Festak antolatzetik harago joan behar zutela erabaki zuten Azpeitiko Sanjuandegi auzoko bizilagunek, duela sei urte. Gogoeta horren harira sortu zen XJ Auzolanean elkartea: auzoa biziberritu eta euskalduntzeko ekintza kulturalak burutzen dituzte.
Duela 40 bat urte sortu zen Azpeitiko auzorik handiena den Sanjuandegi. “Lehendik ez zegoen ezer hemen, baserri bat izan ezik. Sortu eta berehala, Extremaduratik jende asko etorri zen hona bizitzera”, dio Ainara Larrañagak, elkarteko kideak, “horren ondorioz, auzoaz dagoen irudia oso erdalduna izan da beti, nahiz gaur egun bigarren generazioko haur gehienak Azpeitiko euskal gizartean guztiz integratuta dauden”.
Duela sei urte, urtero legez festak antolatzeko elkartu zirenean, auzoaren bizitza kulturalari astindua emateko asmoa piztu zitzaien. Ordura arte, elizak uzten zien lokal batean biltzen zen jai batzordea, baina sanjuandegitarrek argi zuten horrelako proiektu bat gauzatzeko ezinbestekoa zutela bizilagun guztiena izango zen lokala lortzea. “Udalarekin zenbait tirabira izan ostean, auzotar batzuek lokal baten alokairua ordaindu zuten, eta hurrengo urteko festetan lortutako diruarekin itzuli zitzaien dena. Horren ondoren, Udalak onartu zuen lokalaren alokairua ordaintzeko diru-laguntza bat ematea”, dio Aitor Belokik, elkarteko kidea bera ere.
Orduan hasi ziren ekintzak antolatzen; horietako batzuk gaur egungo egutegian finko bihurtu dira, hala nola auzoko jubilatuekin egiten duten kantu-poteoa, Ume Eguna edota bigarren eskuko jostailuen azoka, aurten artisautza azoka ere bihurtuko dutena. “Finkoak ez diren ekintzak ere egiten ditugu, kultur arteko asteburua estremadurar eta euskaldunen artean adibidez, edota ibaia garbitzea herriko beste eragile batzuekin elkarlanean”, kontatu du Larrañagak.
Azpeitiko Elkar-ekin kolektiboarekin batuta, euskara bultzatzeko proiektu bat egin zuten XJ Auzolanean elkartekoek: Hesiak Gainditzen dokumentala proiektatu zuten, baita ostera egilearekin, Jon Maiarekin, hitzaldia antolatu ere. “Horrekin batera, auzoan mintza-lagun programa martxan jartzea erabaki genuen”, dio Belokik. “Auzoko lokalean ematen dira klaseak, erretiratutako irakasleen eskutik eta borondatez, eta estremadurar asko gerturatzea lortu dugu”.
Hurrengo erronka, gai sozialak lantzea
Apurka-apurka, XJ Auzolanean elkartekoek oihartzuna lortu dute herrian. “Festek inoiz baino indar handiagoa hartu dute eta Udalak berak ere auzoan egin beharreko aldaketa batzuen aurrean iritzia eskatu izan digu”, dio Belokik. Aurrerantzean, arlo kulturalaz gain, gizarte gaiak ere jorratu nahi dituzte.
Auzolanak proiektuari ekarri dion onura zein izan den galdetzean, harritu egin dira. “Auzolana ez da aukera bat izan. Gu auzotarrak gara, eta ez genuen hau antolatzeko auzolanean aritzea beste modurik ikusten. Auzoa biziberritu nahi baduzu, ezinbestekoa eta logikoa da auzotarren inplikazioa”.