Aizarotzen sortua zara.
Orduan Aizarotz herri txikia zen. Bost familia bizi ginen han, besterik ez. Aitak esaten zuen hori betidanik jaurerria izan zela. Ez dakit zergatik, Errepublika denboran, 1932an, bidali gintuzten handik. Bi urteko epea eman ziguten alde egiteko. Ene aita arotza zen, perratzaile lanak eta lurra lantzeko tresnak konpontzen zituen eta sasi-albaitari ere ibiltzen zen. Nik sutegian laguntzen nion. Bi bizitzako etxe batean bizi ginen eta hor zeukan sutegia. Errota ederra eta herriko etxea ere baziren. Baina orain dena hondatu dute. Apartamentuak egin dituzte han eta herri guztia etxez bete dute, kanpoko jendea etorri da bizitzera. Orain negargura ematen dit. Han nire denboran bazen presa handi bat eta zentral elektrikoa zuen herriak. Arrarats eta Igoako erreka txikia etortzen da handik, Artius izena duena. Zenbat amuarrain harrapatu izan ditudan nik hor eskuekin eta sarearekin eta denarekin! Orain laku bat egin dute han.
Aizarotzetik Gartzaronera joan zineten.
Aitari ez zitzaion komeni oso urrutira joatea, bezeroak ez galtzeko. Gartzaron herrian erosi zuen lurra eta ahal bezala egin zuen etxea. Hiru senide ginen orduan, ni zaharrena. Gero han beste lau gehiago sortu ziren. Oso etxe ederra egin zuen aitak, hantxe jaso zuen burua. Familia osoa han ginen eta bezeroak inguruko herrietatik etortzen zitzaizkion. Baina 1936an gerra hasi zen. Kristoren inbidia zioten batzuek aitari. Ceutan egon zen soldadu eta handik irrati emisore txiki bat ekarri zuen. Ofizial baten asistente egon zen eta hark oparitu zion. Gure aitak ez zekien politikaz ezer ere ez, baina Beramendiko apaizak, gizon gaiztoa, kendu nahi zion irratia aitari eta parte eman zion Guardia Zibilari. Leporatzen zioten irratia jarri izana “en ondas rojas”. Hori ez zen egia. Irratia hantxe zegoen, etxeko txoko batean gordeta. Aita atxilotzera etorri ziren. Ama eta hiru umeak aterarazi gintuzten etxetik aita despeditzeko. Amak esan zien ez zegoela etxean, Orokietara behi bat ikustera joana zela.
Aita etorri zenean Lekunberriko kaboak esan zion familiari agur esateko, ez baitzekien berriz itzuliko ote zen. Agian handik bi kilometrora dagoen Jauntsarasko zuhaiztian bere zain egonen zirela fusilatzeko. Kristoren tristura. Denak negarrez. Aita ez zen tuntuna, erdaraz apenas zekien, baina tuntuna ez zen eta esan zien berak herriko apaizarekin hitz egin nahi zuela eta mesedez itxoiteko bera itzuli arte. Don Martin apaiza zaharra zen eta oso jakintsua. Karlisten garaitik ez dakit zer amistade zituen edo, kontua da apaizarekin etorri eta honek eskatu zien mesedez itxoiteko, telefonoz hitz egitera joan behar zuela eta. Ilarregin zegoen telefonoa, lau kilometrora, eta hara joan zen behor gainean. Guardiak apuratuta zeuden. Handik denbora batera itzuli zen apaiza eta esan zien itxoiteko pixka bat gehiago Iruñetik mezu bat ekarri behar zietela-eta. Guardiek, behin eta berriz ezin zutela gehiago, baina hantxe gelditu ziren. Handik gutxira auto dotore bat, Haiga bat, iritsi zen aita libre uzteko agiriarekin. La Equitativa Espainiako aseguru etxerik inportanteenetako bulego bat zegoen hemen Iruñean eta bertako zuzendaria, Francisco Barragan falangista, apaizaren laguna, nonbait. Haren bidez salbatu zen Domingo. Senide txikiak ez ziren konturatzen, baina amari eta niri hor barruan gelditu zitzaigun beldurra.
Noiz hasi zinen etxetik kanpo lanean?
14 urterekin Lekunberrira joan nintzen Ayestaran hotelera zerbitzatzera eta sukaldean laguntzera. Han bi urte eman eta gero Errenteriara joan nintzen, taberna batera. Jende ona zen, baina gutxi irabazten nuen. Uztapide eta Mitxelena bertsolariak maiz hurbiltzen ziren horra. Handik Donostiara. Alde zaharreko Urolan izan nintzen. Neska zahar bat eta mutil zahar bat zeuden, oso jende jatorra. Haiekin asko ikasi nuen. Errenterian, 20 urte egiteko nituela, nobio bat egin nuen, arrantzalea. Sei hilabete egoten zen kanpoan bakailao arrantzan. Donostiara joan nintzenean eskutitzak bidali genizkion elkarri hasieran, eta gero ezer ez. Lesakako mutil batek esan zidan Espainian ikusi zutela, Coruñan, diskoteketan eta neska batekin. Ezkontzekotan ginen hartan desengainatu nintzen erabat. Atseden hartzera joan nintzen etxera eta aitak esan zidan han gelditzeko beste lan bat bilatu arte.
Handik gutxira Eibarko hiru gizon etorri ziren neska baten bila. Oso jatorrak ziren eta ongi ordainduko zidatela esan zuten, 1.500 pezeta. Hara joan eta kontent. Bi hilabetera ezagutu nuen gerora nire senarra izanen zena. Gizon jatorra, euskaldun garbi-garbia, azkoitiarra. Biok bekatu berdinean geunden: ni nobioa utzita eta bera andregaia, ume bat zeukala ez baitzion esan. Arrateko Ama Birjinaren egunean hantxe gonbidatu ninduen. Bera postu handi batean salda eta bokadiloak eta denetarik saltzen ari zen. Segituan familiak aurkeztu eta ezkondu ginen Azkoitian. “Hik merezi baino hobea dun!” esan zidan amak. Elgoibarren taberna txiki bat zeukan eta torloju fabrikan zebilen txandaka. Hara joan ginen bizitzera. Orduan krisi handia etorri zen, oraingoa baino handiagoa.
Eta handik Soraluzera, zer dela eta?
Uholde ikaragarriak izan ziren 1951n. Presa lehertu eta taberna guztia urez bete zen. Harrez geroztik han ez zitekeen bizi eta alde egin behar izan genuen. Soraluzera joan ginen, lana baitzegoen. Senarra kanoi fabrikan hasi zen lanean, eta ni torlojuekin. Bizia atera genuen ederki. Gero dendatxo bat jarri genuen oihalak saltzeko. Entzuna nuen Bergaran akatsa zuten telak merke saltzen zituztela eta hara joan nintzen fabrika batera. Bergarako ura berezia zen tintetarako eta han zeuden kotoizko tela fabrikak eta tindategi handienak. Onenak. Hasi nintzen telak ferietan saltzen eta izugarrizko negozioa egin nuen. Ene senarra ere gero hasi zen nirekin saltzen, plazetan biak, ijito moduan, eta etxe bat erosi genuen. Durangoko azokara joaten nintzen larunbatetan. Behin etorri zitzaidan gizon dotore bat eta negozio bat proposatu zidan: “Oso negoziantea zarela ikusten dut. Zuk ez zenuke elektrotresnarik salduko?”. “Nik edozein gauza saltzen dut” erantzun nion. Gizon hark lokal bat erosteko eta konpontzeko dirua utzi zidan. Generoa ekartzen zidan eta nik saldu egiten nuen. Gainera epeka ordaintzeko erraztasunak ematen zituen, garai hartan beste inork ez bezala. Hilabete bakar batean 27 telebista saldu nituen, amerikarrak onenak. Ongi zihoan dena, baina orduan senarra gaixotu zitzaidan. Apetitu onekoa zen eta bihotzekoak eman zion. Pasa zitzaion eta bost bat urte ongi egon zen, baina ondoren medikuak esan zigun hobe genuela Nafarroara etortzea, han kutsadura handia zegoelako. Soraluze zulo batean dago eta kea eta dena gelditzen zen.
Bi haur genituen orduan, 8 eta 4 urtekoak. Baina temosoa zen eta ez zuen Nafarroara etorri nahi. Pentsatu nuen ni etortzea familiarekin, bera atzetik etorriko zelakoan. Dena saldu genuen. Erdia berari eman nion esanez astero Iruñera guregana etorri behar zuela. Nik esaten nuen “etorriko dun ba” baina ez zuen nahi eta horren ordez denda txiki bat jarri zuen Azpeitian. Jendea gaizki esaka hasi zen bananduta bizi ginelako. Gauzak ez ziren orain bezala. Nik San Lorenzo kalean pisu bat erosi, paretak bota eta 40 pertsonarentzako jatetxea jarri nuen, Gau Xuri izenekoa. Bitartean senarrak denda hori zeukan eta ferietara joaten zen saltzera. Baina egun batez esan zidaten Zornotzako azokan beste bihotzeko batek eman ziola eta ahotik odola eta guzti bota zuela. Handik egun batzuetara etorri zen eta esan nion hemendik ez zela mugituko. Modu txarrean hango denda saldu zuen eta hemen gelditu zen nirekin. Pozik egon ginen. Gida-baimena atera eta kotxe zahar bat erosi nuen. Gero senarrari ere erakutsi nion gidatzen. Ongi geunden baina gizonak ez zuen bere burua batere zaintzen eta 47 urterekin hil zitzaidan.
Senarra hil baino lehen jatetxea itxi zenuen. Zergatik?
Estudiante asko etortzen zen bazkaltzera eta ETAko batzuk ere ibili omen ziren. Gure komedorean 1973an egin omen zuten batzar bat Felipe Huarte industria gizona bahitzeko. ETAko asuntoa hasi zelarik kendu nuen jatetxea eta Berriozarrera joan ginen bizitzera.
Berritik hastera, berriro.
Bai. Han gasolindegi bateko tabernan aritu ginen. Alargun gelditu ondoren adineko pertsonak eta gaixoak zaintzen eta enpresa bateko sukaldean lan egin nuen. Alaba nagusia oso gazte ezkondu zen 17 urteak bete baino lehen, bera baino 17 urte gehiago zituen kamioilari batekin. Bazeneki nolako suertea izan zuen! Ona! Eta denetarako balio duen gizona da. Lau biloba jaio ziren Berriozarren, eta toki gutxi etxean. Egun batean irakurri nuen anuntzio batean etxe bat salgai zegoela Tirapun, eta suhiari esan nion. Etxe handi eta zahar hura erosi eta hara joan ginen bizitzera. Suhiaren eta alabaren artean den-dena konpondu zuten. Suhiak denetatik daki: kisuskil, zurgin, mekaniko... Eta han bosgarren biloba jaio zitzaidan. Orain landetxe ederra dute Tirapun.
Eta zu Iruñera.
Alabak erosi zuen Iruñeko parte zaharrean etxe bat eta, horrela, ni etorri nintzen hona.60 urte bete nituenean hartu nuen erretiroa eta geroztik hemen nabil, beti gauzak egiten. Ni ezin egon naiz geldirik.
Taloarekin feriaz feria jarraitzen duzu?
Ez, aspertu egiten naiz. Kristoren lana hartzen da horrekin. Orain mantalak josi eta saltzen ditut.
Zu langile saiatua izan zara beti. Zer pentsatzen duzu egungo egoera ekonomikoaz eta krisiaz?
Zuek ez duzue ezagutu krisia! Zuek ezagutu duzue dena eginda. Horregatik dago oraingo saltsa hau. Zuk badakizu ama gaixoak zer eman behar izaten zigun jateko? Ogirik ez. Taloa, eta eskerrak. Txerria hiltzen zen eta horri esker baba beltza urdai pixka batekin bagenuen. Baina behiak eta dena errekisatzen zuten ukuiluan. Eta txerriak berdin. Dena eramaten zuten. Goserik ez genuen pasa Jaungoikoari eskerrak, aitak beti ateratzen zuelako zer edo zer. Zuek ezin duzue pentsatu krisia zer den!
Zu euskaltzale eta Iruñeko euskaldunen artean oso ezaguna zara. Nola ikusten duzu euskara gaur egun?
Arrisku handian. Gazteek hitz egiten dute, baina hala ere, ez dakit, beldur naiz. Maitasun pixka bat falta da. Nik uste dut ikasten dutela ikasteagatik, ez da lehengo gauza hura. Gazteek ikasten dute oso giro politikoan, tentsio handiarekin eta oso arraro ikusten dut. Lehen ez zen horrela.
Etxeko hizkuntza zen lehen?
Etxekoa eta kanpokoa. Adibidez, Basaburuan euskaraz gehien hitz egiten den herria Igoa da. Hango maitasuna eta elkartasuna berezia da. Hango neskak bailaran ederrenak izan dira beti, baina beti herriko mutilekin ezkondu dira. Kanpokoekin ez. Hango laguntasuna ikaragarria da. Eta beti euskaraz egiten dute.