Nazioarteko bidaien maiztasuna gero eta handiagoa da. Krisi ekonomikoa gori-gorian egon arren, %5-7 gehitu dira iaztik hona. Eta bidaien epidemiologia ere aldatu da oro har: behinola nagusi izandako gaixotasun parasitarioek behera egin dute, eta gaitz birikoek, aldiz, gora. Baina kontua ez da beldurra zabaltzea, informazioa ematea baizik, hura baita osasun erremintarik onena.
Kontuan hartu beharreko aurreneko gauza da ea bidaiariak gaixotasun kronikorik ba ote duen. Hala balitz, tratamendua egiteko behar adina hornidura eraman beharko du, izan ere agian doan lekuan botika horiek ez baitira hain erraz eskuratzeko modukoak izango. Eta botikinean txosten medikoak eta errezetak eramatea ere komeni da. Botikak jatorrizko ontzian eraman behar dira, narkotikotzat edo leku horretan debekatutako botikatzat har ez daitezen. Bidaia luze samarra baldin bada, botikak aldean eramatea gomendatuko nizueke, ez maleta barruan edo botikinean txukun-txukun gordeta, gerta daitezkeen era guztietako ustekabeak saihesteko.
Behin gure bidaiaren norakoa erabaki ondoren, komeni da medikuarengana joatea, zer nolako prebentzio neurriak hartu behar diren jakiteko, eta bidaian zehar zer jan-edanek kalte egin diezaguketen argi edukitzeko. Gaur egun txerto ugari daude, nazioarteko bidaiei ekin aurretik jarriz gero, gerta daitezkeen kalteak aurrez eta errotik moz ditzaketenak. Horregatik, txertaketa-egutegiak bidaiariaren adina eta bidaiaren norakoa kontuan hartuta eguneratua egon beharko luke.
Hurrengo aholkua ez da botika bat, zentzu hertsian, baina aditu guztiek osasun-estaldura emango digun bidaia-aseguru bat kontratatzea gomendatzen dute, goazen urruneko leku horretan asistentzia sanitarioaren premian gertatuz gero erabili ahal izateko.
Botikinean, bestalde, eltxoak eta bestelako intsektuak uxatzeko produktu eraginkorrak eramatea komeni da. Lozioak dira eskura dauzkagun produkturik kontzentratuenak; ez dira uretan erraz disolbatzen –hori aldeko faktorea da– baina, aitzitik, lehenago agortzen dira sprayak eta bestelako prestakinak baino. Ebidentzia zientifiko guztiek diotenez, eskumuturrekoek eta ultrasoinuzko gailuek ez dute aparteko eraginik.
Botikinean badira, aurrekoez gain, beste hainbat ezinbesteko botika ere: eguzki-babesak, analgesikoak eta antiinflamatorioak –sukarra, buruko mina edo min muskularrak agertuko balira–, lehen sendaketak egiteko aposituak, azaleko baben kontrako partxeak, tiritak, eguzki-erreduren kontrako kremak, antihistaminikoak –inoiz alergia arazoren bat eduki baldin baduzu–, eta kortisona duen kremaren bat, larruazaleko ziztada edo erreakzio alergiko arinak tratatzeko. Ahotik errehidratatzeko gatzak eta bidaiariaren beherakoaren kontrako antibiotikoren bat gehitzea ere ez legoke gaizki, goazen leku horretan elikadura kontuak zorrotz bete ahal izango ditugulako segurtasun osoa ez badaukagu behintzat.
Bidaia exotikoren batetik bueltan sukarra agertuko balitz, ez da zalantzarik ere egin behar: larrialdi medikotzat hartu behar da. Larrialdietako zerbitzu batera jo behar da, aurreneko hamabi orduetan ahal izanez gero, eta bertan artatuko gaituen medikuari adierazi zona tropikal edo endemiko batetik gatozela, malaria arriskua saihesteko batez ere.
Etxera itzulitakoan ez bada sukarrik agertzen, ez dago zertan osasun azterketa berezirik egin. Hala ere, denboraldi bat normal pasatu ondoren gaixotzea, kanpoan egindako egonaldia luzea izatea edota bertan arrisku jarduerak egin izana lirateke osasun azterketa egiteko arrazoi bakarrak.