Euskal Herriko Unibertsitateko HGH (Hedabideak, Gizartea, Hezkuntza) ikerketa taldeak euskarazko hiru hedabideren kalitatea neurtu du, eta Europako bost komunikabide handiren emaitzekin alderatu. Argiak lortu du guztien artean notarik onena.
“Gizarte ekarpenen atalean marka guztiak hausten ditu Argiak. Prentsak berezkoa beharko lukeen agintearen kontrolaren funtzioa eta eztabaida publikoaren sustapena dira atal honetan indargune nagusiak. Pentsamendu kritikoa garatu eta zabaltzeko xedez burutzen den kazetaritza da, beraz, Argiak jorratzen duena”. HGHren txostenetik hartu dugu pasartea.
ARGIA, Berria eta Goiena agerkarien papereko eta interneteko albisteak aztertu ditu HGH lan taldeak, eta Europako erreferentziazko bost egunkariren (Financial Times, Le Monde, Frankfurter Allgemeine Zeitung, Corriere della Sera eta El País) edukiekin alderatu.
Kalitate azterketan 6,23ko puntuazioa lortu du Argiak, zortzietan altuena (ikus grafikoa). 5,07 puntuko nota (10etik) eman du batez beste euskarazko prentsak, eta 5,39koa Europako handiek. Alde txiki samarra, aintzat hartzen badugu bakoitzak zer baliabide dituen. “Ez gaude suziriak botatzeko egoeran, baina sarri, konplexuak medio, txikiok pentsatzen dugu gauzak ez ditugula hain ongi egiten. Handia izateak eta hizkuntza ez minorizatuan aritzeak ez dakar ezinbestean kalitate hobea. Badaukagu zer hobetu, noski, baina baita handiei zer erakutsi ere, ekarpen sozialaren arloan bereziki”, esan digu HGHko kide Alazne Aiestaranek.
Bost aspektu biltzen ditu alor horrek: botere publiko zein pribatuaren kontrola, eztabaida publikoaren sustapena, giza duintasunari errespetua, kultur aniztasuna eta gizarte bazterkeriaren aurkako borroka. 2,5etik 0,69ko puntuazioa lortu dute Europako hedabideek, 0,97koa euskarazko hirurek batez beste, eta 1,4koa ARGIAk.
Hobetu beharrekoez galdetuta, euskal medioek huts gutxiago egin beharko luketela dio Aiestaranek, interneten bereziki, berehalakotasunari erantzun beharrak labain egitera eramaten baititu kazetariak.
Metodologia
“Metodologia oso zorrotza” erabili du EHUko lan taldeak, Aiestaranen hitzetan. “Horregatik dira notak baxuak”. 2001-2013 urtealdia aztertu dute. Batetik, papereko albiste garrantzitsuenen analisi diakronikoa egin dute (ARGIAren 84, Berriaren 164 eta Goienaren 240). Bestetik, 2013ko urtarriletik martxora bitartean paperean zein webguneetan plazaratutako edukien azterketa sinkronikoa (82 albiste guztira).
Dagoeneko erreformaren %96 adostuta dute Espainiako Kongresuan erreforma lantzen ari diren alderdiek, eta datorren astean akordio batera iritsiko dira, El Plural.com-en irakurri dugunez.