Automatically translated from Basque, translation may contain errors. More information here. Elhuyarren itzultzaile automatikoaren logoa

"Frankismoaren biktimak ere aitortzean izango da bakea Euskadin"

  • Urte asko dira Espainiako Gerra Zibil hartatik eta, era berean, urte asko dira Jose Moreno Torres jaio zenetik. Infernu hura bizitzea gertatu zitzaion gudariari, eta gaur egun gero baino gero gutxiago dira hura kontatzeko Joseren sasoia dutenak.

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Parte zara Servini epaileak Argentinan frankismoaren krimenak ikertzeko zabaldu zuen kereilan. Zer diozu bertan?

Eta zer esango dut, bada! Ikusi nuena, egin zidatena, sufritu nuena! Kereilan esaten denez, Francoren altxamenduaren errepresaliatua naiz, eta, finean, horrexen testimonioa ematen dut. Besterik ez. Kolpe militarraren bezperakoak kontatuz hasten naiz. Ondo gogoan dut egun hura. 17 urte nituen eta Erandioko jaietan ginen lagunok, Astrabuduan, berbenan. Erromerian ginen, baina festak ez zuen luze iraun, Errepublikaren Erasoko Guardia azaldu zelako. Bat-batean azaldu ziren, eta dantzaldia bertan behera uzteko agindu zuten. Francoren matxinadaren bezpera zen: Afrikan militarrak altxatu egin zirela esan ziguten. Handik bi egunera gerra hasi zen Euskal Herrian. Bada, ikustekoa izan zen, bi egunean herri osoa mobilizatu zen; faxisten erasoaren kontra, esan nahi dut. Gure herrian, izena emateko bulegoa ireki zuten Deustuko San Pedro plazan. Izena eman nuen, eta Sondikako aireportuko lanetara bidali ninduten. Baina 17 urte nik, eta hura lan aspergarria zitzaidan. Bestalde, ordurako ni solidarioetakoa [ELA-STV] nintzen, eta sindikatura jo nuen beste lagun batekin batera. Horrela, trintxerak egitera bidali gintuzten, San Andres gudarostean.

Non ibili zineten?

San Andres gudarostea Zallan eratu zen, eta Balmasedan egin genuen instrukzioa. Hura egin eta Zeanurira bidali gintuzten eta han trintxerak egin eta trintxerak egin ibili ginen, hilabete batzuetan. Baina nazionalek Bilbo hartzera jo zutenean, trintxera haiek utzi eta atzera egin behar izan genuen. Lemoara joateko agindu ziguten, baina ez zegoen modurik, frankisten esku zegoelako ordurako. Hortaz, Gorbeia aldetik jo eta Orozkon babestu ginen. Handik, atzeraka, Santanderraino joan ginen. Santoñako komentu batean hartu gintuzten eta han fusilari izendatu gintuzten. Horrela, 1937ko abuztuan, Euskal Herrian izan zen azken borroketako batean hartu genuen parte, Balmaseda inguruko Kolitza mendian. Egia esan, borroka hartan besterik ez nuen parte hartu nik, eta galdu egin genuen gainera... Esate baterako, horixe kontatzen dut Servini epaileari idatzitako dokumentuan.

Hortik hasten zara kontatzen, baina hor ez zen amaitu zure kalbarioa…

Amaitu? Orduantxe hasi zen! Honezkero badakizu Santoñakoa. Hara joateko agindua eman ziguten, eta obeditu egin genuen. Mussoliniren tropen esku izan ginen, preso. Espainol batzuk ere baziren han, agintari batzuk, alkandora urdinak soinean, uztarria eta geziak bertan josita: Jainkoaren etxera joango ginela esaten ziguten. Italiarren esku, hainbestean ginen! Haiekin ez zen torturarik ez fusilamendurik izan. Preso ginen, baina eskubideak ere bagenituen. Armak eman genizkien eta itsasontzi ingelesetan aterako ginela handik esan ziguten. Dena gezurra! Italiarrek engainatu egin gintuzten, traizionatu egin gintuzten, eta frankisten esku geratu ginen. Eta orduan, akabo, infernua hasi zen! Handik atzera pertsona izateari utzi eta piztia bihurtu gintuzten. Abereak eramateko trenean sartu eta kontzentrazio-esparrura eraman ninduten, beste askorekin batera. San Juan de Mozarrifar zen herria, Zaragozan. Zazpi egun egin genituen treneko bagoian: ogi bat eta lata bat sardina izan genuen lau presorentzat. Horixe gure jatekoa zazpi egun haietan. San Juan de Mozarrifarren izan nintzen preso, baina oraingo dispertsioaren moduan ibili gintuzten gu ere: Santanderren izan nintzen; eta San Gregorion, Huescan; eta Larrinagan eta Eskolapioetan Bilbon… Piztiak bagina bezala hartzen gintuzten. Plater bat bakarra genuen, bertatik jaten genuen, eta bertan egin behar izaten genuen kaka! Gauza asko ez dira kontatzekoak. Gogoan dauzkat, ez ditut ahaztu, baina ez dira kontatzekoak. Oroitzapen txar asko. Ni, hala ere, bizirik irten nintzen, baina bertan hil ziren asko eta asko. Tartean, nire koinatua, Juan Lopez Balza. Deustuko Erriberan jaioa zen, sozialista, UGTkoa, eta Euskadiko infanteriakoa. Puerto Santa Marían hil zen 1940an, medikurik izan ez zuelako. Oraindik orain jakin dugu koinatuari gertatua, Aranzadiko Pako Etxeberriaren bitartez. Juanen heriotza eragin zutenek ez dute zigorrik jaso egundaino! Eta zer nahi duzu esatea.

Lan behartuetan jardun zenuen, fortzatuetan.

25. Langile Batailoian, Zaragozako Jaulin herriko kontzentrazio esparruan eduki gintuzten. Langile Batailoia! Izan, kontzentrazio esparruak ziren haiek, benetan. Errepideak egiten jarri gintuzten, eta hobe zenuen lana gogotik egin. Behin, gorabehera bat izan zen, eta gainezka egin nuen: “La madre que los parió, todos se han vuelto fascistas”. Barru-barrutik atera zitzaidan, halakoxea nuen-eta ondoeza. Guardian zegoenak aditu egin zidan, eta kargu hartu, pistolarekin mehatxuka, bertan hilko ninduela esanez. Gauean “paseoan” aterako nindutela uste izan nuen egun hartan. Ez ninduten akabatu, baina epaiketa egin zidaten, sumarisimoa, eta baldintzarik gabeko espetxealdira kondenatu ninduten, “matxinadari laguntzeagatik”. Matxinada, ordea, Francoren militarrena izan zen, ez gurea. 1939an izan zen hori, Servini epaileari kontatu diodanez. Urte hartako amaieran absolbitu egin ninduten, baina libre utzi ez. Soldadutza egitera bidali ninduten: Ferrolera lehenengo, eta Mallorcara gero.

Zenbat urte eman zenituen horrela, batera eta bestera?

1936ko uztailean irten nintzen etxetik, eta 1941era arte ez nintzen atzera bertara sartu! Bost urte erabili ninduten horrela, kontzentrazio esparru, langile batailoi, kartzela eta soldadu. Bost urte! Eta Bilbora etorri nintzenean, nik usteko ez nuena, errepresio gehiago, behin ere amaituko ez zena. Esaterako, jarrera oneko ziurtagiria eskatzen hasi ziren, edozertarako. Hasteko, lanerako. Marinel izana nintzen gerra aurretik, eta marinel segitu nahi nuen nik lanean. Hortaz, joaten naiz Elorrietako guardia zibilen kuartelera, eta, sartu orduko, kornetak, morroi bat oso zakarra, oso biolentoa, jo eta bi ostia eman zizkidan eta Arriba España, Viva Franco esatera behartu. Zartakoa eman, oihu haiek egitera behartu… baina jarrera oneko agiririk ez! Kalera bota ninduen. Horrelaxe. Nik nabigatzera irten nahi nuen lanean, baina ezin izan nuen. Bestelako bideak egin behar izan nituen. Horrelaxe gure egunak. Horixe kontatzen diot Servini epaileari…

Nola egin zenuen bizian aurrera?

Ahal zen moduan! Nabigatzera joateko modurik ez nuenez, Astilleros Españoles enpresan sartu nintzen nola edo hala. Han lan egin ahal izan nuen, behintzat. Hantxe ezagutu nuen emaztea izango zena, Carmen Gutierrez. Nire andreak 20 urte zituen ezkondu zenean eta nik 24. Sestaon ezkondu ginen, eta abadeak ez zigun dirurik hartu nahi izan: “Nola hartuko dizuet dirurik, jatekorik ere ez daukazue eta!”. Amaginarrebak lagundu gintuen, eta eskerrak horri. Amaginarrebari ere Saturrarango kartzelan hil zitzaion alaba bat, eta nire andreak ezkontzeko soinekoa Saturrarango kartzelako manta bat ebaki eta josita egin zuen. Bi ume izan genituen. Lehenengoa izan genuenean, adibidez, jatekorik erosteko lain ere ez genuen. Andreak umeari titia eman nahi, baina esnea atera beharrean ura besterik ez zitzaion irteten bularretik. Huraxe frankismoa!

Argentinako Maria Servini epailea azaldu artean ez duzu zure egia kontatzeko modurik izan?

Kasik 70 urte egin ditugu isilik. Isilik, eta ahaztuta. Gaitz erdi, ni kontatzeko moduan naiz, baina milaka hil zituzten, fusilatuta eta bestela, eta desagertuta daude oraindik haien gorpuetarik asko eta asko. Nik esatera, 70 urte egin ditugu ahaztuta eta isilik. 2006an, Ibarretxeren gobernua gutaz arduratzen hasi zen, Frankismoaren Biktimen Legea egin zuen eta gure testimonioak biltzeari ekin zion. Monumentua ere jaso zuen Artxandan, gudarien oroimenez: Aztarna. Joan zara bisitan? Ikustekoa da! Nik lortu nuela esaten dute, baina ni baino lehen Otsoa de Trintxertu eta Anton Aurre saiatu ziren. Nik haien lanari jarraipena eman besterik ez dut egin. Aterpe 36 elkartea ere abiarazi zuen Jaurlaritzak, baina ez du izan behar besteko jarraipenik. Sakonago saiatu behar zuen. Harrezkero batera eta bestera ibili naiz, gazteei ere kontatu izan diet gertatutakoa, batere ez dakite eta! Gazteek ez dakite zer izan zen hura, gerra izan zela, gerra hura egin genuen batzuk oraindik bizirik gaudela. Prentsara ere hainbat eskutitz bidali ditut. Eskutitz bidez ematen dut nik iritzia, eskutitzetan esan dut pentsatzen dudana, frankismoaren krimenak salatuz beti. Baita krimen haiek ezkutatu edo isilarazi nahi dituzten alderdi politikoen kontra ere. Nik neure lema dut, eta halaxe idatzi nion Servini epaileari ere: “Frankismoaren biktimak ere aitortzen direnean izango da bakea Euskadin”. Lan asko dago egiteko, baina saiatu ezik ez dugu mundu justuago bat egingo.

Nortasun agiria

Jose Moreno Torres (Zorrozaurre, Bilbo, 1918). Deustuarra dela dio, tomateroa. Errioxarra zuen aita, Kantabriakoa ama. Abertzalea, lagun koadrila osoa bezala, EAJn gazterik afiliatua. Francoren altxamendua eta gero, Errepublikaren alde saiatu zen, orduko Solidaridad de Trabajadores Vascos STVn boluntario izena emanda. Marinel izan zen 14 urte zituenetik eta munduan han eta hemen ibili zen, 1936 arte. Orduan, gerra, eta infernua, berak esan ohi duenez. Astilleros Españoles lantegian jardun zuen lanean, eta bertan egin zuen emaztea. Duela hogei urte alargundu zen. ELA (A)-ko afiliatu izan zen, eta sindikatuko erretiratuei laguntzea ere izan du ardura. Bi liburutan jaso dute Jose Morenoren historia: Aitor Azurkiren Maizales bajo la lluvia (Alberdania, 2011) eta Fernando Pedro Perezen Jose Moreno Torres, el último gudari del San Andrés (2014) liburuek, hain zuzen.

Tiroka

“Behin baino ez nintzen tiroka ibili gerran, Balmasedan, baina ez zait ahaztu, ezta ahaztuko ere! Tiroka ari ginen, baina nora ari ginen ez bageneki bezala zen hura. Tiroa tiro, hona eta hara, itsu-itsuan. Tentsioa ere halakoxea da gerran tiroka ari zarenean. Zertan ari zaren ere ez dakizu! Baten bat ere hilko nuen, baina, frankistek ez bezala, inor ez buruan atzetik tiroa jota!”.

Azken hitza
Aterpe 36

“Faxismoari aurre egitea da elkartearen helburua, frankismoaren gehiegikeriak eta desmasiak sufritu zituzten gudarien memoria iraunaraztea. Justizia eskatzen dugu, justiziarik ez da-eta izan. Ez dugu benetako demokraziarik izango frankismoaren aztarnak desagertzen ez diren arte, izan aztarna fisikoak edo politikoak”.

Mussolini

“Frankismoa baino lehen beste faxismo bat ezagutu nuen nik, Mussolinirena. 14 urte nituen eta marinel hasi nintzen lanean, itsasontzietan, eta Ingalaterran, Aljerren, Italian, Abisinian… izan nintzen. Esate baterako, gogoan dut, Italian, Mussoliniren morroiek ez ziguten uzten kale gorrian goseak zeudenei jaten ematen. Goseak akabatzen bazeuden ere, galarazia genuen haiei gure janaritik ematea. Soberan genuen jatekoa ere kareletik behera itsasora botatzera behartzen gintuzten!”.


ASTEKARIA
2015eko maiatzaren 03a
Azoka
You are interested in the channel: 1936ko gerra
1936ko Gerrako Haurrak
Bidaia itxi gabea

1936ko Gerran milaka haurrek Euskal Herria utzi behar izan zuten faxisten bonbetatik ihes egiteko. Frantzia, Katalunia, Belgika, Erresuma Batua, Sobietar Batasuna eta Amerikako herrialdeetara joandako horien historia jasotzeko zeregin erraldoiari ekin dio Intxorta 1937... [+]


Historia militarraren kontra, eta alde

Ezpatak, labanak, kaskoak, fusilak, pistolak, kanoiak, munizioak, lehergailuak, uniformeak, armadurak, ezkutuak, babesak, zaldunak, hegazkinak eta tankeak. Han eta hemen, bada jende klase bat historia militarrarekin liluratuta dagoena. Gehien-gehienak, historia-zaleak izaten... [+]


The Little Speed Pavilion, which was a concentration camp in 1936, will be maintained in Irún
At Irun Train Station, the Little Speed Pavilion at the back of the Customs Building will continue to stand as a witness to the terrible post-war seclusion system of 1936, as a result of the erasure of memorialist groups. The pavilion was used by the Francoists from 1936 to 1942... [+]

The University of Los Angeles makes available videos of the unpublished war of 36
Images of San Sebastián and other municipalities of Gipuzkoa can be seen on the university website.

History of the Government Headquarters in Paris: From the Gestapo’s claws back to the hands of the PNV
After decades of demand, the historic palace on Avenue Marceau 11 in Paris is finally in the hands of the PNV. For the jealous, beyond the monetary value, this building has an enormous symbolic value, since it connects them fully with the exile and the struggle against fascism.

A demonstration will claim this Saturday in Pamplona the demolition of the Monument to the Fallen of Pamplona
The demonstration convened by the memorialist groups will begin at the Memorial to the Fallen at 18:00 and end at the Plaza del Castillo. The final gala will include El Drogas, Gran Resperason, Ilargigorri and La Chula Potra. The following lines explain how the subject is in... [+]

2025-01-15 | Mauro Saravia
Hospital La Roseraie
Second chance in the midst of war
Between 1937 and 1940, the Basque Government, through its social services, opened the largest health center in Iparralde in Bidar: Hospital La Roseraie. The aim was to rescue and reinsert the wounded and disabled from Hego Euskal Herria. Among the residents of the hospital was... [+]

Prolonged detention in Pamplona

Pamplona, 1939. At the beginning of the year, the bullring in the city was used as a concentration camp by the Francoists. It was officially capable of 3,000 prisoners of war, at a time when there was no front in Navarre, so those locked up there should be regarded as prisoners... [+]


Monument to the Fallen of Pamplona
Relatives of the gunmen ask not to use the name of Marvels Lamberto
The Association of Relatives of Shot Men of Navarra has strongly criticized the agreement reached by EH Bildu, Geroa Bai and PSN on the Memorial to the Fallen in Pamplona. He says that there are better places to do "pedagogy" and that the interpretation center will be made a... [+]

2024-10-11 | Usurbilgo Noaua
A tour of Usurbil that helps get into the memory of the 1936 war
You can complete the "Memory of the War" tour at any time in downtown Usurbil.

Segundo Hernandez preso anarkistaren senide Lander Garcia
“Harrotasun antifaxista, esker ona, poztasuna, amorrua… sentsazio gazi gozoak bizi ditugu prozesu honen amaieran”

Segundo Hernandez preso anarkistaren senide Lander Garciak hunkituta hitz egin du, Ezkabatik ihes egindako gasteiztarraren gorpuzkinak jasotzerako orduan. Nafarroako Gobernuak egindako urratsa eskertuta, hamarkada luzetan pairatutako isiltasuna salatu du ekitaldian.


Monument to the Fallen of Pamplona
Demolish it, declare it or make history a museum
In the region of Pamplona, and in Navarre in general, if you talk about historical memory at the moment, the question of the Memorial to the Fallen will come out with force on the table. The building was built in 1942 to pay tribute to the deaths that had been raised in defense... [+]

2024-09-24 | Mondraberri
The act of 26 September will pay tribute to the neighbours of Arrasate shot by the fascists
After 88 years, and at the initiative of the cultural association Intxorta 1937, a new floral offering will be made in the monoliths. In the event of this Thursday, in addition to the cultural performances, there will be pasacalles and a visit to the exhibition... [+]

EH Bildu calls for the demolition of the Francoist cross of the cemetery of Polloe de Donostia
The Abertzale coalition supports the official request made by the CNT trade union and calls for the search for all the victims who were buried alongside the fascists in the Zaramaga district.

Eguneraketa berriak daude