Ana Jaka :: Ez zen diruagatik
Itzulpena: Iñigo Errasti
Elkar, 2014
Hizkuntza eta egitura xumeak erabili ditu egileak lan honetan lehen pertsonan idatzitako memoria moduko bat osatuz. Olga da bere bizitzako pasarte bat gogoratu eta kontatzen diguna, berarentzat inflexio puntua izan zena, bizitza aldarazi ziona. 45 urteko ofizio eta afiziorik gabeko emakume heterosexuala da protagonista, “etxebizitza, familia eta txakurtxorik gabe” bizi dena, Juantxo yonkia da bere amorante-laguna eta kalean topatutako gay gazte bati bere pisua konpartitzea eskaintzen dionean hasten da kontakizuna.
Pertsonaiei dagokienez Sonia Gonzalezen 2003ko Ugerra eta kedarra lanekoak ekarri dizkit gogora, narrazio honetako pertsonaiak ere kalekume eta gautxoriak direlako, hiriaren periferietan ibiltzen direnak, sistemaren bazterretan gordez. Baina gaiak du indarra liburu honetan, bizitzaren antzerkia eta komunikazioaren itxurakeria ipintzen ditu foku azpian, betiko gai bat mahai gaineratuz; bizitza eta heriotzaren arteko tentsioa, kasu honetan maitasunaren alde iluna eta eguneroko biziraupena azpimarratzen dira.
Maitasun erromantikoaren mekanismo suntsitzaileak aletuko zaizkigu, bikote bateko kideak harremana utzi nahi duenean eta bestearen erantzuna jasotzean. Maitasunaren aitzakian besteari eta norberari ipintzen dizkiogun kateak ditugu lehen planoan: “Bere ondoan egon naiz. Beste inori onartuko ez niokeena jasan dut, maite nuelako, hain ikusten nuen hauskor (...). Papera bete dut, neure rol horixe bilakatu naiz, eta jada ez dakit zer nahi dudan, ezta nor naizen ere”. Eta honekin batera sexu/genero sistemaren oinarri diren genero rolak ere agertzen dira: ‘benetako gizonak’ eta ‘maritxuak’ edo ‘emazte-jabetza’k eta ‘femme fatale’-ak.
Superbibentziarako dirua –ala diru falta– da protagonistaren eguneroko kezka: diru-laguntzak, alokairua, garraiorako edo janarirako aukerak: “Diru madarikatuak ongi harrapatuta gauzka. Bizitza ‘normala’ eraman behar duzu gainean zertxobait edukitzeko”. Sistema kapitalista-neoliberalari kritika dugu nagusiki, krisi garaiko liburua da hau. Ekonomia feministak merkatuaren ordez erdigunean bizitza jarri behar dela diosku eta ikuspegi aldaketa honetaz aritzeko abiapuntu polita da nobela hau gure ustez. Olgak bizi nahi du, ez du hil nahi, eta horretaz dihardu bere testigantza: “Dirua. Beharbada egoerak du errua, kasualitateak, baina ordudanik ospitaleak eta banketxeak leku gorrotagarriki berdintsuak eta aldi berean erabat aurkakoak iruditzen zaizkit. Isiltasuna, errespetua, eliza modernoak bailiran. Nahi gabe uzkurtzen da bat horrelako tokietan sartzean. Agintarien gelan sartu da bat, eta haien esku sentitzen da. Saldoa zeroan geratu dela edota zer edo zer hilgarria duzula bat-batean jakin ahalko bazenu bezala. Zuzenean jomugan jarri zara, eta hor aurpegirik gabeko zerbait dago, Jaungoikoaren bertsio estatistiko bat, bere apetaren araberakoa zure zoria”.
Alokairuen bidezko espekulazioa oztopatzeko neurria azaroaren 25etik goiti izanen da indarrean Ipar Euskal Herrian. Momentuko, tentsiopean diren Lapurdiko 24 herriei eraginen die: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu,... [+]