Irratia piztu eta...
Berri saila zure haurtzaroarekin hasiko balitz...
Aiherrako laborari familia batekoa naiz, zazpigarrena eta azkena. Etxean osoki euskaraz bizi ginen eta ez zen arratseko otoitzik falta. Euskaldun fededun giroa zen nagusi. Aiherran bizi ginenen %80 laborantzan ari ginen eta frantses elebakarrek katiximan ikasten zuten euskaraz. Ohitura soziologiko esplikagaitz bat genuen, alta. Adin bertsuko neskak neskekin eta mutilak mutilekin ibiltzen ziren, eta familia eta soziologia berekoak izan arren, mutilek euskara ematen zuten, nesken 10etik 9 frantsesera pasatzen zirelarik. Alabaina, 9 urterekin Uztaritzeko seminario ttipian sartu eta bakantzetara baizik ez nintzen jiten etxera. Biziki gustukoa nuen herriko erretorea eta ttipitatik erran nion bera bezalakoa izan nahi nuela. Gu bordariak ginen ordea, ahal ekonomiko urrikoak, eta erretoreak inguruko laborari aberatsagoei dirua galdegiten zien ene pentsioa ordaindu ahal izateko. Horri esker egin nuen aitzina.
16 urterekin deskubritu zenuen abertzaletasuna.
Orduan ez ziren batere lotuak euskaldun eta abertzale izateak. Euskalduna izatea halabeharrekoa zen enetzat, hala nintzen eta kito, ez nuen gogoetatzen horren erranahiaz, hizkuntza hautuaz edo euskararen gibelean den bizitzeko maneraz. Uztaritzen nintzela, ikaskide batek Enbataren kaierak lortu eta banatu zizkigun, eta ideia zipitzik ez izan arren, ale ekonomikoak mugimendua eragin zuen ene baitan. Biziki argi agertzen zituzten Hegoaldearen ezagutza, bere pisu ekonomikoa, eta hango zein hemengo ekonomiak lotzeko proposamenak. Hori izan zen lehen su-pindarra, eta hortik landa, anitz gogoetatuta eraiki dut ene nortasun abertzalea. Gogoeta horren zirimolan, 18 urterekin, harrapatu ninduen 1968ko Maiatzak, eta aurrez gogoan nituen xedeak aitzina eraman baditut ere, anitz kanbiatu ninduen, ez nintzen lehengoa.
Horregatik utzi zenuen seminarioa?
Uztaritzetik Akizeko seminario handira joan eta beste bi urte egin nituen. Hor esplikatu ziguten apezek “osoki gizon” izan behar genuela, haurrak izateko gaitasun fisiko, psikologiko eta mental guztien jabe izan, eta aldi berean, hori gainditu eta emazte batekin harremanik gabeko bizitza asumitu. Nahiz eta neskekin biziki diskretua eta herabea izan, nire bizitasuna sentitzen nuen, ordurako. Hala, denbora bat eman nuen horren inguruko pentsaketan, eta bizi guzian hola bizitzeko gai ez nintzela deliberaturik, apezen bide zuzena utzi eta zuzenbidea ikastera joan nintzen Pauera. Erabat berria zen enetzat, baina zerbait plazaratzean ideia egokiekin argumentatu behar zela iruditzen zitzaidan, gorpuztu gabeko iritziak ez zuela balio. Hala ere, unibertsitateko Mende Berri elkartean buru-belarri sartua nintzenez, ez nien ikasketei erabateko lehentasuna ematen. Arras gustuko nuen gazteekin euskal kulturaren formakuntza lantzea, euskara kurtsoak ematea, edo gelaz gela konbentzitzen saiatzen ginen ikasleekin kafe bat hartuz Euskal Herria aipatzea. Ia Frantzia osoan eragina izan zuen Burgosko auzia iragan berria zen, euskal problematika errazki identifikatzen zen, eta sentimendu eta gogoeta anitz pizten zizkiguten Pantxoa eta Peio eta abarren kantuek.
Zer sentimendu piztu zitzaizun, 1981eko Eguberrietan, Luzien Etxezaharretak euskara hutsezko irrati bat abiatzekoak zirela erran zizunean?
Irratia sortu zen egunean bertan, Luzien gurutzatu, eta “euskarazko irratia hasiko duk sarri!” bota zidan. Ez nuen sinesten, ez nuen euskara hutsezko irrati bat posible zenik uste. “Badea hemen egun osoan euskaraz ariko den irrati bat egiteko aski indar eta ahalmen?” galdetzen nuen ene baitan. Egunean hiru orenez hasiko zirela argitu zidaten eta pixkanaka emisio orduak emendatzea zutela asmoa. Handik gutira, lanik gabe gelditu eta ene hitz jario traketsarekin boluntario hasi nintzen disko zenbait aurkezten. Hor jabetu nintzen ene hitz jarioa makurra zela, ez zitzaidala naturalki heldu, eta irratian hizlari atsegina izatea biziki inportantea dela. Horregatik, nire aurkezpen guztiak aitzinetik idazten nituen, eta horrek lasaitzeko eta hobetzeko balio zidala sentitzen nuen. Hilabete batzuk berantago, atxikimendu kanpaina handi bati esker oinarri ekonomiko minimoa lortu zen, eta langile beharra zutenez, profesionalki hasi nintzen.
Oso garai politiko muturreko eta nahasia zen.
Ulala! 1983tik 1988ra artekoak biziki urte gogor eta bortitzak izan ziren. Pentsa orain denboraren perspektibatik dena analizatu dezakezula, baina orduan dena ortzia bezala erortzen zen, han edo hemen atentatu bat izan zela abisatzen zizuten eta ez zenekien nondik hasi. Atentatu guneetan egun osoak lekukotasun bila iraganda ere biziki zaila zen kazetaritza fidagarria egitea. ETAren aurkako borroka bere gorrienean zegoen, baina IKren kontrakoa ere ez zen atzean gelditzen. Pentsa, EMA mugimendu politikoaren ordezkari bati urtebetean 70 aldiz zulatu izan dizkiote autoko errotak! Giro horretan bete-betean murgildurik ginela atera zen irrati libreen legea, eta xantza ukan genuen, erraten genuena konprenitu gabe ere konfiantza eman eta sistema horretan integratu gintuztelako. 1988tik landa, urak baretzen hasi ziren, GAL isildu zen, Mitterrandek eta Rocardek mugimendu estrategikoak abiatu zituzten, Euskal Kultur Erakundea sortu zen, Seaskarekin ofizialki hitz egiten hasi ziren, eta guretzat aro samurragoa hasi zen.
Kazetari batentzat samurra da bere fidagarritasuna eta libertatea zaintzea?
Jendeak proiektua eskuz eta hauspoz sostengatzen duelarik, etxean bezala sentitzen da Gure Irratia bezalako egituretan, eta aho-bilorik gabe erraten dizu zer eta nola pasarazi behar zenukeen. Nik askotan sentitu dut lagunarteko presioa analisi interesatu zenbait plazaratzeko. Egia da Gure Irratiaren gisako tresna batek bestelako mezu batzuen hedatzeko balio duela, baina ez dugu kazetari lanean ari garela ahantzi behar. Horri gehitzen badiozu gauzak ez direla nehoiz zuk nahi duzunean eta nahi duzun bezala gertatzen, eta berri saila hasteko hamar minutu eskas direnean halako berrirekin hasi behar zarela ulerrarazten dizutenean, kriki-krakak izaten dira. Adibidez, arratsalderako manifestazio bat deitua baldin bada, goizeko berri sail guziak berri horrekin hasi behar direa? Jakina da antolatzaileak euskal mundukoak direla, Irratiarengandik aski hurbilekoak, baina horrek sistematikoki lehentasuna ematea justifikatzen du? Anitzetan pentsatu dut aktualitatea ez zela hori bakarrik eta beste gai batzuek ere merezi zutela aipamena. Hasten bazara gertakariak, erreakzioak, horren ondoriozko protesta ekintzak eta protesta ekintzen inguruko erreakzio guziak aipatzen, berri sail monografikoa ateratzen zaizu!
Non gelditu da ikerketa kazetaritza, kazetaritza pausatuagoa?
Ez naiz Twitter eta Facebooken aditua, baina horietatik jiten diren berrietan, non dago gertakaria eta iritziaren arteko muga? Ziber zabalkunde handiak bihurtzen du zerbait albiste? Txio batean ageri dena besterik gabe da fidagarria? Ni haserretzen naiz erreakzioen erreakzioek zenbateko garrantzia hartzen duten ikusita. Ezta munduaren akabantza ekarriko balute ere! Era berean, ez naiz Mediapart eta abarren zale itsua. Enetzat deklarazio bat ez da gertakari bat. Ez dakit zer elkarteren bulegoko bilkuran sasi-grabaketa bat egin, testuinguruz kanpo ateratako hiru esaldi kazetarien esku utzi, eta saltsa sortzeko publikatzea kazetaritza da? Nehori ez dio arazo moralik sortzen? Kazetaritzaren urrezko araua erraten duzun oro egiaztatua eta egiaztagarria izatea da, ez negozio-eredu bat bultzatzea. Masifikazioak itsutu gaitu, eta berri batek inoiz ez bezalako bolumena eta intentsitatea hartzen du erro sendorik gabe. Ni ez naiz deus gordezalea, baina berri zenbaiti garrantzi gehiegi ematen zaie.
Masifikazio horrek urruneko albisteak etxepekoak baino errazago zabaltzea dakar?
Jakina, horregatik nik nire buruari beti exijitu diot euskal munduko gaietan tope-topean egotea, erreferentzia izatea, eta ematen nuen berri bakoitzean hari mutur oro lotuak izatea. Zure munduaz mintzo zarenean eredugarritasuna zor duzu, guti gorabeherakoak ez du balio, eta argiki eta fidagarriki agertu behar zara. Anitzetan ikusten dut, alta, euskal mundutik datozen berriak, adibidez Sud-Ouesten, argitaratzen direla lehenik. Hor arazo bat daukagu. Usu gertatu zait euskal elkarte baten inguruko berri konprometitu bat izan eta zalantzetan itotzea. Nik badakit berriak ematea dela nire arrazoia, baina ni ere mundu horretakoa naiz, nik ere badut jendetasun pertsonala, eta azkenean... kaka zaharra!
Euskal munduaz ari gareno, nola bizi duzu euskararen egoera?
Kurioski baikorra naiz. Iparraldean, gaia konplikatua da, baina ikastolak lan handia egiten ari dira, eta eskola elebidunak ere, nahiz eta bertan oro har euskara behar bezain ongi ikasi ez eta etxean ez praktikatu, abiapuntua dira berantago euskarara itzuli nahi duenarentzat. Hazi horrek fruituak eman ditzake, ez berehala, baina sinesten dut jende horrek euskaraz mintzatzeko eta bizitzeko bide eta motiboak xerkatuko dituela. Ikerketa soziolinguistikoek, beste hizkuntzetan eginagatik, euskararen alde den oro baliatu behar dugula diote. Hala, euskara ez menperatu arren euskararekiko axola duen jendea ezinbestekoa da. Ez dela desertuan bizi konbentzitu behar da euskalduna.
Oasien aurka ari da Paris.
Administrazio estatalaren itzulerak susmo txarrak pizten dizkit, ezin da parte onekoa izan. Seaskaren aurkako auzia biziki mingarria zait. Arrazoi praktiko bat baizik ez dut ikusten horren gibelean: han eta hemen euskaraz ikasten dutenen haur kopuruaren emendatze etengabea errotik moztu nahi izatea.
Lurralde elkargoari dagokionez, ez dakit zer gertatuko den, baina hazia hor dago. Hastapenean, Estatuak ez dio segidarik emanen, baina joera politiko ezberdinek bat egin izana ez da hutsean dabilen haizea. Gero batzuek posturak bigundu eta besteek pazientzia galduko dutela? Segur aski, baina goiz ala berant, hazi horrek fruituak emanen ditu, eta zerbait aterako da. Litekeena da aldarrikapenarekin bat datozen hiper-abertzaleentzat deus guti izatea, eta errepublikano sutsuenentzat mundu bat, baina zerbait etorriko da. Hori bai, batek daki noiz.
Noiz eta nola helduko gara gure herrian, gure ondoan, bizi den eta gutaz deus ez dakien erdal komunitate horrengana?
Zur eta lur gelditzen naiz fisikoki elkarrengandik zein hurbil eta errealitatez elkarrengandik zein urrun gauden ohartzean. Frantsesen artean bi tendentzia daude: euskal kutsua duen oro mespretxatzen eta gaitzesten dutenak, eta euskara edo euskal nortasuna maila folkloriko eta testimonialean onartzen dutenak. Hori hala, biziki nekeza da jende horrengana heltzea, euskaldun eta euskal jendarteko partaide sentiaraztea. Horri gehienak BAB eskualdean masifikatzen direla eta Iparraldeko erabakigune guztiak praktikan hor daudela gehitzen badiozu... uf! Nik ez dut ez Facebookik, ez Twitterik, ez mirakuluzko tresnarik horri erantzuten dionik.
Eta Gure Irratiaren geroari zer erantzunen zenioke?
Kazetari euskaldun batek ezkorra izatea leporatu zidan behin, Euskal Irratiek entzule gazteak erakartzeko arazo handiak dituztela erraten nuelako. Nik 25 urteko semea dut, telebistarik, irratirik eta kazetarik gabe bizi dena, eta aktualitatearen oihartzun bakarrak internetetik jasotzen dituena. Hori da errealitatea, hortik abiatuta pentsatu behar dira asmoak. Bistan da, jende helduak belarriak goxatzeko irratia lagun duela, jende horrekiko lotura azkarra atxiki behar dugula, baina gazterik erakarri ezean, aski izanen dea? Bestalde, telebista TNTra pasa berri den gisan, irratiak RTNra iraganen dira laster, eta frekuentzia bat lortzeko arazo franko izanen direla aurreikusten dut. Dena den, aktualitatea usnatzeko tresna bat da irratia, eta kazetariek heien lana ongi egiten duteno irratiak funtzio bat ukanen du, eta beti izanen da iraun eta aitzina egiteko esperantza.
Mattin Larzabal 1950ean sortu zen Aiherran. Zuzenbidean lizentziatua Pauen (Okzitania), 1982an hasi zen boluntario Gure Irratian, urtebete berantago profesionalki murgildu eta erretiroa hartu arteko 30 urteko ibilbide oparo bat egin du. Iparraldeko kazetaritzan ezinbesteko erreferentzia, 2012ko Ohorezko Rikardo Arregi Saria eskuratu zuen.
“Konplikatua da. Aldi bereko helburu kontrajarriak dituzu. Aktualitatea lehen lerrotik segi nahi duzu baina aktualitatearen hamar eragiletik bederatzik ez dakite euskaraz. 30 urte hauetan denetik egiten saiatu naiz, estrategia ezberdinak baliatu ditut, baina hau da beti airean gelditzen den galdera: nola izan fidagarri eta sinesgarri euskara traizionatu gabe?”.