Bada Txileko historiografia ofizialak gordeta duen pasarte lotsagarririk eta halakoen iturburua, hainbatetan, lurraren jabetza izaten da. Ranquileko sarraskia da horietako bat: Ivan Fernandez historialari eta konpositoreak ikertu eta ezagutzera eman du kantata baten bidez.
“Txilen izandako matxinadetan hildakorik izan bada, herriak jarri ditu. Gure lurraldea, Araukania, ez da salbuespena. Estatu politika okerren erasoak pairatu behar izan ditugu, baita ondorioak ere”, esan du Ivan Fernandez historialari eta musikagile txiletarrak. “Baditugu hainbat gertaera historiko erabateko isiltasunak gordeta, guztiz lotsagarriak direlako. Gutxik ezagutzen dituzte 1934ko gertaerak; gutxi dira, beraz, Malleco probintzian, jauntxo eta nagusien gehiegikerien kontra matxinatu zirenean, 200 bat laborari eta maputxe hil zituztela dakitenak. Cantata a Ranquil sekula kontatu ez den historia kontatzea da”. 2015aren hastapenetan Katalunian eta Bilbon aurkeztu du, berak zuzentzen duen Inchi iñi mapu –“Lurra gara”, mapudungunez– musika taldeak lagunduta. 2000. urtean jaiotako izen bereko kultur elkarteak sortu du taldea eta “talentu handiko” zazpi gaztek –horietako bi dira maputxe– osatua da.
Bi dira kantata sortzeko Fernandezek egin dituen lanak: memoria historikoan arakatzea eta, horrek emandako datuetan oinarrituta, gertaeren kontaketa berreraikitzea, elementu artistikoak baliatuz. Baliotsuak dira oso ikerketaren emaitzak: besteak beste, sarraskitik bizirik atera ziren azken bi pertsonak elkarrizketatzea lortu zuen –90 urte baino gehiago dituzte jada–, baita matxinatu baten semea ere, egun Historia irakaslea dena. Testigantza horiek baliatuz eta beste biktimen ondorengoek emandako informazioari esker, hildakoak 214 izan zirela zehaztu ahal izan zuen, adibidez: “Nire iritziz, lan hau guztia egia irudikatzea da; sentitzen ez ditudan gauzarik idazten ez dakit; bizi izaten ditudanak ditut abiapuntu, inspirazio… Eta sarraski hau oso gai indartsua da. Ikerketaren azken fasean, duela urte bi, gertakariak eman ziren tokira gerturatu nintzen. Bertan nengoela, ekaitzaren erdian, atxilotuek epaitegiraino egin behar izan zuten bidaia asmatzen saiatu nintzen; oroitzapenak hunkituta laga ninduen: kantata jotzen dudan bakoitzean, berdin gertatzen zait”.
XVII. mendean sortutako generoa izan arren, kantata XX.enean Hego Amerikan berragertu egin zen, arazo sozial eta politikoak jomuga hartuta. Ospetsuak dira, esaterako Luis Advisen Cantata de Santa María de Iquique –Quilapayun taldeak taularatzen du– eta El canto para una semilla, Alejandro Guarelloren Cantata de los derechos humanos edota Inti Illimaniren Rosa de los vientos. Bide beretik datorkigu Ivan Fernandezek idatzi eta konposatutako Cantata a Ranquil: “Araukania ez da sekula menderatua izan. 300 urtez ekin zioten bere biztanleek inbaditzaileen kontrako borrokari. Ez da, beraz, inportantzia gutxiko gaia. Badugu aldarrikapenaren kultura eta historia hori eta kantatan islatu dut. Gertaerak dagozkien testuinguruan kokatzeko dago lanaren sarrera. Gero, alde musikala eta Lonquimay komunan, Mendikatean, gertatutakoen berri ematen duen deklamazioa ditugu”.
Araukaniako hiriburu den Temucon bizi bada ere –Txileko IX. Eskualdea, Cautin eta Malleco probintziek osatua, Wallmapu erdian–, hegoaldean jaioa da Fernandez, Puerto Montt hiritik hainbat kilometrora: “Zazpi urte daramatzat 1969ko martxoan izandako Pampa Irigoineko sarraskia ikertzen. Nahi dut hura bizi izan zutenek esperientzia partekatzea, beren ondorioak ateratzea eta ekarpenak egitea. Gaur, lehen bezala, pobrezia, aukera falta edota oso leku urrian jendea metatzea –bospasei familia maputxe hektarea bakoitzeko– ditugu arazoen sorburu”. Fernandezen aburuz, gaur egungo egoerari begira, jatorrizko herriak “aldarrikapen eta pobrezia arintzeko garaian” daude: “Goseak ez du pentsatzen, ez du teoriak garatzeko balio; gosea etsipena eta estuasuna baino ez da. Solidario izan behar dugu. Gure lurraldea probidentziak bedeinkatua da; ederra da eta jendearen epeltasuna ere badauka; jatorrizko herriak zintzoak dira, dagozkien bidezko eskubideak galdegin, besterik ez dute egiten: duintasunez bizitzea, beren nortasunak merezi duen begirunea izatea”.
Pinochet jeneralaren diktadurak eragindako oinazeak eta erbestea ezagutzen ditu eta Estatuak egoera aldatzeko baliabide nahikorik baduela dio. “Aitortu behar dugu egun dugun intendentearen [eskualdeko gobernuburua] lana; jatorrizko maputxea den Francisco Huenchumillak (Democracia Cristiana) lortu du maputxe auzia Txileko agenda politikoan kokatzea. Politikariek justizia sozialaren banderari eusten diote hauteskundeak datozenean, baina behin hautatuta, gaia zokoratu eta ahaztu egiten dute. Egungo eskualdeko Gobernuak berriz, segitzen du maputxe auziari irtenbideak eman nahian, gaia estatuko zereginen artean jarriz. Begiratu, esaterako, zer egin duen jatorrizko herriek parlamentuan beren ordezkariak eduki ditzaten. Gatazkak konpondu ahal izateko abiapuntua litzateke”.
XIX. mendearen amaieran Argentinak eta Txilek maputxeen lurrak bereganatzeko kanpaina militarrak bukatutakoan, antzinako Wallmapu 500.000 hektareara murriztu zen, txiletarrek inposaturiko komunitateetan antolatuta. Hegotik iparrera Valdivia eta Concepcion hirien arteko eremuan sakabanatuta daude komunitateok eta eskualdearen zentroa Temuco da. Gaur gatazkaren erdigunean jarraitzen du, duela 81 urte bezala, gerran lortutako lurrak kolonizatzeko prozesuak, zeinak leku barik laga zituen maputxeak. “Kantataren bertso batean esaten dut: ‘En tierra buena viví, pero sin ninguna pertenencia, la mano del escribano me atropelló la conciencia’; eskribau askok desjabetzea laguntzeko argudio juridikoak sortu zituzten. Munduko leku guztietan, pobrearen eskuzabaltasunak aberatsaren handinahiari ematen dio jaten: bestearen gabeziak mantenduz, kontrolpean daukate egoera”.
Maputxeen betiko arerioei –latifundistak, Estatua– beste batzuk gehitu zaizkie azken hamarkadetan: basoak ustiatzen dituzten enpresak eta Endesa bezalako hidroelektrikoak, adibidez: neurri handiko etsaiak, mundu mailako ekonomian Txileko Estatuak nahi duen kokapena eskuratzeko laguntza handikoak direnak: “Arazoaren beste alde bat dugu hori. Basoak ustiatzen dituzten enpresak beren irudia garbitzen saiatu badira ere, kapitalismo basatia eta maltzurra da beraiena. Ez naiz kapitalismoaren kontrakoa, kapitalismo solidario eta kooperatiboaren aldeko apustua egiten dut. Berarena ez den guztia suntsitzen duen kapitalismo hori ez da nirea. Harritzekoa da jatorrizko herriek –Araukanian edota Pascuan, adibidez– egunero pairatzen duten egoera, beren kontrako etengabeko erasoa. Nik indigenen autodeterminazio eskaera eta oinarrizko gabeziak desagerrarazteko irtenbideen aldeko gatazka islatu nahi izan dut”.
When we talk about French composers, we think of Claude Debussy and Ravel. There are those who have fun defending one or the other as the best French composer of all time. Frankly, two geniuses have been absolute, as a result of the circumstances of their time. They were a very... [+]
Deus
Kaskezur
Usopop, 2024
-----------------------------------------------------
We have nothing to lose,” the baztandarras say. And that's right. They have always made music to enjoy, play and play among four musicians who have been growing up. Since the group was... [+]
We have known Aitor Bedia Hans, a singer of the Añube group for a long time. At that time we were reconciled with BEÑAT González, former guitarist of the Añube group. It was at the university time, when the two young people of Debagoiena came to Bilbao to study with music in... [+]
Kutixik Non
Festival: In the Casa de Cultura de Intxaurrondo, in San Sebastián.
When: 26 October.
---------------------------------------------
It is a musical initiative that emerged in Donostialdea and aims to "collectively confront the music industry that wants precarious,... [+]
Opera groups Don Pasquale de
Donizetti: OSE and Bilbao Opera Choir.
Soloists: S. Orfila M.J. Moreno, F. Demuro, D. Del Castillo, P.M. Sánchez.
Stage Director: Emiliano Suárez.
Scenography Alfons Flores.
Place: Euskalduna Palace
Date: 19 October.
... [+]