Geografia literario batzuek fikziozkoa dute izena. Gogoratu gurean Otsabide, Trilluelos, Obaba. Beste batzuek, aldiz, ez dute zertan asmatu izenik, eta ofiziozko mapetan agertzen direnak ekartzen dituzte literaturara: esate batera, Bera, Biriatu, Behobia, Pausu, Irun, Hendaia, Hondarribia, Jesusmari Mendizabalen Ilargia lekuko narrazio bilduma honetan. Joserra Garziak, hitzaurretik, “nobela izeneko askok lortzen ez duena lortzen duelarik: mundu jakin baten islada, ikuspegi askotatik eta askotariko ikuspegiz ematea. Polifonia deitzen diote horri adituek”. Eta zein da mundu demonio hori, ez baita bakarrik geografia: bada, “Bidasoa behereko kontrabandisten mundua” –gehi, azken ipuinean, Hondarribiko alegia aspaldiko bat, bonus track gisara–.
Kontrabandistak, beraz, bai, “gau hotzetako gizon busti haiek”. Baina ez bakarrik: berdin etxean zain dauden emakumeak, zelatariarena egiten duen atsoa edota txalupa bitartez aritzen diren arrain saltzaileak. Eta ez halaber bakarrik tabako ron eta kanela: berdin hezur haragizko pertsonak, “marroki, portuges edo dena delakoak, Frantziko aldera eramateko”. Ondo esan zuen Josu Landak 90ean: pertsonaiak abenturero bezala aurkeztu gabe, heroismo erromantikoetatik urrun, kanpoko ikuspegi batek sortarazi ohi dituen joera moralizanteak erabat baztertuz. Baina Landak berriz ondo esan bezala, pertsonaiak modu positiboegian agertuta, “apenas maltzurkeriarik dagoen eta jende guztiak fideltasunik handienarekin jokatzen baitu aldioro”.
Akaso izango da bilduma honek ahozko literaturarekin daukan zorraren ondorioa, ikuspegi apur batean manikeoa. Baina zorra ez da nolanahikoa, egileak berak aitortzen du: “Paperetan ez dugu euskaldunok ezer asko esan eta gurerik apenas datorren dokumentaturik. Alde horretatik motz-mutu izan garen arren, ez ahotik belarrirakoan horratik!”. Garziak ere eskertzen dio ahalegina, nahiz egin aditz okerrarekin: “kontakizunak literatur statusera jasotzeko”. Eta konturen bat aurretik irakurrita geneukan Mikel Tabernaren testuren batean, lehen aipatutako bonus track hori egiten zitzaigun noski ezaguna. Geografia partekatzearen ajeak. Baina gera gaitezen hitzaurrean aipatzen denarekin: “Zail da gaur egungo euskal literaturan liburu honen sailkiderik topatzen”. Garaitsu hartakoa da Obabakoak.
Itzulpen –Eguzki kolpea, 2009ko Euskadi sari– eta gazteentzako liburuen egile, balirudike Juan Rulforen hura gertatu zaiola Mendizabali: helduentzako bilduma bakar, osaba ez baina, auskalo informazio iturria ahitu eta isiltasunaren bidea aukeratu zuela. Nork daki behin-behinekoz.
Leaving behind books, libraries and their benefits in April, Kabiak Sahrawi wishes to recall the dark side of his history, which is of greater importance in defending the identity and survival of peoples. We are talking about the destruction of the age-old and usual libraries... [+]