Oscar Wildek esaten zuen, “bizitzan bi momentu tragiko daude: lehenengoa, nahi duzuna lortu ezin duzunean. Bigarrena, lortzen duzunean”. Oso erraza dela erosotasun horretara ohitzea, baina ondoren datorrena eramaten jakin behar dela, alegia.
Badaude aktore baten bizitza markatzen duten paperak, baina baita betiko sailkatzen dituztenak ere. Batzuk, izan zirenaren itzala besterik ez dira bihurtzen; eta garai batean arrakasta ziurtatu zien lan mamitsu hori lasta baino ez da bihurtu gaur egun. Kasu nabarmen bat, izenbururako aukeraturiko Luke Skywalker (Mark Hamill) izan liteke. Star Wars filmaren arrakastaren ostean, mundu guztiak pertsonaia bezala identifikatzen zuela ohartu zen, ez aktore moduan. Sailkapen hori gainetik kentzeko ahalegina egin zuen hainbat filmekin. Ezinezkoa. Gaur egun, film, bideo-joko eta telesailen bikoizketa lanetan aritzen da.
Ez da iraganeko kontua soilik. Orain hilabete batzuk Birdman filma estreinatu zen zinema aretoetan. Bere garaian super-heroi papera egin ondoren, bere burua teatroan berrasmatu nahian ari den aktore baten istorioa kontatzen digu Alejandro Gonzalez Iñarrituk. Michael Keaton amerikarra dugu protagonista, “kasualitatez” duela urte batzuk Batmani esker ezagun egin eta geroztik apenas oihartzunik izan duen aktorea. Beraz, zalantzarik ez rol horretarako bera hautatzea oso neurtutako erabakia izan dela; eta ziurrenik bere bizitza hartu du oinarri pertsonaian murgiltzeko –ez al zaizue iruditzen susmagarria, pelikulan zehar entzuten dugun off-eko ahots grabe hori, Batmanenaren oso antzekoa izatea?–.
Posible al da pertsonaia handien etiketa gainetik kentzea? Oso konplikatua dirudi. Alde batetik, mota horretako pertsonaiek gizartean izaten duten eragina saihestezina baita; zinezalea izan ala ez, edozeinek identifika baititzake. Ikono bihurtzen dira.
Egin dezagun jolas bat hori frogatzeko: saiatu beheko hutsuneak betetzen, ziur nago guzti-guztiak asmatuko dituzuela eta:
- Harrison Ford: __________
- Michael J. Fox: __________
- Anthony Hopkins: __________
- Audrey Tautou: __________
- Julie Andrews: __________
- Renée Zellweger: __________ *
Baina, nahiz eta etiketa hori ez gainditu, badira aktore batzuk, lan bikain gehiago egiten jarraitu eta “pisu” hori ezin hobe eramaten jakin izan dutenak; Jeff Bridges-Lebowski, Frances McDormand-Marge Gunderson, Al Pacino-Tony Montana eta Robert De Niro-Travis Bickle, esaterako. Pertsonaia horiek betiko geratuko dira itsatsita zinemaren historian, eta beti identifikatuko ditugu aktore horiekin. Baina geroztik lan ugari egin dituzte eta hasieran lasta zamatsua zirudiena, euskarri bihurtzen asmatu dute.
Telebistan ere gertatzen dira horrelakoak. Kasu honetan “Friends sindromea” esaten zaio. Mundu guztiak ezagutzen du telesail hori, baita Ross, Rachel Monica, Chandler, Joey eta Phoebe pertsonaiak ere. Baina gai al zarete Internetera jo gabe aktoreen izenak esateko? Geroztik beraien karrera nolakoa izan den erakutsi dezake horrek. Pantaila txikian beste kasu ugari ere aurki ditzakegu, baina nabarmena Jaleel White (Steve Urkell) izan liteke.
Telebista eta zinemaren ikono bihurtu dira guztiak, baina bi bide zeuzkan errepide kurbatsu horretan norabide desberdinak aukeratu dituzte. Batzuk ezkerreko bidea hartu eta helmugara iritsiko dira. Besteak aldiz, okerreko norantza hartuta, amildegitik behera erori eta momentu hartako irudia baino ez dugu izango gogoan, Azken finean, beraien arrakastaren biktima bihurtu dira, zorte txarra, espero ez zuten ospe hori gaindiezina zelako ala besterik gabe, pertsonaiak aktorea irentsi duelako.
* Bai, asmatu duzue, erantzunak hauek dira: Indiana Jones-Han Solo, Marty McFly, Hannibal Lecter, Amelie, Mary Poppins, Bridget Jones.
Itoiz, udako sesioak filma estreinatu dute zinema aretoetan. Juan Carlos Perez taldekidearen hitz eta doinuak biltzen ditu Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andrakaren filmak. Haiekin mintzatu gara Metropoli Foralean.