“Gurasoei loak hartu aurretik kontatzeko ipuina” eskaintzen digute Alberdik eta Akerretak liburu honetan. Eta egia esan, hau ez da ipuin bat, edo ez normalean ipuintzat hartzen ditugun horietakoa; liburuan haurrek helduei kontaturiko zenbait ideia agertzen dira, zer egin ahal izango duten heldu horiek txikitzen direnean. Hasieran, esaterako, honako hau aurki dezakegu: “Txikitzen zaretenean ez duzue lanera joan beharrik izango. Horren ordez putzuetan salto egingo duzue zapaburu bihurtu arte”, eta horrekin batera irudi bat, lapitzez marraztua eta zuri-beltzeko irudi horretan bi ume koloreztatuak, txamarra berdeak, praka urdinak, bota gorriak eta uretan plisti-plasta ari direla.
Liburuak, albumak, horrelako eskema jarraitzen du orrietan barrena; haurrek helduei azaltzen dizkieten egoerak, zenbat gauza egin ahal izango dituzten txikitzen direnean, eztabaidatu, lisatu edo sukaldean aritu beharrean, eta horrela haurrak azalduko zaizkigu helduek txikitzen direnenean egin ahal izango dituzten kontu horiek egiten, batzuetan, kontraste moduan, ideia hauen aurrean helduen oraingo jokabide gris, formal, zuzena agertzen delarik.
Amaierak, baina, aurreko erritmoa hautsiz, bestelako ikuspegia erakutsiko digu. Koloretako orri batean haurrak ageri zaizkigu, irribarretsu, eta helduen janzkerarekin horietako zenbait. Amaierako testuak koska bat gehiago sorraraziz helduei lasai egoteko esaten die, helduoi lasai egoteko esaten digute haurrek: “Eta egun handi horretan, txikitzen zaretenean, hemen egongo gara gu zuek zaintzeko. Gose bazarete bularra emango dizuegu, eta nekatuta bazaudete, kulunkatuko zaituztegu loak hartu arte.”
Egia esan liburuak irakurketa ezberdinak eskaintzen dizkigu, sinpleena eta agian haurrek umore ikuspegitik hartuko duten irakurketa horretatik gure gizarte honetan zahartzaroa haurtzarorako buelta interpretatzen duen irakurketa horretaraino; baina edozein kasutan irakurleak liburuaren erritmoarekin, irudien interpretazioarekin, kontrasteekin, ideien garapenarekin edo ateraldiekin disfrutatuko du. Aitziber Akerretaren irudiak nahiko sinpleak direla ematen du, baina kolorearekin eta formekin ederki jolasten du ikuslea berak nahi duen tokira bideratzeko, garrantzia, azpimarratzekoa, bizitasuna non dagoen eta non ez adierazteko.
Istorioa lehen pertsonan narraturik dugu, gu, eta helduei zuzendurik dago, zuek. Horrek, arestiko ideiak are gehiago indartzen ditu. Irakurlearen identifikazio kolektiboa bilatzen da, eta lortzen dute egileek. Horren aurrean, liburua irakurle horien eskuetan jarri dugun bitartekariok gaude, liburuaren benetako hartzaileok izan beharko ginatekeenok. Izan ere, txikitzen garenean istorio hori kontatuko digute loak hartu aurretik.