80ko hamarkadaren hasieratik dago indarrean gaur egun nagusi den galiziera estandarraren araua. Hura sortu eta ia berehala, bestelako proposamena egin zuen AGALek, reintegracionismo izeneko mugimenduaren barruko elkarteak. Funtsean, galiziera eta portugesa hizkuntza bera direla gogorarazi nahi dute.
Galiziako hiri handi batean gaude, demagun Vigo dela. Langile auzo bateko kale luze batean, horman margoturik, greba orokorra egiteko dei bi, elkarrengandik gertu. Galizieraz idatzita daude biak, baina desberdin. Folga xeral aldarrikatzen baitu batak, Greve geral besteak. Argitu dezagun, aitzina jarraitu baino lehen, xeral eta geral berdin ahoskatzen direla. Zuzen esateko, aski duzu bietatik lehena euskaraz bezala irakurtzea.
Folga xeral idazkera Real Academia Galega (RAG) galizieraren akademiak emandako arauarekin bat dator. Hori da azken 30 urteetan hedabide gehienetan eta irakaskuntzan zabaldu den hizkuntza moldea, hiztunen gehiengoak onartutakoa, galiziar alderdi abertzale nagusiak barne. Laburtzeko, ILG-RAG araua esaten zaio, “ilgarraga” ahoskatuta. Greve geral, berriz, Associaçom Galega da Língua (AGAL) elkarteak 80ko hamarkadaren hasieran egindako proposamenari men eginez idatzitako galiziera da. Elkarteko presidente Miguel Penasek azaldu digu AGALen pentsamoldearen muina.
Reintegracionismo izeneko ildoaren ordezkaririk behinena da AGAL, Penasek esan digunez. “Elkartea 1981ean sortu zen, eta azken batean XIX. mendean galeguismo-aren hastapenekin batera jaiotako mugimendu baten gauzatze organikoa da. Naziotasunaren kontzientzia politikoa sendotu ahala, galiziar batzuk konturatu ziren herri honetako hizkerek hizkuntza bat osatzen zutela, eta saiatu ziren hizkuntza hori bestelako egoera batera eramaten”. Horren barruan agertu zen reintegracionismo izeneko korrontea. Berrintegratzezaletasuna, euskaratu genezake.
“Korronte hark zioen guk hitz egiten dugunak eta portugesak jatorri komuna dutela”, diosku Penasek. Hori da reintegracionismo-aren abiapuntua, eta inork ez du ezbaian jartzen. Koherentziaz, AGALek dio galiziera estandarra egituratzeko orduan kontuan hartu beharko litzatekeela Minho ibaitik haragokoa. Besteak beste, gaur portuges izenez ezagutzen ditugun hizkera horiek estatu propioan garatu eta erabat normalizatu direlako. Galizierarentzat ispilu hoberik ezin aurkitu, berrintegratzearen aldekoek defendatzen dutenez. Izan ere, “galego” eta “portuges” hitzak sinonimotzat ditu Penasek. Hala, AGALen araua eta portugesarena ia guztiz berdinak dira, galizieraren berezitasun gutxi batzuk albo batera utzita. Esaterako, portugesezko -çao hitz amaiera -çom da AGALen galizieran.
Lehen begi kolpean nabarmentzen dena diferentzia ortografikoak dira, baina auzia harago doa. “Izan ere, ortografia ez da garrantzitsuena”, dio Penasek. “Esan ohi dut filosofia kontua dela. Niri elkarrizketa egin eta gero portugaldar batekin hitz egiten baduzu hizkuntza bakarra edo hizkuntza bi entzungo dituzu, zuk nahi duzuna. Bata zein bestea hautatzeko argudio nahikoa izango duzu”. Reintegracionismo-aren aldekoek salatzen dute ILG-RAG araua egitean indarra eman zitzaiola galiziera portugesetik bereizten duten elementuei, idazkeran zein hizkuntzaren bestelako arlo batzuetan. Sarritan, ortografiari dagokionez –eta ez bakarrik–, gaztelaniaren aldera joz.
2006an, Real Academia Galegak portugaldar “zaporedun” zenbait aldaketa ezarri zituen. Esaterako, esaldi hasierako galdera eta harridura ikurrak kendu zituen; “ez zeukan ez hanka ez bururik, munduan gaztelania da hala egiten den hizkuntza bakarra”, dio Penasek. Kontsentsu ortografikoa deitu zitzaion aldaketa sorta hari, baina ez zen nahikoa izan reintegracionismo-aren aldekoek ILG-RAG araua aintzat har zezaten. Bide batez, gehitu dezagun akademiak uko egin diola gurekin berba egiteari, gai honi buruzko adierazpen ofizialik egiten ez duela argudiatuta.
Miguel Penasen iritziz, AGALek sustatzen duen galizieraren estandarra gutxiago aldentzen da herri xehearen hizkeratik, indarrean dagoen estandar ofiziala baino. Alta, 30 urteko erabilerak eragina izan du, eta dagoeneko batzuei ahaztu egin zaie nola hitz egiten zen duela ez hainbeste. Ia beti ematen da asteko egunen adibidea, zeharo paradigmatikoa da eta.
Tradizioz, Galizian Portugalen bezala izendatu izan dira asteko egunak, eta oraindik hala egiten da zenbait lekutan, mugatik hurbilenekoetan batik bat: segunda-feira, terça-feira, quarta-feira... eta horrela denak igandea (domingo) izan ezik. Espainieraren presioagatik eskualde askotan galdu egin ziren hitzok, eta 80ko hamarkada hasieran, Real Academia Galegak bere estandarra proposatu zuenean, forma berriak eman zituen, gaztelaniazkoa hartu eta galiziar fonetikara egokituz: luns, martes, mércores, xoves... Hiztunei arrotz zaie hori ordea, Miguel Penasen esanetan. Ezagutu ezagutzen dituzte, gazteenek eskolan eta denek telebistan ikasi dituztelako, baina ohiko jardunean gaztelaniazkoak gailentzen dira. Garai bateko segunda-feira-z eta abarrez ez dira gogoratzen, kasu askotan. “Gure aurkako argudio modura esan ohi da”, kexu da Penas, “AGALen arauarekin jendeak berriz ikasi beharko lukeela bere hizkuntzaren zati handi bat. Eta hara, gureak ez du galiziera ofizialak baino gehiago behartzen gauza berriak ikastera”.
“Gaur egun, Galiziako lurraldean, galizieraren nazioarteko izaera ez ofizialki aitortua, eta aldi berean hiztun kopurua beherantz doa”, irakur daiteke AGALen webgunean. Gaztelania eta ingelesa bezalako hizkuntza handien defendatzaileek usu erabiltzen dute argudioa bere egiten du, nolabait, Miguel Penasek: askoren hizkuntza izateak laguntzen du munduan ibiltzen.
Ikuspuntu horretatik, erabilgarritasuna galizieraren aldeko arrazoi bihurtzen da, nortasun sentimenduari gehitu dakiokeena. Alta, ideia horren kritikak aurkitu ditzakegu reintegracionismo-aren jarraitzaileengan ere. “Hizkuntza bat ez da hobea edo okerragoa hiztun kopuruagatik”, dio Teresa Moure militante independentistak Praza Pública webgunean argitaratutako artikulu batean; “bestela, heriotzara kondenatuko genuke euskara, esaterako. Ez da etikoa milioika hiztunen aldarria egitea”.
Ez da kasualitatea Moure aipatu izana, ez eta artikulu hau hasteko greba orokorraren adibidea hautatu izana. AGALez gain, gaur egun reintegracionismo-aren alde sutsuen dihardutenak ezkerreko talde independentistak dira, salbuespenak salbuespen. Auzia politikoa ere bada eta. Hona zer dioen Mourek: “Galego-portugesaren eta galego-gaztelaniaren artean hautatzera behartzen gaituen ataka politikoki konpontzen da: galego-portugesa ukatu egiten da, ez dezagun badaezpada geure independentzia aldarrikatu”. Ortografian ere badagoela iraultza egiterik, alegia.
A prestigious architect comes from London to a small Galician town. It is David Chipperfield, a building with offices in Berlin, Milan and Shanghai, and has a large team of buildings. An elegant, refined architecture, made by a Sir. The story begins in the village of Corrubedo... [+]
Matute wrote on twitter about statements by Feijóo in the Galician election campaign: “These people can’t win.” And they've won. BNG has risen a lot, everyone says. In TVE they say that nationalist parties do not have to be bad (they spoke of non-Spanish nationalism). They... [+]
"Sindikatuak enpresa zekenenak bezalaxe jokatzen du", salatu dute beharginek. 2014tik izoztuta duten hitzamen kolektiboa eguneratzea eta soldata-igoerak eskatzen dituzte.