Duela hilabete, Mexikoko Guerrero Estatuko Ayotzinapa herrian, polizia munizipalak 43 ikasle desagerrarazi eta beste lau tiroz zauritu zituen. "Normalak" deituriko landa eremuko eskola profesionalek hezkuntza kritikoa eta eraikitzailea eskaintzen dute, baina Estatuak haien kontrako jarrera oldarkorra izan du duela 40 urtetik hona. Eraso hau gerra zikinaren azken punta izan dela dio 20 urteko Carlos Ayotzinapako Normaleko ikasleak.
Landa eremuko eskola Normaletako ikasle mugimenduaren borroka aspalditik dator.
Bai. Adibidez, 2011n Ayotzinapan, eskola Normaletan matrikulazio berriak ukatu zituen gobernuak. Hori dela eta, Sol autobidea okupatu genuen aldarrikapen baketsu moduan, eztabaidarako mahaia aldarrikatuz. Guerreroko Estatuko gobernariak, Ángel Aguirre Riverok, indar federalak, indar estatalak, ministerioko poliziak eta matxinaden kontrako polizia bidali zituen. Egoera kontrolatu ezin zutela ikusirik, ikasleen kontra tiroka hasi ziren. Bi lagun hil zituzten, eta beste asko atxilotu eta torturatu. Torturatutako bi gazte kalibre handiko pistolekin tiro egitera behartu zituzten, tiroketaren hasiera ikasleoi leporatu ahal izateko. Zorionez, gure lagunak harri eta makilekin baino ez zeudela frogatzea lortu genuen. Nahiz eta poliziek iruzur egin zutela argi geratu, tiro egin ziguten polizia horiek libre jarraitzen dute, justiziatik ihesi, gaur egungo Guerreroko gobernariak berak babesturik.
Ikasle mugimenduaren aurkako errepresio horretan kokatu behar ditugu desagerpenak, beraz?
Irailaren 26an praktiketako irteera bat egin behar genuen Guerrero Estatuko leku marjinaletara. Bidaia abiatu behar genuenean polizia munizipala agertu zen, bidea moztuz. Autobusetik eztabaidatzeko asmoz jaitsi orduko tiroka hasi zitzaizkigun. Guztiz inguratuta gintuzten. Ondoko etxeetako bizilagunek, “Etorri gazteak, gurean babesa emango dizuegu!” oihukatuz haien etxea eskaini ziguten. Zenbaitek, tiroketen arteko segundoak aprobetxatu zituzten etxeetara korrika egiteko. Ihesean ateratako lagun bat tiroz jo zuten buruan; gaur egun Mexikoko Distritu Federalean dago egoera begetatiboan. Anbulantziak zaurituta zeudenak sorostera iritsi zirenean, polizia munizipalak autobusean geratutako gainerako 43 lagunak jaistera behartu eta polizia-furgonetetan sartuta eraman zituzten. Egun ez dakigu non dauden.
Ez al da paradoxikoa desagertutako 43 gazteak hobi klandestinoetan bilatzea, era ofizialean eraman dituztenean?
Gehien atsekabetzen gaituena hori da, Estatuan ez baitago konfiantzazko inor segurtasun publikoari dagokionez. Hurrengo egunean Ministerio Publikora joan ginen atxilotutako gazteak non zeuden galdegitera. Ministerio Publikoaren erantzuna, ordea, aurreko egunean atxilotutako ikasle edo pertsona zibilik ez zela egon izan zen. Edozein modutan, guk presondegietan begiratzea exijitu genuen, bertan ote zeuden ikusi ahal izateko. Banan-banan pasa genituen, baina han ez zegoen inor. 43 lagun hauek, polizia munizipalak atxilotutako momentuan bertan desagertu egin ziren.
Desagertuen senideek eta hainbat ikasle normalistek esan dute Estatuak badakiela non dauden desagertuak. Zuk zer uste duzu?
Guk Estatua estatu terrorista bezala definitzen dugu. Bere helburua gizartea beldurtzea da eta edozein mugimendu sozial estaltzea, izan ikasleena, izan irakaslegoarena edota herritik sortutako antolakuntza soziala. Adibidez, aurpegia desitxuratuta zuen gaztea erakutsi zutenean haien mezua argi zegoen: “Isiltzen ez bazarete, Ayotzinapako normalistei gertatutakoa gertatuko zaizue”.
Estatuak ez du erabili nahi izan bere inteligentzia ekipoa gure eskola-kideak bilatzeko, ez du bere zeregina bete. Gainera, egin dituen bilaketa guztiak zulo klandestinoetan egin ditu, horregatik uste dugu haiek badakitela non dauden. Desagertuak non dauden ez badakizu, leku ezberidnetan hasiko zara bila ezta? Ez soilik zulo klandestinoetan.
Nola baloratzen dituzu sortu diren mobilizazio sozialak?
Babes handia jaso dugu mugimendu sozialen aldetik. Adibidez, gertaera honen harira sortutako ikasle mugimendua oinarrizkoa da guk hasitako borrokari jarraipena emateko, 43 desagertuak bilatzen jarraitzeko. Babes horrek adorea ematen digu eta bakarrik ez gaudela gogorarazten digu. Gainera, estatuaren barruan ez ezik, erakunde internazionalek ere euren elkartasuna erakutsi digute gertakari hauen aurrean.
Zeintzuk dira zuen aldarrikapenak?
Gure kideak, 43 desagertuak, bizirik aurkeztu ditzaten nahi dugu. Epaiketa politikoa eskatzen dugu Igualako alkatearentzat. Kargutik kentzea eta gure kideei egindako kalte guztiagatik ordaintzea nahi dugu. Eta azkenik, Ángel Aguirre Rivero egin dituen sarraskiengatik kondenatua izatea nahi dugu. Zigorgabetasunarekin amaitzea, alegia.
Mexikoko herrialdeak berak ere, Peña Nietoren gobernuak alegia, gertakari hauetan erantzukizun zuzena duela uste dugu. Zergatik? Ez zuelako inolako babesik azaldu gertaerak jazo eta hamar egun igaro arte. Gainera, berak badaki Ángel Aguirre Rivero erakunde sozialen aurka aritu dela eta ez du ezer egin Guerreroko gobernaria presionatzeko; horregatik uste dugu bere babesa duela.
Esan liteke errepresioa handiagoa dela landa eremuan hirietan baino?
Bai, landa eremuetan ingobernabilitate arazo handia dago. Baliabide ekonomiko gutxi dagoenean norberak bizitza aurrera eramateko beste modu batzuk bilatzen ditu. Zoritxarrez, landa eremuetan lan eskasia handia da eta familiek euren burua behartuta ikusten dute delinkuentziara jotzeko: lapurretak, hilketak... Estatuak berak derrigortzen ditu beste bide batzuk hartzera biziraun ahal izateko. Eta tamalez, askok lapurretetan edo erakunde deliktiboetan sartzea aukeratzen dute. Horrek eragina du familia askorengan, euren lurraldeetatik alde egin behar izaten baitute. Injustizia handiak daude gune horietan.
Kasu askotan herritarrek beraiek antolatu behar izan dute euren burua polizia munizipalengandik babesteko, estatalarenganako konfiantza guztiz galdu dutelako. Azken aldi honetan, ikusi izan dugu lotura hertsia dagoela erakunde deliktiboen eta estatuaren segurtasun publikoaren artean. Horrek ekarri du herriak berak segurtasun neurriak garatzea.
Zer hezkuntza mota jasotzen duzue normaletan?
Landa normaletan jasotzen dugun irakaskuntza hezkuntza integralera bideratuta dago. Akademikoaz gain, ardatz kulturala dugu, eta honen helburua da gure jatorrizko herrien sustraiak eta kultura sustatzea. Arlo akademikoan, irakasleak ere izateko lan egiten dugu, guk jasotako hezkuntza bera ahaztuta dauden gune marjinaletara eraman ahal izateko. Landa normalistak ez gara mugatzen eskolak ematera, komunitatearekiko lotura bat ere sortzen dugu eta elkarrekin egiten dugu lan.
Landa Normalek zentzu kritikoa izateaz gain, gizartea asko babesten dute, gure egin beharra baita. Nekazarien seme-alabak gara, langileen seme-alabak eta landa Normalek asko eman digute. Horregatik, datozen belaunaldiei ere aukera bat ematen jarraitzea nahi dugu. Bestela, gurasoek gure ikasketetarako baliabiderik ez dutela esango diguten egunean, ezingo izango dugu beste ezer egin. Landa Normal hauek dira aurrera egin ahal izateko dugun esperantza bakarra.
Zer presentzia du zuen jatorrizko herriaren kulturak?
Presentzia handia du. Hainbat eskolatan oraindik badago jatorrizko hizkuntzak lantzeko irakasgairen bat, nahiz eta 2011ko erreformaren bidez gobernuak horiek desagerrarazteko ahaleginak egin. Ayotzinapako normalean, adibidez, hezkuntza interdiziplinar elebidunez irakasten da. Bertan hitz egiten diren hizkuntzak nauathla, mixtekoa eta tlapanelkoa dira.
Orduan, zer ezberdintasun dago landa eskola eta hiri eskola baten artean?
Ezberdintasun garrantzitsuena da jasotzen dugun hezkuntza gune marjinaletara eramateko prest gaudela. Haietan, nekazariak normalean ez du ikasten jarraitzeko aukerarik. Normalak, batez ere, baliabide urriak dituzten familiak laguntzeko daude, benetan beharra duten familientzako.
Born 2 October 1968. A few months earlier, the student movement started on June 22 organized a rally in the Plaza de las Tres Cultura, in the Nonoalco-Tlatelolco unit of the city. The students gathered by the Mexican army and the paramilitary group Olympia Battalion were... [+]
It was impossible to guess who was or who was the motto I read, but who was!
Ángel González Olvera was known in Mexico 11 years ago when the bertsolaris invited us to a few days with their improvisers. He lived on a high hill, feeding on birds, pigeons, pigeons, hedgehogs,... [+]
In the desert of Coahuila (Mexico), in the dunes of Bilbao, remains of a human skeleton have been found. After being studied by archaeologists, they conclude that they are between 95 and 1250 years old and that they are related to the culture of Candelaria.
The finding has been... [+]