Gizakia ez zen zuhaitzetik jaitsi, erori egin omen zen. Heldutasunera iritsi baino lehenago zuhaitzetik jausi, behinola zutitu eta geroztik bata bestea jan besterik egiten ez duen izaki basati bilakatu da. Homo homini lupus. Gizakia otsoa da gizakiarentzat, gizakiak irentsi egiten du hurkoa, kalteak eragiten dizkio albokoari, ingurukoari, inguruari. XXI. mendeko pandemia gizakia bera da. Tamalez, berau suntsitzeko abilezia duen espezie bakarra.
Malenkoniaren bigarren diskoa gizakian zentratzen da, gizarte dekadente honen arazoak islatzen ditu. Gizon eta emakumeen jarrera suntsitzailearen aurrean kritiko ageri dira. Kutsu ezkorra duen disko antropologiko honetan historian barrena hainbat bider errepikatu diren ankerkeriak erakusten dira, gizakiaren alderik bortitzena, hain zuzen: arma nuklearrek Hiroshiman eta Nagasakin eragindako kalte izugarriak, munduko hainbat herrialdetan izar-uxoak bailira bezala zerua estaltzen duten bonbardaketak, pentsamendu kritikoak ezabatzeko egindako liburu erreketak, liburuen eta autoreen debekua, bidegabeko zigorrak, etab.
Zortzi urte igaro dira lehen maketatik, eta noski, oñatiar laukotea ez da lehen zena, ezta beraien erreferentziak ere. 2009an kaleratu zuten Hegazkadak dakar ekaitza lehen diskoak britpoparen eragina zuen, eta oinarrian jatorrizko kontzeptu honekin jarraitzen badute ere, bigarren disko honetan gehiago arriskatu dira. Jatorrizko malenkoniaren hondarrak melodi tristeak osatzen bazituen, oraingo disko honetan, leloetan akorde maiorrak sartuz adibidez, doinu baikorragoak heltzen zaizkigu. Taldearen garapena agerian da abestien egituran, ahozko afinazioan, moldaketak egiteko aukeraketan eta letren sakontasunean ere. Lan txukuna, arduratsua eta kontzientea aurkeztu dute, letren gordintasunak, melodien konposaketak eta exekuzioak koherentziaz lotuak baitaude. Era berean, naturalago izateak indarra eman dio taldeari.
Garrantzi handia eman diote diskoaren estetikari ere, erromantikoentzat euskarri fisikoa mimoz egitea gustatzen zaien seinale. Arreta handia jarri dute ere Ipar arrotza kantuaren bideoklipa egiterakoan. Herrikide duten Irudiz komunikazio taldearen eskuetan utzi dute ekoizpena eta Kepa Aranbururen zuzendaritzapean izan dira Bernat Alberdi kamera eta Erik Zubiria aktorea. Azken honek gainera, biolinak grabatu ditu zenbait kantutan Alain Anton (baxua), Iñaki Goitia (bateria), Iñigo Ugarte (gitarra) eta Rober Ferreiro (ahotsa eta gitarra) laukote gaztearekin.
Axular Arizmendiren gidaritza teknikoarekin grabatu zen diskoa 2012ko abendua eta 2013ko urtarrila bitartean, Mutrikuko AME estudioetan.
Aurreko diskoko Haizerik gabeko eguna singlearen ondorengo duina da Fahrenheit 451 abestia. 1891n Varsovian jaio zen Osip Mandelstam poetarengan inspiratuta dago eta funtsean, inoiz idatzia izan ez denak ezin duela surik hartu ohartarazten du.
Sutatik salbu da Malenkonia, talde gaztea baita, oraindik bere historia idazteke duena. Abenduaren 5ean Durangoko Azokako Ahotsenean emango dute kontzertua. Gerora haien ibilbideri buruz idatzi eta azpimarratzekoa izango den egun horietakoa suerta dakien desio diet. Han izango gara milaka euskaldun eta euskaltzale, suaren garrak harrapatzea espero ez duten disko eta liburu artean.