Harreman sailkaezinak, familiaren kontzeptua, generoa, maitasun erromantikoa... Zinegoak Bilboko Gaylesbotrans 12. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdian, sari nagusiak lortu dituzten bi pelikulek lehen planora ekarri dituzte ezkutuan geratu ohi diren gaiak.
Bere burua heterosexualtzat duen Andreas gazteak gustuko du Sebastian androgino eta femeninoa. Pasioz biziko dute elkarren arteko harremana, baina mutila da Sebastian, bere alde femeninoa bezainbeste maite du bere alde maskulinoa, eta hori ez du horren gustuko Andreasek... Gizartearen arauei aurre egin nahi dien harreman batez eta generoetan sailkatzeak ezartzen dituen mugez ari da Ester Martin zuzendari suediarraren Nånting måste gå sönder (Zerbait apurtu beharra dago). “Biolentzia, pasioa, maitasuna eta poesia darion obra” delako, fikziozko luzerik onenaren garaikurra lortu du.
Pilar Monsell zuzendari espainiarrak berriz, aita du protagonista África 815 lanean (dokumental luzemetrairik onenaren saria jaso du): aitak lau liburukitan du idatzia bere bizitza, eta halako batean, haren memoriak irakurtzera ausartu da alaba, memoriotan sakontzearekin batera aita itaunduz eta dokumentala errodatuz. Hala deskubritu du zuzendariak Sahararekiko aitak duen lilura, soldadutza egin zueneko oroitzapenei lotuta. “Aita homosexuala dela ez da inoiz tabua izan. Madrildik Saharara soldadutza egitera joan eta gizonez inguratuta, hain mundu maskulinoa izan arren, paradoxikoki liberazio modukoa izan zen aitarentzat, bere orientazio sexuala libreago bizi zezakeela sentitu eta ulertu zuen han”.
Dokumentalak iraun duen hiru urteko prozesuan, entzuten ikasi duela dio zuzendariak, aita epaitu gabe entzuten, kontatzen zuen historia kontatzen zuela. “Gustuko ez ditugun bizitzako aferen onarpenaz” mintzo da filma. Finean, maitasun erromantikoa edo familia bat eraikitzeko proiektua bezalako babesguneak apurtzen direnean, frustrazioa eta porrot sentsazioa nagusitzen direnean, maitasuna edota familia gisako kontzeptuen esanahiaz hausnartzeko eta benetako desioetan sakontzeko parada aproposa izan daiteke. “Elkarrekin bizitzeko, besteekin harremanak izateko moduarekin du zerikusia maitasunak, ez litzateke maitasuna bikote harremanera mugatu behar, hortik harago doan zerbait da”.
Ikusi aipaturiko bi pelikulen trailerrak:
Albertina Carri zinemagile eta ekintzaile argentinarrak otsailaren 28an jasoko du Ohorezko Saria, Zinegoak LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren inaugurazio ekitaldian, Bilboko Arriaga antzokian. Aurtengo edizioan Carriren obrari buruzko ziklo berezia eskainiko da.
“Marioker”, “Lumatza”, “Kuir”, “Soropila” edo “Kapaza” hitzek osatu dituzte Zinegoak LGTBI+ jaialdiaren aurtengo kartelak. Inposatutako etiketarik gabe, "gure burua nahi dugun moduan berrizendatzeko, erakusteko eta... [+]