Krimeako erreferenduma milaka soldadu errusiarren zaintzapean egin da eta ezin esan horiek direnik baldintzarik egokienak erreferendum bat egiteko, batez ere zaintzen duten lurraldea juridikoki beraiena ez denean, Ukrainarena baizik. Baina SESBren desagerpenaren ondoren ere, soldadu errusiarrak ez dira inoiz Krimeatik erretiratu, batez ere Sobiet Batasunak Itsaso Beltzeko bere itsas base militarrak han zituelako kokatuak eta ondoren ere Errusiak hori adostu zuelako Ukrainarekin. Errusiar soldaduak Krimean atzera aurrera ibiltzea ohikoa izan da Ukraina independentea den azken 23 urteetan eta bertako herritarrei hori ez zaie batere arrotza egiten.
Ez dirudi, hala ere, inongo zalantzarik dagoenik populazio krimearraren gehiengoak zer nahi duen, hau da, haientzat ama-Errusia denarekin bat egitea. Krimeako Legebiltzar autonomoak antolatutako kontsultaren datu ofizialen arabera, bozka eskubidea duten herritarren %87,71k parte-hartu du erreferendumean eta %96,6 Ukrainatik banatzearen alde agertu da. Hurrengo urratsa Errusiako Legebiltzarrari Errusiarekin bat egitea izan da. Autonomia zabalarekin Ukrainan jarraitzeko aukera ere bazen erreferendumean, baina kanpainan inork ez du berau defenditu, besteak beste erreferenduma Krimeako Legebiltzarrak bakarrik antolatu duelako, Ukrainako gobernuaren akordio barik. AEBek eta Europako Batasunak ez dute erreferenduma onartu eta Errusiaren jarrera dela-eta zigorrak iragarri dituzte. Orain diplomaziaren orena da.
Gerra Hotza itzuli da 25 urteren ondoren Europara, hori da egia eta hori egoeraren larria. Erreferendumaren ondoren apur bat urrundu bada ere, egiazko gerraren itzala Ukrainaren gainean da. Gertaerek argi erakusten dute XX. mendeko bigarren erdialdean SESBren eta AEBen artean izandako Gerra Hotzaren oihartzunak ez direla oraindik guztiz iraungi. Bi potentzien arteko mehatxu nuklearrak saihestu zuen –ozta-ozta hainbatean– bi blokeen arteko egiazko gerra, baina Mendebaldeko blokearen erabateko nagusitasunarekin bukatu zen norgehiagoka hura. Egiazki, eta Mendebaleko iturrietatik behin eta berriro parekotasuna saltzen saiatu bada ere, bi blokeen oreka ez zen inoiz existitu, ez arlo militarrean eta zeresanik ez ekonomikoan; AEBek ondo baino hobeto baliatu zuten beren nagusitasuna eta arma lasterketa SESBren garapena ahultzeko eta honek bere garapen ekonomikoa konkista sozialetan inbertitu ez zezan.
Baina SESBek armada oso indartsua garatu zuen eta, batez ere, AEBak suntsitzeko adina arma nuklear estrategiko; hau da, SESBeko lurraldetik bertatik AEBak suntsitzeko adina arma nuklear. SESB hondoratu ondoren, Errusiak jarraitu du mehatxu ahalmen horrekin eta AEBek behin eta berriro segitzen dute saiatzen errusiarren ahalmen hori nola ahulduko duten pentsatzen. Hor kokatzen da Errusiaren arma estrategikoak kontrolatu ahal izateko Europako ekialdean zabaltzen jarraitzen duen sarea, hasi Baltikotik eta Mediterraneoraino, tartean Itsaso Beltzetik pasatuz. Gerra Hotzaren oinordeko den borroka geoestrategiko horretan dago Ukrainaren egungo klabeetako bat. Errusiak kito esan die AEBei eta EBri eta hordagoa bota du, indar erakustaldia eginez eta, bidez batez, bere interesak babesteko Krimearena moduko xake mugimenduak bideratuz.
Baina ez dago ez klabe bakarrik ezta egia bakarrik ere. AEBek eta EBk ahaleginak eta bi egin dituzte on eta gaiztoen arteko filma barreiatzen: 2013an EBrekiko akordioa arbuiatu zutenak errusiarren menpeko gaiztoak, eta honen alde egin zutenak onak, egiazki erakutsi gabe Ukraina bera oso banatua dagoela EBera eta Errusiara begiratzen duten indarren artean. Areago, Viktor Yanukovitxen gobernu ustel baina legitimoaren aurkako sasi-estatu kolpea lagundu eta sostengatu zuten, besteak beste eskuin muturra Kiev-eko gobernura eramanez.
Ukrainak barne kohesio arazo handiak ditu eta Errusia eta AEBak eta EBren arteko tira-bira militar eta ekonomikoek ez dute laguntzen tentsio horiek baretzen. Oraingo korapilotik bake bidez ateratzeko, ukrainarren arteko elkarrizketa zabal eta librea ezinbestekoa da eta prozesu hori orain arte desagertua dagoen NBEren bitartekaritzarekin egitea ere bai.
Road 20 January. U.S. President Donald Trump will be investigated on January 20. Democratic economic elites have repeatedly tried to put an end to Trump’s life. Will they achieve the target by 20 January? Furthermore, they intend to bring the war to a new, tougher phase. To do... [+]
On 19 September the majority of the European Parliament voted in favour of: "That all restrictions on the use of arms systems granted to Ukraine should be lifted immediately on Russian territory," he added. In common terms: "Launch missiles long across Russia." This Parliament is... [+]
For the powers, the salami tactic is attractive. It consists of cutting steaks progressively. With the enlargement of NATO, violations of international law, regime changes and the international proliferation of its military bases, the United States reduced the security and... [+]