Literaturako irakasle gizonezko baten ahots narratiboa da eleberri osoan gidatuko gaituena. Narratzaile eta protagonista honek agerian utziko du bere kontaketa prozesuaren helburua: “Egunkarietatik deitu ohi dute hil berriari buruzko iritziak biltzeko… eta horregatik hasi nintzen neure adiskideak zerrendatu eta haiei buruzko gorazarre posibleak prestatzen” (9. orr).
Baina, Adiskide bat nuen izenburuak, zendutako lagun baten gorazarretik eleberria abiatzen badu ere, errusiar panpinen antzera zabalduko den istorio hirukoitza biltzen du bere baitan. Honela, istorioak zabalduz doazen neurrian, orotariko gai eta hausnarketa interesgarrien partaide izango gara: Historiari lotuak batzuk, euskal gatazka bezala, eta testuinguru zabalago batean, 68ko Maiatzeko mugimenduak. Eta abstraktuagoak beste batzuk: maitasuna, fantasia, desioa, identitatea. Azken hauek, Literaturaren gaineko erreferentziez indartuak datozenez, pertsonaiaren hezurdurari haragia eransteko balio dute.
Proust, Stendhal, Borges, Pessoa edo Agatha Christieren antzera narratzaile lotsatia da bera ere. “Mundua askoz ere ederragoa litzateke lotsatiz beteko balitz” (126. orr) aitortuko du momenturen batean, eta horregatik adiskide bat duela errepikatuko du etengabe bere bizitzako atal baten autobiografia literarioa idazteko.
Hiru istorio, beraz. Garibaldi, gaztetan borroka klandestinoan aritutako lagunari buruzkoa, hari zuzendua baita gorazarrea. Baina klandestinitatearen barrunbean bidaiatuz, sakabanatuko dituzten errautsak ez dira benetako Garibaldirenak, bere identitatea ordezkatu zuen erakundeko beste norbaitenak baizik.
Narratzaileak maitasunagatik sufritzen du, hala antzematen du etxe azpiko parkean saltoka hasten den Freud izeneko txakurtxoak. Bere emaztea astean hirutan kiroldegira joaten dela dio, baina beste gizon bat ikusten du errealitate gordinean. “Bera edo ni” galdetzea gustatuko litzaiokeen arren, ez du horretarako indarrik, eta Zurriolako terraza batean topatutako neska misteriotsu eta xarmant batekin amesten du. Neskaz gutxi dakigu; takoizko zapatak txilena modura eranzten dituela, futbolariek erakusten ez duten dotorezia batekin, bere ibilkerak gogoeta berezi bat merezi duela, eta abar. Azken finean protagonistaren ametsak, desioak, eta horiek idaztean ezagutzera ematen diguna besterik ez dakigu. Eleberri amaieran, Biografia eta Literatuaren inguruko eskola batean, argituko da haren identitatea.
Eleberri ederra, erreala eta ametsezkoa. Bizitza literaturan.
Leaving behind books, libraries and their benefits in April, Kabiak Sahrawi wishes to recall the dark side of his history, which is of greater importance in defending the identity and survival of peoples. We are talking about the destruction of the age-old and usual libraries... [+]