Orain hiru urte, Lemoako San Antolin tontor inguruan (Lemoatx ere deitua) 1936ko Gudako lubaki batzuk aurkitu zirenean, berauek berreskuratzeko plangintzari ekin zion Udalak. Aranzadi elkartearen laguntzaz, Eusko Jaurlaritzak urtero antolatzen dituen Auzolandegiak programan aurkeztu zuten asmoa. Bi urtez auzolandegiak egin ostean, aztarna historikoak berreskuratzetik haragoko helburuak dituzte lemoarrek.
Urteak zeramatzan Lemoako Udalak herriaren memoria historikoa indartu nahian, batez ere gazteen artean. “Lubakiak aurkitu zirenean, Udaleko Gazteria zerbitzuak auzolana eta memoria historikoa lotzeko momenturik onena zela ikusi zuen. Eusko Jaurlaritzak auzolandegiak antolatzen zituela entzun, eta Lemoako lubakien berreskuratzea proiektuan sartzea erabaki genuen”, dio Mikel Garciak, Udaleko Gazte teknikariak.
Hiru arrazoi nagusi aipatzen ditu Garciak auzolandegi horiek egiteko: “Batetik, herri batean zenbait gauza auzolanean egiteak kosteak murrizten ditu, baita herritarren eta herriaren arteko lotura sendotu ere; bestetik, Jaurlaritzaren egitasmoa herriko gazteentzat eredu gisa ikusten genuen; eta azkenik, hezkuntza ez formalean, herritar guztientzat lanketa sakona proposatzen zuen”.
Aranzadi elkarteari auzolandegiaren alde teknikoa eramateko eskatu ostean, Udalak Lemoatx 1937 batzordea sortu zuen (lubakiak urte horretakoak baitira). “2013ko udaran egin ziren lehen aldiz: hamabost eguneko bi txanda izan ziren, eta bakoitzean 18 eta 24 urte bitarteko hamabost gazte atzerritar eta bost gazte euskaldun etorri ziren”, dio Garciak. Goizean lauzpabost orduz aritzen ziren lubakietan, eta arratsaldea libre eduki ohi zuten. Lehenengo urteko indusketetan ikusi zenez, uste zena baino lubaki gehiago zeuden berreskuratzeko, eta auzolandegiak hainbat urtez luzatzea erabaki zuten. Gerra garaiko material asko ere aurkitu zuten: obus bat, gorpu bat, platerak, bala-zorroak…
Auzolandegiak amaitutakoan, ordea, egin beharreko lana amaitu gabe zegoela ikusi dute eta zeregin horiek bukatzeko, Udalak auzolan deialdia egin die herritarrei. Bi aldietan, boluntario kopuru handia gerturatu da laguntzera.
Proiektu zabalagoa xede
“Aurtengo auzolandegien ostean, Lemoatx 1937 batzordea, Aranzadi eta memoria historikoan jarduten diren beste zenbait erakunde elkartu gara etorkizunera begira zer egin dezakegun zehazteko”, dio Garciak. “Erabaki dugu San Antolineko gune guztia publikoarentzako museo historiko bat bailitzan prestatzea, ez soilik lubakiak erakusteko, baita gerran bertan gertatutakoa azalduko duten panel batzuk jartzeko ere. Tontorrean dagoen frankismo garaiko ermitari kutsu erlijiosoa kendu eta informazio zentro moduan prestatuko dugu”.
Memoria historikoari lotuta, frankismo garaiko sinboloak erauztea ere helburu du Udalak. Ermitaren kutsu erlijiosoa, Lemoako elizatik Gantzabal tontorrera doan Gurutze-bidea eta zenbait etxetan Ministerio de Vivienda dioten plakak kendu nahi dituzte.