Irungo Meaka auzoan, izen berdinez ezagutzen den errekaren bazterrean, 1200. urtera salto egin dugu, Ola sagardotegian sartu eta hari pegatuta dagoen Erdi Aroko burdinolaren dimentsioei begira: Arantzateko burdinola. Oraindik belztuta kontserbatzen dituen hiru metro zabalerako kareharrizko hormetatik barrena, presatik burdinolaraino
ailegatzen zen ur korrontea sentitu daiteke.
Burdinola zaharra geldirik dago, baina ondoan daukan sagardotegiak nolabaiteko bizia eman dio. Eraikuntzagatik bereizten diren sagardotegiak ez dira bat eta bi. Badaude XV. eta XVI. mendeko baserrietan eraikitako sagardotegiak, upategiak lurpean dauzkaten sagardotegiak, bai eta fatxadagatik ezagun direnak. Ola sagardotegiak aukera izan du Erdi Aroko burdinola batekin pareta elkarbanatu eta haren aztarnak kontserbatzeko. Sagardotegia 1999an eraiki zuten eta horma oso bat dago burdinola zaharraren harria mantenduz egina, bere kolore beltz eta guzti. Etxea iraganeko olaren kontra dago, beraz, eta Erdi Aroko eraikuntzaren pasadizo eta zirrikitu guztiak bezeroari irekita daude. Kontserbazio lan handia eginda dauka eraikinak, eta sagardoa probatzearekin batera, gerturatzen direnek gure herriko historiaren parte txiki hori ezagutzeko aukera dute.
Burdinolaren pareta sendoenetako batean dago sagardotegirako sarrera, eta zubitxo bat pasata aurkituko dugu jangela. Sartu aurretik, baina, burdina landuko zuten lekuan belardi txiki bat, jolas-parkea eta frontoia daude, eta inguruan, etxekoek berreskuratu ahal izan duten tresneria ikusgai. Iñaki Bengoetxea sagardozaleak onartu digunez, beste hainbat lanabes gordeta dauzka oraindik eta museo txiki bat egiteko asmoa daukate. Olako hormen artetik igarota harrizko arku bat aprobetxatuz burdinolan bertan kupel bat ere badaukate jarrita, XIII. mendea XXI.arekin uztartuz. Mundu berezia sortzen da, duela ehunka urte bertan lanean arituko zirenak irudika ditzakegulako, harrizko bloke horien artean. Tradizioari eta historiari eusteko ahaleginean, sagardotegiaren eta orain 800 urteko olaren arteko harmonia mantenduz, ez dira eraikinean soilik zentratzen. Beren produktu nagusia sagardoa izaki eta etxean Euskal Herriko historiaz horrenbeste mintzatzen direla-eta, koherentzia eman nahi izan diote guztiari, sagardoa bertako fruituarekin eginez. Gaur egun behar izaten duten sagarraren %90 beren sagastietatik eskuratzeko gai dira, eta falta dutena inguruko baserritarrei erosten diete. Hamabost hektarea dauzkate 3.000 sagarrondoz beteta.
Garai batean baserri ugaritan lez, Olan ere maizter bizi izan ziren urte luzez. Iñaki Bengoetxea umetan halaxe bizi izan zen gaur Ola sagardotegia dagoen lekuan bertan, 1936ko gerran minen almazena izandakoan, eta gerora erosi egin zuten baserria. Beti sagardoa egin dute Bengoetxeatarren etxean, hasieran euren kontsumorako bazen ere. Beraz, tolarearen funtzioa ezagun, bezeroari irekitako sagardotegia egitea erabaki zuten, lehengo estetika mantenduz eta Arantzateko burdinolari probetxua ateraz. Jabea arotza da ofizioz, eta bere eskuz eraiki zuen sagardotegia. Ordurako, burdinola ere erosita zeukaten, 1988an, eta nahiz eta hasiera batean Udalak eraikinaren izaera historiko eta publikoa aldarrikatu, etxekoek hartu zuten ola zaharra mantendu eta ezagutarazteko ardura. Hala, sagardotegia egitearekin batera, Arantzate ola zaharberritzeko lanak abiatu zituzten. 200 tona hondakin atera zituztela dio Bengoetxeak, eta hormek urtean behin garbitu eder bat jasotzen dutela kontatu du barrez, karean segituan itsasten baitira landareak eta berehala hazten baitira adaxkak paretetan.
Sagardotegi zerbitzua urtarrilaren azken egunetatik maiatzaren bukaerara arte eskaintzen dute Olan, eta uda eta udazkenean erretegi moduan funtzionatzen du, eguneko menu eta guzti. Urte garai horretan bisita gidatuak ere antolatzen dituzte burdinolaren historia eta sagardoaren prozesua ezagutzera emateko.
Ez zen garaiko burdinola bakarra
Arantzate, Ibarrola eta Urbe burdinolak ezagutzen dira Meaka auzoan. Erromatar garaitik inguru horietan minak egon direla gauza jakina da, eta ondoren sartu ziren frantziarrak, ingelesak, alemaniarrak eta asturiarrak zonaldeko aberastasunaren jabe izan ziren. Arantzate da Meakako hiru burdinoletan mantentzen den bakarra, dorretxe eta guzti. Beste dorretxe baten aztarnak ere badaude, baina hura, Arantzate ez bezala, armarririk gabe. Bestalde, ez da iraganak utzitako aztarna bakarra: 300 metro gorago, XVIII. mendeko labeak ikus daitezke oraindik. Pentsa zer-nolako garrantzia izango zuen guneak, tren propioa ezagutu baitzuen bailarak antzina.
Arantzateko dorretxearen nagusiak XV-XVI. mendean izendatzen dira artxiboetan: Pedro de Aranzate izena agertzen da paperetan. Irungo
Udaletxe inguruan, San Joan plazaren iskinean, beste jauregi bat zuen Pedro de Aranzatek, orain Gaztelumendi taberna dagoen tokian. Aurrerago Pedro de Urdanibia deitura topatzen dugu idatzietan, eta orain golf zelaia den lekuan agertzen da. Armarri berarekin beste bi errota, jauregi bat eta abar aurkitu dira. Hortaz, etxekoek ez dakite Erdi Aroan zein jauntxorena zen egungo sagardotegia, baina XV-XVI. mendetik aurrerako historia zertxobait argitu ahal izan dute.
Ola sagardotegiak (telefonoa: 943 62 31 30) Arantzateko burdinola berezitasun duen moduan, eraikuntzan berezitasunen bat duten sagardotegiak dira honakoak:
- Saizar sagardotegia
(Usurbil, Gipuzkoa). 943 37 39 95
- Oiharte sagardotegia
(Zerain, Gipuzkoa). 943 50 10 13
- Lizeaga sagardotegia
(Astigarraga, Gipuzkoa). 943 46 82 90
- Astiazaran sagardotegia
(Zubieta, Gipuzkoa). 943 36 12 29
- Zalbide sagardotegia
(Abaltzisketa, Gipuzkoa). 943 65 21 76
- Uxarte sagardotegia
(Amorebieta-Etxano, Bizkaia). 946 30 88 15
The txotx season has begun and citizenship has begun with enthusiasm to test the harvest raised in the wineries of the sidrerías. We cannot miss the annual ritual, this way of promoting and living Basque culture. But every tradition, whether voluntary or not, changes and the... [+]
Hernaniarra naiz. Sagardozalea. Eskubaloira jokatu dudan hogei urteetan ezagutu ditudan emakume gehienek, nazioarte mailan jokatutako kirolari handiak barne, nik bezain beste gozatzen zuten sagardotegian garaipenak ospatzen genituenean, edo talde sentimendua kupel artean... [+]
Eguerdiko 13:00etan emango dio hasiera, proiektu solidarioak, 2018ko sagardotegi garaiari. Aurretik, trikitilariak eta Kalez Kale Kantariko kideak ibiliko dira herriko kaleetan, eta kirikoketa erakustaldia egingo dute Plazan. Irekieraren ondoren, bazkaria egingo dute Goiko... [+]
On 17 June, the Sagarno Eguna was held in Hendaia. About twenty years ago they began to celebrate it, but after a couple of years of rest, the Baleak association has already regained the initiative last year.
There has been some novelty at this year’s party: Hendaia's was, for... [+]
Larunbat honetan sagardo eguna eginen dute Hendaian. Duela hogei urte inguru hasi ziren egun hori ospatzen, baina urte pare bateko deskantsua eta gero, iaz berreskuratu zuen ekimena Balea elkarteak.
Egunotan ikusgai dago Sagardoaren ibaiak, bizitza iturri erakusketa Hernanin. Urumea eta Oria iraganean burdinari, ontzigintzari eta merkataritzari loturiko ibaiak izan zirela ikus dezakegu haren bidez.
Martxoaren 14an beltzez jantzitako emakumeek hartuko dituzte Hernaniko kaleak. Ekintza honek sagardotegi boladan ugari izaten diren eraso sexisten aurkako mezua zabaldu eta autodefentsa feministaz erantzuteko deia egingo du.
Zuberoa, Nafarroa eta Lapurdiko sagargilez osatutako Eztigar kooperatiba bere egoitza zabaltzen ari da Donaixti-Oztibarren, sagardoaren kultura Iparraldean ere indartzen ari den seinale.