Deiako Ortzadar gehigarrirako aztertu genuenean Artzeren itzulerako lehen liburukia, alegia, Heriotzaren ataria dugu bizitza, genioen poema bakar luze bat osatzen zutela pieza labur indibidualek. Bada, bigarren emanaldi lez libratu digun Bizitzaren atea dukegu heriotza (Elkar, 2013) honekin argi geratzen da zazpi liburutan Artzek eskainiko digun lana manual bat izango dela debozionekoa; lehenean irakasten dira tonu nagusiak –filosofia, introspekzioa, metafisika– bigarrenetik aurrera gaztigaturiko irakurleak erabaki dezake jarraitu edo ez otoitz antzeko lan altu honekin, non faktoreen konbinazioak ez baitu emaitza aldatzen, soilik erritmoa eta bidezidorra xedatzen.
Nik hautua egin dut: Artzerekin noa ideia eta emozioen labirinto honetan azken bururaino. Distira berezi bat dauka bere lirikak bihurtzen duena naïfa eder, eta beste edozeinek pedanteki idatziko lukeena sakon. Indiako santuek ere ulertu zuten halako batean arima ondoen laztantzen duena poesia dela.
Isiltasunaren eta esanaren arteko esplorazioa da hemen ageri dena beste behin. Beste behin lanbroak ezkutatzen dizkigun bazterrak: “ez zaitugu ikusten/ begiz ikusi nahi zaitugulako,/ ez zaitugu entzuten, ezin zu ukitu,/ belarriz entzun eta/ eskuz ukitu nahi zaitugulako,// eta Zu, urrutiegi egon/ eta hurbilegi, batera/ begiz ikusi, belarriz entzun/ eta eskuz ukitu ahal ukaiteko…”. Paradisua beraz ez dago inon, paradisua da dena. Den-dena. Hura ikusteko begiek izenak eta formak abandonatu behar dituzte, utzi egin behar diote egia fabrikatzeari.
Ez da poesia kriptikoa, ez da zaila, ez da erraza. Onik eta txarrik gabeko orrialdeotan beraz, miresgarriak dira Artzeren zubiak bakoitzaren ibai ertz pertsonaletara iristeko. Eta oraindik ikasten dabilenaren freskotasunarekin darabil betiko hitza poetak. Nabari da hautapen bat zehatza, lanketa bat fina, kondentsazioari ematen diona gradu bat gorena, ia sentsuala. Heriotzaz ari denean ere klasikoki dotore ageri da: “mihi hau zertarako ez badut zurekin mintzatzeko?”, edo “Ez dea bada hunkigarria/ ikustea, nola den/ arrosatxo xurigorria/ (…)/ damurik gabe kiskaltzen”.
Betiko elementu ezagunekin eginak, erabiliz eta berrerabiliz liliak edo izarrak, oparitzen dizkigu eraikuntza berriak Artzek. Hauxe ote da azken labirintoa? Hauxe ote da ariketa-liburu definitiboa, mila aldiz birformulatu daitekeena? Iritsi ote gara iturburura?
Leaving behind books, libraries and their benefits in April, Kabiak Sahrawi wishes to recall the dark side of his history, which is of greater importance in defending the identity and survival of peoples. We are talking about the destruction of the age-old and usual libraries... [+]