Uraren garrantzia gizakiontzat ez da oraingoa, eta ondorioz kudeatu egin behar izan dugu beti. Orain bi mila urte erromatarrek akueduktuak egiten zituzten ura garraiatzeko, eta guk tutueria sareak erabiltzen ditugu horretarako; bizitza uraren inguruan antolatzen dugu. Ura hartu, erabili eta bota egin dugu urteetan, mendeetan barrena. Gaur, xahutzeari uztea eta berarekin orekan bizitzea baino ez zaigu geratzen.
Euskal Herrian, oro har, gure elkarrizketa gaien artean ura aipatzen denean, euriaz edo eguraldiaz ari garelako izan ohi da. Lehorte bolada heldu izan denean ere, eragin handiagoa izan du baratzeetan, gure etxeko kaniletan baino. Beraz, kaniletatik sartzen zaigu ura etxean, eta harraskatik nahiz beste zuloetatik ateratzen, beti, erregularki, eta ez zaigu aparteko kezkarik sortzen.
Jakin badakigu urtegiak, araztegiak, ur tutueriak, buxadurak eta ihesak kudeatzen dituzten enpresa publikoak edo erdi publikoak badirela, eta halaber, ur zerbitzuengatik faktura jasoko dugula etxean periodikoki. Ipar Euskal Herrian Hegoaldean baino lauzpabost aldiz gehiago ordaintzen dira ur zerbitzuak, eta Europako Batzordeak uraren kudeaketaren alorrean aholkatutakotik hurbilago daude prezio horiek, Hegoaldekoak baino, nahiz eta batek baino gehiagok harridura adierazten duen errealitate horren aurrean.
Nola liteke naturak doan eskaintzen digun produktu bat erabiltzeagatik, demagun lau lagunez osaturiko familia batek 40-50 euro ordaintzea hilero Iparraldean eta 8-10 euro baino ez Hegoaldean? Urtegiak, tutueriak, araztegiak eta uraren tratamendua, esaterako, ez al dira antzekoak?
Urari lotutako zientziak eta teknologiak ez dute lurraldeen artean dauden prezioen aldea justifikatzen. Aldiz, uraren erabilera neurtuak, urarekiko errespetuak eta azken finean naturari kentzen dioguna ahalik eta egoerarik txukunenean itzultzearen kontzientziak gure patrikak gehiago edo gutxiago hustu behar izatea eragiten dute. Eta kontzientzia aipatzen dugunean ez gara norbanakoen jarrera soilaz ari, gizarte osoaren jarreraz baizik, norbanakoenaz, udalenaz, gobernuenaz eta enpresenaz.
Ondoko lerroetan uraren osotasuna azalduko dugu eta horretarako Donostiako Eskola Politeknikoko irakasle eta ikerlaria den Jabier Almandoz doktore ingeniariaren laguntza izan dugu. Esan gabe doa gure azterketan ur edangarriaz jardungo dugula, urari alderdi askotatik hel bageniezaioke ere.
Azpiegituren gaineko ikuspegi orokorra azaltzeko, uraren inguruko hiru kontzeptu behatuko ditugu: harguneak edo iturriak, hirien barneko banaketa-sarea eta erabilitako urak.
Hiritarrontzat uraren “produkzioa” harguneetan hasten da, hau da, urtegietan, ibaietan edo ur putzuetan. Oro har, Euskal Herriko hargune kopurua nahikoa da egun dagoen populazioa asetzeko. Araban eta Nafarroan ditugu urtegirik handienak, eta beste zenbait eskualdetan daudenekin batera, nahiko ur pilatzen da.
Urtegietatik hirietarako tutueria eta ponpaketa sarea ere baldintza onetan dago, batez ere azken hogei urteotan egindako lanei esker; adibide bat jartzearren, gaur egun urtegietatik ateratzen den ia ur guztia heltzen da hirietara, 80ko hamarkadan, ordea, ia erdia galtzen zen bidean.
Azpiegitura horiek direla medio, Euskal Herriko hiri gehienek ongi egiten diote aurre lehorte boladei, baina badaude salbuespenak, eta deigarrienak ura soberan dagoen lekuetan gertatzen dira askotan; adibidez, Nafarroa iparraldeko hainbat herritan uraren harguneak ez dira planifikatu hamarkadetan eta lehorte garaietan egoki erantzuteko ezintasuna dute.
Urak hirietara ailegatzean, ur deposituak, ponpaketa guneak eta banaketarako tutueria aurkitzen ditu. Maila horretako azpiegituretan ere, hiriek azken hogei urteotan hobera egin dute oso. Egoera orokorra, beraz, nabarmenki hobea da, hiri batetik bestera alde handiak daude ordea. Desberdintasuna neurtzeko zenbait parametro erabili ohi da, eta ikuspegi orokorraz jabetzeko, balantze hidrikoa delakoa baliatzen da; hau da, hiri batera heltzen den uraren eta kontsumitzen den uraren arteko erlazioa neurtzen duena. Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eta partzuergoak edo mankomunitateak uraren kudeatzaile diren neurrian, balantze hidrikoa %80tik gorakoa da. Aldiz, hiri ugaritan %50 inguruan dabil oraindik. Non galtzen da ura? Nagusiki horren errudun ihesak baldin badira ere, badira anitz lekutan ur lapurrak ere, hau da, ur kontagailurik gabe kontsumitzen dutenak. Balantze hidrikoari buruzko datu batzuk emate aldera, Gasteizen %85 ingurukoa dute, eta Donostian, batez beste %80koa. %100eko balantze hidrikoa ezinezkoa dela esan liteke eta %95etik gorakoa duenik ere nekez aurkitzen da.
Aipatu dugun indizearen barruan ura banatzeko azpiegitura eta logistika dago, hau da, zer-nolako tutueria-sarea dagoen auzo bakoitzeko, tutuek zenbat urte dituzten, zein materialez eginda dauden, zenbatean behin berritzen diren, zenbat lagun jartzen diren horretara lanean, zer non eta nola jarri behar den pentsatzen ote den, zer aurreikuspen egin daitekeen…
Azkenik, erabilitako uren berri ematea dagokigu. Urok araztegietara bideratzen dira; horietan behar bezala tratatu ondoren, ura ibaietara edo itsasora isurtzen da. Ur edangarriaren azken fase honetan izugarri aurreratu da azken 30-40 urteotan, urrun utzi baititugu ur zikinak (eta bestelako zaborrak) zuzenean ibaietara eta itsasoetara isurtzen genitueneko garaiak. Hala ere, badugu oraindik zer hobetu, hauxe baita uraren katean kate-begirik ahulena.
Laburbilduz, Euskal Herriko ur edangarrien azpiegiturak hobetu egin dira esponentzialki azken 20-30 urteotan, eta beraz, lan faraonikoen etapa amaitutzat eman beharko litzateke datozen urteetan. Aurrerantzean, dagoena hobetzea, kudeatzea, eguneratzea, planifikatzea eta ingurumenarekiko egoera jasangarria mantentzea izan beharko lukete erronka nagusiak.
Topikoa badirudi ere, uraren inguruan bizitza dagoela gogoratu beharra dugu ezinbestean. Ibaiei ura gure probetxurako kentzen diegunean, ekosistemetan eragiten ari gara, gutxi edo gehiago.
Ura hirietan barrena barreiatzen dugunean, eta gure bizimodua ziurtatzearekin batera industriaren antolamendurako ere baliatzen dugunean, ura naturari egoera onean itzultzea da egin dezakegun gutxienekoa. Baina ez da horrela gertatzen. Bestela esanda, ahalik eta kudeaketarik onena egin beharko genuke, ahalik eta gutxiena hartu, ahalik eta garbien itzultzeko.
Nola egin liteke hori? Hasteko eta behin, ahalik eta gutxien hartzeko, ahalik eta gutxien kontsumitu behar dugu. Auzuneetako tutueria sareak beharrekiko proportzionala behar du izan, eta sarearen gainean eguneratze estrategia antolatu behar da. Beraz, gizakion borondatearekin batera, lurpean dugun tutueria sarea ere antolatu, planifikatu eta eguneratu egin behar da. Auzo berrietan tutueriak berri samarrak eta material egokiz fabrikatuak dira, baina zonalde zaharragoetan, zer esanik ez auzo eta gune historikoetan, 100 urtetik gora duten burdinurtuzko tutuak aurki daitezke, edota amiantoa duten fibrozementuzko tutuak, sarritan erdi buxatuak. Legedi berriaren arabera, fibrozementuzko tutueria aldatu beharra dago, baina oraindik ere proportzio garrantzitsua du sarean.
Nolanahi dela ere, tutueria ez da betiko, eta noizean behin berritu egin behar izaten da. Udaletan diru kopuru bat aurreikusi beharko litzateke tutueriaren portzentaje bat aldatzeko urtero, baina krisialdiak ez dira garairik onena herrietan ordezkatze estrategiei heltzeko, eta beraz, gaur duela zortzi urte baino azpiegitura zaharragoa dugu.
Azpiegituraren Balioa indizearen bidez, tutueriaren eguneraketa neurtzen da. Guztiz berria den zatiari 1 indizea esleitzen zaio, hortik beherakoa urteak kontatu ahala. Hiri zaharretan batez besteko indizea 0,5 izateak egoera txukuna adierazten du, baina Euskal Herrian oso leku gutxitan heltzen gara indize horretara. Bizkaiko herri zenbaitetan, akaso. Gure Azpiegitura Balioa hobetzeko baliabideak jarri behar dira uraren alboan; ez bakarrik azpiegiturarako materialak, baita langileak ere.
Etorkizuneko eszena pertsonek planteatu behar dute, eta hori egiteko ikerketa proiektuetan parte hartu behar da, optimizazio sistema informatiko-matematikoak erabili behar dira. Horren ondoren etorriko dira kontuak, zenbateko eta nongo tutueria aldatu behar den eta zein material erabili beharko litzatekeen. Hori guztia abian jartzeko eta mantentzeko, baliabide ekonomikoak behar dira, eta zuhurtziaz pentsatzea da argiaren edo errepideen azpiegiturak ordaintzen ditugun eran, urari dagozkionak ere ordaindu beharko direla esatea. Horretan datza Ipar eta Hego Euskal Herriko biztanleen arteko aldea urari dagokionez. Lehenean ur kontsumitzaileak ia dena ordaintzen du, eta bigarrenean zati txiki bat baino ez. Eta ordaintzeak, batzuentzat tamalez, zaintzea eta kontsumoa gutxitzea dakar. Edo, nahi bada, urari garrantzia ematea eta horren aldeko kontzientzia indartzea.
Historikoki ur tutuerietan burdinurtua eta fibrozementua erabili dira. Lehenaz eginiko materialak sendoak eta iraupen handikoak dira. Besteaz eginikoak, berriz, merkeak dira, eta urtetan baleko zerbitzua ematen dute, baina amiantoa dute barruan, eta horri hondakinak bertan itsatsita gelditzeko duen erraztasuna gehituta, bazterrera kondenatu dira materialok. Esan dezagun badaezpada, tutuerietako amiantoa ez dela bertatik zirkulatzen duen urarekin nahasten. Urari ez dio kalterik egiten, beraz, baina arriskutsua da tutueriak manipulatzen aritzen diren langileentzat. Horregatik, saneamendu lanak egitean, tutu mota hori kentzea da joera nagusia. Une honetan zenbait PVC mota baliatzen dira nagusiki tutuerietan. Malguak dira, eta merkeak gainera. Oro har material egokitzat dauzkate adituek.
Tutueria sareen optimizazioan zenbait proiektu daude Europan, eta horietan eredu matematikoek garrantzi berezia hartzen dute. Auzoka edo zonaldeka hartuta, kontsumitzaile motaren (pertsona, enpresa), kantitatearen, kale eta etxe egituren, eta beste hainbat daturen araberako tutueria sareen diseinua irudikatzea, tutuerien diametroak kalkulatzea, mantenu sistema erraztea, seguritate koefizienteak eta neurriak finkatzea, gune hilak edo ur zirkulazio eskaseko eremuak ekiditea, eta azken finean behar den ura besterik ez igarotzea dira aipatu ditugun proiektuen helburuak. Hirietan ez ezik, aldirietan ere %90etik goitiko balantze hidrikoak eta 0,5etik gorako azpiegitura balioak lortzea, alegia.
Jabier Almandozek nabarmendu dizkigun ideien artean, hauxe aipagarria: “Orain dugunari balioa eman behar diogu, amaitu baitira lan handietarako beharrak eta garaiak; kontzientzia erantsi behar diogu egindakoari”.
A prestigious architect comes from London to a small Galician town. It is David Chipperfield, a building with offices in Berlin, Milan and Shanghai, and has a large team of buildings. An elegant, refined architecture, made by a Sir. The story begins in the village of Corrubedo... [+]
In recent weeks it has not been possible for those of us who work in architecture that the climate phenomenon of Valencia has not been translated into our work discourse. Because we need to think about and design the path of water in decks, sewers, plazas and building parks. We... [+]
To have a car (private) in Japan it is mandatory to have a parking (private). The measure seems controversial, as the regulation (the securities systems here) allows the occupation of spaces where the car deposit is public. That is, the problem is conceived as a responsibility... [+]
I have few friends with a European feeling, I do not know whether Europeity becomes an identity. But when we travel to Europe, a friendship may emerge, because the main areas of territoriality that are taking place in Europe and in Europe are shared, where it is decided to... [+]
Iruñeko Txantrea auzoko kale-izendegian frankismoan errepresaliatuak izan ziren hamar emakume gogoratuko dituzte. Ekitaldia egin zuten atzo eta auzoaren hegoaldean dagoen plaza bat oroimen gune ere izendatu zuten. "Garrantzitsua da historian gertatutakoa gogoratzea;... [+]