Eskoziako hiri nagusi den Glasgow benetan bi dira. Auzo pobreenetan jaio direnak batez beste 28 urte gutxiago bizi dira alderdi aberatsenean sortuak baino. Munduko Osasun Erakundeak salatu zuen 2008an baina sei urteotan leizea are gehiago sakondu da, berrikitan Oxfamek salatu duenez. Murrizketa eta karitate gehiago agindu diete.
Glasgow contre Glasgow film laburrari bigarren titulutzat “Pobre bizi aberatsen hirian” ipini dio Julien Brygo kazetariak. Le Monde Diplomatiquek plazaratua, Vimeon ere ikusgai dago. Brygok berak egindako argazkiekin uztartu ditu Eskoziako hiri handiko leize soziala ikertzean lortu zituen lekukoen esanak.
Brygok ez ditu pozik edukiko Glasgowko Rothary Clubeko kideak. Hiriko burgesiarik aberatsenaren biltoki eta karitatezko ekintzen sustapen gunea den klubera konbidatu zuten Brygo, filmean ageri denez: “Adiskideok, konbidatu berezia daukagu gaur gure artean, Julien Brygo, ikertzen ari dena Glasgowko pobrezia, eta Rothary Clubeko kideoi galdetuko diguna nola murriztu txirotasuna”. Bideoaren amaieran ageri denez, aldizkariko zuzendaritzari kexa azaldu diote hiriburu distiratsuaren irudi ilunegia eman duelakoan. 25 minutuko dokumentala ikusita epaituko du irakurleak.
Munduko Osasun Erakundeak 2008an jakinarazi zuen hiriko auzune pobreenetako biztanleek 28 urte gutxiagoko bizi itxaropena zutela aberatsenek baino. Hegoaldeko auzuneko aberatsenetan 82 urtetara helduko dira batez beste; hiriaren ipar eta ekialdean bizi diren txiroenek ez dute 54 urteen muga gaindituko. Hauek Bangladesheko media baino 14 urte gazteako hiltzen dira.
Klubeko lehendakari Michel Guyk aitortu du egia dela. “Ez da pobre izateagatik gertatzen beti, gehiago da elikadura eta bizimodu kontua. Alkohola... Eskoziako Gobernuak ezarri ditu hobetzeko programak, eskoletako menuak aldatu dira, baina umeek nahiago dituzte fish and chips eta patata frijituak saltzen dituzten postuak kantinetako janariak baino. Ezin da gauza handirik egin”. Klubeko presidentearen urrezko koilarea –46.000 euro balioko ditu– daramala mintzatu zaio Guy. Bera bezalako 11.288 milioidun zeuzkan zerrendaturik 2007an Glasgowk.
“Etorri berri naiz Indiatik eta esango dizut hemengo pobreak ez direla hain txarto bizi”. William Haughey mintzo da horrela, 26.a Eskoziako aberatsenen zerrendan 181 milioi eurorekin. “Kontu eman behar da zeri deitzen zaion pobrea edo aberatsa. Hemen pobreak lehenago hiltzen dira eta lan egin behar da horretan, baina beren bizitzeko eragatik da, ez txiroak direlako”. Autoaren matrikula ere berea du: “I-WH” (Ni, William Haughey).
Haygheyk uste du ongizate estatuak jendeari baimendu diola bizirautea gauzak bere ardurapean hartu gabe. “Nik esatea badaukat hori Alderdi Laboristako kidea izanik, ez bainaiz aberats jaio, langileen giroan jaioa naiz eta ongintzazko estatuak desilusionatu nau”.
Eskoziako Alderdi Nazionaleko zinegotzi Fanny Scally auzune txiroetan hautatu dute. Langileen semea, gogoratu du aita 84 urterekin eta aiton-amonak 90 baino gehiagorekin hil zitzaizkiola, pobreak izan arren. “Egoera soziala aldatu da. Jendea hiltzen du drogak, kaleko agresioek... Historian bizi-itxaropen hain apala aurkitzeko gerra arteko garaietaraino jo beharko genuke. Ondo iruditzen zait aberats asko etortzea Glasgowra, baina hobeto legoke aberastasuna era justuagoan banatzea”.
2010ean Brygo kazetariak berak idatzia du Margaret Thatcher bere neoliberalismo basatiarekin iritsi artean hiri industriala izandako Glasgow ezkertiarrean inoiz ez dela gaur bezain ikusezina izan klaseen arteko gorrotoa. Auzo batzuetako eta besteetako biztanleen artean dagoen 28 urteko bizi itxaropen tartea loturik dagoela aberatsenen eta txiroenen arteko bereizketa sozial eta baita geografikoarekin ere.
Halako apartheid soziala lurrikararik gabe betikotzeak erakusten du zer nolako lan ideologikoa egin duten azken 30 urteotan, XIX. mendeko eskemara itzuli arte: txiro gaiztoak alde batetik, bihotz oneko aberats filantropoak bestetik.
593.000 biztanle dauzkan Glasgowk baditu 10 golf zelai pribatu inguruetan, 20 jatetxe gastronomiko kario, luxuzko 5 merkatalgune, 5 izarreko 7 hotel. Luxuzko produktuetan Londresen ondoren dago Glasgow. Hemengo Buchanan karrika munduko zazpigarren garestiena da. Eduki daiteke kontzientzia lasai metro gutxira jendea mixerian bizi delarik? Baietz... filantropia praktikatzekotan.
Thomas Hunter da filantropo eskuzabalenetakoa. 1998an lehen enpresa saltzeko zori ona eduki zuen, 310 milioi euro irabaziz. XX. mende hasieran munduko eskoziarrik aberatsena izatera heldu zen Andrew Carnegyren ereduak liluratuta ekin zion: “Filantropia ona da eta oso dibertigarria. Zergatik utzi besteei dibertimendua, norberak egin ahal izanda?”. 1.260 milioi zeuzkan bankuan 2008an Eskoziako gaurko gizonik aberatsenak.
Hunterrek 60 milioi euro oparitu dizkie karitatezko ekintzei. Eskoziako legebiltzarrak saritu zion bere bihotz ona. Orain David Cameronek are propaganda gehiago egiten die filantropooi, Estatuaren aurrekontuetan ezarri dituen murrizketen eraginak arinduko dituztelakoan.
Hunter mintzo: “Nire iritzian Estatuak ezin ditu arazo guztiak konpondu. Ahalik eta ahulen beharko luke Estatuak. Norberak erabaki behar du zer nahi duen eta Estatuak bakean utzi behar gaitu merkatu librean”. Thatcher agintera iritsi arteko egoera balitz, Hunterrek bere irabazien %98 Estatuari pagatu beharko zion zergatan; gaur egun %45 eta gainera karitatea zergetan salbuetsita dago.
Aberatsenekin solastatu ostean txiroenen bila doa kazetaria. Wyndforreko dorreak dira Europako hiri guztiek dauzkaten auzune madarikatuetako eraikin triste tipikoak. Andy Whright langabetu gaztea izango du gida. “Arratoiak bezala bizi gara mundu aberatsaren erdian, beti laguntza sozialak moztuko dizkigutela mehatxaturik”. Baina jendea 54 urterekin hiltzen diren auzuneetan ez da ezer berezirik ageri. Brygok dioenez, “hirigintzak baketu ditu auzuneak. Klase borroka Glasgown ikusezina da, laua, oharkabean pasatzekoa”. Golf zelaiek bereizten dituzte aberatsak alde batera, pobreak bestera.
Lehen auzo obrero izanak merkatalgune bihurtu dituzte. Hiperrean jaki merkeenak erosiko ditu substantziaren bati loturik denaren itxura daukan Whright langabeak. “Baina zorte txarrak ekarri gaitu honaino, honek ez du zerikusirik aberats edo pobre izatearekin”.
Joan den martxoan Oxfamek plazaratu ikerlanean erakutsi du Britainia Handian azken urteotan gotorragotzen ari dela aberatsen eta txiroen arteko hesia.
Time passes quickly, even more so after two years so slow and weird by the pandemic. The Scottish Prime Minister, Nicola Sturgeon, announced at the end of June his intention to conduct a further consultation on the country’s independence in October 2023, which leads us to... [+]
Independentziari buruzko bigarren erreferenduma 2023ko urriaren 19an egitea proposatu zuen Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak joan den astean. Ezezkoa erantzun dio Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak
Eskoziako Parlamentuan egindako hitz hartzean eman du horren berri Nicola Sturgeon Eskoziako Lehen ministroak. Aurkezpenean, kritikatu egin du Erresuma Batuko Gobernuak orain arte ukandako "blokeo jarrera".