Unilever multinazionalak Frantziako lantoki bat itxi zuen Marseilla ondoan. 1.336 egun iraun duen borrokaren ostean, langileek lortu dute salbatzea kooperatiba sortzeko asmo bihurturik. XXI. mendeko krisitzarraren beste aurpegia ikusi da Proventzako Gémenosen: langileek ugazaba behartu dute konponbide batera.
Gehienetan bukatzen da gaizki baina ez beti. Merkatu librean oinarritzen den ekonomiak ziklikoki ezagutzen dituen krisietako bakoitzak uzten ditu lanik gabe milaka edo milioika langile, soberan omen dauden lantokiak sakrifikaturik, hemen Arroako TS, hor Azpeitiako Corrugados lehen Ucin izana, aurretik Ibaizabal bazterreko Altos Hornos edo Urumeako Orbegozo. Inon ez dago idatzita, ordea, langileen derrigorrezko patua denik labanari zintzurra isilik eskaintzea.
Maiatzaren 27an berria zabaldu du Politis astekariak bere webgunean: “1.336 eguneko borrokaren buruan, Fralibeko langileek lortu dute Unilever multinazionalarekin ituna, enpresa kooperatiba moduan berriro abiaraztea baimendu behar diena”. Biharamunean obreroek batzarrean eman dute adostasuna eta Scop T.I kooperatibaren lehen urratsei ekin. Bastamag gunean Sophie Chapellek titulatu du: “Fralibeko langileek Unilever erraldoiari irabazi diote”. Frantziako ezkerreko jende askorentzako albiste handia izan da besteren artean Lipton markako tea ekoizten zuen lantegi hau bizirik atxikitzea.
Sophie Chapellek “Fralib: des salariés créatifs en lutte contre une multinationale cupide” kronikan kontatua du enpresaren historia. Pastis edari gozoak famatu egindako Ricard konpainiarenak ziren Eléphant infusio marka eta Marseilla ondoko Gémenos herriko te fabrika. 1972an Unilever multinazionalak erosi zituen eta gero Lipton markakoekin elkartu enpresa berean, hori baizik ez da Fralib.
2001etik aurrera ekin zion jatorriak Holandan eta Britainia Handian dauzkan Unileverrek konpainiaren enpresa sarea berregituratzeari, benetan etekinak ematen dituzten atalak besteetatik bereizi eta urruntzen, komertziala Parisera, Europa osoko erosketen zentrala Suitzara, eta abar.
2010eko irailean korporazioak Gémenoseko te usina itxi egin zuen eta 182 langile kalean utzi, argudiatuz Europan taldearentzako tea egiten duten hiru lantegietan lehiakortasun gutxiena berak zuela. Orduan ekin zioten borrokari enplegatuek. CGT sindikatukoak ziren hautatutako ordezkariak. Eta hauek ibili dira gidari 1.336 egunetan.
Langileek, hasteko, demostratu zuten Unileverren argudioa ez zela egiazkoa. 2011n landu zuten adituekin elkarlanean txosten bat non azaldu zuten, hasteko, 1.000 tonatan kalkulatzen zela Gémenoseko fabrikaren errentagarritasun maila eta itxi zutenean 2.900 ari zela ekoizten. Te kaxa 1,60-2,60 euro artean saltzen bazen, langileen kosteak 0,15 baino txikiagoak ziren.
Mundu osoan 167.000 langile enplegatzen dituen erraldoia da Unilever, hainbat markarekin merkaturatuz: Axe, Dove, Omo, Flora, Hellmann's, Knorr, Lipton, Lux, Magnum, Rama, Rexona, Sunsilk... Frantziako adarrak, CGTren kalkuluetan, 2008an bertan 750 milioi euroko etekinak banatu zituen nagusien artean. Horietatik 200dik gora Suitzako zentralera bidali zituen, beti ere legeetan ondo babesturik. Horrelako mugimendu batek baimendu zion urte bakar batean Frantziako estatuari 67 milioi euro gutxiago ordaintzea zergatan.
Fralibeko langileen apustua hasieratik izan da itxieragatik protesta egiteaz gain B plan bat antolatzea. Horren hari nagusiak 2011rako markaturik zeuzkaten, aholkulari enpresa batek lagundurik. Enpresa berria kooperatiba izateaz gain, ikusi zuten fabrikak etorkizuna eduki zezakeela Unileverrek makinak eta eraikinak utzi, Elephant marka euro bakar sinbolikoan saldu eta makinak ostera abian jartzeko diru bat aurreratzekotan.
Azpiegiturak utzi eta dirua jartzeko prest azaldu zen Unilever, baina Elephant marka askatzeko ez. Frantziako merkatuan daukan izenaz gain langileek garrantzia ematen zioten Marseillan 1892an The de l’Eléphant sortutako markak Proventzako eskualdearentzako daukan balio sinbolikoari. Honetan ez du amore eman erraldoiak, klase guztietako boikot eta ekintzak jasan arren, eta beste marka batez merkaturatu beharko dute Scop T.I kooperatiba osatu duten beharginek.
CGT sindikatuaren Unileverreko atalak bere webean azaldu ditu Fralibeko langile ohiek lortutako akordioaren xehetasunak. Lurzorua eta eraikinak administrazioaren esku geratzen dira, eta euro bakar sinbolikoaren prezioan ekipo administratibo eta industrial guztiak ere. Unileverrek diruz lagunduko du enpresa berria abiarazten eta langileen plan alternatiboa aurrera ateratzen. Sare komertziala antolatzen lagunduko die, merkatua aztertzen eta marka berria sortzen.
Multinazionalak onartu du ere langileen formakuntza diruz laguntzea eta Gémenosen dauden makinak modernizatzea. Kooperatiba berria martxan jartzeko bidean bere gain joango da langileen ordezkarien soldatak pagatzea.
Dena ondo badoa, duela hiru urte eta erdi enpresa ixtean ari ziren 182 langileetatik 76 hasiko dira kooperatiba berrian. Te eta infusio ekologikoen merkatuan zentratuko dira. “Ahal den neurrian inguruko ekoizleen produktuak erabili nahi ditugu, nahiago bertako ezkien lorea Errumaniatik ekarritako baino”. Tea bezalako beste lehengaiak urrundik ekarri behar direnean, Marseillako portua eta hurbileko kanalak lehenetsiko dituzte.
Kontua, proiektu berriaren arduradunek diotenez, ez da soilik ekologiko edo bio zertifikatua. Langileek ikusi dute nola 2001ean Unileverrek baztertu zituen betiko osagai naturalak, usain eta zaporeak kimikaz ordezkatzeko. “Jendeari ahaztarazi zaio gauza bakoitzaren zaporea. Orain askok bi zorrotxo ipini behar dituzte uretan zerbait dastatu ahal izateko. Lehen egiazko ezkiz, mendaz eta laranjaz egiten ziren infusioak, hemen bertan landuta”.
Maiatzaren 27ko itunarekin bizi berri bati ekin diote Gémenoseko langileek. Marrazoz beteriko merkatu batean bizirauten ikasi beharko dute infusio naturalak salduz. Lortuko duten? Usina ixtea erabaki zuen Unileverrek apustu egingo dizu ezetz, hamaika argudio ekonomiko eta komertzial erakusten ditu www.fralib.fr gunean.
Multinazionalak kaleratzeko kalte-ordain moduan pagatuko dizkien 20 milioi euroekin abiatuko dute kooperatiba berria langileek. Langileen ordezkari Olivier Leberquierrek Reuters agentziari esan dio: “Ez dugu borrokatu lortzeko txeke handiagoa baizik eta berriro lanean hasteko tresna industriala. Ezin dugu esan irabazi dugula fabrika ostera abiatu eta proiektua mamitu arte, baina lehen garaipen honek etorkizuna badugula sinestea ekarri digu”.
Gure lurraldeetan eta bizitzetan sortzen diren behar, desio eta ekimenen inguruan gero eta gehiago entzuten dugu harreman eta proiektu publiko-komunitarioak landu beharraz, eta pozgarria da benetan, merkaturik gabeko gizarte antolaketarako ezinbesteko eredua baita. Baina... [+]
I write these lines the day after the elections to the European Parliament, the dark times, the triumph of the Reactionary International in the elections to the European Parliament. It was already in advance and it is the confirmation of the conservative phase we live in, but it... [+]
One of the major projects developed by Olatukoop with other actors is KoopFabrika, a programme created in 2017 with the aim of boosting social entrepreneurship and which is currently underway.
Initially, the first idea was that the cooperatives and agents that gathered around... [+]
Bizitegi molde kooperatiboak zabalduz doaz Ipar Euskal Herrian. Euskal Hirigune Elkargoko azken biltzar nagusian Nicole Etxamendi, Itsasuko hautetsiak "Bizi lagun" kooperatibak kontutan hartu behar zirela eta alternatiba ona direla azpimarratu zuen.
When I am asked about cooperativism and the transformative economy through the cooperative Talaios and Olatukoop, I say that it has been an opportunity to begin the path to emancipation through work and collective action. And on that road it has been very important to work on... [+]
At the beginning of July we learned that the pastries and sweets factory De Paula will be closed in our town, which is essential for many workers’ houses. They say that pastry shops and, of course, retired workers have every right to rest, but we are going to lose an important... [+]
We insist that we are no longer a partnership or a collective. We went, yeah. We didn't have a collective way of being activist transmaribibollos (no, we're not very supportive of individual activism). We leverage the partnership to bill.
But in 2020, we went from being... [+]