Alderdi ultraeskuindar eta populistak indar handiz sartu dira euroganberan.Frantzian Fronte Nazionalak panorama politikoa astindu du, eta Espainian bipartidismoak galera itzela izan du.
Hamar herritarretik sei etxean geratu da Europako Legebiltzarrerako hauteskunde hauetan. 1979an parte hartzea %62koa izan zen, 35 urte geroago %43,1ekoa. Nahi duena kontsolatu daiteke esanez duela bost urte baino hamarren bat gehiago izan dela parte-hartzea, lehen aldiz igoera sumatu dela… Baina datu horiek lotsagarriak dira, areago kontuan edukita zenbait estatutan Europako bozen data aprobetxatu dutela herritarrei gertukoago zaizkien udal hauteskundeak egiteko.
Marketin guztia erabilita ere ez dira kapaz izan hautesleria mobilizatzeko. Kanpainan barrena mila bider errepikatu digute Europako Parlamentuak eskumen gehiago izango dituela hemendik aurrera, Lisboako Itunak tresna gehiago emango omen dizkiola hemizikloari. Eta promoziorako ikur gisa jarri dute Europar Batzordearen presidentearen aukeraketa, lehen aldiz legebiltzarraren esku legokeena.
Emaitzak jakin eta berehala Jean-Claude Junker hautagai popularrak presidente kargua aldarrikatu zuen txio batean. Martin Schulz sozialdemokrata berriz, bestelako aliantzak egiteko prest agertu da presidentetza eskuratzeko. Egoera nahasia ikusita, bada iradoki duenik hautagai izan ez den norbait jarri beharko litzatekeela presidente. Baina hori ulergaitza litzateke legitimitate demokratikoaren ikuspuntutik.
Arku parlamentarioaren koloreak begiratuta, lehen kolpean antzeman liteke eskuin tradizionalaren atzerakada –Europako Alderdi Popularrak (EPP) hamarnaka eserleku galdu ditu–; baina bisorea ondo enfokatuz gero, Europak eskuinera nabarmen egin duela konturatuko gara, ultraeskuindarrek 100 eserleku baino gehiago lortu dituztelako.
Frantzian Le Pen-en alderdia izan da garaile (%26), Ingalaterran UKIP (%29) eta Danimarkan DF (%23). Austrian FPÖk botoen ia %20 lortu du eta Grezian neonaziek %10 baino gehiago. Eskuin muturreko alderdi populista gehiago ere izango dira Bruselan: Italiako Lega Nord (%6), Alemaniarentzako Alternatiba (%7), Egiazko Finlandiarrak (%13)… Taldea osatzeko gutxienez zazpi estatutako 25 eserleku behar dituzte. Ikusi behar, nahiko multzo heterogeneoa osatzen baitute.
Alderdi antieuropear eta xenofoboek Bruselan zuzenean izan dezaketen indarretik harago, kezkagarriagoa gerta liteke talde handiek bultzatutako politiketan izango duten eragina, immigrazioaren inguruko diskurtso arrazistan esaterako.
Maiatzaren 25ean hautestontziak itxi eta berehala Frantzian argitaraturiko zundaketek, Le Pen-en Front National alderdiari ematen zioten garaipena. Ez zen kontaketa ofizialaren beharrik izan alarma gorria pizteko. Hexagonoko ordezkari politiko eta pentsalarien hitzek egoeraren larritasuna adierazten zuten.
Jean Marie Le Pen FNren fundatzaileak jo zuen erreakzio-kate horren lehen ukabilkada: “Desegin egin behar da Frantziako Asanblea Nazionala”. Ségolène Royal Ekologia ministro sozialista: “Gainerako mundu osoarentzat astindua izan da hau”. José Bové aktibista: “Fronte Nazionalaren garaipena erabateko iruzurra izan da”. Edgar Morin soziologoa: “Besteen ezintasunak, itsutasunak, utzikeriak, ekarri dute Front Nationalen garaipena. Horrela jarraitzekotan, hau hasiera besterik ez da”. Eta azkenik, Valls lehen ministroa: “Hau ez da alarma, hau lurrikara da”.
FNk botoen %26 eta 24 eserleku lortu ditu. Garaipen historiko hori Europan eman den protesta botoaren erakusle nagusienetakoa da. Asko dira estatuen austeritate politikek nazkaturiko herritarrak, eta horietako zati handi batek jo du FN gisako alderdi populistei botoa ematera. Frantziako Gobernuak abiatutako 50.000 milioi euroko murrizketa plana ez zaio merke atera alderdi sozialistari –botoen %14,1ekin historiako emaitza kaskarrenak izan ditu–. Ez da sekretua finantza merkatuek Frantzia dutela jo puntuan, defizit publikoaren muga gainditu duelako. Horrek tesitura zailean jarriko du Hollande: dogma neoliberala onartu eta FNri bazka eman ala finantza marrazoak dabiltzan itsasora salto egin.
PPk eta PSOEk Espainian hamarkadatan izan dute hegemonia krisian agertu da hauteskundeotan. Bi alderdiek 5 milioi boto galdu dituzte 2009koekin konparatuta. Alderdi Popularrak zortzi eserleku galdu ditu –24tik 16ra jaitsi da– eta sozialistek bederatzi –23tik 14ra–. Izquierda Unida, UPyD eta Podemos alderdiak izan dira boto galera hori baliatu dutenak.
Adierazgarria da Podemos ezkertiarraren kasua, sortu berria izan arren 1.246.000 boto lortu ditu estatu osoan eta bost eserleku izango ditu Bruselan. Pablo Iglesias bozeramaileak La Sexta telebista katean zera zioen: “Lasaitasunerako deia egin nahi dut, egia da ‘leinuen’ alderdiek jipoi serioa jaso dutela, baina oraindik ez dugu gure helburua bete, oraindik ez ditugu gainditu”.
Espainiako Estatuan parte-hartzea bere horretan geratu da, baina Kataluniako gorakadari esker izan da hori –2009an baino %11 gorago–. Hautesleria independentista mobilizatu da printzerrian eta ERCren garaipena ekarri du horrek. Beste behin, katalanek Estatuarengandik nabarmentzeko modua aurkitu dute, eta prozesu soberanista jendartean noraino errotu den erakusten du horrek.
Antzeko prozesu soberanista daramaten eskoziarren artean, Alex Salmond buru duen SNP alderdiak UKIPen igoera ikusgarriari eutsi dio eta duela bost urteko emaitza antzekoak lortu ditu, independentzia erreferenduma lau hilabete barru egingo denean. Flandrian berriz, N-VA alderdi eskuindar independentistak botoen %32 eskuratu du eta alderdi kristau-demokratarekiko aldea zabaltzea lortu du.
Alemania SPDk CDUrekiko aldea murriztu du.
Austria FPÖ ultraeskuindarra laugarren (%19,5).
Belgika Flandriar nazionalistak garaile izan dira (%32).
Erresuma Batua UKIP beste hiru alderdi tradizionalen gainetik.
Bulgaria Oposizioko kontserbadoreek sozialistak garaitu dituzte.
Danimarka DF alderdi utraeskuindarrak %23 lortu du.
Errumania Gobernuan dagoen zentro-ezkerreko koalizioa irabazle.
Eslovakia %13k baino ez du parte hartu. Sozialdemokratak garaile.
Eslovenia %16ko parte-hartzea. Kontserbadoreak garaile.
Espainia PPren eta PSOEren beherakada nabarmena.
Estonia Gobernuan dagoen Erreformaren Alderdiak irabazi du.
Finlandia Egiazko Finlandiarrek eserlekuak bikoiztu dituzte.
Frantzia Front National garaile (%26) eta UMP bigarren (%20).
Grezia Syriza alderdi ezkertiarrak irabazi ditu hauteskundeak.
Herbehereak PVV xenofoboaren azkartzea uste baino motelagoa.
Hungaria Eskuindarrak lehen postuan, ultraeskuindarrak bigarren.
Irlanda Azken emaitzen faltan, Sinn Féin faborito nagusia.
Italia Renziren PD alderdiak irabazi du (%34). Beppe Grillok %25.
Kroazia Kontserbadoreek irabazi %41ekin. Abstentzio handia.
Letonia Gobernuan dagoen zentro-eskuinak %45 lortu du.
Lituania Eserleku bana lortu dute agintean dauden alderdiek.
Luxenburgo PPEko hautagai Junckerrek erraz irabazi du.
Malta Laboristek 30.000 botoko aldeaz irabazi diete nazionalistei.
Polonia Legea eta Justizia nazionalista kontserbadorea irabazle.
Portugal Oposizioan dagoen alderdi sozialistak irabazi du.
Suedia Sozialdemokratek irabazi eta feministek (%7) eserleku bat.
Txekia Zentro-eskuineko ANO mugimendua irabazle (%16).
Zipre Gobernuko Dysi alderdi kontserbadoreak irabazi du.
Most Moved Holder: The PP has won the elections, especially because it has eaten Citizens in its entirety, and the PSOE remains roughly equal, keeping three out of ten total voters. Therefore, the PSOE has maintained the battle and a half badly seen what has happened in Europe,... [+]
Europarako Liberal eta Demokraten Aliantzak (ALDE) UPyD alderdia onartu du, talde berean dauden EAJ eta CDCren kontrako botoekin. Trukean, autogobernuari buruzko azpitaldea sortzea onartu du ALDEk.
Europako hauteskundeen ostean Syriza, Greziako ezkerreko koalizioa, herrialdeko lehen indar politikoa bihurtu da. Kostas Isychosek, alderdiaren kanpo politikaren arduradunak, “politika alternatiboentzako itxaropen boto” gisa deskribatu ditu emaitzak, Marta... [+]
Eduardo Muriel kazetariak Podemosek Europako hauteskundeetan izan duen arrakasta aztertu du La Marea hedabidean.
Hauteskunde europarrek emaitza esanguratsuak utzi dituzte Frantzian. Iritzi-azterketek iragartzen zuten bezala, eskuin-muturreko Frente Nazionala (FN) lehen tokian iritsi da bozen %25arekin. Horri esker, 23-25 eserlekuko eskuratu ditu, europar legebiltzarrean indarrarekin... [+]
“Igandeko emaitzak ezin dira balizko foru hauteskundeetara ekarri”, gaztigatu zigun Yolanda Barcinak duela hiru egun, maiatzaren 23an. Gauza bera erran du Sergio Sayas UPNko komunikazio idazkariak: emaitzak ez dira ekartzekoak, “Nafarroako alderdi nagusia... [+]
“Oraingoan, ezberdina da” zioen, fede baino borondate gehiagorekin agian, Europako Parlamentuaren web orri ofizialak aurtengo hauteskundeen aurkezpenean. Lisboako Itunaren ebazpenak aintzakotzat hartuz egindako lehendabiziko bozketak zirela azpimarratzera zetorren... [+]
Ezkerrak egin du gora Erkideagoan eta ezkerrak egin du gora Nafarroan. Espainiako Estatuan ere ezkerrak gora egin du (IU). Eta Katalunian berriz, Esquerrak irabazi du. Kataluniak Esquerrari eskerrak Europako bidean Estatu izateko bidean beste urrats bat gehiago eman du.
Horrela deitzen du Luis Moreno ikertzaileak lehengo urtean plazaratutako bere liburua. Eta horixe da niri hauteskunde gauaren ostean geratu zaidan sentsazioa.
Atzoko hauteskundeek utzitako titular nagusia Europa mailan alderdi euroeszeptikoek izandako igoera da ezbairik gabe. Ultraeskuinari dagokionean, arreta gehien bereganatu duen kasua frantziar estatuko Front Nationalen kasua izan da. Marine Le Penen alderdi ultraeskuindarrak... [+]
Ordezkari bana bidaliko dute Bruselara EAJk eta EH Bilduk datozen bost urteetarako. Euskal Herrian EAJk atera du boto gehien, zazpi lurraldeetan aurkeztuta: 220.885. EH Bildu Hegoaldean bakarrik aurkeztu da, eta bertan lehen indarra izan da. EAEn EAJk irabazi du, Nafarroan PPk... [+]
Info Zazpik idatzitako txio batean zioen Antonio Alvarez Solis kazetariak: “Estaturik gabeko nazioentzat Europako munstroaren aurrean beharrezkoa da ahotsa izatea”. Ez dut ukatuko garrantzitsua ez denik, baina hortik zorionak esateraino…
Ipar Euskal Herriko emaitza orokorra ezagutu ezean, hona bera hartzen duen departamenduko (Pirinio atlantikoak) datu azpimarragarri batzuk.