Beizamako paraje ederretan dago Uztaro kooperatibaren erdigunea. Gipuzkoan barazki otarrak banatzen aitzindari, ia hamar urtez aritu da autogestioaren eta agroekologiaren bidez inguruko familiak elikatzen. Barazki eta diru trukean oinarritutako kontsumo taldea izateaz gain, eurena “gizarte eta ekonomia proiektua” dela diote kooperatibako kideek.
Kooperatibak inguruko bost herri hartzen ditu, batzarrak egiteko hiru taldetan banatuak: Azkoitia-Zestoa, Zarautz eta Lasarte-Villabona. Talde bakoitzak hilean behin batzarra egin behar du, proposamenak edota arazoak eztabaidatzeko eta hileko kuota ordaintzeko. Horrez gain, kooperatiba osoaren batzarra ere egiten da, hilero, talde bakoitzeko ordezkariekin.
Besteak beste, barazki-jasotzeak ezberdintzen du Uztaro, gainontzeko kontsumo taldeetatik, bazkideek eurek zuzenean hartzen dituztelako jakiak lurretik. Astero, hiru herri-taldeetako bat arduratzen da Beizamara joan eta barazkiak jasotzeaz. “Hasieran, proiektua sortu genuen bi baserrietako kideak arduratzen ginen barazkiak jaso eta otarrak banatzeaz, baina lan handiegia zen”, dio Itziar Arconadak, kooperatibaren sortzaileak. “Kooperatibako kideak gehiago inplikatu zitezela eskatu genuen orduan, eta denborarekin, baita baratzeetara egindako bisitei esker ere, ordura arte kontsumitzaile rola zutenen konpromisoa handitu egin da”.
Baserritarren eta kontsumitzaileen arteko harreman bertikala apurtu eta kooperazioan oinarritutako erlazio horizontala ezartzea lortu dute Uztarotarrek. Agian horregatik, ez dute asmorik euren proiektua tamainaz zabal dadin. “Hasieratik muga 50 otarretan jarri genuen, eta jada topera iritsi gara”, dio Ainara Sarasketa kooperatibako kideak. “Autogestioan oinarritzeak prekarietatean funtzionatzera darama, eta 50 otarrekin mugatuta gaude bai lur eremuarengatik, baita lan kantitatearengatik ere”. “Gure helburua, gure kooperatiba zabaldu ordez, kooperatiba txikien arteko sarea osatzea izango litzateke”, gehitu du Arconadak.
Uztaroren eredu ekonomikoak ez du soberakinik sortzen. Kideek hilero kuota finkoa ordaintzen dute, uzta asko egon edo ez; beraz, otarren tamaina ezberdina izan ohi da aldiro. “Barazkiz gainezka egon izan garenetan, guri falta zaizkigun elikagaiak dituzten taldeekin trukatu ohi ditugu”, azaldu du Arconadak.
Autogestio integralerako bidean, Uztaron hainbat komisio sortu dituzte: hazien komisioarekin, landatze prozesuan kanpo-eragileekiko menpekotasuna ezabatu nahi dute; diru estraren komisioarekin, bestalde, jaialdiak antolatu ohi dituzte finantzazioa lortu asmoz. Badute fruta-arbolen komisio bat ere.
“Barazki otarrak erostea moda bihurtu da –aipatu du Arconadak–. Enpresa multinazionalek mezu hori jaso dute, eta janari ekologikoa duten otarrak saltzen hasi dira. Ekologismoak elikagaiak kimikorik gabe ekoiztu direla esan nahi du, baina gure proiektuarekin agroekologia bultzatu nahi dugu: kimikorik gabea izateaz gain, tokian tokiko eta garaian garaiko janaria kontsumitzera bultzatu nahi dugu jendea, eta ahal bada, kapitalismotik at dauden egitura autogestionatuen bidez”.