Lehengo urtean berreskuratu zuten arrasatearrek Goikobaluko Erromerixie, antzina herrian ospatu ohi zen festa. Zuztarrak Errotuz taldeak proposatutako ekintzak 13 kolektiboren arteko auzolana bultzatu zuen, ekitaldia aurrera atera zedin. Arrakasta handia izan zuela ikusita, urtero ospatzen jarraitzea erabaki dute.
Arrasaten (Gipuzkoa) belaunaldiz belaunaldi transmititu dituzten istorioen artean, bazen bat herriko Goikobalu muinoan (Santa Barbara izenez ere ezaguna) egiten zen erromeri bati buruzkoa. “Dokumentatuta dauden datu eskasen artean, 1931. urtean behintzat ospatu zela egiaztatu ahal izan dugu: bonbilla argiztatuak, taberna bat, Gasteiztik ekarritako musika banda eta guzti”, dio Xabier Zubizarretak, Zuztarrak Errotuz elkarteko kideak. Ahoz aho zabaldu denaren arabera, 1950. urtera arte egin zen erromeria. “Dena dela, ez zuen maiztasun jakinik”.
Goikobaluko muinoa (Goiko Obalutik eratorritako izena) Deba eta Aramaio errekek inguratzen dute. Antzina, gaztelu bat zegoen bertan, oso leku estrategikoa baitzen inguruko bailarak kontrolatzeko, eta horrexegatik historian zehar zenbaitetan okupatua izan da (Napoleonen tropek edota 1936ko gerran, kasu). “Hala ere, iristeko leku zaila denez, azken hamarkadetan oso baztertua eta hutsa egon da muinoa. Hori dela eta, eremuaren bizia berreskuratu nahi izan dugu Zuztarrak Errotuzekoek”, dio Zubizarretak.
Duela bi urteko planifikazioan, Goikobaluko Erromerixie berreskuratzeko asmoa agertu zuen taldeak. Herrian mugitzen ziren kultura eta kirol kolektiboei deialdia luzatu eta auzolanean arituz eta Udalaren laguntzarekin, lehengo urteko irailaren 14an ospatu zen berriz ere, hainbat hamarkadaren ostean. “Elkarte bakoitzak bere hondar alea ezarri zuen, erromeria ahalik osatuena gera zedin. Goizean kalejira batekin hasi genuen erromeria alde zaharrean, Goikobaluraino igoz. Bertan, bakoitzak bere janaria ekarri eta denon artean bazkaldu genuen; eta ostera kontzertua eta dantzaldia ere izan ziren”, azaldu du Zubizarretak.
Iazko esperientziak izandako arrakasta ikusita, urtero errepikatzea deliberatu dute. “Hemendik aurrera, dena den, iraileko hirugarren larunbatean ospatuko dugu. Aurtengoa, beraz, irailaren 20an izango da”. Jada ia dena prest dute ekitaldirako.
Arrasateren fundazioaren 750. urteurrenarekin batera sortu zen Zuztarrak Errotuz taldea, 2010ean. Herriaren kultura eta historia berreskuratzea dute helburu, nahiz eta adierazi duten ez direla ikerketa lanetan aritzen diren historialariak. “Euskal Herrian, orokorrean, hutsune eta akats historiko asko daude, eta jendeari galdera horien erantzuna bilatzeko interesa piztea da gure asmoa”, dio Zubizarretak. Goikobaluko Erromerixie antolatzeaz gain, beste zenbait ekintza egin dituzte herrian, hala nola, urteroko hitzaldi ziklo bat (maiatzean) edota Arrasatek bizi izan dituen garai historikoei buruzko erakusketa, Begira! Arrasate izenekoa.