Futbolariekin akaso bai baina Castor gas biltegiarekin negozio txarra egin duenik ezingo dio inork aurpegiratu Florentino Perezi. Espainia gasez hornitzeko azpiegitura bikaina izan behar zuena antolatu, Estatua sartu inbertsioan eta alferrikako gastua dela ikusitakoan kalte-ordain galantak kobratu. Zor publiko handiak lapurretaz egiten dira.
Europako Arartekoak ikertu behar du zer gertatu den Tarragona eta Castellóko uretan, Ebro ibaiaren deltaren parean, Castor gas hobiarekin Espainiako Estatuak bereganatu duen zor erraldoiarekin.
Berdeen taldeko Ernest Urtasun europarlamentariak defenditurik, Europako Legebiltzarrak maiatzaren 3an gehiengoz onartutako erabakiak dio: “Eskatzen diegu Europako Batzordeari eta Europako Inbertsioetarako Bankuari neurriak hartu ditzatela Espainiako herritarrek pagatu behar izan ez ditzaten 1.300 milioiko kalte ordainak, defizit publikoa handituta edo energiaren prezioak garestituz, penagarri ebaluatutako proiektu batengatik”.
Real Madrideko presidente izateak munduan ospetsu bilakatu duen Florentino Perez eta bere ACS eraikuntza eta energiako korporazioa dira iruzur handi honen protagonista nagusiak. Legez ondo apaindutakoa, bai, baina gertutik erreparatuz gero iruzurra.
%66,6an ACSrena den Escal UGS konpainiari 2014ko urriaren 3an 1.350 milioi euroko kalte-ordainak aitortu zizkion Madrilgo gobernuak, ministro zelarik Jose Manuel Soria. Hilabete eta hamar egun beranduago, Escal UGSk kobratu zituen sosak eta... aio, Pelaio!.
Asko dira 1.350 milioi euro –antzinako 225.000 milioi pezeta inguru– ezertarako balio ez duen obra baten kalte-ordaintzat. Baina herritarren zergekin 2044a arte luzatuko den ordain epean, interesak kontatuz, 4.700 milioi bihurtuko dira, gaiaren inguruan adituen kalkuluetan. Dirutza itzel hau zergekin eta energiaren fakturetako propinarekin pagatuko dute herritarrek.
Orain Castor izenez deitua urte luzez Amposta deitzen zen, bertatik petrolioa ateratzen zuten garaietan, Ebro ibaiaren delta aurrean. Espainiaren erregai kontsumoa bermatzeko primerako azpiegitura izatekoa zen. Itsas hondoaren azpian, 1.800 metroko sakoneran, bertatik hustutako petrolioak utzi lekuan 1.300 milioi metro kubiko gas metatu ahal izango zen, urrutietatik ekarririk, gero hemendik Mediterraneoko kostaldean banatzeko.
Hasi ere hasi ziren gasa injektatzen zorupean, harik eta inguruetan lurrikarak gertatu artean. Hasieran katastrofisten beldurrak omen zirenak, azkenerako zientzialariek berretsi zituzten: Castor hobia gasez bete ahala ugaritzen ziren lurrikarak. Ehunka lurrikara –700– egun gutxitan, batzuk Richter eskalan 4,7 gradukoak, sismologoen esanetan horrelako fenomenorik kasik ezagutzen ez den lurretan.
Hiru erreaktore nuklear daude Castorren inguruko 100 kilometroen barruan. Gehi Tarragonako petrokimika usina handiak. Ahaztu gabe turistaz mukuru betetako hondartza eta hiriak. Azkenerako, bertan behera geratu zen Castor operazioa.
Dardarak amaiturik aferaz ahaztu ziren herritar gehienak. Ez ordea Escal UGS eta Florentinoren ACS. Europak estrategikotzat jotako inbertsio batean sartzeko berme handiak eskatu zituztenez, horiek exekutatu dituzte: negozioa ondo baldin badoa etekinak, eta negozioa edozer dela ere eten egin behar baldin bada, kalte-ordainak. 1.350 milioi. Dardarka jartzeko moduko zor publiko berri bat bereganatu dute herritarrek.
Castorrek ezkutatzen duen eskandalua salatu du Counter Balance - Challenging Public Investment Banks (Kontrapisua, inbertsio banku publikoei hortzak erakutsi) koalizioa. Zor publikoaren mekanika aztertzen duen taldearen kideen artean dago Kataluniako Globalizazioaren garaiko Zorraren Behatokia (ODG katalanezko sigletan).
Counter Balancek erakutsi du Castorrena dela finantzen krisi garaian inbertsioak egiteko Europar Batasunak asmatu duen ildo berriaren lehen adibide eta lehen porrota. Lehentasunezko inbertsio estrategikoetarako bankuetatik nekez lortzen denez dirua, proiektuak bonu jaulkipenez finantzatzen dira, zor publikoa jaulkiz. “Kiebran sartuz gero, aginte publikoei dagokie inbertsiogile pribatuek hartutako arriskuak amortizatzea. Adibide espainiarrak [Castor] atzean gordetzen du finantza europarren mekanismo eskandaluzko bat”.
Lisboako 2007ko Itunak dio “energiazko horniduraren segurtasuna” dela Europar Batasunak energiaren alorrean dauzkan helburuetan bigarrena. Europa atzerriko inportazioen oso menpe bizi da: kontsumitzen duen gasaren %60 eta petrolioaren %80. Atzerritiko horniduraren etenak arrisku handia dira Europarentzako. Horregatik lehenetsi du erregai fosilak metatzeko hobi eta biltegiak antolatzea.
Castor izan da Europar Batasunak project bonds sistemarekin sortzen lehena. Europak berriro hazkunde sendo batera itzuli nahi du autopistak, trenbideak, energi sare eta gas hodiak, sare digitalak eta abar eraikiz, baina aldi berean administrazio publikoen aurrekontuetan austeritateari heltzen jarraitzea erabaki duenez, azpiegitura handiak finantzatzeko inbertsiogile pribatuetara jotzen du (pentsio funtsak, inbertsio funtsak, aseguruak...) obligazioak jaulkiz. Hots, uko eginez estatuen diru sarrera berriak sortzeari –zergak barkatuz aberatsei eta korporazioei– epe luzerako zor publiko handiagoetan murgilduz.
Horri gehitu behar zaio proiektuen bideragarritasuna bermatu behar duten adituen utzikeria batzuetan eta ustelkeria beste askotan. Politikatik enpresarako eta alderantzizko bidean revolving doors ate birakarietan espezialista direnen esku dago sarri proiektuon ebaluazioa.
Castorrez ari garela, hedabide handiek proiektua jendeari saldu ostean, hobiak lurrikarak ekar zitzakeela ziotenei iseka eginda, promotoreak saiatu ziren Banco Santander sartzen operazioan. Honek uko egin zion, oharturik inbertsioa pagatzeko etekinik ez zutela izango. Orduan promotore pribatu eta publikoek Europako Inbertsioetarako Banku publikora jo zuten. Honen 500 milioi euroko maileguaren bermea lorturik, 2013ko uztailean jaulki zituzten inbertsiogileen merkatura bono edo obligazioak, azkenerako 1.400 milioi saltzea lortuz, %60 pentsio funts, inbertsiogile eta aseguru korporazioei.
1.300 milioi metro kubiko gas metatu behar zituen hobi erraldoian lehen 100 metro kubikoak sartu orduko hasi ziren lurrikarak. Lanak geldiarazi zituzten 2014ko urrian. Fitch eta Standard & Poor’s agentziek project bond famatuak junk bond izendatu zituzten, zabor, deusen baliorik gabeko.
Espainiako Estatuko herritarren seme-alabek Castorren gas hornidura bermatuaren ordez zor erraldoia edukiko dute. 2044a arte ordaintzekoa... alferrikako AHT, autopista, errauskailu, aireportu eta abar luzearekin batera.
Two years ago Urdaibai Guggenheim Stop! Since the creation of the popular platform, Urdaibai is not for sale! We hear the chorus everywhere. On 19 October we met thousands of people in Gernika to reject this project and, in my opinion, there are three main reasons for opposing... [+]
Environmental activist Mikel Álvarez has produced an exhaustive critical report on the wind macro-power plants that Repsol and Endesa intend to build in the vicinity of Arano and Hernani of the region. In his opinion, this is "the largest infrastructure of this kind that is... [+]