NaBairekin ekin zion Nafarroako Legebiltzarrean 2011n, baina hilabete gutxira, ETAren ondorengo garai politikoak harrapatu zuen: NaBai zatitu eta Geroa Bai sortu zen, Patxi Leuzarekin batera talde parlamentariotik kanpo geratu zen. 2003an egin zen EAJko militante eta 2012an Napar Buru Batzarreko lehendakari izendatu zuten.
Donostiarra da (1967) eta Iruñean bizi da 1991z geroztik, bertara lanera joan ondoren. Arian eraikuntza munduko enpresan aritu zen hamaika urtez finantza zuzendari gisa eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea ere izan zen Donostian. Enpresa pribatuan aritu izan da beti, baina esparru publikorako bokazio handia duela dio eta horrek animatu zuen hauteskundeetan parte hartzera. Gaztelania eta euskaraz gain, frantsesa, ingelesa, aleman apur bat eta txineraz ere –maila baxuan, dio bere curriculumak– mintzo da.
2013ko apirilaren 19ko goiza da. Aurreko egunean Yolanda Barcina lehendakariaren aurkako zentsura mozioak porrot egin du. Zein da nagusitzen zaizun sentipena? Merezi du halakoak egitea, aurrera egingo ez duela jakinda ere?
EH Bilduk proposamena aurkeztu zigunean zalantzan ginen merezi ote zuen halakorik egitea ez irabazteko, eta horregatik erabaki genuen proposamena ez sinatzea elkarrekin. Gero bai, osoko bilkuran baietza eman genion, jakin badakigulako Yolanda Barcinaren Gobernua jasanezina dela. Pena eman zigun galtzeko aurkeztea. Hortik aurrera, dena den, oposizio kideen arteko harremana lantzen eta sendotzen jarraitu dugu. Gobernuak oso larri jarraitzen du, astez asteko iraupenari begira eta PSNk badaki oso zeregin garrantzitsua duela.
Agian PSNren jarrera izan zen zentsura mozio hartan agerien geratu zena.
Jakina. Saioaren aurretik etengabe ari ziren Gobernuaren dimisio eske, baina unea heltzerakoan sistema horren bidez ezetz erabaki zuen PSNk, haien esanetan horrek Bildurekin egotera behartzen zuelako. Berdin zen azaltzea ez zela gobernatzeko, beste hauteskunde batzuk deitzeko baizik. Orain, ezusteko handirik ez bada, UPNren Gobernuak bukaeraraino jarraituko du.
Eta horren ondoren berehala etorri zen CAN auziko gaia bete-betean. Estu ibili zen berriz Barcina. Sinetsi zenuen eroriko zela?
2013an bi jokaldi izan ziren, CAN auzia eta UPNren kongresua eta, gutxigatik bada ere, bietatik atera zen ongi Barcina. Dieten kontuan judizialki sobornatze delitua izan ote zen ez dakit, ez naiz horretan aditua, baina etikoki Yolanda Barcinaren argazki oso itsusia atera zen gizartearen aurrean. Azken hilabeteetan, gainera, UPN hasi da betiko mamuak astintzen. Abenduaren eta urtarrilaren zati bat lasaixeago joan zaizkio, baina osasun eta ogasun sailetako goi-karguen dimisioek berriz ere egoera deseroso eta ahulean utzi dute.
.
Urte eta hiru-lau hilabete falta dira foru hauteskundeetarako, baina Nafarroan jadanik hauteskunde usaina dago eta alderdiak ere horretara prestatzen ari dira.
Foru Hobekuntzaren arabera, hauteskundeak aurreratzeko epea oraingo martxoan amaitzen da, beraz, ez da ezer geratzen. San Ferminen ondoren hori bete-betean ikusiko da. Gainera 2012ko aurrekontu luzatuekin, Gobernuak ez du izango arazo gehiegirik diru kontuen aldetik eusteko, aurrekontuaren gastu eta sarrerak errealitatean aurreikusitakoak baino handiagoak direlako. Aurrekontuekin ez baina diru bilketarekin bai izan ditzake arazoak, egoera gero eta gogorragoa da eta.
Eta aritmetikak esango du Gobernua alda litekeela, baina PSNk berriz esan dezake ezetz. Hitz egin duzue argi eta garbi haiekin?
Orain arteko inkestek erakusten dute Geroa Bairen, Bilduren eta PSNren emaitzak pareko ibiliko direla. PSNk argi esan du publikoki, baita guri pribatuan ere, ez duela gobernurik egingo Bildurekin.
Esan dute baita ere Geroa Bairekin bai egingo luketela.
Bai, hori ere bai, eta ikusi beharko da Espainian PSOEk duen egoerak nola eragingo dien hemen. Yolanda Barcinak, halaber, jarraitzen du bere Madrileko kanpainarekin eta botatzen dituenak botata. Zeini zuzendua da, PSOEri eta Rubalcabari?
Hala esaten da, ezta? 2007an ere UPNk antzera jokatu zuela esan da eta lortu zuela PSNren eta NaBairen arteko akordioa zapuztea. Posible ikusiko zenuke Geroa Bai-PSN gobernua (eta akaso Ezkerra) eta Bilduk Legebiltzarretik sostengatzea?
Gehiegi aurreratzen ari gara. Ikusi behar da zer esaten duten herritarrek hauteskundeetan eta gero ea zer egin litekeen. Une honetan ez dugu horretaz hitz egin PSNrekin. Ezin dugu pasatu 2014 osoa hauteskundeei buruz hitz egiten. Herritarrak arazo asko ditu eta gu saiatuko gara proposamenak egiten arazoei aurre egiteko. Hori bai, gizartean UPN kentzea nahi da, eta hori ere kontuan hartu behar dugu. UPNk alderdi inportante bat izaten jarraitu nahi badu, behar du berregin eta horretarako Gobernutik kanpo egon. Mundua nola aldatzen ari den ikusita, guk ezin dugu jarraitu UPN honekin, ez dugu hori merezi.
PSNrekin zerbait egitekotan, lagungarri izan daiteke 2007an NaBairekin gobernu akordiorako adostutakoa?
Izan liteke lagungarri, baina ez dakit PSNk edo Ferrazek erabakiko duen.
Orduan Ferrazek erabaki zuen eta orain ere…Oker ez banago, PSOEren estatutuen esanetan, halako erabaki garrantzitsuak PSOEk erabakitzen ditu. Edozein eratan, beren denborak eta erritmoak beharko dituzte eta ez dute berdin jokatuko bigarrenak, hirugarrenak edo laugarrenak izan.
Eremu zingiratsuetan sartzen gara, baina jaitsiko dela pentsatuta ere, ez ote da gehiegitxo PSN bigarren postutik atzera irudikatzea?
Ez naiz ausartzen ezer esatera, baina inkesta batzuetan hori gertatzen da eta, edozein eratan, hainbat indar nahiko gertu gaude elkarrengandik. Krisia oso gogorra da eta jende asko oso haserre dago, bereziki UPNrekin, baina PSOEk ere izan ditu bere akatsak. Duela urte batzuk boto emaileak nahiko argi izango zuen zer egin, baina gaur egun askok ez dute izango hain argi botoa nori eman.
Aipatzen da Geroa Baik jaso dezakeela aurretik PSN bozkatu duten hainbaten botoa.
Ez dakit, baina guk hainbat kontu argi ditugu: bat, alternatiba oso serioa garela; bi, erabakiak hemendik bertatik hartuko ditugula, Nafarroatik eta Nafarroarentzako; hiru, Nafarroaren pluraltasuna aberastasuna dela; eta lau, gobernatzeko prest gaudela. Jakina, EAErekiko harremanak eta euskal izaera guretzat oso garrantzitsuak dira. Jendearengandik oso gertu sentitzen gara eta atzera begira ez dugu motxilarik. Gutan konfiantza izatea merezi duela erakutsi nahi dugu, jakinik 2015ean gobernatzea ez dela txantxetakoa izango.
Uxue Barkos aktibo oso ona da. Bere erakargarritasuna abantaila da, alde guztietan bera ibili behar izatea desabantaila.
Uxuek garrantzi handia du guretzat, jakina, baina gure erronka da erakustea beste pertsona batzuk ere hor direla. Hainbat lan talde egin ditugu Geroa Bain, horietan jende asko dago, eta pixkanaka joango da ateratzen.
EAJ gehi Zabaltzen berdin Geroa Bai. Sarri entzun dut honakoa: ekuazio horretan ikus dadila ahalik eta gutxien EAJ, bestela ez dio onik egingo Geroa Bairi.
Ahaztu zaizu independenteen taldea. Nik ez dut horrelakorik entzun. Geroa Bai ezberdinen koalizio bat da eta horrek akordioak eskatzen ditu. Nik uste dut gauza bat dela Nafarroako EAJri buruz dagoen irudia eta EAJ benetan zer den; eskuindarra, neoliberala dela entzun izan dut. Ikuspegi sozialarekiko sentsibilitate handia dugun alderdia gara eta gure politika sozialetan etengabe islatzen da hori.
2012an NaBairen apurketa eman zen eta bi parlamentari taldetik kanpo geratu zineten. Sendatuta al daude zauriak?
Uste dut baietz, Aralarreko parlamentariekin harremana normala da, etorkizunera begiratu behar dugu. Gertatu zenaren azalpena hau da: 2011ko hauteskundeetan Aralarrek erabaki zuen NaBain joatea eta lau hilabete geroago Amaiurren baitan joatea Espainiako hauteskunde orokorretara. Erabaki hori izan zen detonagailua.
ETBren gaia: ez ote zen hobe, Labaien estilora, lehenengo egin eta gero negoziatu? Orain batzordea eratu da, batek daki noiz erabakiko den zerbait.
Aipatzen duzun zalantza hori izatea normala da, baina bi gobernuen arteko lan talde horrek emaitzak eman beharko lituzke epe motzean, borondate politikoa besterik ez delako behar eta hor ez dagoelako ez diru ez bestelako arazorik. Borondatea dagoen berehala ikusiko dugu. Batzordearena estilo kontua da, hau da, goazen ematera gutxiengoan dagoen gobernu bati aukera bat, gero esan ez dezan inposaketa bat izan dela. Lehen bileran mezu hori mahai gainean utzi da eta ea bigarrenean mugimendu gehiago dagoen. Ez dizut esango baikorra naizela, baina froga hau pasatu behar da.
Gure Esku Dago ekimenak giza katea antolatuko du ekainaren 8an Iruñea eta Durango lotuz. Sostengatuko duzue?
Gure Esku Dago gizarte mugimendu bat da, ez dago alderdirik atzetik, herritarrak ari dira bultzaka. Beraz, egon daitezela alderdiak bigarren planoan eta pertsona bakoitzak erabaki dezala zer egin nahi duen.
Zu enpresa munduan zuzendaritza postuetan ibili zara eta giza baliabideen irakaslea ere izan zinen. Zer iruditzen zaizu Adegik lan harremanei buruz egin duen proposamen berria?
Kezkarekin ikusten dut proposamena. Adegiren proposamena ulertzeko ondo ezagutu behar da Gipuzkoako lan harremanen esparrua, eta zaila da. Begira zer pentsatzen duen Bizkaiko enpresarien ordezkaritzak, esan du ez dutela halakorik egingo, haientzat hobe dela sindikatuekiko harremanak bultzatzea. Nire ustez ere eredu hori egokiagoa da, baina ez bakarrik enpresa bakoitzean, garrantzitsuena sektorekakoa da eta, batez ere, lurralde mailako adostasuna.