Ohiko museoaren moldetik aldenduko da Enneco: elkarreragilea izan behar duela azpimarratu dute, bertaratzen den ororen inplikazioa bilatu nahi dutela. Interpretazio zentroaren funtzioa ere izango du. Horregatik, gizarte zientzietan aditu direnen eta herritarren arteko topaketak egingo dira. Nafarroa Bizirik herri mugimenduko kideen ustetan, ikerketaren helburuak dibulgazioa izan behar du, gizarteak jaso behar baititu ekarpenak.
Egitasmoaren eta finantziazioaren plangintzan hiru fase bereizi dituzte: aurreproiektua, martxan jartzea eta proiektuaren garapena. Eremuaren moldaketarako auzolanak jada hasi dira, eta eraikin nagusia altxatzeari hurrengo urtean ekingo diote. Ateak 2016an irekitzea espero dute. Hala ere, gune irekia eta malgua izatea nahi dutenez, etengabeko garapenean egongo dela nabarmendu dute.
Nafarroa Bizirik fundazioko kide Patxi Abasolok maiatzean Berriari eskainitako elkarrizketan azpimarratu zuen krisi garaian horrelako egitasmo bat aurrera ateratzeko “aukera bakarra” auzolanean aritzea dela. Herri eragile eta eragile ekonomikoak elkartu nahi dituzte, eta Etxarri eta Sakanan ez ezik, auzolana egiteko deia Euskal Herri osora zabaldu dute. Orain arte, hemendik aurrera egingo diren lanak errazten jardun dira. Parkea egongo den basoa garbitu, zuhaitzak markatu eta bideak atondu dituzte.
Proiektuaren aurkezpenean, bultzatzaileek ikastolen sorrera gogorarazi zuten. Herritarren indarraz eta baikortasunez, 60ko eta 70eko hamarkadetan euskal eskola sareak ehundu zituzten. Orduko espiritu hura berreskuratuz Enneco eta beste hainbat proiektu aurrera ateratzea posible dela uste dute Nafarroa Bizirik fundaziokoek.
Euskal Herriaren bihotzean
Parkearen kokapenaren aukeraketa ez da zorizkoa izan. Sakana harana estrategikoki kokatuta dago: erdigune geografikoan eta kultur ondare ugariko herri eta eremuen artean. Halaber, azpimarratu dute bertako turismoa eta jarduera ekonomikoa sustatzeko proiektu garrantzitsua izan daitekeela. Izan ere, krisi ekonomikoak gogor jo du eskualdean, eta bisitariak dituzten arren, Ennecok azken bultzada eman diezaiokeela uste dute.
Bertako eta kanpoko turismoaren erreferente bilakatu nahi dute. Abasolok Bilboko Guggenheim museoarekin alderatu du: “Ennecok munduari garena erakutsiko dion gunea izango da”.