko (eta kritikari amaiera) bidaia intertestual txiki bat proposatzen dizuegu: 1) Pasarte batzuei darien ironia –Karmele Jaioren azken lanean antzeko umorea topatu genuen–. 2) “Marmotaren eguna” edo “Wild wild west” esaera ezagun eta erabiliek zinema estatubatuarrera garamatzate, honen eragina agerian utziz. 3) Ione Gorostarzuren Maite ditut zakilak gogorarazi digu protagonistak bere bikotearen zakilari buruz esandakoak. 4) Bip egiten duen makina ere agertzen da, nahiz eta segur aski ez duen Monty Python-ekoek zuten helburu komikoa. 5) JK kokteleriari buruzkoek Danele Sarriugartek Zulo tabernari buruz kontatutakoa berritu digute, idatziz jasota geratuko den Bilboko mikro-historia. 6) Eta amaitzeko BMV autoa eta honen iragarki ezaguna: “Te gusta conducir?”, abentura hau girotzera datorrena azaleko iruditik bertatik.