Marokoren eta Polisarioaren arteko su etena ikuskatu eta giza eskubideak bermatzea dira Nazio Batuek gidatzen duten Minurso misioaren helburuak. Duela gutxi hitzarmena berritu dute, baina sahararrak ez daude gustura, pasibotasuna salatu dute behin eta berriz. Honako kronikan arnas liteke misioaren jardunaz sahararren iritzia.
Msailah gizon txikia da, erretzailea eta argala. Saharar gehienak bezala. Zigarroak bata bestearen atzetik erretzen ditu “anaia zaharraren aurrean ez bada” behintzat. Sahararrak tradizionalak dira eta helduenganako begirunea adierazteko ez dute haien aurrean erretzen, baimenarekin ez bada. “Lagun askok anaia ugari dituzte eta ezin dute etxean erre, kalean ere tentuz ibili behar familiako batek ikusi ez ditzan. Saharar familietan kide asko baikara”. Lagun guztiek errespetu bera ote duten galdetu diot. “Denek”, erantzun dit. “Anaiak kartzelan dituztenak edo aita desagertua duten askok ere ez dute etxean erretzen”.
Mendebaldeko Saharan kanpotar izateak gain-gaineko zainketa dakar. Komunera joanda ere zelatan izango dituzu kale-poliziak. “Horretarako nesken komunera sartu behar badute ere”, gaineratu dit Msailahk atzean ditugun bi gizon ikusi ondoren. “Ez gaituzte bakean utziko sekula”. Sahararren eta beraiei buruz informatu nahi duen edonoren aurkako jazarpena ez da horretara mugatzen. Espainiar kolonia izan zen lurralde honetara iritsi nintzenetik ondoan izan dudan Msailahk torturak pairatu dituen ezagun baten etxera narama. Baina lehenbizi atzetik ditugun polizia sekretuak galdu behar.
"Zatoz ona, taxi bat hartuko dugu” esan dit. Taxi ilara bat pasatzen utzi du Msailahk, konfiantzazkoa dena hartu behar delako. Konfiantzazkoa izatea Laayouneko kale hauetan saharar izatea da. Poliziak galduko dituen taxi zintzo bat. Inori sekula nora joan garen esango ez diona. Taxista-aktibista deitzen diet nik.
Habib torturatuaren etxean
Saharar baten autoan igo garenerako pasako zen ordu erdi gutxienez, baina azkenean taxista-aktibista itzela topatu dugula aitortu behar dut. Lau aldiz etxe berari buelta eman, lagun baten tailerrean sartu eta atzeko aldetik irten eta badaezpada ere beste etxe bati hiruzpalau buelta eman. Ondoren, inongo kale nagusirik hartu gabe, eta beti atzera begira gabiltzala, jipoitutako pertsona horren etxera iritsi gara eta ahal bezain azkar barrura sartu. “Bizilagunak zelatan izan ez ditzagun”.
Lagun horren etxea txikia da. Baina bertan sei bat gazte ordenagailuaren ondoan ari dira hizketan. Denak jaiki dira ni gelara sartu bezain pronto, ni agurtu nahian. Segituan, jipoitutako lagunaren ondora naramate eta hark bizkarrean dituen ubeldurak erakutsi dizkit.
“Hilabete luze egin dut ospitalean, ez guraso ez familia ez lagunik ikusi gabe. Mediku marokoarrak agindu duenean bakarrik ekarri naute etxera. Pentsa, oraindik bizkarra horrela badut, nola izango nuen gorputz osoa orain dela hilabete. Ostiko eta ukabilkadek gorputz osoa ubelduta utzi zidaten. Hori gutxi balitz, eta sudurra odoletan nuela, buruz bera izan ninduten ordu pare batez jarraian. Txiza gainean ere egin zidaten”. Bere delitua zein izan zen galdetu diodanean, hark segituan eta nire lagun txikiak itzultzaile lanak hasi baino lehen, hassanieraz (sahararren hizkuntzan) sekulako parrastada bota dit. Haserre dago Habib, jipoitua izan den mutil gaztea.
“Euren lana egiten ez badute, zertarako daude hemen?”
“Minursok giza eskubideak ikuskatzeko eskatzen zuen manifestaldi batean nengoen; legez kanpoko manifestaldia zen, denak bezala. Hemen ezin duzu manifestaldirik egin legalki. Marokok inongo juiziorik gabe jendea espetxeratu du, ehunka desagertu daude, umeak eta zaharrak jipoitzen dituzte, baita askotan hil ere. Eta munduak zer egiten du? Ezer ez, hona ez da etortzen kazetaririk. Guk geure aldizkaria atera behar dugu” dio Habibek inprimatzaile zahar batetik atera berri den panfleto bat erakusten didan bitartean. “Euren lana egiten ez badute, zertarako daude hemen Minursoko langileak. Ez erreferendumik egin, ezta giza eskubideak bermatu ere. Doazela pikutara!”. Bere lagunak ere iritzi berekoak dira eta denek esaten dute Minursok ez duela ezer egiten. Haserre utzi dugu Habib bere gelaxkan, baina halere nahi dudanean bueltatzeko esan dit.
Kalera irtetean Msailahk zigarro bat piztu du. “Barnean nire familiako bat zegoen”. Isilik dago oraingoan ordea, pentsakor. “Askotan iruditzen zait Alahk gure nahiak desagerrarazten dituela ke hau bezala, horrelako gazteei gertatukoa ikusi eta Minursok ezer egiten ez duenean. Minurso izan beharko litzateke kea moduan desagertu beharko litzatekeena, eta ez gure garrasia”. Zigarroa amatatu baino lehenago bestea piztu du, kea sekula desagertzea nahi ez balu bezala.
Minurso (Nazio Batuen Misioa Mendebaldeko Sahararen Erreferendumerako) 1991. urtean sortu zen Maroko eta Polisarioaren arteko su etena ikuskatzeko. Hainbat naziotako soldaduk eta diplomatikok osatzen dute –gehienak asiarrak eta afrikarrak–. Mendebaldeko Sahara banatzen duen hormaren bi aldeetan daude misio honen kanpalekuak.
Azken urteetan oso kritikatua izan da lurralde horretan duen papera. Su etenaren begirale izateaz gain, eta sahararren independentzia edo Marokora anexioa erabakitzeko erreferenduma egiten den bitartean, giza eskubideak defendatzeko eskatu zaio. Halere, Maroko kolonizatzailearen aliatua den Frantziako Estatuak, Minursok izan behar lukeen paperaren inguruan egiten diren bilera guztietan betoa ezartzen du.
Lurralde okupatuetan bizi diren sahararrak kalera ateratzen dira sarritan protesta egitera. Polisarioak ere behin baino gehiagotan adierazi du Minursok giza eskubideak ikuskatzen ez baditu armak hartzeko prest dagoela, “bere herria ezin utz baitezake kolono militarren menpe”. Gauzak horrela, Minurso da munduan giza eskubideak ikuskatzen ez dituen Nazio Batuetako misio bakarra.
Leaving behind books, libraries and their benefits in April, Kabiak Sahrawi wishes to recall the dark side of his history, which is of greater importance in defending the identity and survival of peoples. We are talking about the destruction of the age-old and usual libraries... [+]
Sahara, herri bat erresistentzian liburua argitaratu du Kristina Berasainek. Urte luzez jarraitu du Mendebaldeko Saharako gatazka, 2005ean BERRIA egunkariko kazetari gisa lurralde okupatuetara lehen aldiz bidaia egin zuenetik.
The Spanish Foreign Minister denies that Spain is the administering power of the Western Sahara. But yes.
For years, Spain said that it was neutral on the Sahara issue, albeit a lie: it was very partial. For Morocco. The Palestinian National Power has a diplomatic mission in... [+]
Marokok 2020an ia hiru hamarkadatako su etena hautsi zuenetik, gerra berrabiarazi dute Rabatek eta Mendebaldeko Saharako askapen mugimendu nazionalak. Polisarioa XVI. Kongresua egiten ari da egunotan, eta estrategia berria eztabaidatzen ari dira. Buruzagitzan Brahim Galik... [+]
A couple of years ago, the CAF Works Council opposed the construction of a train running through the occupied Palestinian territories. In this case, the works council was clear that it did not want to participate in the theft of Israel in Palestine.
For many, Christmas is a... [+]