Amazoni liburua erostea gaur herritar korriente baten ohitura bihurtu da. Zer dauka atzean, munduko gizonik aberatsenetakoa den ugazabaz gain? 26 urteko kazetari frantsesak hilabeteko oporrak baliatu ditu multinazionalaren biltegietan lan egiteko. Liburutegia ez baina XXI. mendeko faktoria industrialetako morrontza aurkitu du.
Jean-Baptiste Malet (1987) Golias astekari kristau kritikoan daukan lanak utzitako tarteetan prestatu zen Amazon multinazionalaren enplegu deialdietako baterako. Zehazkiago, lan prekarioetan liderra den Adecco konpainiaren frogetara aurkezteko. Eguberri aurreko kanpainarako Frantziako Amazonek 1.200 langile kontratatzen ditu, Montelimar hiriko biltegirako. Oporrak programatu ikerlanerako aprobetxatzeko, prestatu ugazabek bilatzen duten perfila eskaintzeko, elkarrizketetan ezkutatu kazetaria zenik, eta barrura. “En Amazonie. Infiltré dans le ‘meilleur des mondes’” liburuan kontatu du aurkitutakoa.
Picker lanean ariko da Malet, biltzaile; milaka kultur ekoizpenen artean disko, liburu eta DVD bakoitza dagoen bin edo ontzitik jasota, enbalatzera packerrei eraman behar dizkietenetako bat.
“B zona, 133. lerroa, B altueran, 405. gunean. Heldu naiz 133. lerrora, banoa 405. gunera, aurkitu dut hura daukan kaxa. Babar da, elefante txikia (…) Orgatxo bat edo salgaietako bat bezala, neu ere Amazon objektu bat naiz, daramadan txartelaren [badge] barra kodeak markatzen du nire izaera fisikoa”.
Ongi etorria ekonomia berriaren tenplura. Ezagutuko duzu liburuen eta kultur-aisialdi produktuen salmenta irauli duen mastodontearen mantra hirukoitza: “Work hard, have fun, make history”, alegia, gogor egin ezazu lana, dibertitu zaitez, historiaren protagonista izan. Lastima zortzi orduz egin beharreko lanak dibertigarritik asko ez izatea.
Gaueko ekipoan arituko da Malet, astean bost gau, Eguberri hurbildu ahala sei. Zortzi ordutan 20 kilometro inguru egingo ditu oinez batera eta bestera bost futbol-zelairen zabalera daukan almazen erraldoian. Zangoek beren karranpekin abisatzen diotenaz gain Maletek nola dakien zenbat kilometro egin dituen gauero? Langilearen errendimendua gainbeheratzen du sistema informatikoak diotso.
Bere gaineko enkargatuak ere instantean daki picker bakoitza non zein produkturen bila dabilen, packer bakoitzak zer zorroratzen duen. Zein erritmotan produzitzen duten, zenbat minututan zenbat kilometro bilaka, geldirik non-zenbat denboraz egin diren. Ez zaitez gelditu berriketan zure lankidearekin, orgatxoan daramazun makinak salatuko zaitu.
Kontua egunetik egunera hobetzea baita errendimendua, langileak gaur daukan tarea da atzoko emaitza hobetzea. Berdin dio 26 urteko gazte kirolaria baldin bazara edo 50 urteko ama familiako dibortziatu berria: “Work hard, have fun, make history”. Ingelesezko zapo-hizkeraren gibelean, logistikako biltegi handien kudeaketa, industria postmodernoa bere gordinenean.
9,275 euro gordin orduko, Frantziako gutxieneko soldata doi-doi. Zortzi ordutan hogei minutuko bi atsedenaldi, bat enpresaren kargu, bestea langilearen kontu. Geldialdi bakoitzean kontrola pasatu, ezer ostu ez duzula ziurtatzeko.
Esku batez, langilea kultura korporatiboz blai bizi nahi du ugazabak, Amazon giroan. Bestearekin, erabateko menpekotasuna inposatzen dio konfidentzialtasun arau estuak sinaraziz: enpresan ari direnen izenak publikoan esateko debekua, prentsari nagusien baimenik gabe hitz egiteko debekua...
Jean-Baptiste Malet ez da anekdotetan kateaturik geratu, Amazoneko hilabeteko esperientziaz kapitalismo berriaz ikasi dituenak ondo harilkatzeko gai azaldu da kazetari gaztea Frantziako prentsa, irrati eta telebistetan egin dizkioten elkarrizketan. Interneten ikus daitezke.
Albiste saioan izandako solasaldi batean esatariak iradoki dio Maleti denok garela egoeraren konplize, “zeuk ere marka ezagun baten logoa daramazu soinean”, idazleak Lacoste krokodiloa petxuan. “Inoiz ez dut pentsatu sistema kapitalista ustel hau hondoratu behar zuen zaldun zuria nintzenik”, erantzungo dio xume. Izan ere, errealitate ezkutua argitara ateratzeko ahalegina zuzen egitea ez al da aski?
Gaztea baina ez nobatoa, Maletek aurretik “Derrière les lignes du Front” dauka argitaratua, Front National ultraeskuindarraren trapuak haizatuz. Europe Ecologieren zerrendetan joana da hauteskunderen batean. Lan prekarioa zer den ere gaztetatik ezagutzen du. Liburuan, obreroaren neke fisikoetatik askoz haratago doa analisia.
“Jeff Bezosk –dio Maletek Sud-Ouesteko Gabriel Blaiseri– liburua mespretxatzeaz gain oso harreman ideologikoa dauka munduarekin. Ultraliberaltzat dauka bere burua, Estatuari bere forma guztietan aurka eginez (aldi berean subentzioei uko egin gabe, ordea...) baina bere enpresan kolektibismo berri bat antolatu du. Haren lantokiak base militarrak bailira daude zainduak eta libertateak asasinatzen dituen giro batean egiten dute behar langileek (miaketak, hitz egiteko debekuak, konfidentzialtasun arau absurdoak). Esku-langile xume batek sekretu industrialak haizatu ahal izango balitu bezala!”.
Kritikan haratago doa. Daukan indarra aprobetxatzen du Amazonek pagatzeko soldata harrigarriki apalak, morrontzan lan egiteko prest dauden enplegatuak aurkitzen ditu langabezia tasa handieneko guneetan. Bolada batean saldu ditzake liburuak eta gaineratikoak dirua galduz alboan daukan konkurrentzia, funtsean liburu-dendak, izan txiki klasikoak edo FNAC edo Virgin bezalako handiak, hondoratzeko. Gero etekinak nahi dituen lekuan deklaratuko ditu, Frantzian salduak Luxenburgon esaterako (2011n 889 milioi euroko fakturazio errealarekin 3,9 milioi pagatu zituen zergetan!), Estatuaren diru iturriak pittin bat gehiago agortuz.
Lillen Pas-de-Calais departamenduko liburu saltzaileen elkarteak gonbidaturik ekainean emandako hitzaldian esan zuen Maletek jendeak uste duenaren kontra Amazon ez dela liburu edo kultur produktuen saltzailea, logistikako korporazioa baizik, beste edozein industria globalizaturen gisa antolatua. Txinako manufakturen antza gehiago duena Europako kultur enpresena baino.
2012an Amazonek 97.000 langilerekin 61.000 milioi dolarreko salmentak egin zituen. Bezosi berari Bloombergek kalkulatu zion 28.000 milioi dolarreko jabego pertsonala. Bere burua libertarian jotzen duen gizon hau egin da 2013an The Washington Post egunkariaren jabe, 250 milioi dolarretan erosita Graham familiari.
Erosi duen egunkariari deklaratu dio: “Hiru ideia erabili ditugu borrokan Amazonen eta haiekin garaitu dugu: denen aurretik bezeroa, sormena eta pazientzia”. Pazientzia... The Washington Posteko langileek laster galdu behar dutena.
I think Soraluze’s ‘Jaso burua’ initiative is very good, which drives the necessary awareness. Last week, I was at the conference for parents of elementary school children. With the older child in FP, little criticism was heard about the use of screens (and screen... [+]