Kontseiluak 2013ko Hizkuntza-politiken urtekaria argitaratu berri du, laugarrenez. Iaz, hizkuntza politiketan gehien errepikatu den gertakaria Frantziako eta Espainiako estatuen aldetik jasandako esku-hartzea izan da. Iñaki Lasa Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko buruak adierazi duenez, estatuek aspaldiko oldarraldi agerikoena egin dute 2013. urtean: “Ohiko itxurakeriak baztertu eta mozorrorik gabe aritu dira Frantziako zein Espainiako estatuak euskararen normalizazioa helburu duten neurriak oztopatzen. Zentzu horretan, estatuen kanpo esku-hartzea inoizko agerikoena izan da”.
Lau esku-hartze nagusi kontatu ditu Kontseiluak. Espainiako Estatuari dagokionez, lehena, presaka eta korrika onartu duen LOMCE legea; bigarrena, udalek euskararen normalizazioa azkartzeko ezarritako kontratazio irizpideen aurka egin izana; hirugarrena, Nafarroan D ereduaren kontra garatutako estrategia; eta laugarrena, Frantziako Estatuak Seaskaren garapena eta hazkundea oztopatzeko neurriak hartu izana.