uskara, gure herriko eta lurralde honi (Euskal Herria) izena ematen dion hizkuntza dela, baina euskaldunen hizkuntza eskubideak, gaur arte, ezagupen ofizialik gabe daudela kontuan harturik, Herriko biltzarrak azalpena entzun eta eztabaidatu ondoren, euskara herriko hizkuntza ofiziala izendatzen du frantsesaren hein berean”. Erabakiak lau boto kontra, hiru zuri eta 22 alde izan zituen ekainaren 26ko herri kontseiluan.
Erabaki ausarta da halakorik aldarrikatzea, Frantziako Estatuak euskara hizkuntza ofizialtzat ez duela kontuan izanda. Estatuak teoria praktikara eramateko ahalegin ugari egiten du; hor dira suprefetaren eta prefetaren jarrerak Seaskako ikastolak direla eta. Ezin gutxiago espero: Patrick Dallennes Baionako suprefetak azaldu duenez, “epaitegi administratibora igorriko da tarterik ahalik eta laburrenean eta zuzenenean, eta berehalako auzi prozedura eginen da”. Sud Ouest egunkariari esan dionez, ziur da erabakia bertan behera geratuko dela.
Suprefetak Uztaritzeko herriko etxeari lepotik heltzen dion bitartean, Espainiako Estatuko Carlos Urquijo estatu ordezkariak udalei salaketak jartzen segituko du.
Udaletako hizkuntza politikei hiru motatako salaketak egin dizkie: kontratazioetako hizkuntza irizpideak ezartzeagatik; diru-laguntzetako hainbat deialdirengatik; eta herritarrei informazioa euskara hutsez bidaltzeagatik. Euskara ofiziala den lurraldean dabiltza gisa horretara.