Automatically translated from Basque, translation may contain errors. More information here. Elhuyarren itzultzaile automatikoaren logoa

"Telebista hondatu dute Valentziako diru-kutxa publikoak erruz arpilatuz"

  • Rafa Xambó (Algemesí, 1954) musikaria eta soziologoa da. 2011tik Valentziako irrati-telebista publikoko (RTVV) administrazio kontseiluko kidea da eta horregatik ekarri dugu orriotara. Izan ere, Valentziako PPren gobernuak hedabideok ixtea erabaki du, haiek mantentzea ezinezkoa zaiolako. Xambóren ustez, egoera honen bila zebiltzan, baina ixten badute Valentziako PPrenak egin du.
     

Irrati telebistak programazioa valentzieraz eta valentziarrengan pentsatuz egin duenean, publikoak erantzun du. Aldiz, Isabel San Sebastian PSOEren politikaz iritzia ematera etortzeak ez dakarkio ezer ikus-entzulearen gehiengoari.

Nola iritsi zarete egoera honetara?

PPk 1.300 milioi euroko zorra sortu du RTVVn. Zorra 1995ean hasi zen, Zaplanaren garaian, eta gora egin du esponentzialki. Iritsi zirenean 700 bat langile ziren eta kopurua ia hirukoiztu egin zuten. Oposizioz sartutakoak, kualifikatuak, albo batera utzi zituzten, haien planteamenduen kontrakoak zirelakoan, eta ia langile guztiak jende fidelagatik ordezkatu zituzten, senide, lagun eta alderdiko kideengatik. PPren armada osoa.

Caldera legeari esker, handik urte batzuetara kontratu iraunkorrak egin zizkieten. Gainera, langile asko ezkutatuta zituzten obra-kontratuen bidez, saioetan…

Hori alde batetik, eta bestetik, PPren orbitako enpresa eta ekoiztetxe guztiak kontratatzen zituzten, enpresa madrildarrak, Espainiako eskuin muturrekoak. Intereconomiarekin lotura duen ekoiztetxe bati hiru dokumental erosi zizkion Valentziako telebistak, erreportaje bakoitzagatik 200.000 euro eskatu zizkion. Dokumentalak oso erdipurdikoak ziren, ondo tasatuta 2.000 euro balio zuen bakoitzak. Zorionez lortu dugu gelditzea eta RTVVk uko egin dio ordaintzeari. Adibide bat da, eta asko daude. Futbol talde valentziarrak finantzatu ditu RTVVk, ofizialki diru-laguntzak izan gabe, dirua emanda. 300 milioi euro baino gehiago eman diete azken hamar urteetan. Emisio eskubideak merkatuko preziotik oso gora erosten zizkieten, eta gero beste batzuei saldu askoz merkeago, alegia, merkatuko prezioan.

Eta orain zorrari ezin buelta eman.

Irrati-telebista hondatu dute Valentziako diru-kutxa publikoak erruz arpilatuz, lagunek eramateko. Orain langile gehiegi daudela diote eta kopurua gutxitu dute. Baina zer egingo eta haiekiko leialak direnak mantendu eta langile kualifikatuak bota dituzte. Enplegu erregulazio espedientea galdu egin dute, eta nola gainera, Valentziako auzitegi nagusiak esan die langileen oinarrizko eskubideak urratu dituztela. Horren aurrean, atzera egin eta sindikatuekin EEE arrazoizko bat negoziatu beharrean, enpresa mantendu eta abar, irrati-telebista publikoa kentzea erabaki dute.

Hiltzen utzi dute ala eskuak harrapatu dituzte?

Horren bila zihoazen. Arpilatzen jarraitu zezakeen neurrian RTVVk balio zion PPri. Faboreak erosteko ere bai. Madrilgo berriketalari eta iritzi-emaile taldea atzera-aurrera ibili da, hala nola, Isabel San Sebastian, Miguel Angel Rodríguez, La Razóneko zuzendaria eta Madrilgo El Mundoko kazetariak. Nazkagarriena zetorren, Zapateroren garaiko PSOE sistematikoki jipoitzera.

Birzentralizazio eta likidazio garaia da, estatu kolpe mediatikoa. Hau itxita ez dugu edukiko ez irrati eta ez telebistarik gure hizkuntzan hitz egingo duenik.

Itxi nahi duten hedabidea ez zen valentziar gehienen gustukoa, PPk bere interes ideologikoak babesteko zerabilen.

Hori egia da. Baina instrumentuak ez dauka errurik. Piano-jotzaileak gaizki jotzen duenean ez da pianoa puskatzen, piano-jotzailea aldatzen da. Haiek irrati-telebista manipulatzen eta arpilatzen ari ziren, eta kontua ez da ixtea, komunikaziorako bitarteko oinarrizkorik gabe geratzea, iritzia sortzeko gunea galtzea, hizkuntza babesteko gunea galtzea, eta abar. Jende hau Generalitatetik aterarazi behar da eta irrati-telebista herritar guztientzat berreskuratu.  

Etorkizuneko RTVVk nolakoa izan beharko luke?

Gehienok irrati-telebista valentziarra nahi dugu, gutaz hitz egingo duena, gure hizkuntzan hitz egingo duena, gure historia eta kezkak kontuan hartuko dituena. Ispilu bat –nahiz eta jakin beti izango dela ispilu desitxuratua– non begiratu eta geure burua ezagutuko dugun. Gaur artekoa ez dugu nahi, baina orain garbi geratu da jendeak irrati-telebista publikoa nahi duela.  

1990ean %21,4ko ikusle kuota zuen, 2013an %3,5ekoa.

Kopuruak oso txikiak ziren. Gizarteak bizkarra eman zion guztiz. Hala ere, baziren arrakasta zuten saioak. Adibidez, eguraldia RTVVk baino ez zuen ematen guk behar dugun xehetasunez. Bazen gastronomia saio bat, valentzieraz egina,  egunero familia batek azaltzen zuen zer jaten zuten, nola prestatzen zuten. Musika ere valentzieraz. Ikusle kopuru oso ona zeukan. Trau la llengua (atera mingaina) saioak ere, arrakasta zuen. Valentzierazko esaerak, adierazpide berezkoak, lantzen zituzten. La Alquería blanca, telesailak 60ko hamarkadako nekazaritza mundua agertzen zuen. Nahiz eta ideologikoki asko kritikatu zitekeen, frankismo idilikoa erakusten zuelako, jarraipen ona zeukan.

Alegia, RTVVk programazioa valentzieraz eta valentziarrengan pentsatuz egin duenean, publikoak erantzun du. Aldiz, Isabel San Sebastian PSOEren politikaz iritzia ematera etortzeak ez dakarkio ezer ikus-entzulearen gehiengoari.

2011z geroztik administrazio kontseiluko kidea zara. Nolako esperientzia izan duzu?

Orduko kontseiluak egin zuen EEEa. Oso bakarrik sentitu nintzen, munduaren kontra, PSOEk eta IUk praktika zaharrarekin segitzen zuten. 1990etik salatu dut administrazio kontseiluak ez direla politikoak ipintzeko, komunikazio alorreko adituak jartzeko baizik. Hori bete zuen talde parlamentario bakarra Compromís izan zen. Ni jarri ninduen, soziologoa naiz, –eta pena bada ere nik esatea– erreferentea komunikazioaren ikerketan. PSOEk eta IUk hedabideez ideia zorrik ere ez zeukatenak jarri zituzten.

Halako administrazio kontseiluak ez zuen asko lagunduko.

Batere ez. Compromísek bestelako politika du, esan dezagun herritarren aldarrikapenetatik gertukoa. Oso gogorra eta desatsegina izan da, batzuetan idazkari nagusiak [PPkoa] aurkezten zituen kontuen kontra nik bakarrik bozkatzen nuen, PSOE eta IU abstenitu egiten ziren. Badirudi ordea ulertu dutela zerbait, eta apirilean, administrazio kontseilu berria sortu zenean, zorionez jarrera aldatu zuten. PSOEk bi kazetari proposatu zituen, bide luzea egin duten kazetari ezagunak, nire lagun eta lankide onak. IUk gauza bera egin du, kazetari bat proposatu du. Hauekin oso ondo moldatzen naiz eta lan ona egin dugula uste dut. Eta behingoz babestua sentitu naiz. PP bera saiatu zen eta unibertsitate giroko jendea proposatu zuen. Egia esan eskertzekoa da, zeren aurreko kontseiluko maila higuingarria zen. Agintzen zioten boza ematera baino ez ziren joaten.

Valentziarrak kalera atera dira. Nola erreakzionatu du gizarteak?

Badirudi gizarte valentziarra nolabait esnatzen hasi dela, berandu, baina esnatzen ari da. PPk garesti ordainduko du erabaki hau. Agian, ez dute konturatu nahi, baina hilda daude; hilda, galduta eta garaituta daude.

Beraz, faktura pasako dio honek.

Handia. Esan dizut, hilda, galduta eta garaituta daude. Gaur bertan [azaroak 13] Xàtivako PPko diputatu batek dimisioa eman du. Hemendik eta azaroaren 27ra arte ikusiko dugu zer gertatzen den, PPko bost diputaturen bozak galtzen badituzte ezingo dute irrati-telebista ixteko legea onartu. Legea onartzen ez badute, Fabrak [Valentziako presidenteak] dimititu egin beharko du eta hauteskundeak deitu. Onartzen badute berriz, gizarteari iseka egitea izango da. Hilaren 27an prest egon daitezela, zeren hiri erdigunean eta gorteetan, nahiz eta poliziak inguratuta eduki, jende pilaketa ezingo dute saihestu. Herritarren protestarik gabe ez dira geratuko.


PPko diputatu batzuek RTVV ixtearen aurka bozkatuko duten itxaropena al daukazue?

Bai, itxaropena badaukagu. Datorren astekoak pista bat emango digu. [Administrazio kontseiluko PPren bost kideek dimititu eta beste bost aukeratu ditu alderdiak dekretuz. Hilaren 19an, egindako aukeraketa prozesu hori onartu edo atzera botako dute].


Langileak zein egoeratan daude?

Enplegu erregulazio espedientea baliogabea izan dela onartu du PPk. Atzo [azaroak 13] langileekin elkartu ziren, eta esan zieten legeak esanda bezala kalte-ordainak emango dizkietela, besteak beste. Berriz onartuko dituzte, baina ez dira berriz enpresan sartuko. Alegia, oporrak emango dizkiete. PPk nahi ez duena da langileak han sartzea. Ez dadila gertatu gero irteterik nahi ez izatea.

Agian, hamar-hamaika eramango dituzte lantokira, baina ez kalean dauden 1.000 lagunak. Langileria  armada [barrez ari da] bilaka daiteke irrati-telebistaren egoitzetan. Irteteari uko egingo baliote Greziako panorama izango genuke.

EEEaren baliogabetzea onartzea eta sindikatuekin negoziatzea enpresa mantentzeko, merkeago ateratzen zaie likidatzea baino.

Prentsak dio Vertice 360 enpresak edo Unidad Editorial-ek irrati-telebista pribatu autonomikoa jar dezaketela abian, diru-laguntza publikoekin. Akabua litzateke, herritarrak matxinatuko lirateke.

Enpresa pribatua, publikoaren ordez.

[María Dolores] Cospedalen senarrarena, Pedro J.rena edo El Mundorena.
 


You are interested in the channel: RTVV
2013-11-29 | ARGIA
Valentziako Canal 9 itxi du poliziak “hau estatu kolpea da” oihuen artean

Valentziako telebista publikoa bart gauetik egiten ari zen emisioa eten egin du Espainiako Poliziak. RTVVren itxieraren kontrako protesta gisa, bat bateko programazioa egin dute eguerdira arte bertako kazetari ohiek.


Valentziako Irrati Telebistari azken ukaldia eman dio PPk

Asteazkenarekin erabaki dute Valentziako Gorteek telebista eta irrati kate publikoa ixtea. Erabakia aldez aurretik iragarrita zegoen: PPk itxieraren alde bozkatuko zuela jakina zen.


Valentziako irrati-telebista publikoaren itxiera eta bertako PPren proiektua

Valentziako Gobernuak bertako irrati-telebista publikoak ixtea erabaki izana ezusteko handia izan da Vicent Partal Vilawebeko zuzendariarentzat.


Eguneraketa berriak daude